Elkarrizketak

Anjel Lertxundi: "Euskal literaturak ezin du kalitaterik bildu ez bada itzulpenaren bitartez"

Ostirala, 2018-03-02

Horma (Erein) nobelako protagonista itzultzailea da. Kode batetik beste batera hitzak egokitzen iaioa. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean, noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian.

Anjel Lertxundi: "Euskal literaturak ezin du kalitaterik bildu ez bada itzulpenaren bitartez"

Nobelako protagonista itzultzaile bat da. “Amak izena ahaztu dion itzultzaile apal bat. Call me Fidel”. Nobeletako hasiera onak biltzen ditu koaderno batean. “Baita bukaera onak ere”. Amaz arduratzeko garaia iritsi zaio eta galderak hasiko zaizkio pilatzen. Arrebaz, aitaz eta gurasoen arteko harremanaz.

Bitxia da. Sei bat ezizen baditu baina ez dakigu zein izen duen protagonistak. Amarentzat semea da eta txiki deituko dio. Aitak, aldiz, mengela. Andregaiak Fidel jarri dio goitizenez. Pospolo ere deituko dio tarteka.

Fidel. Itzultzaile baterako ez da ezizen txarra.

Bai, hitz joko bat da. Euskaraz ondo egokitzen da.

Esan bezala, Gaixo dago Fidelen ama. Eta amaz arduratzeko garaian, iragana hasiko zaio deika.

Fidelen bizitza proiektua da iraganetik ihes egitea. Bere historia berak erabaki nahi du. Aitarekin eta amarekin ahaztu nahi du baina amaren gaitzak, oroimen faltaren gaitzak, behartzen du berriro ere amarengana hurbiltzea. Eta hori iraganera hurbiltzea da, neurri handi batean.

Galdera ugari eta erantzunik ez. Amak gainera, ezin dio gauza handirik argitu.

Baina Fidelek egiten dituen galderak gehiago dira bere baitarako. Liburuan zehar jakingo dugu arazoei aurre egiteko garaian zer nolako ezintasuna duen. Paradoxa hori da. Juxtu kontrako lanbidea duelako. Itzultzaileak bi kode ezberdinen arteko komunikazioa bilatu ohi du baina Fidelek zailtasunak ditu. Bere eguneroko bizitzan ez da gauza bera praktikan jartzeko gai izango.

Gurasoekiko harremana hotza izan ohi da. Kasu honetan, amarekiko harremanean bada bilakaera bat. Gaixoaldiak okerrera egin ahala, goxoago jokatuko du amarekin.

Bai, baina badira goxotasun gehiago transmititzen duten gaitzak. Alzheimerra da horietako bat. Zahardadea, memoria falta, helduleku falta totala... Kasu horretan, gaixoak besteen beharra du denerako. Minik ez du, sufrimendu fisikorik ere ez du, baina besteen premia du. Erabatekoa. Neurri batean, ume batean bihurtzen da.

Denborarekin bilakaera bitxia emango da. Fidelek ere amaren premia sentituko du. Amari eskainitako tartea, neurri handi batean, bere buruari eskainitakoa baita.

Bai, hasten da bere barnea antolatzen. Eta bere barnea hobeto ulertu nahian, bere sentimenduen kudeaketa normalago bat egiten hasten da. “Ez nauzu entzuten ama, baina ni niretzat ere ari naiz”, nolabait esatearren. Prozesu horretan, memoriarik ez duen baten bidez hasten da memoria bereskuratzen. 

Aldentze baten ondorengo gerturatze bat emango da. Eta horren lekuko izango da irakurlea.

Hori hala da. Nahiz eta esplizituki esanda ez badago ere, liburuan igartzen da. Bi familia ereduen arteko aldea nabaria da. Gerra osteko familia eredu hura eta gure gaurko eredua ezberdinak dira. Gaur egun, erlijioaren sokatik eta legeetatik askatutako harreman batek libreago jokatzeko modua eskaintzen dio bikotearen egiturari.

Lehen, aita edo ama gaixotzen zenean, familiaren barruan kudeatzen zen. Ugariagoa ere bazen familia eta kode erlijioso eta etiko batzuk sartzen ziren jokoan. Orain bakarrik gaude eta, hala eta guztiz ere, egunero argitzen du eta egunero argitze horretan funtzionatu egin behar duzu. Eta egunak ekartzen dizkizun arazoei soluzio bat eman behar diozu zuk zeuk, ez beste norbaitek agintzen dizulako. Orduan, askeagoa zara baina arduratsuagoa ere bazara. Polita da bilakaera hori. Hori nahi genuen. Eta hori bilatu behar dugu gainera. Baina besteenganako dauzkazun ardurak ere integratuz. Askatasun horretan ardurak integratuz.

Aitaren irudia bestelakoa da. Aratza. Zakar jokatu zuen amarekin eta baita semearekin ere. Eta Fidelek ez du ahaztu.

Begira, liburuarekin hasi nintzenean, ez neukan aitarena kalkulatuta. Denok dugu aita bat eta istorioan agertu behar zuen. Narrazioaren logikak horretara eramango ninduela banekien. Baina kalkulatuta ez nuen protagonismo bat hartzen hasi zen. Batzuetan zalantzak sortzen zitzaizkidan. Eta beste batzuetan, nire baitan, utziozu libre eta ea zer ateratzen den.

Aitak bere garapen propioa izan du nobelan. Gero, martxan nindoala, honetaz konturatu nintzen: den dena esplikatu gabe, horrek indarra ematen ziola aitaren figurari. Eta aitaren figurari baino, Fidel semearen koldarkeriari. Semeak aitari ez galdetze horretan marrazten da, neurri handi batean, semearen koldarkeria.

“Itzultzea, azken batean, komunikatzea da

Protagonista nagusia itzultzailea izanik, erreferentzia literarioak egiteko bidea zabalik geratzen da. Joko handia eman dezake.

Baina ez nuen gehiegi kargatu nahi. Itzultzea, azken batean, komunikatzea da. Denok gara itzultzaileak. Hizketan ari garenean ere, besteak zer esaten duen itzultzen ari gara. Fidelek ofizio hori du eta juxtu paradoxa hori ematen da. Arazoak ditu harremanak interpretatzeko.

Gure literaturari begiratuta, kontsiderazio gutxiko langitza da itzultzailearena. Baina bestalde, euskal literaturak ezin du kalitaterik bildu ez bada itzulpenaren bitartez. Itzulpenetan daude erregistroak, hizkerak, euskarak kontatu ezingo lituzkeen munduak… Janisjoplin (Susa) nobelan kontatzen dena, adibidez, gure literaturan eman gabe zegoen eta Uxue Alberdik argitu digu egon bazegoela baina kontatu gabe zegoela. Euskaraz behintzat. Eta besteak beste, horregatik harritu gaitu liburuak. Horrek eta kontatzeko moduak. Baina zenbat eta zenbat errealitate iristen zaizkigu itzulpenaren bidez. Lurralde ezberdinetakoak, zirkunstantzia ezberdinetakoak, mundu ikuskera ezberdinetakoak. Hori dena ezin du hizkuntza bakar batek transmititu. Hizkuntza handienak ere ezin du hori dena jaso, ez bada itzulpenaren bidez. Itzulpenak, hortaz, aberastu egiten gaitu. Gero eta gehiago itzuli, gero eta kalitate handiagoarekin, idazleok eta euskararen sortzaileetako batzuk hor izango dugu ispilu bat gure hizkuntza propioan trebatzeko. Haiek imitutuz, haiek kontuan hartuz.

Galtzailearen papera ondo doakio itzultzaile bati. Oharkabean pasatzen den elementua da. Pentsa, liburu batzuetan kosta egiten da itzultzailearen izenarekin ematea.

Hala da. Eta hain da inportantea. Gaztelaniaz, oraintxe erregularizatu da. Oraintsu arte ez zen azaltzen. Euskaraz ordea, oso garbi dago. Azalean ere ageri da. Gurean badago onarpen moduko bat. Zubilana eskertzen da eta aintzat hartzen da. Baina gaztelaniaz kostatuko zaizu itzultzailearen izena azalean ikustea.

Hizkuntza batetik besterako egokitzapena egiteaz gain, jatorrizko lanaren taupada islatzea eskatzen zaio itzultzaileari. Hori du bere zeregina. Fidelek ordea, bere egunerokoan, lanak izango ditu bere ingurukoen taupadak interpretatzen. Bikotearenak, esate baterako.

Lanak izango ditu bestearen erreakzioak zuzen interpretatzen. Egile bat itzultzen ari denean, bere ahalegin guztia da haren interpretazio justuarekin asmatzea. Baina bikoteak zerbait esaten badio, gaizki ulertu, argitu ez eta gainera isildu egingo da. Itzulpen lanean duen zehaztasun hori falta zaio harreman pertsonaletan.

Marta da beste protagonista. Bere bikotea. Literatura zalea da Marta eta itzulpenak alde batera utzi eta idazle egin dadila erregutuko dio Fideli.

Itzulpenaren gutxiespenaren ordezkaritzat har daiteke; itzulpena dela idazle izateko lehen geltokia. Eta ez dauka zertan. Helmuga ere izan daiteke. Idazle lanekin tartekatu daitekeen ofizioa. Begira, baten bat etorriko balitzait aholku eske –ez dut uste halakorik gertatuko denik–, “itzulpena praktikatu ezazu” esango nioke. Beste begi batzuekin ikusiko duzu testu jakin bat eta hori lagungarri izango zaizu zure sormen lanetarako. Inportantea iruditzen zait hori.

Bada beste detaile bat. Martak ez du literatura aipatzen, nobela aipatzen du.

Gaur egun, nobela da gehien nabarmentzen den generoa.

Hala da. Nahiz eta Horma-ko pasarte batean, itzultzaileen arteko tertulia batean hain zuzen, hori dena erlatibizatu egiten duten. “Garai batean guk genuen arrakasta eta orain kantariek dute”. Hori ere, gero eta gutxiago nik uste, kar, kar, kar.

Orain youtuberrak dira izarrak.

Hala da, bai.

Dena den, Martaren iradokizuna ez da hutsean geratuko. Horma nobela bera da horren emaitza, ezta?

Bai, baina ez da nobela gisa etorri, Fidelen bulkadaren emaitza da Horma. Bere baitatik ateratako zerbait. Gainera, Marta ez dagoenean etorri da bulkada hori.

Anjel03

Trama txatal ezberdinez osatzen da. Protagonisten iraganeko pasarteak, Fidel itzultzailearen koadernoko apunteak, Nornahi-ren inguruko balizko nobela

Hor kontatzen dudana biografikoa da. Nornahi-ren inguruko nobela idazten hasi nintzen. Baina hainbesterakoa zen ezagutzen ez nuena, alde batera utzi behar izan nuela azkenean. Batez ere inportanteena: Donostia laga eta Bartzelonara joaten deneko tarte hori guztia ezezaguna zaigu.

Ignasia Zabalo, Nornahi ezizena erabiltzen zuen marrazkilaria, ez da asmatutakoa. Bere istorioa erreala da orduan?

John Zabalo Txiki marrazkilariaren arreba izan zen. (36ko gerran) Anarkista batekin Bartzelonara joan ote zen susmoa dago baina ez dakigu zehatz mehatz hala izan ote zen. Hori gabe, nola aurrera egin? Zailtasunak eta kezka deontologikoak sortzen zitzaizkidan. Idazle bezala zenbateraino egin nezakeen aurrera, fundamentalena asmatu egin behar nuenean. Garrantzitsuena ezagutzen baduzu, hori fikzionatzea beste kontu bat da.

Fidelek aipatuko du hainbat folio daudela idatzia.

Bai, eta hala da. Eta benetan dago hor nobela bat!

Fidelek bezala, zuk ere gogotsu ekin al zenion Nornahi nobelaren idazketari?

Bai, baina aipatu dudan bezala, zalantza asko sortu zitzaizkidan. Joxean Muńozekin izandako solasaldia ere erreala da. John Zabaloren marrazkigintzari buruzko lan bat egina duelako Muńozek.

Lan aldetik bolada txarra pasatzen ari da Fidel. Prekarietatea ere agerian geratzen da. Baita Marta erizainaren kasuan ere.

Belaunaldi baten argazki bat da, hein batean. Ekintzaileak eta abar aipatzen dira baina ehuneko ia ehuna beste erralitate bat bizitzen ari da. Orain gutxi arte ematen ez zen egoera bat orokortu da. Edozein alor hartzen duena, gainera. 35 urterekin zein ez da ibili, asko eta asko behintzat bai, prekarietate horretan. Aldi berean lan eta txapuza askotan, lan finkorik gabe. Eta lan finko batean zaudenean, oposizio baten atzetik beste oposizio bat prestatzen. Lan bat daukazu baina oposizio batzuk prestatu behar dituzu lanpostu horretan geratzeko. Horretarako sei edo zortzi hilabete hartu behar dituzu libre, azterketak ondo prestatu ahal izateko. Horrek esan nahi du jada zulo bat egiten ari zarela, eta segi eta segi soka horretan. Hau dena lanbide prestigiatuenetan ere ematen da. Medikuen kasuan ere, adibidez.

Hitz egin dezagun nobelaren tonuaz. Horma paretaren baliokide da, baina izotza edo jelaren adierazle ere izan daiteke. Tonua ere halakoxea da, hotz samarra.

Bukaera arte. Titulua oso argi nuen hasieratik eta tituluak markatu behar zuen nobelaren tonua. Komunikazio falta ere hoztasunarekin lotzen dugu eta eta metaforak ondo funtzionatzen du kasu honetan. Orain arazoa dator itzultzerakoan. Nola itzuli horma? Pared? Hielo? Ez bata eta ez bestea. Itzultzaileak ez dakit nola konponduko duen hori, baina bi esanahiak jasotzeko garaian euskarak badu abantaila hori.

Martarekin mintzo denean, beste bat da tonua. Normala ere bada. Amarekin edo bikotearekin, ez duzu modu berean hitz egiten.

Atmosfera ezberdinak daude. Fidelen doinua ezberdina da lagunekin dagoenean edo neskarekin dagoenean. Atmosferak ezberdinak dira eta kolore edota usain ezberdina dauka ingurune bakoitzak. Saiatu naiz zirkunstantzia bakoitzari tonu ezberdin bat ematen.

Montale

Eugenio Montaleren poesia eta bere ekarria

Nobelaren hasieran, Eugenio Montaleren lehen poesia liburua aipatzen da: Txibien hezurrak. Munduko Poesia Kaierak bilduman, Montaleren antologia zuk zeuk itzuli zenuen. Itzulpen lan honekin piztu al zitzaizun Horma idazteko grina?

Montaleren itzulpenak ez zuen Horma nobela ekarri baina itzulpenak egin dio nolabaiteko ekarria nobelari. Ekarri horretan, nagusiki tonua dago.

Eugenio Montalek baditu memoriaz eta oroimenaz poema esanguratsuak. “Oroimenaren errepertorioa higatua dago, eten puntuekin iristen zaigu”, hala dio Errepertorioa izeneko poeman.

Montalek Alejandro Amenabarren Los Otros pelikularen antzeko jokoa egiten du bere poemetan. Montale bere maitaleen inguruan ari denean, bizitza errealean kokatzen ditu. Bizirik baleude bezala tratatzen ditu. Gero jakingo dugu hilda edo desagertuta dagoen bati buruz ari dela. Horman ere bada antzeko jokorik. Amarekin harremanetan dagoenenean, pare bat alditan aipatzen dio Fidelek, “hildako baten modukoa zara baina ez zaude hilda”.

Fidelen pertsonaia eraikitzeko garaian, Montale itzultzea lagungarri egingo zitzaizun akaso.

Pentsatzen dut baietz. Lehenago ere bestelako lanak itzulita nengoen. Juan Kruz Igerabiderekin batera Apuleioren urrezko astoa itzuli genuen latinetik. Eta gaztetan ere egin nituen antzeko beste lan batzuk. Baina Montale itzuli nuenean, lehen aldiz sentitu nuen itzulpenaren mekanismoak bereganatu nituela.

Ez zen lan erraza izango. Denbora eskatuko zuen.

Denbora dezente eman nuen horretan, bai. Diziplina handiarekin aritu nintzen eta poema batzuekin denbora asko eman nuen.

"Itzultzailea nabarmentzen ez bada nolabait, ez dio testuari mesede egiten"

Demagun ehun urte barru (2017) liburua zuk koordinatu zenuen. Itzulpengintzari buruzko hausnarketa interesgarri ugari dago bertan. Miguel Saezena, esate baterako. Koro Navarrok itzulia, bide batez esanda. “Zentzugabea iruditzen zait itzultzailearen ikusezintasunaz aritzea. Itzultzailea ezin da ikusesina izan, zeren nahita edo nahi gabe, itzulitakoan bere arrastoa utziko baitu, bere arrastoak utziko ditu. Ez dago partituraren aurrean desagertzen den musika-interpreterik. Nortasunik ez baldin badu, bere nortasun-falta besterik ez du islatuko”.

Egia da. Itzultzailea nabarmentzen ez bada nolabait, ez dio testuari mesede egiten. Eta nabarmentzeko modu bat da kalitatearen bitartez. Kalitate guztiak ezberdinak dira, zorionez. Eta bestela, testu guztiak berdindu egiten dira, ez dute nortasunik. Berdin dio nortasun hori anonimoa den edo ez. Azalean agertzen den edo ez. Denok soportatu dugu urtetan eta urtetan, gaztelaniara itzulitako hainbat nobeletan. Askotan hizkera bera erabili baita. Berdindu egiten zen kalitate faltan. Oso azkar itzuli zirelako. Gramatikalki zuzen zeuden, baina arimarik gabeak ziren. Originalek bazuten galga estetiko bat, baina itzulpen denek berdin funtzionatzen zuten. Berdin idazle batekin zein bestearekin. Zorionez, horrelakoak gero eta gutxiago dira. Hor ere exigentzia maila bat etorri da.

Azken galdera bat. Itzultzaileek irakurri al dute Horma? Eta iritziren bat iritsi al zaizu?

Oraindik ez, kar, kar, kar. Nire itzultzailearenak bakarrik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)