Amuak

Liburu Marxistak

Osteguna, 2018-04-05

Susa argitaletxeak antzerkiaren nazioarteko egunaren harira publikatutako Literatur Amuak eman digu amu honen bidea: bederatzi antzerki-lan paratu dituzte osorik sarean, tartean Maskarada taldeak taularatutako Marxkarada antzezlanarena. Aitzakia ederra Groucho Marx gogora ekartzeko.

A night at the opera (Gau bat operan) filma Marx anaiek elkarrekin egindakoen artean ezagunenetarikoa da. Bertan azaltzen da, hain zuzen ere, absurdoari loturiko umorea eztandarazten duen dialogoa, Marxkarada liburuan moldaturik topa dezakeguna:

FLYWHEEL: (...) Entzun arreta handiz lehenengo klausula, oso inportantea da eta. Ejem... Zera dio: lehenengo partearen parte kontratantea, lehenengo partearen parte kontratantetzat hartuko da. Zer moduz? Bikaina, ezta?

RAVELLI: Ez dakit... Berriro entzun nahi nuke...

FLYWHEEL: Zera dio: lehenengo partearen parte kontratantea, lehenengo partearen parte kontratantetzat hartuko da.

RAVELLI: Bai, bai... Oraingoan soinu politagoa dauka.

FLYWHEEL: Denetara ohitzen da bat. Berriro irakurtzea nahi duzu?

RAVELLI: Bai, baina lehenengo partea bakarrik.

FLYWHEEL: Lehenengo partearen parte kontratanteari buruzkoa?

RAVELLI: Ez, bakarrik lehenengo partearen parte kontratantearen lehenengo partea.

FLYWHEEL: Zera dio... Lehenengo partearen parte kontratantea, lehenengo partearen parte kontratantetzat hartuko da. Eta lehenengo partearen parte kontratantea, hitzarmen honetan... Aizu, honelako huskeria bategatik hasi behar dugu burrukan? Motz dezagun (Zati bana kentzen dute).

RAVELLI: Bai, luzeegia da. Zer da oraindik geratzen zaiguna?

FLYWHEEL: Metro erdia baino gehiago. Zera dio orain. Bigarren partearen parte kontratantea, bigarren partearen parte kontratantetzat hartuko da.

RAVELLI: Horrekin ez nago bat ere ados.

FLYWHEEL: Zergatik?

RAVELLI: Inoiz ez da bigarren parte onik izan.

FLYWHEEL: Ezetz? Lehengo egunean futbol partidu bat ikusi nuen eta bigarren partea lehenengoa baino askoz hobea izan zen. Arbitroa astindu eta guzti egin zuten...

RAVELLI: Aizu, zergatik ez dugu aldatzen, bigarren parte kontratantearen lehenengo partea, lehenengo parte kontratantearen bigarren partea izan dadin?

(...)

Eta eszenak jarraitzen du, infinitura arte luzatuko dela dirudien egoera tonto bezain parodikoan, burokraziaren zentzugabekeria zirto-xede. Segur aski Marx anaien umore zirtolariak denboraren joana ondo eraman du hainbat eta hainbat gaietan. Haien umore motak, hitz jokoetarako joerak, haien filmeetako pertsonaietan (nahiz eta funtsean, beti berdinak izan) jokatutako titiritero bizizale jarrerak, egungo teatrogintzako umore mota baten aitzindari izan zen. Absurdoa absurdoa baino lehen.

Maskarada euskal teatro talde mitikoak Marxkarada antzezlana estreinatu zuen 1990ean, Karlos Panerak zuzendurik. Oholtza gainean jardun ziren Mikel Martinez eta Patxo Telleria Flywhell (Groucho) eta Ravelli (Chico) pertsonaien azalean, haiekin batera Inazio Tolosa (Astolfi) eta Marife Berrojalbiz (Ruby) ere. Telleriak berak moldatu zituen antzezlaneko testuak, eta ez da kasualitatea: Patxo Telleriaren ibilbidea jarraitu duenak berehala ikusiko du Marx anaien eragina, batez ere Mikel Martinezekin batera egindako antzezlanetan (Larru Haizetara, Ez Dok Hiru...): hitz jolasak, zirtoa, clown nagusia eta clown inuzente baina sarritan garailearen arteko harremana...

flywheel

Antzezlan honen oinarrian Marx anaiek irratirako sortutako gidoi batzuk zeuden: Flywheel, Shyster and Flywhell liburuan bildu zituzten 1989an Groucho eta Chicok 1932an egindako irratsaio bateko gidoiak. Irratsaioak ipar amerikako NBC katean emititu zen hogeita sei ataletan. W.T. Flywheel abokatua (Groucho) eta Emmanuel Ravelli bere laguntzaile eta anaiak (Chico) abokatugintzan bizi zituzten peripeziak nagusi.

Honatx Susak beste bederatzi antzezlanekin batera sarean osorik paratu duen testuaren hitzaurrean topatu dezakegun aurkezpenaren zati argigarria:

Ez da pertsonaia hauen historian gehiegi sakondu behar, dena dela, heuren jatorria, eskola eta, hainbat urtetan, bizibidea, teatroa izan zela jakiteko.

Marx-tarren lehenengo pelikula, «Animal Crackers», Broadway-en izugarrizko arrakasta ezagutu zuen izen bereko komedia izan zen pantailaratu baino lehen. Edozein pelikulatan somatzen zaie teatralitatea. Entzuterik handiena merezi izan duten eskena gehienak, teatro esketx moduan landurik daude. «Marx Anaiak Operan» filmatu baino lehen, pelikulako eskena komikoen efektibotasuna publikoaren aurrean frogatu zuten jira handi batean.

Munduan izan diren «clown» guztien antzera, Groucho, Chico eta Harpok teatroan sorturiko pertsonaia bana eratu, landu eta bizitza osoan zehar zorroztu zuten. «Clown» kontzeptua izan da Maskaradak, Marx-tarren umore bereziaz jabetzeko erabili izan duena.

Groucho eta gu

groucho eta ni

Groucho Marxek euskaraz utzi duen uberari jarraitzeko bada beste titulu garrantzitsu bat: Meettok argitaletxeak 2006an plazaratutako lehen liburua izan zen Groucho eta ni liburua. Miren Arratibel eta Aintzane Atela izan ziren itzultzaileak, eta Harkaitz Canok idatzi zuen hitzaurrea. Honatx Canoren hitz batzuk:

“Julius Henry Marx, New Yorken jaio zen 1890. urtean eta Hollywooden hil zen 1977an. Groucho and me liburua 1959an argitaratu zelarik, harrigarria gertatzen da liburuaren gaurkotasuna. Ipar Amerikako XX. mendeko gizartea ulertzeko testu aproposa baita Groucho eta ni. Ezin hibeto aletzen ditu burtsako espekulazioaren lehen urteak, showbusiness mundua, publizitatearena, gizon-emakumeen arteko harreman gatazkatsuak eta beste hainbat, horien artean, bere familiaren gorabeherak eta ibili herrenak: vaudeville giroko hasiera zailak, Mansion Hotel bezalako izen hantsuteak zituzten hotel txiki eta pipiak jandakoetan pairatu sufrikariotxoak zein pikareskara lerratutako hainbat pasadizo, Charlie Chaplinekin izandako lehen enkontru hunkigarria barne. Baina, ororen gainetik, bere umore zirtolaria, bizitza ikusteko prisma ironikoa eta pertsonaia era gailentzen dira. Salba gaitzakeen (ez galdetu zertatik edo norengandik, baina salba gaitzaten premia dugu) gauza bakarra umorea dela ulertzen ez duenak ez baitu bizitza honetan paradero samurrik. Zerbaitegatik erabiltzen dituzte hainbat sendagileek Marx anaien filmak helburu terapeutikoekin.

Liburu autobiografikoa da funtsean, baina egileak berak autoironiaz mintzo zen gaiari buruz:

“Obra hau autobiografia moduan hasi nuen, baina liburua oso aurreratua edukitzerako ohartu nintzen ez zela era horretakoa izango. Ia ezinezkoa da autobiografia egiati bat idaztea. Proustek, Gidek eta beste gutxi batzuk lortuko zuten, beharbada, baina autobiografia gehienak egilea irakurleei ezkutatzen saiatzen dira, ondo saiatu ere. Ia kasu guztietan, jendeak erosten duena libruu diskretu bat da, gertaerak maltzurkeriaz ezkutatzen dituena, eta dibagazioz eta anbiguotasunez betea.”

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)