Paula Rego, pinturatik liburura doan bidaia gordina
Asteazkena, 2018-04-11Pinturaren arloan egin duen ibilbideagatik da ezaguna batez ere Paula Rego, baina egin izan ditu ilustrazio liburuak ere. Ez kasualitatez, bere koadroak komiki eta istorio ilustratuekin lotu izan dira sarri, teknikoki zein estetikoki. Horren isla da Oinc! izenekoa.

Portugaleko Cascais herrian bada Paula Regori eskainitako museo bat. Bertan bere obrako ale ugari ikus daitezke erakusketa iraunkorrean, eta halakoetan ohi denez, artistak liburu euskarrietan egin izan dituen lanak ere eskuragarri. Paula Regoren pinturaren isla izan daiteke artistikoki, kasu, Oinc!: a historia do principe-porco izeneko libururako eginiko ilustrazioak. Museoak berak eta Orfeu negro argitaletxeak elkarrekin ekoiztutako lana da hauxe. Isabel Minhos Martins idazleak sortu du kontakizuna: bazen behin haur bat eduki nahi zuten errege-erreginak, zeintzuei maitagarri batzuek txerri-seme bat ekartzen dioten. Hortik aurrera gurasoek semea ezkontzeko ahaleginak egingo dituzte...
Liburua haurrei bideratuta dago, baina horrelako liburuekin sarri gertatu ohi den bezala, ez dago argi publikoari dagokionez non dagoen muga. Izan ere, liburuak istorioaz gain objektu gisa ekarpen ugari egiten baitu: Paula Regoren sei litografiaz osatzen da liburua; letren tamaina, diseinu eta tipografiarekin jolas egiten da liburu osoan; zenbait orrialde zulatuta datoz, irudien gaineko beste irakurketa batzuk proposatuz...
Pertsonen animaliatasuna (edo are, animaliakeria) agerian uzten dute liburuko irudiek, bere koadroetan sarri egin izan duen bezala: animaliak egoera eta jarrera humanoetan agertu izan dira haietan. Edonola ere, konplexuak bezain gordinak dira haren lanak. Alderdirik errealistena eta figuratiboenean ere, gai sozialak hartu izan ditu ardatz: ezaguna da oso abortoaren gaiaren inguruan eginiko Triptych (1998) saila, kasu. Bere lan ildoen artean garrantzia handia dauka patriarkatuaren herentzia kulturalaren gaineko gogoeta kritikoak.
Honatx Paula Regoren lanean murgiltzeko dokumentala eta liburuaren booktrailerra: