Catherine Maurisseren La Légèreté: Charlie Hebdoren osteko komikia
Asteazkena, 2017-11-08Arintasuna, samurtasuna, leuntasuna, hauskortasuna, zamaren askatzea… modu askotara uler liteke Catherine Meurisseren komiki berriko titulua, liburua osorik irakurri ostean behintzat: La Légèreték Charlie Hebdoren kontrako erasoaren ostekoak kontatzen ditu, komikiaren osteko komikia.

2015eko urtarrilaren 7an Charlie Hebdoren aurkako atentatua Izan zen Parisen. Hamabostekari satirikoaren aurka bi gizonek egindako tirokatzea izan zen. Hamabi pertsona erail zituzten, eta beste hamar larriki zauritu. Al Qaedak aldarrikatu zuen atentatua. Catherine Meurisse Hizkuntza modernoak eta Artearen Historian lizentziatu ostean 2005ean Charlie Hebdo hamabostekari satirikoan hasi zen lanean, ilustratzaile gisa. 2015eko urtarrilaren 7an bere iratzargailuak ez zuen jo, eta berandu iritsi zen aldizkariko diseinatzaileekin zuen bilerara. Horrek salbatu bide zuen atentatutik.
La Légèreté liburuak egun hartatik aurrerakoak kontatzen ditu, komiki eran, lehenengo pertsonan. Egun hartako gertakariak, hildako lankideei buruzko oroitzapen ironikoak, egun hura asimilatzeko ezintasuna, ikuskizun mediatiko baten fokua izatearen zama, eta azkenik blokeoa. Blokeoa pertsona gisa, blokeoa sortzaile gisa: sormenerako ezintasuna, sormenaren zentzuaren galera.
Horretan datza, hain zuzen ere, liburu honen interesa eta lorpena, irudi bidezko narrazio eta koloreen erabilera tartekatze fin batekin batera. Ezintasuna kontatzen du egileak, ezin asimilatzea. Ez da sartzen ekintza bera analizatzera, baina argigarria da shock egoera: “baina… baina gu Palestinaren alde agertu izan gara eta!” dio une batean protagonistak. Ezintasuna bere sentimendu pertsonaletatik harago doala pentsa liteke: Europan azken urteetan jazo diren erasoak -azkena Bartzelonan- segurutzat jotzen zen bizi eredu baten amiltzea dakar, ezin asimiliatzea ohiko balio politiko eta ezker-eskuin ustez betiereko tentsio ideologikoa errotik apur zitekeenik, ez alde eta ez kontra, sistema bera eta mundua antolatzeko era bera da erasoz eraso zartatu dena.
Horregatik agian, protagonistak ez du topatzen politikan, diskurtsoetan, sistemaren aldeko defentsa betierekoan babesa. Nola jarraitu sortzen? Zergatik, zertarako sortu? noiz eta sormena bera izan denean oraingoan, Charlie Hebdoren kasuan, sinbolikoki erasotua? Liburuak gertaeraren mamiari, gertatutakoa nola edo hala interpretatzeari iskin egiten dio. Egotz liezaioke egileari gertatutakoaren interpretazio orori ihes egitea ere. Baina agian hori da egileak berak islatu nahi duena, bere prozesu pertsonal subjektiboa.
Meurissek edertasunaren ideian hartuko du babes, atentatuaren ostean aurrera jarraitzeko inflexio puntu bat topatzearren. ‘Stendhalen sindromea’ aipatuko du behin eta berriz: Stendhalek 1817an Italiara egindako bidaia batean, artelanez inguratua zelarik, zorabiatu egin zen. Ordutik Stendhalen sindromea deitzen zaio edertasun olde batek jota zorabiatzeari.
Egileak bidaia hori kontatuko du funtsean: shock egoera batetik, bizitza antolatzeko eskema oro apurtu dituen gertakizun baten ostetik, sormenerako bulkadak zentzua galtzean nola topatu edertasunean kontra-shock bat eragingo duen motorra.
Gai berarekin lotuta, Catharsis
Gertakizun berak motibatua badira lan gehiago ere. Rénald Luzier “Luz” ilustratzailea Charlie Hebdo aldizkariko ilustratzaile enblematikoa izan zen, ustez atentatuaren akuilu izan ziren Mahomaren karikaturen egile sarri. Urtarrilaren 7a bere urtebetetzea da, horregatik 2015ean berandu heldu zen lanera, bera ere erasoaz libratuta. Atentatuaren ostean aldizkariaren baitan krisia sortu zen, eta Luzek lana utzi zuen hilabete gutxira. Urte horretan bertan plazaratu zuen Catharsis izeneko komikia, Minaren erraietatik jaiotako komikia, umorearekin talka ia ezinezkoan; zuri beltza da nagusi marrazkiotan, kolore bakan batzuk han-hemen, batez ere gorriaren erabilera zuri beltzarekiko kontraste bortitzean.
Frantzian La Légèreté Dargaud argitaletxeak plazaratu du, gaztelaniaz La levedad izenarekin pazaratu Impedimenta argitaletxeak. Catharsis Futuropolis argitaletxeak plazaratu du frantsesez.