Pasoliniren Teorema: liburutik filmara, edo alderantziz
Ostirala, 2017-09-15Pier Paolo Pasolinik Teorema nobela publikatu zuen 1968an, urte berean titulu bereko filma estreinatu zuen. Bien oinarrian istorio bera dago, burgesia txikiaren oinarrien azterketa gupidagabea, industrializazio basaren osteko Italian eta munduan. Ariketa bitxia izan daiteke egile berak bi euskarri ezberdinetan kontatutako istorioan barneratzea.

Egoera ekonomiko onean den familia burges batera iritsi da arrotza. Fisikoki erakargarria da, karisma pertsonal handikoa, aingeru kutsuko deabru ederra. Banan-banan seduzituko ditu etxeko biztanle guztiak, haiekin oheratuko da: neskamea, semea, alaba, ama, eta azkenik, ustez familiaren ongizatearen buru den aita. Denbora gutxira arrotza desagertu egingo da etxetik, inori ezer esan gabe, eta familia osoa lekuz kanpo geratuko da, haien bizitzekin nola jarraitu jakin gabe. Arrotzaren jatorriari buruzko jakin-nahiak irentsiko ditu haien orainak.
Poltika eta erlijioa, Pasoliniren ibilbideko ardatzak, Teorema honetan ere nabarmen azaleratzen direnak. Burgesia txikiaren erretratu edo azterketa gupidagabea da funtsean Teorema, baina kuriosoa bezain inkietantea da haren efektua: Pasolini ez da itxuraz diskurtso ideologikoan oinarritzen, ez du istorioan zehar panfletorik sortzen. Pertsona horien erraietara sartzen da batez ere, sexutik, tabuak ezkutatzen duen desiotik, burgesiaren ongizatezko erakusleihoa sedukzioaren bitartez mila zatitan apurtuz. Orduan azaleratzen da diskurtsoa, kuriosoa bezain inkietantea den efektua sortuz. Eta baita eraginkorra ere? Lortu zuen Pasolinik saiakera horrekin bilatzen zuena? Esaldi hau irakurri daiteke liburuko pasarte batean:
Arazoez hitz egitea, berezko sentimenduen edo desioen ordez, ez al da oraindik aitzakia bat?
Testuaren idazketa: zinemaren estetika narrazioan
Teorema nobela eta filma kaleratu zituenerako Pasolini egile ezaguna zen, miretsia bezain jazarria eta zentsuratua. Ez zuen sekula etsi hala ere. 1968an plazaratu zuen Teorema lan bikoitza, aldarrien kultura borborka zegoen garaian, hain zuzen ere. Artistikoki bideak inoiz baino gehiago gurutzatu zitzaizkion Teorema diptikoan: nobelaren gidoi egitura aipatu izan da hari buruzko azterketetan, filmarekin alderatzerakoan narrazioa fidela dela ikus daiteke berehala. Jatorrizko liburuan idazkera garbia da, zehatza, planoetan antolatua kasik. Hasieratik izan zuen garbi Pasolinik liburua filma baten aurrekaria zela, batera plazaratu behar zituela jakin zuen idazketaren unean berean?
Azterketa izaerak distantziamendua sortzen dio irakurleari. Tituluko Teorema hitza bera, hainbat atalen tituluetan agertzen direnak ( “Datuak”, “Santutasunari buruzko ikerketa”, “Korolarioa”...) irakurleari ariketa kutsua ekartzen diote behin eta berriz gogora. Teorema nobelan ez dira soilik narrazioa eta zinema uztartzen, baita poesia eta saiakera kutsuko gogoeta laburra ere, non ageriago geratzen den egilearen presentzia eta distantziamendu sentsazioa areagotzen den.
Edozein modutan, estetikoki idazkera ez ohikoa ekarri zuen garai hartan. Akaso gaur best-seller delakoek hasieratik iradokitzen dute idazkeran pantailara iristeko nahia, hortik urrun dago noski Teorema: liburuak ez du soilik filma izango den horren plano eta eszena posibleak iradokitzen, baita erritmo bat, lerro arteko tentsio bat, esan gabekoen giro bat ere. Eta guztiak zipriztindua, ironia latza. Neskamearen pertsonaiak lortuko du soilik nolabaiteko salbazioa, eta hala ere, surrealismoaren mugetan kokatuko du Pasolinik pertsonaiaren amaiera, nolabaiteko boterea duen santu modukoa bilakatuz, herri xehea (agian ironikoki hau ere) soilik sineskeriaren bitartez salbatuz.
“Beraz, nekazari santu hau salbatu daitekeen bitartean, zulo historiko honetan sikiera, ez da salbatuko den burgesik ez norbanako ez kolektibitate gisa? Ez norbanako gisa, dagoeneko ez duelako arimarik, kontzientzia soilik -akaso noblea, baina bere izateagatik beragatik, zekena eta mugatua-; ez kolektibitate gisa, bere historia arrastorik utzi gabe ahitzen delako, hastapeneko industrien historia izateari utzi eta munduaren industrializazio osoaren historia bilakatzeko.
Baina orduan jaioko den erlijio mota berriak (eta dagoeneko naziorik garatuenetan ikus daitezke lehen zantzuak) ez du zerikusirik izango bizi garen mundu burges kaka (barkatu hitza) honekin?”.
Teoremak, Pasoliniren hainbat lanek bezala, harrera gatazkatsua izan zuen: liburuak eskandalua sortu zuen, Pasolinik (Strega saritik erretiratu zuen lehen bozketaren ostean), eta zinemako bertsioak ere arazoak izan zituen (Italian debekatu egin zuten, Elizak kondenatu, baina saria jaso zuen Veneziako jaialdian).