Amuak

Roland Toporren umore beltza

Osteguna, 2019-11-07

Rolan Toporren lan grafikoekin erakusketa bat antolatu dutela aprobetxatuz, haren testu bat ekarri dugu, amu gisa. Gozatu!

Donostiako Beldur eta Fantasiazko Zinemaren astearen harira, erakusketa bat antolatu dute Roland Topor artistaren lanekin: "Roland Toporren fantasiazko artea". Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "Toporrek bere irispidean zeuden eremu guztietara aplikatu zuen bere irudimen emankorra", eta, bizi zela, marrazkiak ez ezik, bestelako lanak ere egin zituen.

2012an, Toporri buruzko artikulu bat argitaratu zuen Danele Sarriugartek Elearazi webgunean. Hala aurkeztu zuten Topor:

Roland Topor (Paris 1938-1997) ilustratzaile, margolari, zinemagile eta idazle frantziarra. Etorkin judu poloniarren semea, gurasoak nazien jazarpenetik ihesean joan ziren Parisera. Aita, Abram Topor margolari eta eskultore sonatua zuen. Arte Ederrak ikasi ostean, ilustratzaile gisa lan egin zuen hainbat aldizkari eta kazetetan, besteak beste, Hara-Kiri eta Elle-n. Fernando Arrabal eta Alejandro Jodorowskirekin batera Panique mugimenduaren eratzaileetako bat izan zen 1962an. Ipuingintza, poesia eta antzerkia ere erruz landu zituen, eta guk bere obra laburrenetako baten alde egin dugu. Euskaratutako obra zerrenda bat da eta Toporrek ukitutako orori  bezala, surrealismo, zinismo eta umore beltz kutsu ukaezina dario.

Testua erreskatatu dugu, jarraian doakizue.


Berehalakoan neure buruaz beste egiteko ehun baleko arrazoi

  1. Jada hilik ez nagoela ziurtatzeko modurik onena delako.
  2. Azkenengo erroldak ez duelako baliorik izango.
  3. Lur azpian nire zain daudelako behingoz parrandan hasi ahal izateko.
  4. Zaldiak ere akabatzen dituztelako.
  5. Nire garaikideek gehiago estimatuko nautelako.
  6. 2000. urtearekiko obsesioa gaindituko dudalako.
  7. Wertherren moduan! Inork ez duelako nire jakintza berriro zalantzan jarriko.
  8. Nire minbizia barregarri uzteko.
  9. Horoskopoari gezurra esanarazteko.
  10. Nire psikoanalistak erreka jotzeko.
  11. Hauteskundeetan alderdirik hautatu behar ez izateko.
  12. Burusoiltasunaren aurkako konponbide hutsezina delako.
  13. Azkenean hutsetik hasiko naizelako berriz!
  14. Heriotzak ohorez betetzen zaituelako: jauntxo azkenean!
  15. Ez naizelako horren bakarrik sentituko.
  16. Datorren Domu Santu eguna nirea ere izango delako.
  17. Bizitza garestitu delako, heriotzak, ordea, ordaingarri jarraitzen du.
  18. Sustraietara itzultzeko modurik onena delako.
  19. Burutu dezakedan borroka-arte bakarra delako.
  20. Ekologista zintzoa izateko: belarra berdetu dadin lagunduko dut.
  21. Eguna harri zuri batekin markatzeko.
  22. Nire organoak hobeto erabiliko dituzten beste batzuentzat izan daitezkeelako.
  23. Gazteei tokia egiteko.
  24. Protagonista izango naizelako, azkenean!
  25. Exhibizionismo osoaren abantailez gozatzeko disekzio gela batean.
  26. Berraragiratzearen plazer txikiengatik.
  27. Bisurteen amesgaiztoarekin amaitzeko.
  28. Nire obrari alderdi morala eransteko.
  29. Ohorea daukadala sinetsarazteko.
  30. Testu honek testamentu balioa hartzeko.
  31. Munduko hiritar bilakatzeko.
  32. Eutanasia ez delako zakurrentzat.
  33. Azken hitza neurea izango delako.
  34. Frantziarren % 67 heriotza zigorraren alde dagoelako.
  35. Erretzeari uzteko modu ona delako.
  36. Neure bitasuna errazteko: bat bakarrik gelditzen bada, argiago izango dut.
  37. Erditzeak baino min gutxiago egiten duen askapena delako.
  38. Ez daukadalako beste arroparik janzteko.
  39. Ez dudalako gizarte segurantzaren defizita areagotu nahi.
  40. Judu bat akabatzeko, mundu guztiak bezala.
  41. Gehiengo isilaren parte izateko. Egiaren parte.
  42. Bizipozez betetako alargun gaztea utzi nahi dudalako.
  43. Ezin naizelako gehiago ezinegonean bizi, desodoranteak huts egingo ote didan jakin gabe.
  44. Horrela, hurrengo mobilizazio orokorrari ihes egingo diodalako.
  45. Nire misterioa mantentzeko.
  46. Egiaztatzeko neutroi-bonbak ez daukala ezer nire aurka.
  47. Dietarik gabe eta horren inguruan pentsatu gabe argaltzeko.
  48. Opor hasierako errepide-buxaketetan parte ez hartzeko.
  49. Beste norbaitek erailketaren ondorio latzak pairatzea ekiditeko.
  50. Energia, kafea eta azukrea aurrezteko.
  51. Ispiluan neure buruari so egiteko beldurrik ez izateko.
  52. Eta hilezkorra banaiz zer? Lehenbailehen jakin beharra dut.
  53. Elikatzeko aho bat gutxiago izango delako.
  54. Guztiei erakusteko ez naizela kikiltzen.
  55. Neure hiletetan negar egiten dutenak zenbatzeko.
  56. Beste aldea ikusteko, bertan baldin banago.
  57. Burua behingoan akabatu nahiago, eta ez ile urdinduak banaka-banaka akabatu.
  58. Pistolarekin: zarata aterako dudalako gaueko hamarren ostean.
  59. Gasarekin: azkenengo zigarretaren xarmaz gozatzeko.
  60. Eskegita: soka arrunt bat zorte oneko kuttun bihurtzeko.
  61. Trenaren azpian: besteen oporraldiak luzatzeko.
  62. Lotarako pilulekin: oso berandu arte lo egiteko.
  63. Elektrokutatuta: bazterrak astintzeko.
  64. Leihotik jauzi eginda: igogailuei diedan beldurra gainditzeko.
  65. Heriotza, dirudienez, emakume jostaria delako. Libertituko nau.
  66. Harpidetzak mantentzen baditut, ez dut deus galduko.
  67. Animalia txikiekin egoteko.
  68. Elvis Presley hil zen urte berean hiltzeko.
  69. Zergak ez ordaintzeko.
  70. Alokairua ez ordaintzeko.
  71. Gauetan zurrunga ez egiteko.
  72. Egunsentian itzuli eta nire etsaiei oinetatik oratzeko.
  73. Zahartzaroan Giorgio de Chiricok bezala neure burua plagiatzea ekiditeko.
  74. Desagertzeko arriskuan dagoen espeziea naizelako eta inork ez nauelako babesten.
  75. Azkenengo unean esateko esaldi ezin ederragoa prest dudalako eta gehiegi itxaroten badut ahaztu dezakedalako.
  76. Zilbor-hestea behin betiko eteteko.
  77. Estilo berri baten sortzailea izateko: Dead Art.
  78. Nire bizitzaren filma ikusteko, mundu-estreinaldi pribatuan.
  79. Beste aldea ikustera joateko, ea oraindik birjinarik badagoen.
  80. Hotz nagoenean atonduko nautelako.
  81. Topatu dudan epitafio barregarria albait azkarren erabili nahi dudalako: “Bazen garaia!”.
  82. Elbarriak nire hilobira igota sendatzen ote diren ikusteko.
  83. Hogeigarren mendeak, azkenean, zinez garrantzitsua den gertaera bat izateko.
  84. Banpiro bilakaturik, neska gazte bizidunen odol miragarria edateko.
  85. Beti nahi izan dudalako hildakoen hizkuntzan hitz egin.
  86. Guztiei helarazteko, modu dirdaitsuan, suizidioaz daukadan iritzia.
  87. Paris jada ez delako lehen zena.
  88. Groucho Marx hilda dagoelako.
  89. Sherlock Holmes-en abentura guztiak irakurri ditudalako.
  90. Eguraldi iragarpenekin etsita nagoelako.
  91. Beste batzuek nire etsenpluari jarraitu diezaioten.
  92. Neure iraultza egiteko.
  93. Nire gaitasunak frogatzeko, huts egiten ez badut.
  94. Aberrigabe bilakatzeko.
  95. Lagun taldea berritzeko.
  96. Legearen gainetik egoteko.
  97. Ondo egindako suizidio batek, larru-jotze arrunt batek baino gehiago balio duelako.
  98. Erietxe batean ez hiltzeko.
  99. Nire odolak mihise batean arrasto ederra marraztu dezan.
  100. Neure burua gorrotatzeko mila arrazoi on ditudalako.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)