Daniel Martiarena: "Album ilustratu oro begietatik sartzen da. Hor du bere indarra"
Ostirala, 2018-07-06Ana Ibañez Elosuak eta Daniel Martirena Indartek irabazi dute 2018ko Etxepare saria Cosimoren katiuskak albumarekin. Epaimahaikideen esanetan, Daniel Martiarenaren “testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak”.

Cosimok parke txiki bateko zuhaitz batean eraiki du etxola eta hortik inguruari erreparatzen dio. Etxepare Sariko epaimahaikideen esanetan, “Italo Calvinoren Il barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute”.
Cosimo haurra eta parke txiki bat dira narrazioko protagonistak. Cosimoren katiuskak albumarekin zer kontatu nahi izan duzu?
Daniel Martiarena: Hiriko parke txikiena den horretan dago kokatuta proposatzen dugun istorioa, hiriaren adreiluek eta etxe berrien zementoek aurki irentsiko dutena. Baina parke hori du, eta ez bertzerik, Cosimok gustokoen eta, hortaz, bertako zuhaitz baten adarretan du eraikita bere etxola. Hortik begiratzen dio parkeari berak, eta parkeko hiru bankuetan eseri ohi diren pertsonei ere. Izan ere, hauek, zeharka eta tarteka, hiriko parke txikienaren historia ere lokarritzen dute. Guztia, hiru banku hauek ere aurki desagertuko direnez, bertan eraikitzekoak direlako dirua gordetzeko diren banku horietako bat. Ipuinak, aldi berean, joko polisemikoa izan nahi du. Baina, hemen dago misterioa, Cosimok erabakita du parkearen aldeko protesta. Katiuska eta guzti, bera denez zuhaitzen adarretan inoiz ezagutu den trebeena.
Epaimahaiak testuaren eta irudiaren oreka nabarmendu du: “liburu indartsua da bai testuan baita ilustrazioan ere, aberatsak dira bi lengoaiak”. Erraza izan al da bion arteko elkarlana?
Daniel Martiarena: Izan ditugu gure gorabeherak, desorekak eta kaosa; eta deliriotik ere hurbil ibili gara tarteka. Baina, lortu dugu aurrera egitea eta gure irudiz egokien zen hori islatzera, letretan zein marrazkietan. Noski, marrazkiek dute indarrik gehien. Album ilustratu oro begietatik sartzen da. Hor du bere indarra, lehen kolpe horretan hozka egiteko ahala.
Zentzu horretan, Ana Ibañez Elosuaren irudiek zer nolako ekarpena egin diote zure idatziari?
Daniel Martiarena: Testua hain denez esplizitoa, adierazkorra, Anak argi ikusi zuen hasiera hasieratik irudiek surrealismotik ere edan behar zutela, abstrakziotik, sugestiotik eta bide horretan asmatu duela iritzi diot. Anak aparteko garrantzia ematen dio bere sortze lanetan testurei eta aldi honetan ere liburuak bere orrialdeak orrazteko eta bere orrialdeetan kilimak egiteko gogoak ematen ditu. Collage-a baliatu du horretarako eta hainbat teknika ere uztartu ditu, urezko pinturak edota gofradoa kasurako. Batzuetan, hitzak eta irudiak elkarrekin dabiltza paraleloan bezala. Beste batzuetan, aldiz, nork bere bidea egiten du; gure proposamena denez irakurleak berak zehaztu dezala nahi duen puntuan non den guztiaren bidegurutzea; elkartzen direneko tokia aurkitzeko jokoa ere badu albumak. Azken buruan, eta honi garrantzia ematen diogu, helduen eta txikien arteko irakurketa partekatua du oinarrian liburuttoak eta, uste dugu, ikuspuntu desberdin hauetatik Cosimoren eta bere katiuskek eskaintzen dutela asmaziorako aukera.
Narrazio lan batzuk plazaratu dituzu aurretik. Sari honek gehiago edo maizago idazteko grina piztu al dizu?
Daniel Martiarena: Aurretik, autoedizioaren bidetik, bi album ilustratu argitaratu ditugu elkarrekin. Hipotekaren zamaz, "Hankaz gora du amak mundua", eta handitan haurrek izan nahi duten ofizioetaz "Jonek Jone izan nahi du"; bertan, gainera, protagonista zakila duen neska delarik, erabateko normaltasunarekin erakutsia. Bi liburuek bide polita egin dute, autoekoizpenaren zailtasunetik eta bere askatasunatik. "Hankaz gora du amak mundua", Euskadi Literatura Sarirako finalista izan zen eta "Jonek Jone izan nahi du" Ohorezko Zerrendan sartu du espainiar Estatuan haur literatura sustatzeko ardura duen OEPLI Elkarteak 2007. urtean argitaratutako liburuen artean. Gerora, zer? Gustatutako litzaiguke asmo berriei ekitea. Sariek ematen dute horretarako gogoa. "Jonek Jone izan nahi du" liburuttoak ere agortzear ditu jada lehen edizioaren ale guztiak. Bigarren bati ekin ala ez, horri ere erantzuna eman beharrean gara hauetako egun batean. Batek daki, beraz, zein bazterretan izanen garen etorkizun hurbilean.
Pamielak plazaratuko du udazkenean
‘Cosimoren katiuskak’ liburua noizko egongo da eskuragarri?
Daniel Martiarena: Etxepare Sariak orain Pamiela argitaletxearekin batera elkarrekin edizioaren bidea egiteko aukera zabaltzen digu. Lan txukuna egiten du zigiluak eta horrek ikaragarri lasaitzen gaitu. Gainera, Kalandraka etxearen laguntza ere izango dugu, liburua merkaturatu aurretik. Aurreikusita dago udazkenerako liburua kalean egotea. Horren irrikaz gara.
Auto-ekoizpenean zaildutako bi artista
Dani Martirena Indart, Legasan jaioa, kazetaria ogibidez, azken urteotan EITBko albistegietan erredaktore bezala lan egiten du.
Literaturari dagokionez, han eta hemengo lehiaketetan saritu izan dituzte bere idazlanak. Tartean, Basauriko Euskarabila elkarteak urtetan antolatu izan duen ipuin erotikoen lehiaketan; eta Txalaparta argitaletxeak lan sarituekin argitara emandako liburu bildumetan irakurri daitezkeenak: Bero Hezeak (2001) eta Esku Hori (2012).
Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatzen duen literatura lehiaketan ere nabarmendu dituzte bere lanak. Kasurako, lehen saria jaso zuen 2015. urtean Astearte hark arrunta behar zuen narrazio laburrarekin.
Nafarroan euskaraz idazten duten egileekin Pamiela argitaletxeak 39 idazle nafar izenburupeko argitalpenean ere parte hartu du, Listu balak idazlanarekin (2017).
Haurrentzako literaturari begira, auto-ekoizpenaren bidetik bi liburu argitaratu ditu Ana Ibañezekin batera: Hankaz gora du amak mundua (Liburu iletsuak, 2015), Jonek Jone izan nahi du (Liburu iletsuak, 2017).
Ana Ibañez Elosua, Iruñean jaioa, Arte Ederretan lizentziatua eskultura alorrean. Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan.
Hainbat taldekako erakusketetan parte hartu du, hala nola norbanakoetan. Zizur Nagusiko kultur etxean, Biguina eta beroa (2004), Koloreak eta hariak Gayarre Antzokian (2003) edo Haragi barruko lorategiak Molmar arte galerian (2002) dira banaka egindako erakusgaien adierazgarri.
Sariak eta bekak ere jaso izan ditu. Kasurako, eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian.
Auto-ekoizpenaren bidetik, Dani Martirenarekin batera, Hankaz gora du amak mundua eta Jonek Jone izan nahi du liburuetarako ilustrazioak egin ditu.
Etxepare Saria
2018 Cosimoren katiuskak, Daniel Martiarena-Ana Ibañez.
2017 Arraroa, Ainara Azpiazu (Axpi)-Paula Estévez.
2016 Zerua gris dago, Liébana Goñi-Isaak Martínez.
2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean, Pello Añorga-Jokin Mitxelena.
2014 Hiltzaileak, Leire Salaberria.
2013 Gerrak ez du izenik, Leire Bilbao- Maite Mutuberria.
2011 Hara!,Miren Asiain.
2010 Euria ari duenean, Leire Salaberria.
2009 Alex, nire laguna, Mikel Gurrutxaga-Maite Gurrutxaga.
2008 Katalina kontalari, Iñaki Zubeldia-Estibalitz Jalón.
2007 Zirkua amets, Joxan Ormazabal-Iraia Okina.