Oihana Aranaren poema: «DIPLOTAXIS TENUIFOLIA»
Astelehena, 2021-09-06Abendura bitarte, gure kolaboratzaileek sormen-lanak eskainiko dizkigute astero; gaurkoan, Oihana Aranaren sortako lehena. Apirilean argitaratu zuen Aranak bere estreinako poema-liburua: Lazunak azkazaletan (Susa, 2021).

DIPLOTAXIS TENUIFOLIA
«Quiero ser en este cuerpo un árbol»
-Ingrid Bringas
Nik ere zuhaitz izan nahi dinat
gorputz honetan;
edo are, zuhaitz izan nahi dinat
hire gorputzean.
Sarkin desesperatuak nola: sudurluze, arrotz.
Nola egiten den asmatu bitartean,
hemen natzan, hire landaretasunari so.
Lore horiak belarri atzeetan;
baxera ederrez sinbolizatutako
etorkizun deszifraezina esku ahurretan
belaunburuetan jaiotako iratxoak
loreak jan guran,
hanketatik belarrirako
lasterketa amaiezinean:
loreak usna ditzakete;
baina ikusi ez
batek dakin zein den oinaze handiagoa
ezin ikustea edo
ezin usaintzea;
loreen kasuan beti egiten dinat usainaren alde.
Halatsu gertatzen zaidan hirekin ere.
Maiteago dinat hire perfumea
haren falta igarri ezin dezakedanean.
Plastiko zati aseptiko bati dariona baino
gehiago maite dinat hire azalaren
berezko aroma, baita hire azal perfumetuarena ere.
Maiteago ditinat hildako landareak
bizirik daudenak baino.
Propio zelaiari ostutakoak
lurretik erauzi berritan politak
lehortzen utzi eta gero ederrak.
Ez diten ezer behar; urik ere ez
eta ez hakit asalda
ez ezan ura
zaintzaren metafora gisa har
eta ez iezadan
ez den ezer esan.
Maiteago ditinat hildako landareak
haiek isurtzen dutelako ura
komeni zaizenean
komeni zaien lekutik.