Amuak

Robert Filliou-ren hiru testu

Ostirala, 2016-01-08

Robert Filliou-k poesia idatzi zuen, artelanak egin zituen. Baina bere testuek, bere obrek, ihes egiten zieten literatura eta arte munduko eliteen eskakizunei. Performancea eta happening-aren kontzientzia pizten ari zen 60eko hamarkadan, berak “sorkuntza iraunkorra”ren aldeko aldarria egin zuen.

Robert Filliou poeta eta artista frantsesa 1926an jaio zen Sauve herrian, 1987an hil zen Dordogne-ko monasterio budista batean. Tartean bizipen ugari: Fluxus taldearen baitan egindako ibilbidea, akzio eszenikoa iradokitzen duen poesia, bideoartea, material pobreekin egindako artelanak, arte munduko eliteen joerak ezbaian jartzen dituen artearen pentsamendua. 1944an erresistentzian jardun zen okupazioaren kontra, ostera budismoarekin lotuta egon zen, esperientzia biak bere konbikzio bakezaleen oinarri.

Robert Filliouk talenturik gabeko jenioa zela esaten zuen, are gehiago, pertsona orok talentuek akabatzen duten jenio izaera baten jabe direla -garela- esaten zuen. “Artea” hitza baino “sormena” nahiago zuen. Horregatik aldarrikatu zuen “sorkuntza iraunkorra”, inpaktu minimoa duten artelanen sorkuntzan oinarritua, arte ez monumentala helburu, jolasean oinarritutakoa “artista jabetu egin behar da bitarteko zabalago baten parte dela, bere inguruan eta edonon ematen den Sorkuntza Iraunkorra, joaten den leku guztietan dagoena”. Kasu, 1962an poemak sortzeko tramankulu bat asmatu zuen: bizikleta gurpil batzuekin osatutako bi erruleta, hitzez eta adierazpenez inguraturik. Bertaratutako publikoak haiei bira emanez sortzen zituen poesia obra iragankorrak.

Filliouren esaldi ezagunenen artean da honakoa: “artea bizitza artea baino interesgarriagoa egiten duen hori da”.

filliou

Minutu bateko gidoia

Gizon eta emakume talde bat, aurrez aurre.

Bakoitzak tarta bat du eskuan eta besteari aurpegira

botatzekotan da.

Justu lehenago, abioi batek bonba bat bota die.

George Brecht, Robert Filliou

Filliou ideala

Akzio poema bat da eta interpretatu egingo dut:

ez erabaki

ez aukeratu

ez gura izan

ez eduki

nor bere buruaz kontziente

esna osoki

ESERITA LASAI

EZER EGIN GABE

Paris, 1984

Autodefentsa

Gizona horman pausatua dago, ilunean.

Beste gizonak izenak, hitzak, adjektiboak

aurpegiratzen dizkio.

Gizonak errepikatu egiten ditu harridura tonuaz, aldi berean

besoak altxatuz eta jaitsiz (desesperazio, desplazer,

ezintasun, amorru, erregu seinale?)

BESTEAK:                    BERAK:

robert eroa                    eroa?

robert mozkorra          mozkorra?

robert ergela                 ergela?

robert ona                      ona?

robert guapoa                guapoa?

robert itsusia                 itsusia?

robert santua                 santua?

robert deabrua              deabrua?

robert tristea                  tristea?

robert alaia                     alaia?

robert puzkerra             puzkerra?

robert arrazoia              arrazoia?

robert arrazoigabe        arrazoigabe?

robert indartsua            indartsua?

robert ahula                   ahula?

robert zorriak                zorriak?

Gizona publikorantz doa, eskuak

poltsikoetan, eta bere burua aurkezten du:

robert filliou

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)