Elkarrizketak

Antton Olariaga: “Itzal zaunka (Elkar) atzekoz aurrera egindako lana izan da”

Gidoigarriak marraztu eta marrazkigarriak gidoitzen dituen artistaOstirala, 2017-09-08

Zakilixut tira komikoari lotuta egongo da betiko. Baina bere ibilbidea askoz oparoagoa da. Jexuxmai Lopetegi musikariarekin eta Harkaitz Cano idazlearekin batera, Itzal zaunka (Elkar) CD-liburua osatu du. Lan kolektibo honek oholtzarako bidea hartu du ondoren. “Desafioa korapilatzen joan da baina oso apasionantea izan da”, marrazkilariak adierazi digunez. “Oso ondo pasa dut eta asko ikasi dut”.

Antton Olariaga: “Itzal zaunka (Elkar) atzekoz aurrera egindako lana izan da”

Oker ez badugu ulertu, argitalpen honetan zuk eman zenuen lehen urratsa.

Atzekoz aurrera egindako lana izan da. Eta aldian behin, gauzak atzekoz aurrera egin behar dira. Bazkari baten bueltan, hizketan ari ginela, ez dakit nola musikaren gaia atera zen. Jexuxmairi adarra jo asmoz, zera esan nion: hi musikoa? Musikoa da film bati soinu banda ipintzen diona. Hori da musikoa. Besteekin elkarlanean, irudiak girotuz. “Bai zera!”, erantzun zidan Jexuxmaik. Gauza bat egingo diagu, bota nion. Nik 50 marrazki ekarriko dizkiat. Hiri erakutsi gabe Harkaitzi pasako zizkioat. Ze potrotaino nagok idazleak idatzi eta gu beraien esklabu izateaz. Orain alderantziz egingo diagu. Nik irudiak ipini eta ondoren Harkaitzek idatzi dezala nahi duena. Gero hiregana joango duk eta hik soinu banda ipiniko diok.

Hortaz, lehenbizi marrazkiak egin zenituen eta marrazki horiei erreparatuz idatzi zuen gero Harkaitzek liburuko narrazioa.

Hori da. Istorio motz bat kontatu nahi nuen, eta zakur bat hartu nuen protagonista. Abiapuntua baino ez nion ipini. Ez nekien Harkaitzek nondik joko zuen.

Hori liburu grafikoari dagokionez. Baina Itzal zaunka CD batekin osatzen da.

Ezustean, Harkaitzek kantuen hitzak idatzi zituen, liburutik aparte. Istorioan sartu-atera egiten diren kantuak dira. Liburuak bere nortasuna du baina kantuek ere bere nortasuna dute. Dena den, oso modu jakintsuan daude lotuta biak.

Corpus propioa du osagai bakoitzak.

Testua gehiago gozatzen da kantuekin, eta alderantziz. Lana kaiera baten gisa planteatu nuen. Bai formatu aldetik eta baita diseinu aldetik ere. Bidaiatxo baten kontakizuna da, hitzez, irudiz eta kantuz azaldua.

Emanaldiarekin batera, laugarren osagai bat etorri da. Kantu batzuen bideoklipak egin ditugu eta ikuskizunean integratu ditugu. Emanaldietan, Jexuxmai Lopetegi eta Noizbehinka taldeak soinu banda ipintzen diete bideoei. Kantu guztiek ez dute bere bideoklipa. Eta kasu horietan, ni agertzen naiz pantailan marrazten. Iban del Campok filmatu zigun, tempo errealean grabatu ere. Ez dago postprodukziorik. Kamara zenital batekin fimatuta dago. Desafioa korapilatzen joan da baina oso apasionantea izan da. Oso ondo pasa dut eta asko ikasi dut.

 Zuzeneko saioetan, beraz, ez zara oholtza gainean agertzen baizik eta bideotan.

Pantailan ni eta Lorena Martinez agertzen gara marrazten, lau eskuetara.

Liburura itzuli gaitezen. Teknika ezberdinak uztartu dituzu. Liburuko marrazkiak arkatzez eginak daude; kontrazal barruko irudiak eta CDkoak aldiz, akuarelan.

Autonomia estetiko batzuk bilatu ditut, jendea ez nahasteko.

Hitzekin ere lan egitera ohituta zaude. Honakoan, Harkaitz Canok bete du funtzio hori. Eroso sentitu al zara?

Oso! Harkaitzekin bizkarra oso ondo zainduta nuelako. Pozik nago batez ere joan etorri horiekin: Harkaitz Canok “irudi hau sobran zagok” esan eta hortik bion artean sortzen zen eztabaidarekin. Elkarlanean joan da Itzal Zaunka liburuko istorioa indartzen, eta liburuaren iruditeria borobiltzen.

"Erakusketek sukaldeko lana azaltzeko balio behar dute" 

AnttonOlariaga06

Iaz, Parrapean Komiki Egunak jardunaldietan omendua izan zinen. Zure ibilbidea errepasatzen zuen “Marra eta hitza” erakusketa paratu zuten Bilboko Begoñako liburutegian. Urte hasieran, erakusketa hori bera Donostiako Komikigunean egon zen ikusgai. Ilustratzaileen Txokoan ere izan zara aurretik. Atzera begiratzeko denbora hartzen al duzu?

Ez zait batere gustatzen. Ez dut erretrobisoreari begiratzeko ohiturarik. Maiz esaten da: “atzera pauso bat eman, karrerila hartzeko eta salto bat emateko gero”. Atletismoko doping mentala da hori. Dena den, behar denean bai, begiratzen duzu atzera.

Komikigunekoa adibidez, oso polita izan zen. Komiki-materiala eta ilustrazio-materiala ipini zutelako. Originalak ekartzeko eskatu zidaten eta halaxe egin nuen. Bisita gidatu bat egin nuen neronek. Koldo Izagirrerekin hitzaldi bat eskaini nuen gero… Ez nengoen ados ekarri nituen gauza guztiekin. Zaharrekin, bereziki. Argizaria erabili izan dut adibidez eta ez dut oso gustuko. Baina erakusketek sukaldeko lana azaltzeko balio behar dute. Material ezberdinarekin aritu zarela erakusteko balio du.

Komikiak ez ez ezik, ilustrazioak ere ipini zenituen ikusgai.

Askotan, komikietako hizkuntza erabiltzen dut ilustrazioetan. Niretzat paperezko pelikula baten modukoa da komikia. Sekuentzia bakoitzean edo plano bakoitzean zerbait gertatu behar du. Horregatik, Komikiguneko erakusketan gozatu egin nuen, jendeari sukaldeko lan hori azaltzeko aukera izan nuelako.

Zakilixutek 40 urte beteko ditu laster

Irailean, San Miguel egunean, 40 urte beteko ditu Zakilixutek. Azalpen handirik behar ez duen pertsonaia da. Euskal imaginario kolektiboan txoko propioa lortu duelako.

Egunerokoak dakarren loturari ez dio beldurrik. “Koadernoa ideiez beteta daukat”, halaxe azaldu digu Olariagak. “Bihar zer egingo duk? Ba al dakik? Askotan galdetu didate. Ez dut kezkarik. Ideia asko ditut”. Eta iturria amaigabea da. “Hernanitik Donostiara autobusean etortzearekin nahikoa duzu; segapotoarekin aldamenekoak dituen elkarrizketak entzutearekin”. Kalea ere, pizgarri handia da marrazkilariarentzat. “Nahikoa da kafetegian eseri eta paisaia humanoari begiratzearekin”.

Aurreko batean, aitonak ondo margotzen dituela aipatu zion Mitxel Muruak. Situazioa ere marraztu zion: “aiton batek besteari esaten dio, urteak aurrera bai, baina gero eta baldintzatuago, eta gero eta kondizio gutxiagorekin”. Tira komikoa berez dator. “Esaldi horrek joko asko eman dezake”, Antton Olariagak zehaztu digunez. “Dozena erdi bat egin daitezke baldintza eta kondizioaren arteko borroka horrekin”.

Egunero ematen dio bizitza Zakilixuti. Baina lan gehiagotan ere ibiltzen da. Ilustrazioak, diseinu lanak, posterrak... Asko dira egin (eta egiten) dituen lanak. Itzal zaunka da (Elkar) horren lekuko.

NOAUA! aldizkarian ere eman da elkarrizketa hau argitara. Argazkiak: NOAUA, Komikigunea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)