Oihana Aranaren poema: «Hirietako arbolak»
Astelehena, 2021-11-29Hirietako arbolak
Heldu da auto gainak
apaintzen dituzten
hosto nekatuen apologia egiteko garaia.
Nolakoak izango dira
eraikitzen ari garen hiriak
gu hil eta gero?
Norbanako berriak egongo dira ─ez nire erruz─;
etsaitasun zaharrak goputz gorakorretan;
harri berberak sudurraz asfaltoa ukitzear
egongo direnen bizkarretan
eta zapata barruetan.
Abuztuaz geroztik egongo da turroia
BMko apalategietan
polboroiak erosten jarraituko dute,
nahiz eta inork jan ez.
Alboak udaberriro inausiko dituzte,
bilantziko usaineko argiak
okotzeko ileak bailiran
bortizki desagerrarazi eta gero.
Hildako loreak oparituko dizkiete elkarri
tulipak, zitoriak, gladioloak...
eta plastikozko ur botiletan gorde
aspirina batekin.
Guk erritual bilakatutako dena
errepikatuko dute
guri gustatu ala ez,
tradizioaren boterea handiagoa baita
norbera duen agentziaz
kontziente ez denean.
Lur desegonkor bat espero izanagatik,
urmael bat jasoko dute herentzian
estufatxo baten beroaz
lehortu gurako dutena;
belaunetaraino lokaztuta,
uraren aurkako erresistentziak antolatzeaz
nazka-nazka eginda.
Urmael bat jasoko dute herentzian
ohartu orduko lurrun bilakatuko dutena;
ez dute jakingo, ordea, bagenekiela.
Badakigula hiriak lainozkoak izango direla
aurrerantzean.
Nago ez ote den seguruagoa
gu hil ondoren egongo diren horiekin baino
hiribideak apaintzen dituzten arbolekin fidatzea.
Ezer gutxi dakit botanikaz,
baina esango nuke udaberriro inausi arren,
asfaltopean hazten jarraituko dutela,
elkarren garroen usainaz maitemindu eta krak!
hiribideak arrakala bilakatu arte.
Oihana Aranaren aurreko sormen-lanak