Oihana Aranaren poema: «Ahoa lorez beteta»
Asteartea, 2021-11-02
Ahoa lorez beteta
«zoriona konfeti inpresionista balitz bezala»
-Miren Agur Meabe
Udazkeneko ostiral arratsaldetan
egongelako lurrean fruta arbolak
sartzeko irrika aberetiarrak jaten dit
Parketa azkazalekin erauzi
eta gaztainondoen
sustraiei hozka egiteko grinak.
Lurra eskobatzen irudikatzen dut nire burua gero
maldizioka. Arbolari hostoei eusteko erregutzen.
Sustraiak eta fruituak lortzeko
lurretik hostoak kendu behar izate horrek sortzen didan amorrua da
irrikak baretu
eta arrazoiz jokatzera naramana;
jardinera bete geranio zaintzeko
gai izango ez naizela
gogorarazten didan argi gorri berbera da.
Erdi hilda dauden kaktusei ura bota behar diedala
gogorarazten didana ere bai.
Berez gurago ditut loreak fruta arbolak baino.
Egongelako lurrean jasmin zuhaixkak landatzeko
irrikarik ez dut inoiz sentitu, hala ere.
Gustura egingo nuke oka
aldiro ahotik jasmin hostoek
egingo balidate ihes.
Edertasun gorena usain gozo bat da
eta usain gatzilak bizitzaren antitesia.
Betiko biziko nintzake
mingain puntatik jasmin loretxoak kentzen
oroitzapen udatiarrak sakralizatzen:
biznaga bat eskaini didan gizonari
ahoarekin ezetz esan
eta begiekin eskerrak eman ahal izateko.
Oraindik ez du konprenitu
edertasuna eskuetan izatea ez dela komenigarria;
bizigarriagoa dela lurrin bila paseoan ibiltzea,
baina lore bat eskaintzen dizunak
merezi du gutxieneko keinu hori.
Ojala beti jasmin hostoak
izango banitu ahoan.
Ojala azkar ikasiko balute
mingainetik eskuetarako bidea
zein den.
Ez da horren erraza, ordea.
Udazkena da beti gorputz barru honetan;
zailagoa den arren, ohikoagoa zait
ahotik gaztaina osoak botatzea
morkots eta guzti.
Eta akaso, praktikoagoa da.
Denok bota nahi ditugu-eta
loreak ahotik, baina
ez dakit inork eduki nahiko duen
ahoa lurrez beteta.
Oihana Aranaren aurreko sormen-lanak