Amuak

Izotzezko jendea eta literatur esplorazioak, Alicia Kopfen eskutik

Asteazkena, 2018-02-28

Germà de gel nobela plazaratu zuen 2015ean katalanez Alicia Kopfek. Nobela edo "trans-nobela", egileak berak definitu duen moduan, literatur generoen definizioari uko egiten dien heinean. Bertan izotzari loturiko imajinarioa ikertu du egileak, material autoerreferentzialekin uztartuta saiakera eta fikzioaren arteko literatur bidaia osatuz.

“Badira bide batzuk derrigorrez ibili behar ditugunak, inora ez doazela jakiteko”, irakur daiteke Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua nobelan. Poloetara doazenak ez ezik, pertsonen arteko harremanetan murgiltzen diren bideak dira Germà de gel liburuko protagonistenak.

Izotzarekin eta poloetara eginiko espedizioekin izan duen betiereko obsesioa hartu eta hamaika ertz atera dizkio Alicia Kopf idazleak Germà de gel nobelan. Izotza, zuritasuna, hotza, aurora borealak, izebergak... eta, nola ez, Scott, Amundsen eta Shackletonen espedizioak. Poloak eta izotzari buruzko imajinarioak pertsonen arteko harremanei buruz hitz egiteko aukera eman dio egileari, nobela osatzen duten testu zatietan kontakizun autobiografikoak txertatuta. Familiari begira jarriko da neurri handi batean Kopf, bereziki “bere baitan izoztua bizi den neba” neba autistarekiko harremanari begira:

“Nire artista faborito batzuk buruaz beste egin dute edo gazte hil dira. Hori ez da nire planetan sartzen: zer gertatuko litzaioke nire nebari etorkizunean ni egongo ez banintz?”.

Zuri beltzezko argazkiak, mapa zaharrak, marrazkiak, esploratzaileen objektuak izango dira liburuko atal laburrak laguntzen dituzten irudietan protagonista. Liburuko erreferentziak ez dira soilik aspaldikoak izango, hala ere: bada izotzezko geruzekiko miresmena agertu duten erreferentzia gertuagokoak, Werner Herzogen “Encounters at the End of The World” dokumentala kasu, gogora ekarritako filma, liburu, Interneteko esteka eta musika zerrenda luze batean.

“Ez zaizkit berez Poloetako esploratzaileak interesatzen, espazio ezegonkor baten bilaketaren ideia baizik. Metafora baten moduan hitz egin nahi nuke horri guztiari buruz, epika berri bat topatzearren, arerio eta etsairik gabekoa, norbera eta bere ideiaren arteko epika bat. Artista eta idazleena bezala.”

germa de gel

Literaturaz duen ikuspegia ere izango du mintzagai egileak “Ice blink” atalean:

“Idazleen trama eta pertsonaia aurrefabrikatuak arrotzak egiten zaizkit, gurutzatzen ditugun pertsonen iragana eta etorkizuna ezagutzea ezinezkoa egiten zaidan modu berean. Badatoz eta badoaz, sarritan beren iritsiera eta agurraren esanahia ulertzeko ezintasuna duelarik norberak.

(...)

Besteen akzioak, eta batzuetan geureak propioak, misterio bat dira. Hirugarren pertsonan egiten diren narrazioak segurtasun hesiak dira. Narratzaile orojakileak, harrokeria hutsa. Akaso hau pentsatzen dut ez naizelako idazlea, nire testu baliabideen esploratzailea baizik, zeinak mugatuak diren. Narrazioa memoria fikzionalki eraikitzeko leku bat bezala ulertzen dut, zeina partziala eta aldakorra den, testuan berrasmatua izango den eta ondorioz beti testuan suntsitua izango den memoria. Bizi gaituen itsaso izoztua apurtzeko aizkora hori da testua.”

Eta umorea, ironia. Mundu honetan esplorazio geografikorako aukerak itxuraz agortu direnean, esplorazio berriak sortzeko aukerak ikusten dituen begirada topatuko du irakurleak:

“Sekretupean, beti pentsatu izan dut munduko igerileku guztiak elkarrekin komunikatuak daudela”.

hermano de hielo

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)