Amuak

Peter Handke Peter Handkeren kontra

Osteguna, 2019-09-19

Peter Handkeren poesiara begira jarri gara amu honetan.

Kontraesanak sortzen dituen idazlea Peter Handke. Akaso historiaren momentu ezberdinetan politikoki kokatu izanak, batez ere Balkanetako gerren testuinguruan kritika publikoak egin izanak, espero gabeko itzala jaurti du bere gainera. Ezkerreko ideiekin lerrokatu izan da behin baino gehiagotan, bere konpromisora akaso humanismora gerturatuz sarri. 1999an polemika sortu zen haren figuraren inguruan, Jugoslavia ohian gerrak piztu zirenean serbiarren kausaren alde egin izana leporatu zitzaiolako. Oreka zaila hartu zuten haren adierazpenek, onen eta txarren arteko dinamikari uko egin ziolako, ustez: Belgrado bonbardatzearen kontra agertu zen, serbiar herri osoa kriminalizatzearen kontra. Polemika zabaldu egin zen, Heine sari prestijiotsuari uko egin behar izateraino, hainbat izen ezagunek bere aldeko manifestu bat sinatu behar izateraino.

Gerra orotan alde bakoitzak duen ardura ukatu gabe ere, serbiar herriaren izenean Balkanetako gerretako sarraskirik gordinenak egin ziren, Srebenicakoa, kasu. Handkek serbiar kausaren alde egin izana behin eta berriz ukatu bazuen ere, polemikaren itzalak jazarri du urteetan eta gaia bera ondorengo liburu baten baino gehiagoren ardatza bilakatu da (2017ko Amets sakonaren kontra, kasu)

Bere poesiara gerturatzen hasita bada iluntasunera, eszeptizismora, defendatzen zailak diren ideia batzuetara eginiko bidaia bat, denboran zehar. Hasierako poemak ikusita, bilakaera ezusteko bat bere ahotsean. Adinaren eragina? Humanitatean konfiantza eduki nahi duen orok pairatzen duen zinismo ekidin ezina? Beste idazle askok bezala, hasierako esperimentaziotik eta poesiazaletasunetik narratibarik kanonikoenera egin zuen bidea egileak, idazle ugariren inguruko topikoak beteta, hasierako berrizalekeriaz lotsaturik. Bere ibilbideko lehen lanetan, antzerkian eta poesian batez ere, hizkuntzaren ezintasunak, mugak, komunikazioaren trabak eta bortizkeriak ditu ardatz. Antzerkiari erreparatzen badiogu, bere lehen hiru lanek nolabaiteko trilogia esperimentazio-zalea osatzen dute: Kaspar, Publikoari irainka eta Pupiloak tutore izan nahi du. Kaspar lana Hitzen Uberanen izan genuen, uda aurretik, mintzagai.

Poesian ere antzerkiaren antzera: bere lehen liburuko poemak harrigarriro esperimentatzaileak dira. Barne munduko kanpo munduaren barne mundua (1969) poesia liburua forma aldetik ezustez beterik dagoen lan bat da. Hitzaren mugak eta poemaren topikoak etengabe apurtzen dituzte bertako aleek, poema batetik espero daitekeen eduki mota etengabe behartuz eta gainditzen saiatuz. Bilduma jostagarria da, zalantzarik gabe, Kaspar lanaren estetikatik urrun ez dagoena.

022-donata-wenders-theredlist

Ondoren datoz, urteekin, poema laburragoak, inpresio ia sentsorialak (Noraezean ibiltzearen amaiera, 1977 eta 2005 artean idatzia), eta gero eta arnas narratiboagoko poema luzeak. Azken hauen artean bada bakarka argitaratua izan den bat, agian ezagunena dena: Iraupenari poema (1986). Segur aski, poema honek iradokitzen du bere ibilbide poetikoan edukirik argitsuena: denbora, pertsona, existentzia. Denboraren joanak pertsonak izate berean elkartzen gaituen erronka unibertsala. Hunkigarria da poema, lortzen du bere luzera osoan irakurleak barne-bidaia egitea:

(...)

Baina zure buruaren lagun izaten jarraitzea, urteetan zehar,

bada iraupenak eman diezazukeen zerbait.

Neure burua modu abegikorrean begietara so egin ahal izatea

batzuetan absoluzio bat da.

Behinola izan nintzen haurrarengan

pentsatzeak

hura berriz ere topatzea suposatzen du aldi berean.

(...)

Win Wenders lagunarekin eginiko kolaboraziorik ezagunenetako batetako gidoiaren tonua gogora dakarkio poema horrek, agian, irakurleari: Zerua Berlin gainean (Ikus Hitzen Uberanen).

Haurrak haurra zenean,

ez zekien haurra zenik,

berarentzat guztia zen bizigai

eta arima guztiak ziren bat…

Haurrei eginiko aipamenetatik sobera urrun joan gabe, euskarari ekarritako lan bakarrarekin amaituko dugu amu hau. Mikel Antzak gazteleratik itzulia Susa aldizkarian, 1984ko martxoan argitaratua:

Oraindik oinez ibiltzen ez dakien bere seme batekin jolasean, gizon batek goruntz botatzen du eta erortzean jasotzen. Haurraren pozak eraginda, ekintza errepikatzen duenean, erorketa unean haurrak ihes egiten dio eskutatik, lurraren kontra jotzen du eta hiltzen da. Gizona auzitegi batera daramate, zuhurgabekeriaz egindako hilketaz akusaturik. Epaileak ezbeharra nola gertatu zen konta dezan eskatzen dionean, gizonak, esplikazioa hobeki ilustratzearren —eta errurik gabe geratzearren— aretoan dagoen bere emaztearen besotatik beste semea hartu, aurreratu eta goruntz jaurtikitzen du. Erorketan, haurrak ihes egiten dio gizonari eskutatik, lurraren kontra jotzen du eta hiltzen da.

Poesiatik ez sobera urrun, eta hasierako ibilbideari loturik baita ere, Handke-ren ibilbidean bada ez ohiko beste liburu bat: Munduaren pisua: eguneroko bat, 1975eko azaroa - 1977ko martxoa. Bertan esaldi solteakl, apunteak, kaletik jasotako inpresioak, ideia laburrak biltzen ditu egileak, eguneroko bizitzaren kontaketa soiletik urrun. Narratibazko lan poetiko inpresionista baten traza izan lezake, eguneroko hutsetik haratago doan testu hau, Handkeren poesiatik egin litekeen balizko ibilbidearen osagarri:

"Zu frustratua zaude" - "Nola egongo naiz ba frustratua, ohe alboan liburu batzuk edukita, eta haiek irakurtzeko gogoa"

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)