Amuak

Forugh Farrokhzad eta June Jordan poeten antologia MPK bilduman

Osteguna, 2020-05-28

Forugh Farrokhzad eta June Jordan poeten antologia berriak publikatu dituzte Munduko Poesia Kaierak bilduman, Miren Agur Meabek eta Ane Garcia Lopezek euskaratuak hurrenez hurren.

Liburu hauekin 34. zenbakira heldu da Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduma, Beńat Sarasola zuzedari duela. Pasa den astean aurkeztu zituzten Forugh Farrokhzad eta June Jordan poeten antologiak. Dagoeneko iritsi dira bildumako  harpidedunen buzoietara, eta liburu-dendetako erakusleihoetara.

 

Forugh Farrokhzad (1934-1967)

 

mkai33

Forugh Farrokhzad

Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Orobat, erresistentzia keinuak aurkitzen ahal dira giro latz horren erdian, Ahotsak besterik ez du irauten poeman bezala, non mintzoa goratzearen aldarria egiten duen.

Aurkezpeneko pasarteak: Miren Agur Meabe

bb_20200520860162

“Zenbat eta gehiago sartu bere poesian iruditu zitzaidan elkarrizketa bat eratzen ari zela bion artean, etsipenetik itxaropenera saltoka zebilen ahots hori lagun batena zela, ezagun nuen norbaitena, bere barne eta kanpo munduaren testigantza horretan.”

“Bere definizio bat egin beharko bagenu, berea eta bere poesiarena, uste dudalako gauza bera direla biak, uste dut esan dezakegula izan zela behin baino gehiagotan jaio nahi izan zuen emakume bat, inoiz amaitzen ez zen ilunabar bat, esan dezakegu bera izan zela berebere iraultzaren kausa, alarau bat iluntasunean, lozorrotik esnatutako ahotsa, izan zen baita ere lehenengo pertsonan idaztearen arriskua, pertsierazko poesia modernoaren mugarria, eta horrekin guztiarekin batera esango nuke izan zela emakume eta poeta bakarti bat.”

“Sinboloen erabilera da bere poetikaren zutabeetako bat: lorategia, eta baratzea; paradisua; itzalak asko agertzen dira, arima errarien sinboloa; agertzen dira sinbolo tradizionalak, Biblian ere agertzen direnak; harremanen garbitasuna, edo ezkontza adierazteko kandela, ura eta ispilua; eguzkia eta iluntasuna kontrastean; txori gatibua, gaixorik dagoen txoria. Horrekin batera esango genuke adjektibazioa dela bere poetikaren ezaugarri bat; oso poesia sentsuala da, sentimenezkoa. Aro bitalistetan dagoenean festibal oso bat egiten du kolore usain eta abarrekin, oso modu bisualean. Aro ilunetan dagoenean dena da itzala, ilunbeltza, ilungaiztoa... Beste ezaugarri bat litzateke galderen ugaritasuna, galderak errepikatuta behin eta berriz, bere hausnarketa obsesiboen reflejo bat direla uste dut; harridura esaldiak, kexuak, lantuak, noraeza deskribatzeko; enumerazioa; eta, azkenik, bere kulturaren erreferentziak”.

“Poesia garbia eta ulerterraza da berea, poesia zoragarria. Liburu hau idazteak hazten lagundu dit”.

June Jordan (1936-2002)

mkai34June Jordan

June Jordan 1936an jaio zen New Yorkeko Harlem auzoan Jamaikako migrante familia batean. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihetsezina zuen: biolentzia historia latz batera kondenatua izatea. Beltz izateagatik jasotako biolentzia jarraia alde batetik —bere aitak sarri gogorarazten ziona zapaldua izan ez zedin— baina baita aitak berak hezkuntza zorrotzaren izenean Jordanen kontra erabilitako biolentzia ere. Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Beltz izatearen kontzientzia bizitik idatzitakoa da, esaterako, Nork begiratzen nau ni saila, edo aurreiritzi razialak ditu jopuntutzat Etsaientzat mehatxu izan nahi dut titulu esanguratsudunak. Bere beste ildo jarraietako bat da bortxaketarena (bere larrutan ezagututakoa), hainbat poematan ageri dena, besteak beste Poema nire eskubideez durdigarrian. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… XX. mendeko bigarren erdian poesia estatubatuarra astindu zuenetako bat izan zen, eta gaur egunetik begiratuta, garaiei aurrea hartu ziela esan daiteke, egun puri-purian dauden hainbeste gai jorratu zituelako.

Aurkezpeneko pasarteak: Ane Garcia Lopez

bb_20200520860068

“Beltza zen, emakumea, bisexual deklaratua, bi aldiz bortxatua bere bizitzan zehar. Horren ondorio bezala mugimendu antiarrazistan, LGTB+ mugimenduan ekintzaile, feminismoan, gerraren aurkako mugimenduan eta eskubide zibilen aldeko borrokan ere ibili zen”.

“Adrienne Rich eta Audre Lorderekin batera kokatu dezakegu 70eko hamarkadako bigarren olatu feministaren baitan sortu zen mugimendu poetikoaren barruan. Rich eta Lorderen aldean, June Jordanen poesia esplizituki are eta politikoagoa zen. Bigarren olatu feministako aldarri nagusietako bat izan zen pertsonala politikoa dela, eta June Jordanek ere hori egin zuen, baina ez zuen ahaztu mundu zabalean politika kontsideratzen den hori: gerrak, protestak, politikari zehatzak, erailketa zehatzak... horri guztiari erreferentzia egiten dio.”

“Jendearengandik oso gertu idazten zuen. Margenetan zegoen jende guztia hartzen zuen kontuan, ez soilik bere komunitatekoak. Zentzu horretan esango nuke poeta unibertsala, edo gutxienez, internazionalista ere bazela”.

“Nire ustez bere lorpenik handiena da biolentzia hori, berak jasan zuena eta munduko jende ugarik jasaten duena, intimitateari lotzea. Has dezake poema bat itxraz oso planfetarioa den modu batean, eta bat batean aldatu eta pasarte intimo batekin lotzen du. Ez dizu uzten eskapo egiten, gogoratzen dizu biolentzia horren alde batean edo bestean gaudela denok, eta toki horiek aldatu egin daitezkeela. Hau da, berak poema batzuetan salatu dezake bortxatua izan dela, eta beste batean Bagdadeko biztanleei barkamena eskatu “zuen etsaia nire etxetik atera zen zuek hiltzera” esanez. Oso kontziente da indarkeria hori globala dela, denok pairatu dezakegula eta denok egon gaitezkeela alde batean zein bestean”.

Ohiko moduan, Susak liburu hauek sarean osorik irakurtzeko aukera ematen digu:

Forugh Farrokhzad-en antologia (Miren Agur Meabe itzultzaile)

June Jordan-en antologia (Ane Garcia Lopez itzultzaile)

Jarraian aurkezpenak utzitako ubera batzuk:

Berria: "Farrokhzad eta Jordan batu dira Munduko Poesia Kaieren bildumara"

DV: "June Jordan eta Forugh Farrokhzad-en erresistentzia poetikoa euskaratu dute"

Gara: "Lorategiak, perlak, gerrak"

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)