Amaia Alvarez Uriarekin "Ekin eta joka" liburuaz solasean
Ostirala, 2019-03-08EHAZE-Antzerkizale elkarteak argitaratu du Ekin eta joka: azken ikerketak euskal teatroaz liburua. Zortzi izen bildu ditu lan honek, zortzi ikerlari, azken eun urteetan euskaraz sortutako teatroaz zortzi ikerlanen zertzeladaz. Amaia Alvarez Uria jardun da zortzi iekrlari hauen taldea eta liburua bera koordinatzen, eta berarerekin mintzatu gara elkarrizketa honetaz liburuaz eta bertan datorren bere artikuluaz: Katalina Eleizegiren argazkiak.

Euskal antzerkigintzaren historian ez ohikoa den argazkia ekarri digu Ekin eta joka liburuak: zortzi ikerlari, zortzi izen, euskaraz sortutako teatroaz gogoetan. EHAZE-Antzerkizale elkarteak publikatu du liburua 2017an abiatutako bere argitalpenen bilduman. EHAZEko ordezkariek berauek liburuaren aurkezpenean dioten bezala, "ikerlari hauen ekimenez eta gogo-beharrez sortu da proiektua, Amaia Alvarez Uriak koordinaturik. Aspaldi ari ziren elkarrekin gomutan euskal teatroaren ikerlan beharrez eta hutsuneez eta, pausoz pauso, indarrak batu dituzte, Horren berri jakin orduko, EHAZE haien lana plazaratzeko eskaintza egin die. Haien helburua ez da izan historia-liburu bat idaztea, bakoitzak bere esparrutik eta eginahaletik landu dituen gaiak batu eta horren bitartez euskal teatroari beste begirada bat luzatzen hastea baizik". Beraz, esku artean duzun hau ez da historia-liburu bat, baina bai ahalegin historiko bat".
Ahalegin historikoa ez ezik, ahalegin kolektiboa, ahalegin zabalago baten lehen urratsa izan nahi lukeena, "ikusezina ez da existitzen ez dena, begiratua ez dena baizik, eta guk begirada berritu nahi diogu etengabe euskal teatroari".
Hauek dira liburuan topatzen ahal diren artikuluak:
-Patri Urkizu, Hitzaurrea: Euskal teatroaren azken ikerketez gogoeta xume batzuk.
-Amaia Alvarez-Uria, Katalina Eleizegren argazkiak.
-Ixabel Etxeberria, Piarres Larzabalen obra (1951-1982), euskal identitatearen paradigmak.
-Idoia Gereñu, Teatroan izan ginenaz. XX. mendeko hiru aro esanguratsu.
-Karlos del Olmo, Aresti, euskal antzerki garaikidearen harroina.
-Arantzazu Fernandez, 70. hamarkadako belaunaldia: Errautsak (2010).
-Agus Perez, Hamaika puntu kardinalak.
-Jaime Valverde, Hitzostea: Memoriaren elkarlana.
Amaia Alvarez Uria: "Gaurko teatroa aztertu ahal izateko aurretik egindakoa ezagutu behar da, eta horregatik egin dugu ikuspegi historikoa duen artikulu bilduma hau"
Ekin eta joka liburua koordinatu duzu. Nola sortu zen proiektu honen ideia?
Euskal antzerkiari buruz ikasten genbiltzan egile bakoitza bere aldetik. Garai berean tesi batzuk atera ziren, tesi horien atzean nor zegoen jakin nahian hasi ginen elkar bilatzen eta apurka-apurka topatzen. Kaxildan egin genuen lehenengo juntadizoa duela bi urte eta erdi, eta bertan aurpegiak ipini genizkion elkarri, irakurritako artikuluak eta ikerketak nortzuk eginak ziren ikusi genuen, eta hor hasi zen dena.
Oso gauza kuriosoa eta ez ohikoa da horrelako zerbait gertatzea, euskal antzerkigintzaren arloan behintzat. Urte askoan Patri Urkizu izan da ezagutzen genuen ikerlari bakarra; bat batean sortu dira izen berri batzuk, elkar ezagutzen ez zenutenak eta elkartzera iristen zaretenak.
Bai, nik uste dut talde honetan denok garela antzerkizaleak eta antzerkiaren munduan murgiltzen aritu garela modu ezberdinetan: batzuek antzerkia egin dugu, edo ikustera joan gara, ikerketa egin dugu, gure arteko batzuok idatzi ere egin dugu... Patri Urkizu gu guztion iparra izan da, baina gero bakoitzak bere bidea egin du.
Patriri esan diozue hitzaurrea idazteko. Omenaldi kutsua ere badauka horrek ezta?
Bai, jakina. Euskal antzerkiaren ikerketan bera izan da nolabaiteko “otso esteparioa” orain gutxi arte, eta hori aitortu beharra zegoen. Hitzaurrea eskatu genion aitortza egiteko.
Hainbat ikerlari bildu zineten beraz, bakoitza lantzen ari zen gaia paperera ekarri nahian. Elkartze horretan, publikatzeko asmoaz gain, izan da euskal antzerkiari buruzko gogoeta komunik?
Oso sakonean ez. Zelakoa zen panorama, nola ikusten genuen guk euskal antzerki garaikidea, zer den “euskal”, zer “garaikidea”... Ideia jasa bat izan zen horren inguruan, bakoitzaren ikuspegia konpartitzeko, baina ondorio zehatzik ez zen atera.
EHAZEk sarritan aipatu du azkenaldian “euskarazko teatroaren bisibilizazioa ezinbestekoa dela egun, asko ari dela egiten, oso anitza, baina gutxi ari dela jasotzen eta transmititzen”. Sentipen hori duzu zuk ere?
Bai, duela gutxi Mintzolarekin txosten bat prestatu zen, bilerak egin ziren, galdetegiak.... eta dokumentazio zentro baten beharra aipatu zen bertan, hain zuzen ere behar horri erantzuteko. Antzerkia efimeroa da, eta erronka handia da hura nola jaso. Hori izan zen kezketako bat liburu hau ateratzeko orduan ere.
Transmisio faltaren sentipen hori badago, beraz, euskal teatroaren historiarekiko ere? Idatzi gabeko historia da gure teatroarena?
Bai, gaurko teatroa aztertu ahal izateko aurretik egindakoa ezagutu behar da, eta horregatik egin dugu ikuspegi historikoa duen artikulu bilduma hau.
Zein da liburu honen ekarpena, zentzu horretan?
Ez da historia liburu bat, baina azken ehun urteetan gertatu diren gauza batzuk jasotzen dira; guretzat garrantzitsuak izan diren erreferente, egile eta garai batzuk aztertzen dira. Eginda genituen ikerketak bilduz hasi ginen, eta etorkizunean badago lanean jarraitzeko asmoa. Ikertzen eta gero ikertutakoa publikatzen jarraitzeko helburua dugu. Liburu honetan gutako bakoitzak euskal antzerkira egin duen hurbilpena ikus daiteke, baina gai gehiago jorratu eta lanean jarraitzeko asmoa dugu.
EHAZEk liburuko aurkezpenean aipatzen du ahalegin historiko bat dela liburu hau, baina ez historia liburu bat: asko dagoela oraindik ere idazteko, alegia.
Bai, hutsune handiak daude. Patri Urkizuk lan handia egin du zentzu horretan -eta seguru jarraituko duela egiten-. Guk halako inkurtsio txiki batzuk egin ditugu, baina asko dago deskubritzeko eta argitara emateko.
Amaia Alvarez liburuaren egileekin eta EHAZEko kideekin Ahotsenean.
Ekin eta jokan datozen zuetako bakoitzaren artikuluak askoz zabalagoak diren ikerketa batzuen atal kondentsatuak direla pentsatzen dut.
Zortzi egile gaude, eta bakoitzak bere ikerketa ekarri du. Liburuan lehenengo biak Ixabel Etxeberria eta biok gara. Duela ehun urteko panoramaren zertzelada pare bat eman dugu. Bakoitzak egile bat dauka ardatz: nik Katalina Eleizegi, Hego Euskal Herrikoa eta emakumea, Ixabelek Piarres Larzabal, Ipar Euskal Herrikoa eta gizonezkoa. Katalina Eleizegi Toribio Alzagarekin batera garai horretan antzerkia modernizatzen saiatu zirenetako bat izan zen, eta berdin gertatu zen Piarres Larzabalekin.
Gero gerra etorriko da, eta Idoia Gereñuk eta Karlos del Olmok ekarri dituzte gerrakoak eta gerraostekoak: Jarrai taldea batetik, eta Gabriel Aresti bestetik. Aresti ezagutzen dugu poeta gisa, baina antzerkia ere idatzi zuen eta orduko panorama gaurkotzen saiatu zen. Gero etorriko zaigu Arantzazu Fernandez 90. hamarkadarekin eta mende aldaketarekin, garai horretan gaur egun ditugun joera batzuen haziak topatu ahal direlako. Agus Perezen artikula dator azkenik, berak gaur egungo euskarazko antzerkigintzaren argazki panoramiko bat egin du.
Artikuluen osagarri, Patri Urkizuk idatzi du hitzaurrea, eta Jaime Valverdek hitzostea.
Urte asko daramazu harremanetan Katalina Eleizegiren obrarekin, nola sortu zen zuen arteko “harremana”?
Ni euskal literaturan emakume idazleak bilatzen hasi nintzen, esan bezala gaur egungoa ezagutzeko aurrekoa ezagutu behar delako. Hasi nintzen begiratzen ea nortzuk genituen aurretik, hor agertu ziren Bizenta Mogel eta beste batzuk. Bilaketan XX. mendearen hasierara heldu nintzen eta ikusi nuen emakume pila bat ari zirela idazten, aldizkarietan bereziki, eta hor ikusi nuen antzerkia ere idazten zutela, lehiaketetan aurkezten zirela, eta horrela Katalina Eleizegi topatu nuen. Irakurri nuen bere lehenengo drama historikoa, Garbiñe, eta esan nuen: ze istorio erromantiko polita, emakume protagonista batekin... hasi nintzen begiratzen zer gehiago idatzi zuen, eta bat batean topatu nuen Katalina Erausori buruzko antzezlana idatzia zuela, eta testua galdua zegoela. Hasi nintzen detektibe lanetan eta bere familia topatu nuen. Kafea hartzera gonbidatu ninduten, bazituzten gordeta Eleizegiren koaderno batzuk, eta bertan Katalina Erauso antzezlana zegoen osorik. Orduan jakin nuen hori izango zela nire tesia.
Apasionantea dirudi ikerketaren istorioak, zure artikuluan sumatzen da izebergaren punta dela, gai apasionantea dela. Zer da gehien harritu zaituena Katalina Eleizegiren obratik?
Labur esateko, iruditzen zait literaturan eta antzerkian lan asko eta egile asko ez ditugula ezagutzen, ahaztuta ditugula. Badira garai batzuk, XX. mendea izan daiteke bat, errepublika garaia beste bat, baita 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadak ere, zeinetan ikusten dudan oraindik dagoela gauza asko topatzeko.
Katalinaren obrari dagokionez, alde batetik idazle gisa arauak eta konbentzioak jarraitzen ditu, baina bestetik bere garaiko kezka berriak eta gatazkak ezagutzen ditu eta saiatzen da horiek antzerkiaren bidez transmititzen eta islatzen. Uste dut hori ekarpen handia dela.
Artikuluan ez dira bakarrik datuak aurkezten, posizionatzen zara nolabait; gustatu zait bere argazki batek sortzen dizkizun inpresioetatik abiatu zarela artikuluan, adibidez. Zer nolako ariketa izan da hori?
Kataliza Eleizegiren hiru argazki ditut, eta beti egon dira hor, nire alboan. Ikerketan zehar, argazkiari begiratzen nionean galdetzen nion “nor izan zara zu?”. Bera bizitzaren lehenengo erdia Donostian familiarekin bizi izan zen, gurasoenean. Bigarren erdian alde egin zuen Donostiatik, moztu egin zituen harremanak familiarekin -nahiz eta gerora bisitan joan zitzaizkion-, independizatu egin zen eta Nafarroara -Lizarrara- joan zen bakarrik bizitzera eta idaztera. Hor galdera ikur handi bat dago: zergatik joan zen? Zergatik erabaki zuen bakarrik bizitzea garai horretan? Zergatik joan zen Nafarroara? Justu joan eta gutxira gerra heldu zen gainera. Erantzunen bila nenbilen, bere familiak ez zidan eskaintzen informazio hori, artxiboek eta paperek ezta ere, orduan galdetu egin nion argazkiari eta sortutako sentsazioak jaso nituen artikuluan.
Kataliza Eleizegi.
Bere obraren inguruko datu ugari eskaini duzu, eta baita ere haren inguruko irakurketak. Kasu, zer nolako emakumeak dira bere obran agertzen direnak?
Bi garaitako testuak ditugu: gerra aurreko bigaren errepublika garaikoak, euskal nazionalismoaren garaiarekin lotu daitezkeenak, eta gerra ostekoak, 60eko hamarkadaren hasierakoak, zeinean beste gai batzuk leudeke, sozialagoak.
Bere antzezlanetan emakume protagonista asko dago, eta baita bigarren mailako asko ere. Badaude rol hegemoniko femeninoarekin bat egiten dutenak, baina baita bazterretakoak ere. Baditugu klase altukoak eta baxukoak, baditugu pobreak eta aberatsak, baditugu euskaldunak, greziarrak, erromatarrak... denetarik dago, garai horretan “emakume berria” deitzen zena ere agertzen da, independenteago jokatzen zuena, erre egiten zuena, bere itxura zaindu edo makillatzen zena, jaietara joatea gustuko zutenak... Eta badugu generoa eta sexualitatea modu alternatiboan ulertzen zuen Katalina Erausoren figura ere.
Badu beraz antzerkizale garaikideari eskaini diezaiokeen zerbait, besteak beste Katalina Erausoren pertsonaiarekin.
Bai, gaur egungo kezka batzuk agertzen dira bertan, beti ere kontuan hartuz ze garaikoa den. Hori ez dugu ahaztu behar, baldintzatu egin zuelako gauzak kontatzeko moduan, baina gaur egungo irakurleak bai topatuko ditu gauza interesanteak bere obran, noiz eta feminismoaren laugarren olatua sortzen ari dela esaten ari garen garai honetan. Ikuspegi kolonialistatik ere aztertu liteke, bestetik, Katalina Erauso obra.
Kolonialismoaren ikuspegitik aztertzearekin, zer esan nahi duzu?
Katalina Erauso oso pertsonaia polemikoa izan da, besteak beste euskalduna izaki inperio espainiarraren alde ibili zelako borrokan, segun eta nondik begiratzen diogun kolonizatzailea zen... pertsonaia historiko guztiek bezala baditu bere argiak eta ilunak, baina beste pertsonaia batzuei buruz hitz egiterakoan argiak nabarmendu diren moduan pertsonaia honekin ilunak azpimarratu dira gehiago. Gaurko begiradatik polita da ariketa hori egitea, Erausori begiratzea bere argiekin eta ilunekin.
Pentsatzen dut frustrantea izan behar dela antzerkiaz ikertzea, eta antzerki haiek ezin ikustea...
Bai, baina beti geratzen da sortzea, besterik ez badago. Oso esanguratsua da beti emakume idazleei buruz hitz egiten denean hitzaldi edo topaketetan beti komentatzen dela gauza bera, pixka bat bilatzen hasita eta hariari tiratzen hasita gauza asko agertzen direla, borondate edo interes falta dela orain arte egon dena. Gonbidapena hemendik jendea animatu dadin bilatzera, ikertzera eta antzeztera.