Amuak

Gherasim Luca: poeta bat etxegabetzeen garaietarako

Asteazkena, 2016-03-23

Gherasim Luca poetaren heriotzak ezin hobeto islatzen du egungo jendarte gatazka basatienetako bat: etxegabetzeena, jendarte ororen erraiak suizidatzen dituen sistema ekonomikoaren isla.

Gherasim Luxa Bucaresten jaio zen 1913an, Parisen hil zen 1994ko otsailaren 9an. Bere garaiko gatazka eta migrazio historikoek markatu zuten haren bizitza: jostun judutar baten semea izaki, yidisa, errumaiera, alemaniera eta frantsesa hitz egiten zituen. 1938Tik aurrera harreman estua izan zuen Parisekin, eta han egin zuen bat surrealismoarekin. Bigarren Mundu Gerrak eta agintari errumaniarren antisemitismoak erbestera eraman zuen. Komunismoaren aurreko Errumanian artista surrealisten talde bat bultzatu zuen, Gellu Naum, Paul Paun, Virgil Teodorescu eta Dolfi Trostekin batera. Frantsesez argitaratu zituen batez ere lanak, eta kubomania bezalako teknika surrealistak asmatu zituen. 1994an higiene falta egotzi zioten eta bere etxetik kanporatua izan zenean, Sena ibaira salto eginez egin zuen buruaz beste.

Guk dakigula ez da euskaraz haren lanaren berri topatzerik, baina hala ere, Euskal Herriko kultur giroan badira haren lanaren eraginaren arrastoak. Nabarmenena segur aski Ixiar Rozasen Beltzuria liburuaren irakurraldietan suma daitekeena, egileak audio hau erabili izan du, Lucaren ahotsean:

Beltzuria liburuan bertan bada egileari buruzko aipamenik:

“Ghérasim Luca poeta da Gilles Deleuzeren ustez frantsesez inoiz egon den poetarik handiena. Lucak, jatorriz errumaniarra, lengoaia dardarazten du, totelka uzten du. Lengoaia eta lurraren arteko harreman berriak sortzen ditu. “Hori ote da linguistikaren izateko modu posibleetako bat?”, galdetzen du Deleuzek.

Deleuzek ziur aski ez zuen Mikel Laboaren lana ezagutzen. Luca entzutean Laboa aditu dezaket ere haren ahotsaren tolesduretan. Laboa, zure izena letraz letra esatean ahotsa borobiltzen hasten da”.

Rozas eta Beltzuriaren eskutik egin du jauzi Gherasim Lucaren poesiak inguruotan oholtzara, baina bada beste kasu berezi bat ere. Irungo Legaleon T. taldeko partaide gisa oholtzaratu eta egun batez ere L'Alakran taldearen baitan lan egiten duten Oscar Gomez Matak ea Espranza Lopezek Gherasim Lucaren poema batetik abiatuta “Ordu laurden kultura metafisiko” performancea egiten dabiltza han-hemen. Lekuan-lekuan etxe kanporatzeen kontrako plataformetako kideekin kontaktatzen dute, Gherasim Lucaren poema batetik abiatuta pieza labur bat osatzeko. Gasteizko 'Seigarren Proklama' ekimenaren barruan egin dute berriki, hauxe bertako egitarauan topatutako azalpena:

'Ordu laurden kultura metafisiko Ghérasim Luca-ren poema batean oinarritutako performance bat da, Oscar Gómez Mataren eta Esperanza Lópezen (L´Alakran) artean sortua. Performance hau entrenamendu fisiko baten aurkezpena da, errumaniar poetaren izen bereko poema abiapuntu harturik. Helburua da poemaren baitako nozio metafisikoak dramatismorik gabe kokatzea (bizia, heriotza, larrimina, hustasuna, ideiak, hotzikarak) ariketa fisikoak eta soinu-ariketak errepikatzearen bidez. Poetaren ekarpena da meta delakoa, eta performatzaileena fisikoa. Performance hau bilduma baten lehen pieza da, eta bilduma hori, berriz, La Conquista de lo Inútil izeneko proiektu zabalago baten parte. Ahalegin handiena, emaitza txikiena, edota nola egin izugarrizko ahaleginak oso emaitza txikiak lortzeko.'

Ekainaren 25ean Errenteria/Oreretan eskainiko dute performancea.

Gherasim Lucaren poesia urteetan urrun samar badago ere, lerro artean islatzen duen jendarte-gatazka bizirik eta zauritsu darrai.

Egia baldin bada, uste izan den bezala...

Egia baldin bada, uste izan den bezala

heriotzaren ostean gizonak existentzia

fantasmagorikoa izaten duela

jakinaraziko dizut

Ez badut hilabete baten buruan

“bizi” arrastorik ematen

jakizu tipula bat, aulki bat, sonbreiru bat usteltzen den

moduan hiltzen garela

Nazkagatik suizidatzen naiz

bosgarren suizidioaren aurretik utzitako gutuna

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)