Amuak

Angélica Liddell bakarrizketan

Asteartea, 2016-05-10

Angélica Liddell antzerkigileak bi liburu argitaratu berri ditu Continta me tienes argitaletxearen eskutik. Horrez gainera, antzezlan berri bat estreinatuko du udan, Avignongo antzerki-jaialdian. Liddelli buruz gehiago jakiteko, heldu amu honi.

Lehenago ere ekarri dugu Angélica Liddel antzerkigilearen amurik etxe honetara. Ez gara nekatzen, ordea, eta berriki bi liburu berezi argitaratu dituela aitzakia hartuta, Liddellen bi bakarrizketa labur euskaratu ditugu. Baina, hasi aurretik: nor da, bada, Angélica Liddell?

Biografia

Angélica Liddell, izen ofizialez Angélica Rodriguez, antzerkigilea, aktorea eta poeta da eta 1966an jaio zen Figueresen. Lewis Carrollek Aliceren abenturak idazteko inspirazio gisa erabili zuen Alice Liddell umeari ostu zion izen artistikoa. Estatuko antzerki sari garrantzitsuenetarikoak jaso ditu, besteak beste, Valle-Inclán saria 2007an eta literatura dramatikoko sari nazionala 2012an. Hala ere, harreman gatazkatsua izan du antzerki-sistemarekin betidanik, eta badirudi erdiguneak azkenaldian eman dizkion karameluek ez dutela bere obraren ikuspegi errotikakoa aldatuko. Muturreko lanak direla esango nuek, oso-oso intentsoak: heriotzari, fedeari, ongiari, gaizkiari, sexuari, desirari ipintzen diote arreta, inongo aurreiritzi eta taburen aurrean men eman gabe. Orain urte batzuk uko egin zion espainiar estatuan bizi eta lan egiteari, estatuak penagarriki tratatzen duelako antzerkigintza. Frantzian bizi da orduz geroztik eta bertan estreinatu ditu bere antzezlan gehienak ere.

Aita militarra zuen, eta ondorioz, haurtzaro ezegonkorra izan zuen. Figueresen jaio zen baina Valentzian eta Burgosen ere bizi izan zen, familia toki batetik bestera aldatzen zelako aitaren lana zela-medio. Izugarrizko eragina izan zuen horrek Liddellengan eta hainbat elkarrizketatan aitortu du oso haurtzaro goibela eta mingarria izan zuela, pistolak eta uniformeak besterik ez baitzituen ikusten. Moja eskolatan ikasi zuen eta 17 urterekin Madrilera egin zuen alde antzerkia eta psikologia ikastera. RESAD (Real Escuela Superior de Arte Dramático) eskolan ibili zen, baina ez zituen ikasketak amaitu eta Artez aldizkariari emandako elkarrizketan esan zuenez, RESADean antzerkia gorrotatzen hasi zen, eskola hori betidanik iruditu izan baitzaio erdipurdikotasunaren gordelekua. 1993an Altra Bilis konpainia sortu zuen Gumersindo Pucherekin batera eta hainbat obra estreinatu dituzte. Konpainia horrekin jarraitzen du lanean eta adibidez uda honetan lan berri bat taularatuko dute Avignongo antzerki-jaialdian.

Obra

Altra Bilis konpainiaren eskutik etengabe taula gainean ari bada ere, liburu asko argitaratzen ditu Angélica Liddellek. Hainbat antzezlan kaleratu ditu, huts-hutsean, Artezblai argitaletxearekin. Gero, Sexto Piso etxearen eskutik, trilogia bat kaleratu zuen, eta aleetan, teatroko testuak ez ezik bere egunerokoak eta beste hainbat testu solte plazaratu ditu. Ezin ahaztu, noski, Los deseos en Amherst poema-liburua. Lan horretan poemak euskaratu genituen aurreneko amuan.

2015ean, argitaletxez aldatu eta Continta me tienes argitaletxearen eskutik plazaratu ditu bi argitalpen, berezi-bereziak biak ere. Batetik, El sacrificio como acto poético lanean biltzen dira Liddellek antzerkiari eta arteari buruz emandako hitzaldiak eta idatzitako testuak. Bestetik, Via Lucis izeneko lanean, argazkiak eta poemak batu ditu, bi eletan: frantsesa eta gaztelania. Argazki guztiak auto-erretratuak dira. Garai batean, blog batean ipintzen zituen Liddellek argazkiok, eta poztekoa da azkenik paperean ere gozatu ahal izatea irudi horietaz.

el-sacrificio-como-acto-poetico1

Amua

Oraingo honetan, ordea, bakarrizketa bat ekarri dizuegu. La desobediencia, hágase en mi vientre liburuxkan argitaratu zen, jatorriz, eta bakarrizketa bat da.

 

TESTUAK, BURU-AHALMEN URRIKOENTZAT

Rodrigo García naiz eta oso autore garrantzitsua naiz eta jende garrantzitsuarekin baino ez naiz ibiltzen, ni bezain garrantzitsuak direnekin, eta batez ere atzerritar garrantzitsuekin.

Juan Mayorga naiz eta antzerkigile garrantzitsua naiz eta gainera, filosofoa ere banaiz, eta oso azakarra naiz eta sari guztiak irabazi ditut.

Sanchis Sinisterra naiz eta autorerik garrantzitsuena naiz, jainkoa naiz, eta hitzaldi asko eskaintzen ditut, eta hain garrantzitsua naizenez besteei irakasten diet gauza garrantzitsuak nola idatzi.

Angélica Liddell naiz eta autore izugarri garrantzitsua naiz eta asko haserretzen naiz jendeak ez nauenean garrantzitsutzat jotzen eta gorroto ditut autore garrantzitsutzat jotzen ez nauten horiek.

 

Obra horiek guztiak gabe ere egin dezake munduak aurrera.

Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere lagun hurkoa hil.

Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere gose izan, nire nebaren besoari haginka egiteko bezain gose.

Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere gizondu ez.

Lan garrantzitsu bat idatz dezaket eta gizon bidegabea izan.

Humanismoa zaborra da.

Artea zaborra da.

Pertsona baten ondorioak dira pertsona baten alderdirik garrantzitsuena.

Zer ondorio dakarzkiote autore garrantzitsuek giza oinazeari?

Burezurrak salerosten dituzue zuek, autore ergelak!

Zuek gabe eta zuen obra garrantzitsurik gabe ere egin dezake munduak aurrera, autore ergelak!

Ergelak, ergelak, ergelak!

Zintzoki pentsatzen al duzue zuen ondorioetan?

Zuen adimenaren ondorioetan?

Ergelak!

Zer sentituko ote dut autore garrantzitsu bat ukituz gero?

Uki dezaket autore garrantzitsu bat?

Zer sentituko ote dut?

 

Eta, orain, autore garrantzitsu bat uki dezakezue. Nigana hurbil zaitezkete. Uki nazakezue eta ozen esan, ea zer sentitzen duzuen

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)