Amuak

Tim Crouch: nola altxatu beso bat eta ez jaitsi sekula

Asteazkena, 2019-05-08

Zer gertatuko litzateke haur izanik besoa altxatu eta gehiago ez jaistea erabakiko bazenu? Keinu ausart bat, keinu suizida bat, sinbolo huts bat zeinean ikusleak berak erabakitzen duen zer nahi duen sinbolizatua ikusi. Nire besoa antzezlanak ezin hobeto islatzen du Tim Crouch idazle, zuzendari, aktore eta performerraren dramaturgia era.

Nire besoa antzezlanaren abiapuntua da aipatutakoa: gizon batek kontatzen du nola hamar urte zituelarik besoa altxatu eta gehiago ez jaistea erabaki zuen. Egoskorkeriaz horrela mantenduko du, goian, hogeita hamar urtez. Pixkanaka espezimen mediku bitxia bilakatuko da, eta antzezlanak ironia muturreraino eramaten duenean baita New Yorkeko eszena artistikoaren ikonoa ere. “Bere besoa -dio egileak- objektu bizigabe definitiboa bilakatzen da, zeinaren inguruan besteek beren sinbolo eta esanahi propioak proiektatzen dituzten”.

Zer da bestela, teatroa? Antzerki obraren abiapuntuan “egoera” izan ohi da nagusi, “argumentua” baino gehiago. Ezaugarri hori gero eta nabarmenagoa egin da dramaturgia posdramatikoetan, testu baten bilakaerari eusten dioten lanetan behintzat, erabateko fragmentazioetan erortzen ez direnetan. Godoten esperoan litzateke horren adierazlerik behinena; “egoera” bat dago bertan eta pertsonaia nagusiak bertan harrapatuak daude, beti aurreraka baino zirkuluan. Nire besoa lanak ere badu hortik asko, eta egilearen erronka “egoera” hori muturrera eramatea izango da.

“Besoaren haurra bilakatu

nintzen. (…) Williams andereak atentzioa

deitzeko modu bat zela esaten zuen. Mundu guztia sentitzen dela

hobeto jendearentzat

norbera bada erdigunea, baina mundu honetan oso erraza dela ikusezina

sentitzea. Panpinatxo

bat oparitu eta gordetzeko esan zidan, noizbait bakarrik sentitu edo

geratzen banintzen panpina gertu jartzeko, panpinak ni ikusteko

moduan, horrela norbait niregandik pendiente zegoela sentituko nuke,

beste norbaitek egiten

ari naizena baloratzen

duela. Horrela frogatzeko

ezer ez dudala sentituko

nuke, eta

egunen batean agian besoa

jaistea

erabakiko nuke,

eta hamar urteko haurrak dedikatzen diren gauzetara dedikatu.

Ez nuke jakingo nola deskribatu definizio eta botere sentsazio hura. Lehenbiziko aldiz ezagutu nuen neure burua eta gainontzeko munduaren arteko muga: gardena sentitzen nintzen, definitua. Lehenbiziko aldiz nire bizitzan arnasten nuen airea nigandik banandua zegoen. Neu nintzen arauak diktatzen zituena”.

La uña rota argitaletxeak dramaturgo garaikide ugariren testuak argitaratu ditu azken urteetan, gaztelerazko edizio txukunetan. Tim Crouch-en Nire besoa (Mi brazo/My arm) lana Haritz bat (Un roble/An Oak Tree) deiturikoarekin dator, ale berean. Bi antzezlanak dira Crouch-en bilaketa dramaturgikoaren erakusle, bietan saiatzen da egilea publikoa nola edo hala inplikatzen: lehenengoan aktoreak publikoari poltsikoetan daramatzan objektuak eskatuko dizkio, eta emanaldian txertatuko ditu, emanaldi bakoitzaren konnotazioak aldiro aldatuz. Bigarrengoan publikoko kide batekin antzeztuko du lan osoa, akotazio sistema konplexu eta ez ohiko batekin testuan adieraziz hori posible egiteko instrukzioak.

Crouch-ek gazteentzako idatzi izan du testu asko ere, kasu, Shakespeare-ren obretako bigarren mailako pertsonaietan oinarritutakoak. Nolanahi ere, bere lanek ohiko teatrogintzaren normei ihes egiten diete, errealismoari batez ere, forma ezberdinak hartuz. Honakoa esan zuen behinola egileak: “Teatroa bere formarik puruenean arte kontzeptual bat da. Ez du behar eszenografiarik, jantzirik eta atrezzorik, publikoaren buruetan existitzen da”.

Argazkiak

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)