Amuak

Itzulpenak barra-barra

Asteartea, 2019-11-19

Udazkeneko rentréearekin batera, hainbat itzulpen argitaratu dira azken asteotan. Amu honetan errepasatu ditugu Katakrak argitaletxearen lau argitalpenak (Illouz, Ehrenreich&English, Kapuściński eta Balestrini), Literatura Unibertsala bildumako ale berriak (Thiongo eta Bachmann),  Jokin Zaitegi sariketari buruzkoak eta Anjel Lertxundik euskal itzulpengintzaz egindako gogoetak.

Katakraken laukotea: arima, sorginak, kristo eta den-denak

Udazkenarekin batera, lau liburu argitaratu ditu euskaraz Katakrakek, itzulpenak guztiak. Uzta oparoa, inondik ere. Batetik, Eva Illouzen bi testu euskaratu ditu Danele Sarriugartek: Arimaren etorkizuna eta Estandar emozionalen sorrera. Illouz soziologoaren idatziak lehen aldiz iritsi dira gure hizkuntzara, eta izenburuak harrigarria eman dezakeen arren, gaur-gaurkoak dira pentsalariak bertan lantzen dituen gaiak. Arimak azken milurteetan izandako aldaketak aztertzen ditu Illouzek, eta nola kudeatzen ditugun gaur egun gure emozioak. Ohi bezala, argitaletxe honen liburuek hitzaurre bat dakarte, kasu honetan, Patricia Amigotek idatzi du.

Bestelakoa da Sorginak, emaginak eta erizainak: Emakumezko sendalarien historia bat izeneko liburua, Barbara Ehrenreich eta Deirdre English idazleena. Maria Colerak euskaratu du, eta, bere garaian, lan hau kanonikoa izan zen, emakumeen historiaren berreraikuntza feminista egiteko. Autoreen abiapuntua, hauxe: "Gaur egun [emakumeok] osasun-sisteman daukagun posizioa ez da «naturala» eta azalpen bat eskatzen du. Liburuxka honetan zera galdetu nahi izan dugu: Nola igaro gara iraganeko gailentasun-egoeratik egungo mendetasun-egoerara?". Kasu honetan, Silvia Federicik egin du liburuaren hitzaurrea, aditua baita Erdi Aroko sorginen ehizan eta horrekin batera desagertu ziren emakumeen jakintzetan.

Erreportaje-sorta bat biltzen du, bestalde, Ryszard Kapuścińskiren Kristo fusilarekin lanak. Amaia Apalauzak itzuli du. Jatorrizkoa polonieraz argitaratu zuen autoreak 1975ean, eta hainbat eremutako gatazkei buruzkoak biltzen ditu: Palestina, Bolivia, Guatemala, Salvador, Haiti eta Mozambikekoak. Ane Irazabal kazetariak egin dio hitzaurrea, eta hala dio: "Kapuścińskik ez zuen inoiz kazetariaren misio mesianikoan sinistu, baina argi zeukan noren alde zegoen: “Pobreen bizitza kontatzea da nire gai nagusia. Kazetariak izan nahi duzue? Orduan ezin dituzue haiek alde batera utzi. Pobreak munduko populazioaren %80 dira, baina pobreziak ez du ahotsik. Nire betebeharra da pertsona horiek entzunaraztea”. Eta, hein handi batean, bere hitza bete zuen. Kapuścińskik gorroto zituen politikariei egindako elkarrizketak. Uste zuen bai ala bai gezurra esaten zutela".

Azkenik, Nanni Balestrini autore italiarraren lehen nobela ekarri digu Katakrak argitaletxeak. Nobela hari egin zen bereziki ezagun Balestrini, baina poesia, saiakera eta arte bisualak ere landu zituen. Aurten zendu da Balestrini, maiatzean. Fernando Reyk itzuli du Den-dena nahi dugu, eta bat ez ezik bi hitzaurre dakartza liburuak: Iñigo Aranbarrirena bata eta Franco Berardi Biforena bestea. Hala dio bigarrenak: "parabolaren muinean, ezinbestean, indarkeria topatuko dugu. Ez ideal komunista handien indarkeria edo sumin anarkistena, ez eztanda sozial iraultzaileen indarkeria epikoa, baizik eta Sandokan camorristaren indarkeria kriminala. Gaur egungoa bezalako degradazio zibil eta moralaren aroaren ezaugarriak biltzen dituena".


Literatura Unibertsalaren ale berriak

EIZIEk antolatuta, bide luzea ibili du Literatura Unibertsala bildumak. Aurten, bi izenburu berri ekarri dituzte euskarara: Ngugi wa Thiong'oren Gerra garaiko ametsak (Olatz Pratek itzuli du) eta Ingerborg Bachmannen Aldibereko (Idoia Santamariak euskaratu du). Ereinek eta Igelak kaleratu dituzte bi liburuak, elkarlanean.

Lehenengoan, Thiong'oren haurtzaroko oroitzapenak biltzen dira: "haur zeneko begirada berreskuratu du egileak bere istorioaz eta testuinguru sozio-politikoaz idazterakoan: jakin-minezko begirada, irreala eta erreala biak bat egiten dituena, magiaren boterean sinesteari utzi ez dion haurrarena; ezeren gainetik, amets egiteari inoiz uzten ez dion mutiko baten begirada".

Bachmannen bigarren liburua dugu hauxe euskaraz, lehenago, Nagore Tolosak itzuli zuen haren poemen hautaketa bat, Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan. Honako honetan, ordea, Bachmannen prosa jarri digute eskura, autorearen bost ipuin biltzen baitira Aldiberekon. Halaxe azaldu du Santamariak: "Ipuin independenteak dira denak, baina egitura zikliko bat osatzen dute denen artean. Lehenengo ipuina (Aldibereko) eta azkena (Aintzirarako hiru bide) liburuaren bizkar-hezurra dira: ipuin horietako bi emakume protagonistak profesional arrakastatsuak dira –aldibereko interpretea bata, kazetari eta argazkilaria bestea–, eta kontraste nabarmena egiten dute beste hiru istorioetako emakumeekin, zeinak nartzisismo hutsalean, beldurrean eta errealitatea ukatzeko ahaleginean katramilatuta baitaude".

Dena ondo bidean, hurrengo urtean argitaratuko dira Literatura Unibertsaleko beste bi izenburu: Aleksandra Kollontai eta Ernest Hemingwayren eleberri bana. Aroa Huartek eta Koro Navarrok itzuliko dituzte, hurrenez hurren.


 Nobel saridunak ere bai

Azkenik, ohi bezala, Nobel saridunen lanak gurera ekartzeko, Jokin Zaitegi beka jarri dute martxan Elkar argitaletxeak eta Arrasateko AED elkarteak. Iaz ez baitzen Nobel saririk egon literaturaren alorrean, aurten bi autore saritu dituzte, bata, Peter Handke eta bestea, berriz, Olga Tockarzuk. Bien lanak euskaratzeko proiektua abian da, urtarrilaren 7ra arte aurkez daitezke laginak. Hona hemen lehiaketaren oinarriak osorik.


 

Itzulpena gogoetagai

Itzulpenak ez ezik, itzulpenari buruzko gogoetarik ere bada aurtengo uztan. Itzuliz usu begiak izeneko saiakera argitaratu du Anjel Lertxundik, Alberdaniaren eskutik. Hiztegi baten egitura baliatuz, euskarazko itzulpenaren eta literaturaren arteko loturak eta harremanak izan ditu mintzagai Lertxundik, 119 tesela laburretan. Irakurle literaturzalea izan du buruan, "irakurtzeaz aparte, literaturaren joan-etorriak eta aroztegia interesatzen zaizkiona, euskal sistema literario sendoagoa estimatuko lukeena, jatorrizko prosa ona betala gozatzen dunet prosa itzuli ona ere". Urriaren hondarrean aurkeztu zuen prentsaren aurrean, eta gaur bizitokian aurkeztuko du, Zarautzen. 19etatik aurrera, Garoa liburu-dendan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)