Miriam Reyesen hiru poema
Osteguna, 2016-07-14Miriam Reyesen (Ourense, 1974) hiru poema euskaratu ditugu. Bost poesia-liburu argitaratu ditu Reyesek eta, horrez gainera, argazkiak egiten ditu, eta arte plastikoak jorratzen. Informazio gehiago aurki dezakezue haren webgunean.

Bizitzen irakatsi behar al didazu?
Lagako dizut nire oskol-bilduma ukitzen,
zurekin konpartituko poltsikoetan gordetzen ditudan azazkalak.
Haziak eman zizkiguten
baina lotarako pilulak ziren benetan
eta, zilbor lokartuan, fruitu-arbolak hazten zaizkigu.
Jaten emango dizut.
Zatoz.
Besterena da agindutako lurra.
Guretzat, harea:
haizearekin bat aldatzen den paisaia.
Bego horretan
zuri, emakume, ez dagozkizu labeak eta umeak
ez baitzara gai kaktus bat zaintzeko ere.
Ez duzu behar ez arrik ez etxerik
aska ezazu, eta abiatu, behingoz.
Zuzen zebilen zure maitale hura
zuretzat, istripu dira pertsonak:
gertatu egiten zaizkizu, bat-batean.
Edertasuna, gaitz bat. Iltzatu egiten zaizu
harategiko kakoa nola.
Hura ederra delako naiz ni saihets-hezur, zintzilik,
salgai.
Haragi gorria neurea, begiratzen diodanean; begira nazazue,
zabalik nago, eztarritik sexura.
Orduak pasa nitzake tantaka
hari so
haren bizkarraren formari, ohe gainean.