Amuak

Amerika, Maiakovskiren begiradapean

Astelehena, 2015-09-07

Bidaia literatura gainbeheran dela dioten honetan, Vladimir Maiakovskik 1925eko uztailetik urrira Amerikari luzatu zion begirada izan dugu gogoan.

Diotenez, XXI. mendean internetek zentzuz eta mamiz hustu du bidaia literatura: dagoeneko ez da behar libururik munduan zehar begirada barreiatzeko. Aski da pantaila zirikatzearekin, google maps haztatzearekin, leku zehatz bateko koordenatuetan murgiltzeko. Baina horiek gutxitan dute pertsonen berri, izenez lepo dauden arren; haiek gutxitan dute oroimenik, memoria izan arren.

“Bidaiatzeko beharra daukat. Niretzat bizitza arnas duen ororekin kontaktua izateak liburuen irakurketa bera ordezkatzen du kasik. Bidaiak hunkitu egiten du gaurko irakurlea. Ustez kuriosoak diren gai, irudi eta metafora aspergarriei buruzko fikziozko istorioen ordez, berez interesgarriak diren esperientziak suertatzen dira”.

Vladimir Maiakovskik Amerikara egin zuen bidaia 1925eko uztailetik urrira, eta kronika liburua idatzi zuen. Hainbat ataletan banatu zituen bidaia hartako inpresioak: Mexiko, New York, Amerika, Itzulera.

Mexikon Diego Riverari bisita, itsas zabaleko bidaiak, zezenketek eragiten dioten nazka:

“Gozamen gorena esperimentatu nuen zezen batek adarra gizonaren saihetsen artean iltzatzea lortu zuenean, bere kideak mendekatuz. Pena bakarra zezenen adarretan ametralladorak ezin jartzea izan da enetzat, eta zezenei haiek disparatzen ezin irakastea. Zergatik eduki beharko luke inork humanitate honekiko errukirik?”.

maiakovski

New Yorken Broadway-ekiko lilura, langileen egoera, arrazakeriaren zama, jazza, jendartea edo masa, hitzontzikeria etikoa. Eta hala ere, bitxia da kontakizuna. Batek esperoko luke Maiakovskiren ahots politiko ozena entzutea lerrootan, baina idazleak ihes egin zion panfletoari, ihes aurreikusgarria zitekeen jarrera erasokorrari. Lehenagotik idatziak zituen “Chicago” bezalako poemak, distantziatik eta funtsean ezjakin. 1925ekoa da berrriz, “Brooklyngo zubia” poema (Koldo Izagirrek itzulia, Susak argitaratua):

Egizu orru

bozkarioz, Coolidge!

Nik ez diet hitzik ukatzen

ez gauza onei ez neure buruari.

Gorri zaitez

gure banderaren oihalaren antzo

nire laudorioaz

milaka United States

of

America

bazara ere.

“Dolar da Jainkoa, dolar da Aita Gurea, dolar da Izpiritu Santua”. Maiakovskik hainbestetan hainbeste kritikatu duen sistema bidegabea barrutik, gertutik ezagutu nahi du. Eta horretarako kaleetan murgilduko da, eta jendeari beha geratuko da kantoietan, jende xehearen eguneroko zaurien eta kontraesanen argazkilari edo poeta. Sistemaren erraiak aztertuko ditu kezkaz, eta langileekiko enpatiaz, tarteka miresmenez errazkeriei ihesi. Harriduraz sumatuko du nonahi estatu batuarren idealismoa, etika ustez gardena, eta horrek ezkutatzen duen miseria guztia.

Eta iraultza aurreko Habana, eta itsas zabaleko bidaiak. America: “Ipar Amerikako Estatu Batuek ez dute sikiera iparamerika osoa betetzen, eta hala ere –kasu!- hartu, ostu, zurrupatu egin dute Amerika guztien izena. Egia da, Estatu Batuek indarrez hartu dute izenez Amerika izateko eskubidea, beren dreadnoughts gerra ontziekin eta beren dolarrekin, izua ereinez hurko dituzten errepublika eta kolonietan”.

Lerro artean sumatuko ditu irakurleak bidaia hartako bestelako eginbeharrak, istorioak, asmoak, han-hemen bidaide izandako komunistekin konspirazioak, baina Maiakovskik ez du haien berri ematen, ez du kezka bere biografia edo bidaiaren balizko misioa. Eta hitzen bidezko erreportaje zehatz eta ederra da emaitza, New York-en gaurko bisitariak sumatuko dituen jendarte-zaurien pareko, begiradan aitzindari: mundua zauritzen duen sistema ekonomiko basa baten gailurra, haren hirietako estolderiak jendez, pobreziaz, zauriz beterik diren bitartean.

Ez da kasualitatea Harkaitz Canori irakurri izana New York oinarri duen poesia liburuan, Maiakovskiren presentzia, “Maikovskiren eskailera”:

Entzun dezakezu

                          norbait dabil

                                                        sute-eskaileran

Maiakovski berbera

                              errebolberraz

                                                  bere bihotzari tiro eman

edo tiroari bihotza

                            eman ondoren.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)