Aingura hegodunak

Aritz Mutiozabalen poemak

Asteazkena, 2013-04-24

Aritz Mutiozabal (Zarautz, 1980) idazle, musikari eta kazetariaren poemak ekarri ditugu oraingoan Aingura hegodunak atalera. Lehenago Pasaia Hiria lehiaketan saritutako bi lan irakurri ahal izan dizkiogu, Bermingham argitaletxearen eskutik: Ispiluaren aurrean gogoetan (2001), eta Lo hartu aurreko buruhausteak saihesteko pilulen ondorioak (2006).

(Argazkia: Inhar Mutiozabal).

.

.

.

Aritz Mutiozabal (Zarautz, 1980). Kazetaria, Urola Kostako Hitza egunkarian. Neü musika taldeko kide ohia. Hainbat literatur lehiaketetan saritua; esaterako, Pasaiako Poesia Lehiaketan. Azken bizpahiru urtetan idatzitako poemen lagina da honakoa:

Zu alaitzeko jantzi ditut kartoizko betaurrekoak

irribarretan sakondu, nola azpimarra

biolin akordea ispilu uhinetan,

kearen usain marrazturik, zure ezpainetan

- Oker zabiltza, bada ezkutaleku hoberik

bilatu nahi zaituztenei saihets egiteko:

izan zaitez ur tanta bat itsasoan,

inork ez zaitu besteengandik bereiziko

 

Ez nabil ihesean, jolasean baizik

izatekotan, banaiz ur tanta hori

baina zure arterietan zoriona garraiatzen

bihotzerainoko zeharkaldian igeri

 

- Oker zabiltza, zoriontsua naiz alferrik

kolorerik ez duten ene begiotan

negarraren mintzo isilak akoplatu nahian

ni alaitzeko jantzi dituzun hiru dimentsioko betaurrekotan

 

#

 

Infernuak pop hazkura ematen dit,

sentimendu abstraktuetan,

eta askotan ez dut bereizten

Pollock den ala Rosenquist

ketzarretan erretzen ari dena, bere begiak

nire bizkar gainean gurutzatzen dituen bitartean:

bada lurralde isilik,

orekaren mugarrietan zintzilik,

bakea gero eta trumoitsuago esnatzen duelako

ez dakit ziur... nik

gizartearen miseriak margotzen ditut oihal birjinetan,

baita tomate zopak xurgatu ere, tabasko askorekin

eta askotan ez dut bereizten

adierazteko gai naizena maisulana den

ala hondamendiaren iruzkin piktorikoa

Begirada garbi batek guztia alda dezake,

baina nire bihotzak ez du begirik,

ez du begirik behar

iluntasunaren errealitate ezberdinetarako,

infernua gero eta hotzago esnatzen duelako

ez dakit ziur... nik

lo egin nahi dut

#

Aingeruak zeuden tokian ez nuen hitz egin nahi izan,

nostalgiak Chet Bakerren doinua duelako;

zuri-beltzez profitatutako kriseilua itzaldu genuen,

zigarroaren azken hatsarekin

Maite ninduzula esan zenidan, eta nik

sinetsi egin nizun. Sinetsiko ez nizun bada,

begiekin orekatu baizenuen ipar-orratza

Denboraren aitzakiaz,

balada triste bat gosaldu nuen:

hotza egiten du birigarroen basoan

hezetasun argi zaporez,

otar bat bete likenez

Estigma ketuei ez darie odolik,

egurrez distiratutako ikono eskegiek

sufrikarioa dutenean aurpegi

Antzeztu dezatela santu eta santa guztiek,

jakin badakit gezurretan dabilena

bere buruaz lotsatzen dela

Aingeruak zeuden tokian hitz egiten bukatu nuen,

nostalgia ipar-orratzaren minbizia delako;

goroldioz jota dagoen katea

 

#

Espaloiak gurutzatzen ditudan bakoitzean

arlekinak bistaratzen ditut,

errugabe kondenatzeko urkamendira

aurpegi zuri, malko beltz

irribarrik ez

Mutu bilakatu da harremana:

ez dizut askotan idazten,

ezta esaten ere

Laztan batekin argi dagoelako, akaso

Kontzientzia makilajerik gabe,

badakit eta saiatzen naiz...

Keinu bat antzeman nahian bestaldetik

negar isilaren talka

ahanzteko balioko balu...

Autoak saihestera zigortu naute,

eta pailazo gehiegi dago bolante aurrean

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)