«Kafe tristearen balada» Oñatin
Carson McCullersen Kafe tristearen balada (Pasazaite, 2020) liburuaz mintzatuko dira Oñatiko irakurle-taldean. Itzultzailea: Asun Garikano.
Garikano elkarrizketatu zuen Isabel Etxeberria kolaboratzaileak gure atarian, eta zera esan zuen itzultzaileak autore estatubatuarrari buruz:
«Zergatik irakurri McCullers? Bere paragrafo bat edo orri bat hona ekartzea litzateke onena, haren prosak adierazten duen giza arimaren ulermena, ahulekiko edo deformeekiko errukia, idazkeraren edertasuna erakusteko. McCullersek badu titulu zoragarriko liburu bat, The Heart is a Lonely Hunter, (Bihotza ehiztari bakartia da). McCullersen bizitzaren eta obra guztiaren laburpen hoberik ez dago. Ehiztari bakartia izan zen idazlea, eta halakoxeak dira haren pertsonaiarik onenak ere. Maitasun bila dabiltzan ehiztari bakartiak dira Kafe tristearen baladako hiru protagonistak, Miss Amelia kankailua, Cousin Lymon txalkorra eta Marvin Macy zitala, eta baita liburuko beste narrazioetakoak ere, Zuhaitz bat, harkaitz bat, hodei bat ederreko agure hori esate baterako; baina haien bilaketak ez du emaitzarik. Horretaz, maitasunaren fenomenoaz, maitalearen eta maitatuaren artean sortzen den lehiaz, bere maitatua pertsegitzen duen maitalearen desesperazioaz, ezagutza sakona zuen McCullersek. Eta esperientzia unibertsal horren berri ematen duenean, irakurleak bere barrua irakurtzen ari dela sentitzen du; pertsonaiak bizitzen ari diren hori bizi izan duela berak ere. Emozio horiek esan gabe zeuzkan bere barruan, eta idazleak forma eman die, artikulatu egin ditu, eta argitara atera.
Arrazoi askorengatik irakurtzen dugu, geure buruari ihes egiteko batzuetan, geure buruarekin hitz egiteko beste batzuetan. McCullersek aurrez aurre jartzen gaitu geure buruarekin, geure barruarekin».