Poema musikatuak

Rafa Rueda eta Gabriel Aresti

Osteguna, 2013-11-07

Rafa Ruedak sarritan musikatu ditu euskal idazleen poemak. Oraingo honetan Gabrielen lekua proiektuaren harira jantzi ditu doinu eta ahotsez Gabriel Arestiren zazpi testu: sentikarian jotzen dituen sei kantak eta bat gehiago entzun daitezke titulu berarekin kaleratu den disko-liburuan. Haien artean da Poema musikatuak atalean entzun dezakezuen "Egia bat esateagatik".

Andoni Arcilla eta Koldo Izagirre

Asteartea, 2013-04-09

Andoni Arcillak 2011ko abenduan kaleratu zuen Hilkorra ez banintz (Gaztelupeko Hotsak) izeneko diskoa. Bertan jazz doinuak ziren nagusi, idazle hauen poema eta kantuekin uztarturik: Jon Mirande, Hedoi Etxarte, Koldo Izagirre, Angel Erro, Itxaro Borda, Anna Akhmatova eta Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Lehenago Etxarterekin berarekin entzun ahal izan genuen Arcilla pianoa jotzen, Suzko lilia liburua aurkezteko egindako errezitaldietan. Hemen entzun dezakezuena, Izagirreren ‘Bolueta-Sestao 06.13’ poemarekin egindako kanta da.

Jon Miner eta Leire Bilbao

Asteartea, 2013-01-15

Jon Minerrek Leire Bilbaoren testu bat musikatu du: Scanner (Susa, 2011) liburuko 'Oinen arteko hutsunea' poema. Jarraian entzun eta irakurri dezakezue.