Amuak

Txakur Gorria eta “Xixili”

Asteazkena, 2018-01-24

Txakur Gorria sormen kolektiboaren Xixili liburua ekarri dugu oraingoan Amuak atalera. Zuzeneko emanaldi batean du oinarria, baina paperezko euskarrian ere argitaratu dituzte bertako hitzak, irudiekin bidaide. Sormen lana ikusteko modu bat ere islatzen du lan honek: euskarri anitzekoa, eta kolektiboa.

Iaz ezagutu genuen Txakur Gorria kolektiboa, eta elkarrizketa egin genien lehen argitalpenen harira: Txakur gorria, Hizteria eta Atea irekiko ez lidaketen pertsonen etxean leihotik sartu nintzenekoa. Hizteria liburu kolektiboko pertsonaia bat da, hain zuzen ere, Xixili lan berriko oinarria: histeria diagnostikatu dioten emakume baten istorioa.

Emanaldiko laburpenak zabaltzen du liburua:

"Cecilia Perurena Etxegoien. 27 urte. 1,59 metro. 61 kilo. Azal kolore arrunta. Begirada galdua. Buruko minak. Insomnioa. Gose falta. Zorabioak. Botagurea. Angustia. Desira sexuala. Gehiegizko lubrikazioa.

Senarrak dio arazo txikietatik dramak sortzen dituela. Arreta deitzeko joera daukala. Erretxinduta dagoela eta ezin duela gehiago.

Diagnostikoa: histeria."

Txakur-Gorria-kolektiboaren-ikuskizuna(Xixili emanaldiaren une bat).

Hortik aurrera, hitzek zein irudiek harilkatutako istorio bat, tarteka komikira gerturatuz, tarteka istorio ilustratura, irudien zein hitzen erritmo eta mintzaira propioak hari bakarrean tartekatuz. Hondo-hondoan, pertsonek markatutako pertsonak, normatik ateratako jarreren kondena, kasu honetan, emakumeak:

Mende erdian emakumeek gizonen kopurua gainditu zuten mendebaldeko eroetxeetan. Jada ez dago sorgina sutan erre beharrik: orain psikiatrikoak daude.

Eromena modu partikularrean definitu eta tratatzen da kultura eta garai historiko bakoitzean, garaiko ideia hegemonikoei jarraiki. Eromena ez da datu objektibo bat, datu historiko eta sozial bat baizik.”

Irakurlearen arreta bereganatzen dute irudiek zein hitzek, gordina izan daitekeen istorioa irudien bitartez gorpuztuz. Bat egiten dute guztiz hitzek eta irudiek irakurlearen zentzumenei hitz egiteko ahalegin horretan:

Nire gorputza psikiatriko bat balitz, betazalen azpian gordeko lituzkete botikak. Bizkarrezurra, pasilloa, eta orno bakoitzean kateatuko litzaidake kamisoia, oinez joan ahala. Saihetsetan etzango lirateke gaizkien daudenak. Bularrak, lorategia, erruda usaintsu bat ate ertzean. Nire gorputza psikiatriko bat balitz, ez legoke irteerarik”.

Lan kolektiboa eta autogestioa

Txakur Gorria ezagutu genuenean hiru kidek osatzen zuten: Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga eta Mariñe Arbeo Astigarraga. Azkenaldian laugarren bat gehitu zaie, Ane Labaka Mayoz. Beren proiektuak aurkezteko eskaini izan dituzten elkarrizketetan (ikus beheko bideoak eta Arratsean saioko audioa) autosorkuntza, autoedizioa, autoekoizpena eta lan kolektiboa aipatu izan dituzte Txakur Gorria proiektuaren ezaugarri gisa. Xixili emanaldian musikari baten laguntza izan dute, eta euskarri bakarrean geratu beharrean paperera eraman dute liburuko mamia. Arestian esan bezala, Hizteria liburuko ahots bat da Xixiliko abiapuntua, eta hor ere ikus daiteke haien proiektuetatik beste sortzaileekin zubiak eraiki eta lan kolektiboa esploratzeko jarrera: hainbat lagunek sortu zituzten Hizteria liburuko hitz asmatuen definizioak.

Aurten ere, Durangoko Azokan ezagutu genuen beren beste lan berrietako bat: Plastikozko loreak. 21 lagunek egindako testu-katea.

Txakur Gorriaren lana barrutik ezagutzeko, beren webgunera ho dezakezue, Arantxa Irturbek egindako elkarrizketa (sakatu beheko irudia), edota jarraian doazen bideoak ikusi:

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)