Alex Martinez Iturriarekin solasean
Ostirala, 2019-02-15Iraumen izeneko narrazio bilduma plazaratu du Alex Martinez Urrutiak, Donostia Saria jaso ostean, Algaida argitaletxearen eskutik. Iraume fantasiazko hiri errealista bat da, idazleak bozgoran erretratatzen duena, literaturaz blai dagoen kalearte bat. Bere lehen liburuaz, idazteaz eta idazle izateaz mintzatu gara egilearekin elkarrizketa honetan.

Iraumen da ezagutu dizugun lehen liburua. Zer nolako ibilbidea egin duzu orain arte idazketan?
Ibilbidea motza. Arkitektura ikasi nuen, eta azken urtea egitera Buenos Airesera joan nintzen. Zorionez, edo zoritxarrez, ez daukat oraindik argi, arkitektura fakultatea eta humanistikak eraikin berean zeuden. Nire klaseak albo batera utzi eta gidoigintza, kritika literarioa, idazketa librea... hasi nituen. Duela lau urte inguru izan zen, duela lau urte idatzi nituen nire lehen testuak, denbora gutxi, beraz, idazten.
Donostia Hiriko Kutxa sarien bitartez plazaratu duzu liburua. Zer garrantzia izan du zuretzat lehiaketara aurkezteak? Zer balio ematen diozu lehiaketa bitartez argitaratzeari?
Aukera bat da lehiaketa bakoitza. Duela urte bete arkitektura despatxoan nengoen lanean, lehiaketaren oinarriak irakurri eta zenbat ipuin idatziak nituen zenbatzen hasi nintzen, buruan nuen proiektua bukatzeko denbora banuen galdezka. Lehiaketa aitzakia izan zen, buruan nituen ideia eta ipuinak ixteko, liburu forma emateko. Lehiaketa irabaztea aukera izan zen, liburua argitaratzeko. Galdera interesgarriagoa da, akaso, ea zein beste aukera dauden obrak argitaratzeko, edo nire kasuan bezala, idazle berriak sustatzeko, ea modu egokiena den hau. Hori ez dut horren argi. Uste dut elkarrizketa osoa beharko genukeela gaiaz hitz egiteko.
Ez diogu elkarrizketa osoa gai horri eskainiko, baina baduzu intuiziorik gai horren inguruan? zer eskertu izango zenuen zuk, lehen urratsak ematerakoan? zer nolako laguntza mota?
Gai konpleXua da. Ni neurekoia naiz, nire ikuspuntutik ikusten baitut arazoa, idazle berria izatea zaila dela, edota idazketaz bizi ahal izatea. Baina hausnarketa agian da ea bizi garen gizarteak idazleak behar dituen, ea literatura behar duen, antzerkia, musika, ea kultura kontsumitzen dugun. Eta honen ondoren galdetu, ea zer nolako gizartea den kulturarik ez duena. Hori da arazoa, ez ni idazle izateko eduki ditzakedan arazoak. Eta agerikoa da bi arazoak loturik daudela. Agian, idazleak laguntzeko modurik onena irakurleak sustatzea da.
Azaldu egiguzu: zer da Iraumen?
Iraumen ipuin bilduma da, hemeretzi narrazioz osaturikoa. Istorio guztiak dira ezberdinak, baina denek dituzte gauza komunak. Denak dabiltza fantasia eta errealitatearen artean, denak gertatzen dira Iraume izeneko euskal metropolian, metropoli fantastikoa, distopikoa, edo besterik gabe, gaur egungoa, erreala. Gainera, ipuinak idazten nituela, halako erreflexioa eduki dut ipuingintzaren inguruan, nik uste ipuin mota ezberdinak aurki daitezkeela bilduman.
Iraumen nire esperimentazio eremua izan da urte hauetan. Ipuin batzuk duela lau urte idatzi nituen, beste batzuk duela hamar hilabete. Probatzen joan naiz, hausnartzen, idazketa estiloarekin, hiria eta gizartearekin, ipuingintzarekin, fantasiaren mugekin, eta obra da horren emaitza. Ez dakit liburu irregularra geratu den, heterogeneoa, baina azaltzen duen hiria bezain anitza da. Ez dut uste inork ipuin guzti-guztiak gustukoak edukiko dituenik, baina kostatzen zait imajinatzea gustuko ipuin bakar bat aurkituko ez duen irakurlerik.
Eta non dago Iraume?
Ba esperimentazio-hausnarketa urte hauetan dexente aldatu da Iraumeren izaera. Hasieran metropoli bat zen, asmatutakoa, bere kale eta eraikinak zituena, bere historia eta kokapena. Baina urteetan aldatuz joan da. Ez dakit gertatu zaizun, bidaiatzen ibili, ez dakit zenbat eskala egin behar eta zein aireportutan zauden ez jakin, zein hiritan, zein herrialdetan. Denak dira berdinak. Aireportu bat dago, leku ezberdinetan errepikatzen dena. Hiriekin ere gertatzen ari da, eta hiri generiko hau da Iraume. Geurean ere ikuskatzen hasiak gara, eta nolabait aldaketa honen hausnarketa izan nahi du obrak. Gure hiri handietan, baina baita herri txikietan ere, egunerokoan atentzioz begiratuz Iraume aurkituko dugu.
Idazleek sortutako herri, hiri, eskualde ugariren tradizioa dago literaturan: Obaba, Kalaportu, Macondo, Comala, Yoknapatawpha… Horrelako ideia bat izan duzu zuk buruan?
Argi dago, nahiz eta konturatu gabe izan den ziur aski. Ezin gogoratu zein momentuan eraiki nuen Iraume, ez zen erabaki bat izan, konturatu nintzenerako nire istorioak han gertatzen ziren. Fantasia edo fikzioa erabiltzen dugunok abantaila dugu, erosoa da errealitatearen loturak ez eduki, eta zer esanik ez, metropoli eta gizarte oso bat sortu duzunean. Hasieran, akaso, hori izan zen, idazteko erraztasuna, baina konturatu nintzenerako Iraume zen istorioak azaltzen zizkidanak.
Zer nolakoak dira zure irakurketak, zeintzuk dira zure literatur erreferentziak?
Ipuinak ditut gustuko, eta azkenaldian ez dut besterik irakurtzen. Argentinan hasi nintzen, han ipuingintza kultura handia dute. Lehen nahiago nituen halako idazketa erreflexiboak, Mishima edota Hesse, nik uste horregatik nire lehen ipuinek badute barnera begiratzeko joera. Baina ipuingintza deskubritu nuen, eta konturatu nintzen zenbat eta zenbat obra eta idazle berri nituen eta ditudan oraindik gozatzeko. Guztiz ezezaguna nuen ipuinen mundua! Cortázar da ziur aski harrapatu ninduen lehena, eta oraindik bere eskuetan nauena, nahiz eta inflexio puntu handiena niretzat Alice Munro eta Karmele Jaio izan ziren, urrunekoak baina aldi berean gertukoak direnak, beraiek erakutsi baitzidaten ipuinen barnean beste mundu berri bat. Eta ezin ahaztu azken urteetan gehien markatu nauena, bere irakurketa gehienetan errepikatu dudana, beti eskura dudan “Eta handik gutxira gaur”, Eider Rodriguezena. Hirugarren elkarrizketa beharko nuke obrak zer eragin zidan azaltzeko...
Iraume izan da idazterakoan une oro abiapuntua, nolabait esateko, narrazioen motorra eta motibo nagusia? Edo gerora etorri da narrazio guztiak Iraumen kokatzea?
Ipuinaren araberakoa da, batzuetan Iraumen ematen da istorioa eta Iraume da protagonista, hiria bera eta bertako gizartea. Kasu hauetan bai da protagonista, kosta egiten zait Iraume ez den edonon imajinatzea. Liburuaren hasieran daude horrelako istorio gehienak, “Iraume Blue(s)” edota “Yabba dabba do” ipuinak adibidez. Beste batzuetan, pertsonaiak, norbanakoak, dira protagonistak, “La petite princesse”-eko haurra bezalaxe, eta istorioa Iraumen kokatzen da beste edozein herritan kokatu daitekeen bezalaxe.
“Idaztea ez da helburua izango, bidea baizik, istorio, fantasia eta ametsak eraiki eta kanporatzeko, zure inguruko errealitatea ulertzeko modua, honetatik aldentzeko bidea”.53. Orr.
Liburua bera hiriaren modura dago antolatua da, asko dira zeharkatzen diren kaleak, lekuak, eta batez ere pertsonak, ahotsak, izenak. Kurioski, tarteka idazlea beraren figura azaleratzen da, liburuaren idazketa bera agertzen da inoiz pertsonaien ertzetik. Zein neurritan zaude zu zeu, idazle gisa, narrazioan pertsonaia bilakatua? Zein neurritan dago bestela, idaztearen beraren inguruko jolas bat edo gogoeta bat?
Uf, uste dut oso ongi laburbildu dituzula bildumako ipuinak bi galdera horietan. Zeren bi mota horietako ipuinak aurki daitezke, hori izan bai da urte hauetan eduki dudan prozesuaren isla. Ipuin askotan ni ageri naiz, ni edo batez ere nire ingurua, nire gogoetak, hausnarketak, eta ipuin hauetan pertsonaiak dira garrantzitsuak, beraien eboluzio eta pentsamenduak. Baina beste ipuin asko beste bide batetik hasi nituen, idazketaren inguruan eraikitako jolasa, fantasia eta errealitatearen muga uztartuz adibidez. Oraintxe ez dakit zeintzuk ditudan nahiago, nolakoak izango diren nire hurrengo ipuinak, nik uste idazlearen momentuaren araberakoa dela.
Oso obserbatzailea zara?
Obserbatzailea naizela uste dut, eta idazle bezala definitzen nauela gainera, ingurua obserbatzea eta hausnartzea oso gustuko dudala. Hausnartu eta pentsatu, kritikoa izan, gogoetak eduki, inguratzen gaituen hiriarekin, bertako gizartearekin, agintarien erabakiekin, mugimendu sozialekin, feminismoaren langa berriekin. Baina kontuz ikusten ditut eta luze hausnartu ere ikusten dudan edozein obra, telesail edo pelikula, irakurtzen dudan edozein liburu.
“Hau da nire istorioa, nola bukatu nuen hemen, lau horma hauen artean eta zulo txiki honetatik begira, mundua nolakoa den ulertzen saiatzen”. 169
Akaso idazle oro da, edo izan behar litzateke, apur bat voyeur-a?
Ez daukat argi beharrezkoa denik, baina bai oso dibertigarria. Ez bakarrik idazleek, nik uste denok egin beharko genukeela noizean behin. Balkoitik jendea paseatzen ikusi eta beraien bizitzak imajinatu, edota trenean goazenean mugikorraren pantailaren gainetik begiratu disimuluz eta bidailagunak analizatu. Nahiz eta gaur egun, sare sozialekin eta, denok dugun voyeur etiketa ezinbestean jarrita.
Asko dira liburuko istorioak, eta hiri berean kateatzen dira; sentsazioa da narrazio batetik bestera jarraian doala liburua, aldeak egonda ere ez dagoela salto handiegirik tonu tonu imajinario aldetik. Nola kateatu dituzu narrazioak? Zer nolako bilaketa egin duzu maila horretan?
Ez ditut ongi kateatu. Sentsazio hori daukat. Ipuin gehienak idatzi nituen ipuin liburua globalean argi eduki aurretik. Mimoz eta kariñoz ordenatu ditut, esan beharrik ez, nik uste erritmoa liburuan zehar ongi mantentzen dela, baina uste dut ipuingintzaren barnean esparrua badagoela bilduma baten barneko ipuinen lotura lantzeko. Adibideak badaude, ideiak bueltaka eduki ditudan arren ez dira ageri. Ea aukera dudan hurrengoan egiteko.
Iraumen narrazio liburu bat da, baina nire ustez izan zitekeen nobela bat ere. Ez dago bilakaera bat islatzen duen pertsonaia bat, baina hiria bera bada nolabaiteko pertsonaia, oso presente dagoena liburu osoan zehar. Zuretzat non dago nobela eta narrazio liburuaren arteko muga?
Ba oraintxe azaldu nahi nuena hortik doa. Kontakizun bildumetan ohikoa da ipuin bakoitza aislatua izatea. Bai pertsonai eta azaltzen duen istorioagatik, baina baita tonu, erritmo edo narratzaile motagatik ere. Liburuan badago lotura bat istorio ezberdinen artean, agerikoena eta argiena Iraume bera, baina baita tonuan, edo erritmoan, edo estiloan, ipuin guztiek fondoko musika bera dute. Ipuinen arteko lotura lantzean, beraien arteko mugak difuminatuz, narrazio liburua nobelatik oso gertu gera daiteke. Gogoak dauzkat muga hauekin jolasean hasteko.
“Bere bizitza ikusi du paper horietan. Ulertu egin du bere bizitza osoan hartu dituen erabaki guztien emaitza direla, argi ikusi du jaiotzetik edukitako aukera guztiek hona zekartzatela. Aurkitutako bidegurutzeetan ez zegoen aukera zuzen ala okerrik, bidegurutzeek beraiek eraiki dute bidea. Eskuartean dituen ametsak bizitzeko momentua da, pentsatu du. Orain bai”. 81. orr.
Bada gai bat, narraziotik narraziora hiriarekin lotuta etengabe errepikatzen dela iruditu zaidana: bidegurutzea, aukeratu beharra, bizitzako norabideak. Horrelakorik izan duzu buruan?
Komentatu dudana, ipuin dexentek badute nire zatitxo bat islaturik. Eta urte hauetan, idazten hasi nintzenetik, bidegurutze ugari agertu dira bidean. Arkitektura bukatu berria, ilusio handirik gabe, Argentinatik Euskal Herrira buelta, bikotekidearekin zer egin nahi dugun erabaki, zein lan aukerari ekin... eta koktel honetan idazketa batu zen. Urte interesgarriak izan dira, bai, eta ziur aski eragina eduki dute narrazioetan.
Duela gutxi kolaboratzen hasi zara Hitzen Uberanen, eta lehenengo testua Iraumen kokatu duzu. Oraindik agortu ez zaizun metafora bat da? Iraumen-en asko duzu bilatzeko eta aurkitzeko oraindik?
Egunero ogia erostera noanean Iraumetik nabil, eta asko dibertitzen naiz oraindik ingurua behatuz. Gainera Iraumek badu ideia bat, hasieran komentatu dudala uste dut, baina liburuan oso esplizito agertzen ez dena, eta kolaborazioan gertuagotik landu nahi dut. Iraume hiri generikoa dugu, Nueva York eta Tokyo da, baina baita Bilbo eta Iruñea ere. Ez da etorkizunaren mehatxua, Iraume hiri ederra izan daiteke, baina askotan uste dut konturatu gabe goazela harantz. Lehen artikuluan turismoaz hitz egiten dut. Lagun batek katastrofikoa dela esan dit, edo exagerazioa, baina gogoan dut, aurrekoan, Donostiako portutik nenbilela, jatetxe batean “We have paella” irakurri eta guztioi iruditu zitzaigula barregarria. Ziur aski barrea baino hausnarketa eragin beharko liguke.
Zer beste proiektu duzu esku artean?
Beno, liburu honek balio izan dit nire buruari, beldurrik gabe, idazle izan nahi dudala esateko. Argi eta ozen. Ez da erraza gaur egun idazketaz bizitzea, badakit, baina saiatzeko gogo eta energiak dauzkat. Ea nola bukatzen den istorioa. Orain irekita nabil edozein proposamenera, hamaika proiektutxo dauzkat martxan. Lagun batzuk produktora txiki bat dute eta telesail baten gidoian gabiltza lanean, esaterako, edota proiektu bat daukat komiki edo narrazio ilustratu bat egiteko, ilustratzaile bila nabil edo ideia aurrera ateratzeko bideen bila. Eta argi dago ipuinak idazten jarraitu nahi dudala, Iraumen bukatzen nenbilenean sentsazioa neukan gutxika-gutxika ari nintzela nire estiloa aurkitzen, eta honen bila jarraitu nahi dut.