Federico Leon: testua hasiera besterik ez da
Astelehena, 2016-01-04Federico Leon (Buenos Aires, 1975) idazle, aktore eta zuzendari argentinarra bisitan izan genuen Bilbon, urrian ospatutako BAD antzerki jaialdian. Bertan eskaini zuen Las ideas antzezlana, eta haren zenbait pelikula ere ikusi ahal izan ziren. Registros izeneko liburuan topa daitezke bere lehenengo teatro testuak.

Teatro testuen bilduma bat baino gehiago da Registros (Adriana Hidalgo editora, 2005) liburua: Federico Leon antzerkigilearen ibilbideko lehen urteetako testuak topa daitezke bertan, dramaturgiari buruzko oharrekin, antzerkiari buruzko gogoetekin eta emanaldietako argazkiekin tartekatuta. Teatro testuen bilduma bat baino gehiago da ere, teatro idazle egile garaikide askoren joeraren, gogoetaren, talka estetikoaren isla delako neurri handi batean. Honako hau dio egileak liburuan:
Nire ustez teatro idazkuntzak, objektuek, obraren zentzuak, ez dute entseguetako esperientzian azaleratzen den sakontasuna erdiesten. Haietan lehenengo kapak agertuko balira bezala da, entseguetan kapa horietan sakondu ahala zentzuz beteriko kapa gehiago joango dira azaleratzen, errelatoen aniztasun bat.
Antzerkian testua hasiera besterik ez da. Ez helburua, ez oinarria, ez hezurdura; abiapuntu bat besterik ez. Eta abiapuntu horri ahalik eta kalitaterik handiena ematean datza gakoa. Rodrigo Leonen testuek pisua dute, lan fisikoari lotuta intuitzen den ahozkotasun baten isla, literaturtasunari egiten zaion hurbilketa ere tarteka. Ez dago Rodrigo Leonen teatroa ezagutzerik liburu honetan, baina bada haren obraren arrastoen bilduma bat:
(El adolescente antzezlanean, MIGUEL mintzo da:)
Asko hitz egiten dut beti,
hitz asko,
eta inoiz ez zait ateratzen esan nahi dudana.
Eta zergatik esaten ditut nik hainbeste hitz, eta hala ere atera ez?
Ez dakidalako hitz egiten.
Hitz egiten dakitenek gutxi hitz egiten dute, dakitenek.
Pentsatu dut,
hasieran,
isiltzea,
baina isiltzeak talentu handia eskatzen du eta nik ez dut
eta gainera,
isiltzeak,
dena den,
bere arriskuak dauzka,
tira,
azkenean zera erabaki nuen,
hoberena kantatzea dela.
Federico Leonen bilakaera suma daiteke liburu honetako testuetan, hitzetan islaturik: 1997ko Cachetazo de campotik 2003ko El adolescentera doazen testuak dira, sei obra denera. Urrun daude obra horiek, lan ugari egin du haien ostean, baina badute gaurkotasunik hala ere, atzeman egin daitekeelako egileak ostera ere teatroaren mugak eta konbentzioak ezbaian jartzeko izan duen jarrera. Zentzu horretan, azken urteetan egin dituen lanik ezagunen artean Las multitudes eta Las Ideas bezalako lanak daude. Lehenengoan 120 aktore igotzen zituen aldiro oholtzara, eta masa ahalegin horren baitan bakoitzaren norbanakotasuna nabarmentzea lortzen zuen azkenik. Las Ideas lanean (Bilbon berriki aurkeztutakoa) antzezlan baten sortze prozesua bera jartzen du agerian, antzerkia-zer-den-zer-ez-den gogoeta umorez eta amarruz taularatuz:
“Paradoxikoa da, baina sortze prozesua agerian uzteak ilusio handiagoa sortzen du. (...) Trukua ikustearen emozioa. Hariak ikusi eta negar egitea hariak ikustean”.
Antzezlanez gain, hainbat filma zuzendu eta idatzi ditu Leonek. Haien artean, hemen osorik ikusi dezakezuen hau: Estrellas (2007). Filmak aurrera egin ahala, ironia handiz eta lerro arteko kritikotasun basatiaz antzerkia eta artearen beraren zentzua ezbaian jartzen du, karga sozial handiz.
Gaurko mundu desorekatu honetan... norena da artea? Nor da aktore?
Egileari buruz
Federico León Buenos Airesen jaio zen, 1975ean.
Antzerkiaren arloan, lan hauek idatzi eta zuzendu ditu: “Cachetazo de campo”, “Museo Miguel Ángel Boezzio”, “Mil quinientos metros sobre el nivel de Jack”, “El adolescente”, “Yo en el Futuro”, “Las Multitudes”, “Las ideas”.
“Todos juntos” bere lehen filma idatzi eta zuzendu zuen eta bertan aktore aritu zen. 2007an, “Estrellas” bere bigarren filma idatzi eta Marcos Martínezekin zuzendu zuen. 2009an, Martín Rejtmanekin, “Entrenamiento elemental para actores” idatzi eta zuzendu zuen.
2014an, “La última película” egin zuen.