Ugaitz Agirreren iritzi artikulua: "Interes kontua da"
Astelehena, 2019-11-18Telesail hau, liburu hori, hain kritika onak jaso dituen pelikula hura... Gomendioak edozein ahotatik heltzen dira fikzioa kontsumitzerako unean. Hala ere, batek ere ez du hizkuntzaren ezaugarrian erreparatzen. Film eta telesailei dagokienez, ingelesa izan ohi dute sorrera hizkuntza eta kontsumitzerako unean, erdaretan egingo dugu bikoiztuta edota azpi idatziekin. Fikzioa euskaraz kontsumitzeko garaian trabak besterik ez dira aurkitzen.
Fikzioaz bere orokortasunean mintzatzea ez da nire asmoa, ordea.
Espainiar estatuko hauteskunde emaitzak zirela eta, Gorka Bereziartuak ETB 3n Dragoi Bola jartzen ari zirela txiokatu zuen. Belaunaldi zabal bati eragin dion animea da Toriyamaren komikian oinarritutakoa, eta euskaldunoi gure hizkuntza propioan ikusteko aukera izateak eragin hori oraindik eta nabarmenagoa egin zuelakoan nago. Geroztik marrazki bizidun gehiago ere euskaraz izan dira, horiek ikusten hazi naiz, eta oraindik ere interesa pizten didate. Halere, ezin euskaraz kontsumitu.
Arrazoi nagusia, dudarik gabe, marrazki bizidunak haurrei zuzendutakoak direnaren pentsamendua nagusi dela, eta horrek asko mugatzen du kopurua. Bestetik, itzulpenari jartzen zaizkion oztopoak. Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea jarraituz gero, arazoa hobeto ulertuko duzulakoan nago.
Baliteke jarrera infantila hartzea, baina hainbeste estrategia, taktika eta irakurketa sakon egiteko beharraz hitz egiten duten politikari, zuzendari eta aholkulari horiek guztiek ikusten al dute zer nolako programazioa eskaintzen zaien haurrei euskaraz eta zein den eskaintzen ez zaiena? Diru sarrera handiena izan ohi duten animaziozko filmak ez dira euskaraz bikoizten normalean, marrazki bizidun sonatuenak ezta ere. Badakit dena ezin dela, baina kargudunen jarreran intentziorik txikiena ere ez dut ikusten egun dagoen egoera aldatzeko. Esan nahiko nuke “ez etorri negarrez jada berandu denean”, baina negarrez ni egongo naiz haiei axola ez zaien bitartean.