Amuak

Marguerite Duras akorduan

Idazle frantziarraren ondarea euskarazOstirala, 2016-03-04

Orain hogei urte hil zen Marguerite Duras autore frantziarra, atzoko egunez. Efemeridea gogoan hartu, eta ohartuta 2014an Durasen beste obra bat itzuli zela euskarara (aurrez Maitalea bakarrik geneukan), haren ondareari errepaso txiki bat egin diogu amu honen bidez.

1914an jaio eta 1996an hil zen Marguerite Duras, idazle oparo eta apurtzailea. Jaiotzaren mendeaurrena dela-eta, erreportajea zabala eskaini zion autoreari Berria egunkariak eta bertan bildu zituzten hainbat datu eta iritzi.

Juan Luis Zabalak Maitalea obraren oihartzuna eta edukia ekarri zituen hizpidera, hori baita Durasen eleberririk ezagunena. Durasen ezaugarri bat ere ondo biltzen du, gazte zahartu izanaren sentipena:

«Oso goiz izan zen beranduegi nire bizian», idatzi zuen L'amant eleberriaren hirugarren paragrafoan Marguerite Durasek. Eleberriko pertsonaia nagusi eta kontalariaren hitzak dira, baina idazlearenak ere izan zitezkeen, haren bizitza markatu zuen haurtzaroaren berri ematen duten neurrian. Duela ehun urte jaio zen, 1914ko apirilaren 4an, Gia Dinh herrian (egungo Vietnamgo Ho Chi Minh edo garai hartan Frantziaren mende zegoen Indotxinako Saigon hiritik gertu), Marguerite Donnadieu izenarekin, eta lau urte baino ez zituela hil zitzaion aita. Ama hiru seme-alabarekin geratu zen Indotxinan, eta iruzur baten ondorioz izan zituen arazo ekonomikoei aurre egiteko, une jakin batean prostituziora bideratu zuen Marguerite. Gertaera hark arrasto sakona utzi zion gero idazle izatera iritsiko zen neska gazteari. «Hemezortzi urterekin beranduegi zen jada», dio L'amant-eko kontalariak. Oso antzera mintzatu zen behin idazlea: «18 urte nituela zahartu egin nintzen. Ez dakit denei gauza bera gertatzen zaien. Zahartze hori izugarria izan zen».

Marguerite Duras

1996az geroztik daukagu, hain zuzen ere, Durasen eleberri horren euskarazko itzulpena eskura. Mikel Garmendiak ekarri zuen, EIZIEren Literatura Unibertsala ekimenaren barruan, eta Ibaizabal argitaletxean publikatu zuen. Ibaizabalek ateratako lehen labealdi hartako izenburu gehienak bezala, Maitalea ere sarean irakurtzeko aukera dago, hemen.

Garazi Arrulak ere Durasek obraren hainbat ertzi erreparatu zien, 2014ko apirilaren 4an argitaratutako zutabean:

Margueritek berea zuen aske aritze hori: mugan, zerbait bereizten duen hari fin eta lauso horren gainean akrobazian ibiltzea, hari horri su ematea, desagerraraztea. Hala egiten du autobiografia eta fikzioarekin, maskulinoa eta femeninoarekin, gorrotoa eta maitasunarekin, literatur generoen nahasketarekin, gorputz- eta buru-kontzientziarekin, ni-a eta gu-arekin. Idazkeran bertan agertzen du haustura, zatikako estiloak batasuna dakarkie bere testuei; hizkuntza eta bereziki sintaxiaren arauak apurtzea egotzi zioten. Airean harrapatzen du hitza, ideia, eta hala ematen; «urgentziazko literatura» deitzen zion berak.

Inolako talde feminista antolatutan jardun ez zuenez, teorialariei kosta egin zaie autore feministatzat hartzea. Hala ere, gizonezkoen literaturatik jasotako emakumeen irudia deseraiki eta berea ematen du, polaritateak apurtzen eta emakumezko pertsonaiei nagusitasuna esleitzen. Ama-alaba arteko botere-harremanek agertzen dute hori (amaren jarraitasun eta tradizio irudiaren haustura eta alabaren matxinatzea), baita amaren eromenak, alabaren sexualitateak eta desirek, edertasunaren ikuspegiak eta gizonezkoen irudi desagertu, ahul edo menderatuek ere.

Hain zuzen, Arrulak euskaratu zuen Elearazi atarian Txinako Iparraldeko maitalea kontakizuna. Hemen duzue irakurgai.

Marguerite-Duras-01

Azkenik, 2014az geroztik, Durasen Samina kontakizun-bilduma ere euskaraz irakurtzeko aukera daukagu. Marguerita Durasen sei piezak osatzen dute liburu hori. Xabier Artola itzultzailearen esanetan, sentimenduen deskribapena da nagusi sei lanotan, ekintza bera baino gehiago. Kontakizun guztiek ere 2. Mundu Gerrarekin dute zerikusia, batzuk Paris naziek hartu zutenekoak dira, beste batzuk dagoeneko aske geratu zenekoa. Izan ere, zauri bat dago idazki hauen iturburuan. Durasek memoria-ariketa gisa planteatzen zuen idazketa, denborak oroitzapenak lausotu aurretik, denborak saminaren bizitasuna leundu aurretik, mina bere bortitz eta gordinenean bildu nahi zuen Durasek. Idazleak berak esanda, samina izan zen bere bizitzako osagai garrantzitsuenetako bat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)