Ipuina.eus, literatur zaletasuna aldarri
Osteguna, 2019-01-31"Ipuina.eus" ataria aurkeztu berri du Susa argitaletxeak, “armiarma.eus” proiektua aberastera datorrena. Oraingoz 21 ipuinek osatzen dute proiektua, “aurkitzeko edo iristeko zailak diren testuak”.

Urtetik urtera euskal literaturaren armiarma(.eus) sarea zabaltzen doa, Susak interneten bultzatzen duen proiektuari esker. Bertako webguneek badute bokazio entziklopedikorik, zubitegia bezalako guneak ezinbesteko tresna bilakatu dira euskal literatura landu nahi duten kazetarientzat, ikerlarientzat, zaleentzat, transmisioan hutsune bat betetzen duelarik.
Informazio bilgune izaeratik harago, armiarmak badu nabarmentzeko moduko beste bereizgarri bat ere: bertako zenbait webgunek (basquepoetry, kasu) begirada bat, interpretazio posible bat, irakurketa proposamen bat eskaintzen dute, literatur zaletasuna abiapuntu eta xede. Azken hauen ildoan kokatu zuen Mikel Elorzak “ipuina.eus”, proiektuaren aurkezpenean: “orain 21 ipuin argitaratu ditugu, gero hilabetero beste bi, hiru, lau ipuin argitaratzen joango gara, irizpide ezberdinen arabera”. Ipuin hauen berri emailuetan emango dute, besteak beste, “ez diogu amaiera datarik jarriko, baina oraingoz bi urtez egitea da asmoa”.
Ipuinik zaharrenak XIX. mendekoak dira, haien artean batzuk anonimoak. Hala ere, XX. mendekoak dira gehienak, garai ezberdinetakoak: gerra arteko garaia, gerra ondoko urteak... Haietako asko sakabanatuak zeudenak, ikerlarientzat ezezagunak direnak, besteak beste aldizkarietan argitaratutakoak.
Literatur zaletasunaren motorra
Koldo Izagirrek proposatu zion proiektua Susari, eta bera ibili da testuak bilatzen, sailkatzen, irakurtzen, aukeratzen. Aurkezpenean aitortu zuenez, literatur zaletasuna izan da bere bultzada nagusia “literaturaren historiako ikuspegi orokorrak interesgarriak dira, iritziak ere azaldu ohi dira prosa zientifikoan, baina ni ez naiz ikerlaria. Ni literatur zalea naiz, testua interesatzen zait batez ere. Testutik ateratzen dut plazera, edo nazka, edo miresmena, edo inbidia. Horrek eraman nau honetara”.
Ipuinaren aldeko aldarria ere bada proiektua. Izagirrek berak aitortu zuen umorez “literatura homologatu batean gaude, zorionez eta zoritxarrez merkatu bat daukagu, zenbaitek zalantzan jartzen badu ere. Nobelaren diktadura daukagu, oraindik ere ipuina nobelara iristeko ariketatzat hartu ohi da”. Nobelarekiko tentsio bat sortu nahia, ipuina genero gisa aldarrikatzea, airean.
Akaso literatur zaleek sortua delako ez ohikoa izan zen ipuina.eus-en aurkezpena, Donostiako Kaxildan, hitzaldi edo lagun arteko solasaldi mamitsu baten gisa antolatu zuten. Izagirrek, proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, euskal ipuinaren modernitatea izan zuen hizpide, hainbat anekdotak aberastuta. Ahozko literatura ekarri zuen gogora lehenik eta behin Izagirrek, modernitatearen zentzu batera iristeko “bertsoa, kantua eta ipuina izan dira gure ahozko literaturaren oinarria. Hor dago fondo interesgarri bat errekuperatzeko, aldatzeko, berregiteko, gaurko premietara egokitzeko edo azaltzen duten moralari buelta emateko”. Horrek esplikatzen du, bestalde, munduan gaudela kokatuak “gure mikromundu hau munduan gertatzen den gauza bat da, parametro berdinetan”. Besteak beste, Gregorio Mujikak argitaratutako Pernando Amezketarraren ipuinak ekarri zituen gogora, “askoren ahotan zen Pernando Amezketarrren ipuinen bilduma bat egin behar zela, baina inork ez zion ekiten, eta berak egin zuen. Eruditoek diote bertako ipuinak ez direla originalak, baina ez doaz harago, ez dute aipatzen jatorria. Ahozko literaturak Indiaraino garamatza mundu osoko ipuin tradizionaletan”. Bestalde, lan horrek Gregorio Mujika ipuin idazlea tapatu zuen “ipuin gutxi baina interesgarriak ditu”.
Noiz hasi zen ipuin modernoa Euskal Herrian? Zer da modernitatea? Zer fikzioa? Noiz hasten da fikzio bat asmatua izaten? Gaiaren ertz ugarietan azaleratu zen kronikaren gaia, Izagirrek luzatu zuen galdera “non dago kronikaren eta ipuinaren muga? Gauza konplexua da, denetik dauka kronikak, eta baita ipuinak ere. Askotan irizpide subjektiboak dira. Horrelako testu asko dago, batez ere aldizkarietan sakabanatuak”. Euskarazko ipuin modernoaren paisaia aldatzen zu zeharo horrek.
Asko dago, beraz, egiteko, eta ipuina.eus-ek bere ekarpena egingo du. Izagirreren esanetan “proiektu honen helburua ez da antologia bat egitea, edo sailkapen bat, edo onenen edo gustukoen hautaketa bat. Aurkitzeko edo iristeko zailak diren testuak publikatuko ditugu. Material asko dago literarioki irakurri gabe, literatura balitz bezala irakurri gabe, eta literatura da. Historia bat egiteko baliabide gehiago aportatzea da asmoa”.
Albiste honen uberan:
Berria: "Genero menostuaren ataria"
Argia: "Ipuina.eus ataria aurkeztu dute"
Diario Vasco: "Ipuin ahaztuen erakustokia"