Poesia eta pentsamendua: bi urertz
Ostirala, 2018-02-02Hitzen Uberaneko kolaboratzaileen sareari hasiera emanez, Juan Ramon Makusoren artikulua publikatu dugu gaur, poesia eta pentsamendua oinarri. (Irudia: Imanol Larrinaga).

Testuaren egilea: Juan Ramon Makuso
Badakit gizakiaren patua bizitzan murgiltzea dela eta ustezko errealitate honi begiratzea baino ez zaigula geratzen. Gure bizitza abiapuntu bat da, eta muga horretatik bere baitan dagoen mugaren beste aldea ikusten dugu: heriotza. Hau esanda, hemen aipatu nahi nuke Pío Barojak Santi Andiaren kezkak liburuaren lehenengo kapituluaren hasierako lerroetan esaten duena. Berak dio, garaiko bizimoduaren nondik norakoengatik, ia gehiengo bat bihurtzen dela interes gabeko jendea: iluna. Ia inori ez zaiola gertatzen ezer kontatzeko modukorik. Gizakiaren gehiengoak igeri egiten dugula arrunkeriaren ozeanoan. Ideiak, guztion asmoak, bizitza bera berdintzen ditu gizarteak.
Noski, Pio Barojaren ideia hauek, narratzailearen ahotan jarrita irakurri eta gero, poesiaren inguruko gogoetak egiteko orduan, apaltasuna behar beharrezkoa da. Eta apaltasun horretatik, jarraitu dut Pío Barojaren irakurketa egiten, eta lerro horien jarraipenean berak dioen bezala, bere existentzian, une zail batzuk igaro ditu, eta horiek gogoratzeak idaztera bultzatu du.
Huntza landare apala da; paretak eta beste euskarriak behar ditu garatzeko, bere ibilbidea egiteko. Ni, gizaki bezala, bidea egiten ari naiz, egunero goizeko argiarekin batera. Hau ez da erraza; are gehiago, gure gizarte honetan ez da batere erraza. Giza existentziaren baitan dago, gure izaeran dago aurrean daukagun horri begiratu eta eustea. Ariketa honetatik kanpo geratzen baldin bagara, gizakia arinkerian, bizitza arruntean, jauziko da. Nik ere une zailetik idazten dut. Hemen aurkezten ari naizen gogoeta, azken urte hauetan igarotako une zailetan sortutakoa da, baina hala ere, ene sentimenduak pozten dira une zailak igarota, gizakiak badituelako bere bizitzan beste begirada horiek. Gainera poesiak badu hau. Ez dut sinesten esaten denean poesia agortua dagoela; agian hori esaten duena bera da agortuta dagoena. Gizakiaren ahalmena hor dago; giza baldintza hori baita, beti egon behar dugu gure izpiritua lantzen, argitzen.
Gogoratzen dut nire haurtzaroan, Errenterian, Donostiara joateko saiatzen ginen bi pisutako trolebusa hartzen. Goiko solairu horretatik, nire begirada, ―hori uste nuen―, argiagoa zen. Eta gogoratzen dut Donostiarako bidean, Mirakruz gainera heltzen ginenean, nola ezkerreko aldean, etxe baten paretan, huntzak paretetako bidea egiten zuen, bere leihoak eta alboan zegoen begia inguratuz. Hori niretzat liluragarria zen. Nire ibilbidean hori egiten saiatzen naiz: begiratu eta hedatu nire sorkuntza; hezur berritan nahiko nuke egon. Erronka moduko bat dut, kanpoko zaratak ez dut nahi nire routerraren wifia agortzea. Ume haren begirada gosetia, huntzak duen ibiltzeko nahia, ez dut agortzea nahi. Gizakiaren begirada ez da itzaletan geratu behar, itzalak nire begirada itzali egiten baitu. Gertatzen da oso zaila dela argiari begira egote hori.
Itsasontziek, gure Pasaiako badian, kaian ainguratzeko praktikoaren laguntza behar izaten dute, eta hau menpekotasunaren isla da. Makinen arteko erlazioan hori ez da kaltegarria. Gizakiaren arteko erlazioan, gure eguneko ibilbidean, huntzak bezala, bidea egin behar dugu, gure bidea beti aukeratu, jakinda ez dagoela beste bihar bat, pentsatuz goizak irekitzen dizkiola gauari begiak.
Ez dakigu abiatzerakoan nora helduko garen. Ustezko amaiera, beti, irudizkoa da. Eta behin eta berriz abiapuntura heltzen gara, pentsatuz, ibilbide bat egin dugula. Hemen, aurkeztu nahi duguna, ibaiko uraren ibilbidearen bi urertzak azaltzea, erakustea da. Urak mugimendua du, eta agian noraezean gera gaitezke. Dena den, nora eza, zalantzaren ondorioa baldin bada, galderak duen garrantzia azpimarratzea litzateke; eta hitzezko zalantza, poesiak hitzaren bidez hori ekarri behar luke. Eta gizakiak arrazoiaren bidez, galderak, zalantzak, eraikitzen ditu. Hona hemen, beraz gaurko irtenbidearen proposamena.
Haitzuloaren poetika
Badakit zaila dela gizakiarentzat errealitatearen aurrean egin behar duen aurkezpena. Ni, gizaki bezala, guztiz arrotza den errealitate batean sortzen naiz. Eta gainera nire hasieran, kontzientzia erabat arrotza da niretzat, behintzat identitate kontziente bezala. Eta badakit nire kontzientearen agerpena ez dudala guztiz zehazten, aurrean daukadan hori antzematean. Kontuak kontu, ni orain errealitate bat naiz zuen aurrean eta, gainera, hiztuna. Baina, benetan, zehaztu behar dugu hiztunaren arazoa. Hiztuna izatea ez da komunikazioa lortu dezakeen izate baten dohaina. Sinboloen erabilera, komunikazioarekin batera, helburu jakin batekin lortzen duen emaitza da: sozializazioa. Sozializazioaren esparruan, gizakiak jakin, jakin izan du sinboloen erabilera ongi taxutzen. Baina orain eta hemen —eta ez naiz ari mugatzen espazio eta denbora baten mugetara— ezin dugu aztertu zergatik gizakiaren baitan jorratzen den nolakotasun hau. Are gehiago, ez da gure intentzioa. Benetako ariketa, behintzat gizakiak garen heinean, gure mozorrotik ateratzea da. Eta noski mozorroa aipatzerakoan, behintzat metafora moduan, gure haitzuloa aipatu behar dugu. Bai, haitzuloa, eta ez beste ingurumaririk. Duintasunez jokatzea baita, orain eta hemen aitortzea, haitzuloan nagoela: gaudela. Platonek oso ongi adierazten baitu, esaldi batean laburtuz, giza izaera zein den; haitzuloaren alegoria azaltzerakoan, Glaukonen harriduraren aurrean, erantzun hau baino ez baitu ematen: “gu bezalakoak dira”. Benetan hau barneratu beharrean gaude: gure izaera, benetakoa, eta hemen ez naiz ari aipatzen inongo birtualitaterik: hau da, gure existentziaren gatibuak gara. Gizakiaren existentzia erreala da, gauza guztien gainetik; gizakia eta bere zirkunstantzia, Ortegaren zentzurik zabalenean. Zirkunstantzia lurtarra, aldemenera begiratuta, bakardadean aurkitzen den gizakia baino topatzen ez dugun bizidun baten historia laburra. Ni eta haitzuloaren paretaren paisaia baino ez duena begiztatzen. Baina gizakiak ez du onartzen errealitate gordin hau eta, behin eta berriz, itzalen mundutik ateratzeari uko egin eta beste itzalak sortzen ditu. Ni, hemen, hori baino ez naiz egiten ari. Nire errealitatearen gordintasunari ihes egin, eta hitzen bitartez, nolabaiteko ilusioa sortu nire kontzientziaren baitan. Bai, hori egiten ari naiz. Hau ez da premiazkoa, gizakiaren premia beste bat da: benetan onartzea haitzulotik atera behar dugula, baina jakinda ateraldia ez dela behin betikoa. Ateratzea; atera baikinen, mundu honen baitan erori ginen unean gauzatu baitzen. Eta gainera osatu gabe atera ginen amaren sabeletik gure benetako haitzulora, errealitatera. Baina errealitate horri ezin diogu erantzun. Zergatik orduan Platonek ematen digu aukera hori? Ni errealitatearen aurrean behar beharrezkoa daukat aurrera egitea, gainera guztiz arroztasun batetik, harriduraz murgilduta; bestela ez dut antzemango errealitatea. Ergel hutsa nintzateke. Baina erreala antzemateko hitza dugu zubi, errepresentazioa. Eta Platon honetaz jabetu zen. Eta poetika bat eraiki zuen: haitzuloaren alegoria. Ez dago poesia handiagorik bere zentzu estuenean: metafora bat eraiki zuen, beharbada filosofiaren aurkakoa, edo behintzat horrela irudikatzen da: poesia. Baina poesiak eta pentsamenduak badute patu bat: biak ezin dira banandu, biak baitira gizakiak duen ariketa nobleena, sortzearena. Sortu, itzaletik ezberdintzeko. Sortu, haitzuloan eraikitzeko berez gizakiak ez duena. Eta ez dugu nahastu behar sorkuntzan, benetakoaren ordez, itzala baino ez dena: birtuala. Nire baitan ez dago birtualtasuna; are gehiago, ustezko erantzun bat baino ez da. Internetetik abiatzen naizenean, ariketa hori, nire itzala harrapatzea baino ez da. Nik itzala harrapatzeak, badakit lilura sortzen didala —gogoratu umetan zenbat gustatzen zitzaigun gure itzalaren atzetik korri eginez hura harrapatzea—.
Bai, hau ez da errealitatea. Nik eraiki dudan gogoeta hau, nire garrasia da. Isiltasunaren garrasia. Itzalean ezin baitut egon. Eguzkia dut maite. Itzala atzean utzi nahi dut, nahiz eta nirekin daramadan, baina ez diot aurrea hartzen uzten.
Eta ahalegin honetan, 2009ko udaberrian, “Hatsa Poesia” egunean, JosAnton Artzek, HATSAren POESIA Olerki Bildumarako sarreran horrelako gogoeta plazaratu zigun:
Argitzen ez gaituen poesia, maitemintzen ez gaituen jakintza, zertako on?
Poesia bere betean jakintza da,
jakintza bere betean, poesia:
edertasunetik egiarantz doa hura,
egiatik edertasunera, hau.
Beharbada bertso hauek entzunda, lagungarriak izango dira bi urertzak ulertzeko. Ibaiak bere ibilbidea egiten du, baina gure aurrean, gure begiradaren aurrean, aurrez aurre, bi ertzak daude.
Nola “esatetik”, “zer” esatera
Une honetan gogoeta aurrera doan heinean, gizakiaren beste ezaugarri bati erreparatu nahi diot: biologiak (bizidunen esparrua), eta logosak, (legein, esatearen esparrua), lotune bat daukate: gizatiar animalia.
Legein, grezierazko aditza aipatutakoan, esan aditza bezala agertu behar dugu bere itzulpenean; eta komunikazio honen unean, oraintxe aipatu dut nola esatea, eta arlo horretan, zer esaten dugun.
Dagoeneko ez da oso iaioa izan behar ohartzeko ze arloaz ari garen, hitzarena, eta honekin batera, lengoaiaren arloaz ari garela.
Eta lengoaiaz zerbait esateko — hemen oso nabarmen geratzen ari da gizakia gatibua dela bere tresnaz— Hölderlin poetaz baliatuko naiz.
Eta horretarako (gizakiari) ongi guztien arriskutsuena eman zaio,
“Gizakiak asko esperimentatu du.
Zerutar asko izendatu ditu
hizketaldi bat garen ez geroztik
eta ahal dugu bata besteari entzun”.
Eta Heidegerrek honi buruz hau esaten du: gizakiok hizketaldia garela; gizakiaren izatea lengoaian oinarritzen da, baina hau bakarrik ematen da hizketaldian, elkarrizketan. Lengoaia elkarrizketa bezala soilik da esentziala. Nola hasten da gu garen elkarrizketa hori?
Eta hona Hölderlinen erantzuna, eta hau ere beste bertso batekin Gomuta poesiakoa: “baina irauten duena, poetek sortzen dute”.
Eta Heidegerrek hau horrela ulertzen du: poesia, hitzagatik eta hitzan, sorrera da.
Animalia makina
Gogoeta honen jarraipenak beste puntu bat azaltzea eskatzen du. Gizakiaren egoera: gizakia munduratua izan da eta biluzik dago, betiko moduan. Galdera da gizakiak bere eboluzioan aurrera egiteko erabili duen tresna. Eta galdera prestatuta hartuko dut Ontologiako VI. Nazioarteko Kongresuan bere egitarauan burututakoa. Eta honelaxe dio Kanten hitzak gogoratuz: “Ba ote dago, bizidunen baitan, xede eginkizunen bat, gizakia “transzendentalki” bereizten duena?”.
Gizakiaren eboluzioaren historian arestian aipatu dugu, galdera dela bere oinarria; eta gakoa hemen daukagu. Galdera bai, baina erantzuna argitzeke geratzen da, edo behintzat, beste galdera bat da, eta horrela gaurdaino; hori baita gizakiaren aberastasunetako bat. Eta hemen ez naiz ari ezer berririk azaltzen, behintzat Aristotelesen hitzak gogoratzen baditugu: “gizakiak izatez jakin nahi du.”
Beraz oinarrian jakin-mina eta harridura. Eta jakin-mina hori asetzeko, tresna batez baliatzen da gizakia, bere eboluzioaren tarte batean tresna bat garatzen duelako: hitza, ustezko errealitatea azaltzeko giltza.
“Bururagarria da egin dadila makina bat hitzak ebakitzeko gaitasunaz, edo baten batzuk ebaki ditzala bere organoetan aldaketaren bat eragiten duten ekintza dela eta (hala nola, lekuren batean ukitzen bazaio zer esan nahi zaion galdegin dezala, eta beste batean ukitzen zaionean min hartu izan balu bezala oihuka dezala, eta antzerakoak); baina hala ere, ezingo ditu hitzak taxutu bere aurrean esango den guztiaren zentzuari erantzun ahal izateko behar hainbat era ezberdinetan, gizakirik aberetuenak egin dezakeen legez.”
Testua, René Descartesena da, Metodoaren V. Atalekoa, non bere biologiaren kontzeptuak azaltzen zaizkigun. Eta biologiaren oinarrian, Descartesek, bios den hori, gaitasun batekin aurkezten du, erantzunarena, alegia, erantzun horrek, jasotze prozesu baten ondoren sortzeko gaitasuna duela. Eta sortzea da, hain zuzen, berezitasuna, eta hemen dator animalia makina eta gure artean dagoen ezberdintasuna. Baieztapen hau ez doa inondik inora antropozentrismo sutsu eta fundamentalista bat defendatzera. Apaltasun osoz, joera kartesiar bati erantzuten dio; hau da, nabaria den zerbait da. Ezberdintasuna kualitatiboa, kuantitatiboki azkeneko urte hauetan ikerkuntzek horrela diotelako, gu eta zenbait animaliaren artean materiaren berdintasuna agerian geratu baita.
Galdetzen didatenean poesiaz zer pentsatzen dudan, edo zer funtzio bete behar duen poesiak, Auden poetaren hitzok datozkit burura: «Nola ezagutu dezaket pentsatzen dudana, ez badut ikusten esaten dudana?». Oso erantzun borobila. Poesiarekin hori gertatzen zait. Poesiak sortzea dakar bere errainuetan, bere esanahia sortzea baita. Eta prozesu horretan, sortzearen ahaleginean, alegia, poetaren senak hartzen du protagonismo osoa. Senak dioena, barrukoa, barne-barnekoa kaleratzen du. Eta hemen Auden-en hitzak berriro gogoratu beharrean gaude: “nola ezagutu dezaket pentsatzen dudana, ez badut ikusten esaten dudana?”. Pentsatzea eta esatea lehia bizian daude poesiaren sorkuntzan, poesian hitzak baitu protagonismo osoa. Poemaren sorkuntzan, poeta hitzarekin jolasten da, hitza behar du harilkatu. Eta hitzekin beste elementu bat askatzen du poetak: bere sentimenduak. Eta sentimenduak oso bereak direnez, poema aditzera ematen duenean, sentimenduak jada ez dira bereak, eta hor bestea, zu, zuek, azaltzen dira. Kontraesana badirudi ere, poetak hitzaren bitartez errealitatea atzeman nahi du, errealitateari erantzun, eta hor ezinbestekoa du hitzen bidez erantzutea. Errealitateari erantzuteko, beraz, poetak hitza du tresna, hitza da errealitatea eta bion arteko zubia. Baina zubia ez da igarobide lasai bat. Zubi horretan borroka asko daude, poetarentzat ez baita erraza errealitatea atzematea dagokion hitzaren bitartez. Eta hau izango da beti poetak izango duen aldapa malkartsua. Eta borroka hau non hasten da? Erantzuna hauxe litzateke: liluran, gizakia liluraz betetzen baita aurrez aurre daukadanarekin. Eta lilurak erantzun anitz dauzka. Eta bat poesia da. Eta poesia artearen barruan kokatzen da, eta arte oro edo behintzat artearen jarduna, Goethe-ren hitzak gogoratuz, hau da: “artearen jardunik gorena eta bakarra, forma ematea da.” Poesiak, gizakiak, poetak, bere hitzekin erantzuten duenean forma ematen dio errealitateari.