Ana Vallés, teatro ikusezinaren ahotsa
Asteazkena, 2018-06-20Ana Vallések Matarile konpainiarekin batera idatzitako lau testu topatzen ahal dira Ediciones Invasoras argitaletxeak publikatutako bilduman. Galiziako teatro independentearen ikur izan den taldearen lana ezin da hitzez bildu, baina azken urteetan eszenan landutako gaien nolabaiteko aurkibide bat eskaintzen du liburuak.

Ana Vallések duela hogeita hamabi urte sortu zuen Matarile konpainia Baltasar Patiñorekin batera. Hasiera batean besteentzat txotxongilo eta eszenografiak egiten hasi ziren teatrogintzan, eta horrek helduentzako txotxongilo lan bat egitera eraman zituen. Azkenean teatroaren baitako lengoaia garaikideekin interesa piztu, eta aktoreekin lan egite hasi ziren. Matarile konpainiaren ibilbidea garatzearekin batera, Teatro Galan gune erreferentziala eta Pé de piedra dantza garaikideko jaialdia zuzendu zituzten hamabi urtez. Arte eszeniko garaikideentzat arnasgunea izan dira proiektu hauek Galizia aldean.
Ediciones Invasoras teatro testuen argitaletxe txiki bat da. Bertan topatzen ahal dira azken urteetan teatro garaikidearen eta dramaturgia berrien testuinguruan gazteleraz azaleratu diren ahots asko. Haien artean da Vallés, Matarilek eszenara eramandako azken lanekin: Cerrado por aburrimiento, Staying Alive, Teatro Invisible eta El cuello de la jirafa.
El cuello de la jirafa lana dute guztietan berriena, eta Euskal Herrian berriki ikusi ahal izan da Donostian eta Oreretan. Antzezlan hau Matarileren lan egiteko moduaren lagin esanguratsua izan daiteke: egitura narratiborik gabeko kontakizuna, performancearen eta arte instalazioen elementuen erabilera (aktoreak ez daude oholtzan, publikoz inguratuak baizik, eta tarteka aktoreak publikora modu intimoan gerturatu eta banakako eszenak ematen dira), profesionalak ez diren aktoreak batera jartzea oholtza profesionalekin, umorea, poesia bisuala, dantzaren eragina, idazle eta intelektual ugariren aipuen erabilera...
Akaso edertasunak badu askatzen gaituen zerbait, galera baten zama arintzen diguna... Stendhalek aipatu ohi zuen une promesse de bonheur; edertasunaren kontrakoa ez da itsustasuna, baizik eta indiferentzia.
Ildo beretik doaz aurreko hiru lanak ere, baina agian teatroarekiko kezka sakonago bat sumatzen da haietan, kultur sistemaren kritika ironiko bat. Kulturaz mintzo, ikusezintasuna da etengabe aipatzen den ardatza:
Ikusten ez dena existituko ez balitz bezala da.
Zergatik idazten duzu? Zergatik egiten duzu teatroa? Beste lanbide edo jardunetan gutxitan egiten den galdera sarritan erantzun behar izaten dute sortzaileek, kultur lanaren desprestigioa, eta bestalde, kultur sistema ekonomikoki ondo egituratu eta loturikoaren ezikusia eta beldurra sortzaileei berauei, eta haien irizpide “askeegiei”. Guztiaz egiten du gogoeta Vallések Teatro invisible bakarrizketan, ironiaz eta autoironiaz:
Zergatik egiten duzu teatroa?, norberak badaki galdera horren azpian badela beste bat, agian benetako GALDERA: zertarako balio du antzerkiak? Galdera horrek bere baitan darama erreklamazio bat, edo nolabaiteko kontu eske bat, oro har parasitariotzat jotzen denaren eta errendimenduaren inguruko kontu eske bat, azalekoa eta, edonola ere, ezinbestekoa ez denaren ingurukoa.
Eta galdera horren beraren barruan badira galdera gehiago ere: egungo krisiarekin nolatan jarraitzen duzu gutxiengo batentzat den teatro antikomertziala egiten? Zergatik ez diozu zure buruari planteatzen zer edo zer ulergarriagoa egitea, langabeziari buruzkoa adibidez, ustelkeriri buruzkoa edo genero indarkeriari buruzkoa edo oso urrun gertatzen den tragedia bati buruzkoa zeinarekin publikoak elkartasuna adierazi lezakeen sms bitartez?
Total, bat batean hatz erakusleaz akusatua sentitzen dela norbera eta baita tontokeriak ahoskatzen hasi ere (lanaren ustezko balio sozial bati buruzko tontakeriak) ez dutenak artista alferraren irudia indartu baino egiten, ezerezetik bizi dena Estatuaren kontura.
Edozein modutan, ez da sekula utilitateren kontu famatua planteatu ere egin behar. Teatroak ez du ezertarako balio.
Baina ez du axola, antzerkia egiten eta antzerkira joaten jarraituko dugu, maitasunaren utilitatea planteatu gabe bizi garen moduan, adiskidetasunaren utilitatea, idazkuntzaren utilitatea, musikarena, kantuana eta dantzarena, munduaren utilitatea, urdin kolorearena...
Funtsean, teatroa eta liburu formatuaren (literaturaren?) arteko ezinikusi garaikidearen isla ere bada lan hau. Ana Vallesek berak dio hitzaurrean zalantza asko izan duela, ez argitaratzekotan egon dela behin eta berriz. Zentzurik ez duelako idatziz jartzea bizi egin behar dena, ezin delako gorputz baten mintzoa hitzez jaso. Idazleak aktoreekin batera idatzi dituelako liburu honetako testuak, pertsonaiarik erabiltzen ez duten heinean aktore bakoitzaren izaeraren arabera osatzen delako testua. Vallesek jaso, irentsi, transformatu egiten du aktoreekin prozesuan gertatu dena, “testu” bilakatuz ondoren. Eta hitza gorputzarekin idatzitakoaren azken isla besterik ez da. Baina erreala, eta irakurri daitekeena, edonola ere.