Amuak

Eugenio Calonje: bazterreko idazkerak

Osteguna, 2019-02-28

Aurretik ere izan dugu inoiz La Zaranda taldeko Eusebio Calonje idazlearen lana mintzagai Amuak atalean. La Zaranda martxoan Eibarko Antzerki Jardunaldietan egongo da haien lan berriarekin, aukera ona azken garaietan Calonjek publikatu dituen bi liburu gogora ekartzeko: “Catálogo de cicatices” eta “Teoria y practica de lo incierto”.

Bazterrekoari so egiten du lan La Zaranda taldeak: haien pertsonaietan, haien teatro moldeetan, hain mezu poetikopolitikoetan eta utopia dekadenteen aldarrietan, guztia da ertzeko. Baita antzokietatik at Eusebio Calonje taldeko idazleak azken garaietan idatzi dituen saiakera modukoetan ere: poesia, saiakera, gogoeta eta egunerokoaren artean nabigatzen dute haren berbek, sormen prozesuetako atsedenaldietan idatziak bailiran, errealitate eta ametsaren arteko eremu lauso batean.

Ibilbide luzeko konpainia da La Zaranda, eta sarritan izan da Euskal Herrian haien lanak aurkezten. Martxoaren 27an El desguace de las musas lan berriarekin izango dira Eibarko antzerki jardunaldietan, duela gutxi Ahora todo es noche aurreko lana ere taularatu dute Gasteizko antzerki jaialdian. Ahora todo es noche lanean kasu, beren lanetan ohikoak diren ezaugarriak topatu ahal izan genituen: arropa iluneko pertsonaia bazterrekoak, gizartearen ertzean mugituko liratekeen homeless gisakoak, bizitzaren inguruan eta edertasunaren peskizan dialogatzen dutenak. Objektuen teatroa, pertsonaia zahar-helduen koreografia abailduak, poesiaren eta sormenaren aldeko aldarria. Lan hura konpainia beraren isla izan zitekeen, teatroa egitearen zentzuaz eta beharraz gogoeta eta aldarri egitera letorkeena, egungo garai gordin eta instituzionalki tamalez sarriegi insolidarioetan. Ez kasualitatez, konpainiari hasieran “Teatro Inestable de Andalucía La Baja” azpititulua jartzetik, “La Zaranda: Teatro Inestable de Ninguna Parte”, ibilbide luze eta errekonozitu baten ostean oraindik ere jasotzen dute laguntza eskasia eta ezinikusiaz enpo.

Calonjeren liburu berriak

Azkenaldian bi liburu plazaratu dira Eusebio Calonjek sinatuak, La Zaranda taldearen lan kreatiboaren periferian:

Catálogo de cicatrices (Obra dramática 2010-2017)

catalogo de cicatrices

Ahora todo es noche obrako testua topatu liteke bertan, haren aurretik antzeztutako lanik berrienekin batera: La patria de los espectros eta El regimen del pienso inpaktanteak eta El grito en el cielo taldearen azken-hirugarren obra. Haiekin batera, osagarri gisa edo, Calonjek idatzi baina beste talde batzuek taularatutako lan batzuk ere badatoz: La extinta poética, Este sol de la infancia etaEl corazón entre ortigas.

Aurretik ere plazaratu izan dizkiote hainbat lan, Hiru argitaletxearen eskutik batez ere: Cuando la vida eterna se acabe, La puerta estrecha/Ni sombra de lo que fuimos eta Homenaje a los malditos/Los que rien los últimos/Futuros difuntos.

Artezblai argitaletxeak plazaratu du Catálogo de cicatrices, Orientaciones en el desierto (2012) aurreko saiakera bezala. Honatx hitzaurrean dioena:

Antzerkiaren esentzia gatazka da, eta gatazka hori argitaratua den orrialdeetaraino doa arrastaka. Nola finkatu hitzen izaera iraunkorrean oholtza zeharkatzen duten arimen dirdira? Beti dago estilo literarioa pertsonaien bizitzaz gaindi lehenesteko arriskua, taxidermia hutsean geratzen den literatura dramatikoa, ideiez enpo eta atzera-puntada dialogatuez josiak, ebakiondo baldarrak, antzerkia den pasioaren orbainak baino ez dira.

Antzerki idazlea beti dago paperarekin gatazkan. Batetik teatroak duen berezko efimerotasuna gainditu nahi luke, transmisio amiñi bat bermatu, denbora gupidagabeari eta kultur ezmemoriari aurre egin; bestetik ezina, gorputzaren mintzo isil bezain ozenek hitzez isiltzen dutena ezin esan paperean. Akaso horregatik, gero eta gehiago jotzen du Calonjek saiakera poetikora ere, pertsonaiek isiltzen dutena aktoreek esango dutelakoan.

Teoria y práctica de lo incierto

teoria y practica de lo incierto

Bazterrekoak dia Calonjeren testuak, ez soilik diotenagatik, idatziak izan diren denbora zatiengatik baizik: Teoría y práctica de los incierto: escritos de teatro en los márgenes saiakera modukoa plazaratu du La Pajarita de Papel argitaletxeak. Saiakera modukoa diogu, ez dagoelako argi non kokatu behar den: gogoeta laburrak, kaiera batean azkarrean idatzitako oharrak, antzezlanen sormen prozesuetan sortutako gogoeta izpiak... aforismoak kasik, baina beren gezi izaeran poetika oso bat islatzen dutenak. Arestian aipatutako Orientaciones en el desierto haren ondorengoa uler liteke liburu hau. Orduko hartan, bazen gogoeta laburrez osatutako atal bat, baina ez soilik. Oraingo honetan liburuaren hezurdura osatze dute txatal txiki mamitsuek:

Ezezagunean amiltzen gara. Bibrazioaren luzera mantendu behar dugu, bizitzaren pultsioa. Erorketa. Hitzaren erbestea. Testu bat topatuko dugu. Haztamuka antzematen dugu literatur espazioa. Zeinuaren ilunantza. Zeinuaren itzala. Haren formaren baitan murgildu ahal izateko zirrikituaren bila gabiltza. Gure keinuekin trazatuz interpretatzen ditugu zeinu idatziak. Gorputzaren lengoiara itzui beharko dugu testua. Mugimenduekin mintzo gara.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)