Elkarrizketak

Aritz Gorrotxategirekin solasean

Lev Tolstoi eta Zer da artea? liburua izan ditugu mintzagaiOstirala, 2013-09-20

Lev Tolstoiren Zer da artea? liburua kaleratu zuen Meettok argitaletxeak uda aurretik. Aritz Gorrotxategiren esku egon dira itzulpena, hitzaurrea eta liburua laguntzen duen solasaldiaren koordinazioa: “Tolstoi abiapuntu, kulturaz solasean: Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano eta Andoni Egaña”. Elkarrizketa honetan Gorrotxategirekin egin dugu solas liburuaz, arteaz, Tolstoiren ideien gaurkotasunaz.

Aritz Gorrotxategirekin solasean

Harkaitz Cano eta Aritz Gorrotxategi liburuaren aurkezpenean.

Edizio honen egituratzea

Ez ohiko formatua du atondu duzun liburuak: hitzaldia, zati hautatuen itzulpena, solasaldia. Zergatik hiru atal berezitu horiek, testu nagusiaz gain besteen beharra zenuen liburua kokatu edo osatzeko?

Editoreak eta biok ikusten genuen Tolstoiren saiakera testuinguruan kokatu behar genuela, galdera hura (Zer da artea?) nondik zetorren, zein baldintzetan egin zen, eta gaur egun zer zentzu zuen nabarmentzeko.

'Bio Tolstoi?' izeneko hitzaurrean azaldu duzunez, bi etapa nagusi bereiz litezke Tolstoiren bilakaeran, krisi sakon bat izan zuelarik tartean: existentzialismotik erlijiora egin zuen bidea, artearen eta bizimoduaren alderdi moralean murgilduz. Nola uler liteke? Autokritika? Eboluzioa? Damua? Existentzialismoa muturrera eramatearen ezusteko ondorioa?

Funtsean kutsu existentzialista duten galderak daude guztiaren atzean: zer zentzu dauka honek guztiak? Zertarako bizitza? Zer egin nire bizitzarekin bihar edo etzi hilko banaiz? Ez ote gara banitatea baizik? Tolstoik zorrotz hartu zuen kezka hura, txorakeriak alde batera utzita.

'Bi Tolstoi?' titulatu duzu hitzaurrea. Zure ustez, bat eta bakarra dira, nola interpretatuko zenuke bi etapa horien arteko trantsizioa?

Trantsizioa baino, krisi sakon bat dago. Eta krisiaren ostean, Tolstoik moralari erreparatuko dio literaturari baino gehiago. Baina krisi osteko kezka horiek bazeuden jada hasierako Tolstoi hartan, Gerra eta bakea eta Ana Karenina idatzi zituen hartan. Horren lekuko dira, besteak beste, Bezújov eta Levin pertsonaiak. Krisiaren ostean, Tolstoik behar zuen ausardia bildu zuen benetan izan nahi zuen hura izateko.

Tolstoik aldaketa horren eraginez idatzi omen zuen Zer da artea?. Funtsean, bilaketa moralaren ondorioz, arteari funtzio sozial eta zabalagoa ematea nahi zuen (moralaren argitan) esklusibismotik atereaz?

Hala da. Gizarte hobeago bat zuen helburu, senidetuagoa. Arteak senidetze bide horretan egiteko garrantzitsua zuela ohartu zen, eta bere garaiko artea (gaurkoa, zer esanik ez!) ideia horretatik aski urruntzen hasia zela jabetu zen, gizakiak gero eta gehiago banandu eta isolatzen zituela.

Itzulpen lanean nola egituratu duzu zatien hautaketa, zentzu horretan zer alde du bertsio honek originalarekin?

Hautaketa laburpen moduko bat da. Hitzaurrean bertan azaltzen den bezala, jatorrizko testuarekin ahalik eta koherentzia handiena mantentzen saiatu naiz. Funtsean, ideia nagusiak biltzen saiatu naiz. Badira beste kontu batzuk liburuan ere, baina galdera nagusitik urruntzen zirenez, bertan behera utzi nituen. Dena dela, hautaketak irakurlea bertsio osora eramateko balio badu, ni pozik.

Solasaldia arratsalde luze batez egin omen zenuten: Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Andoni Egaña, zu zeu; nolakoa izan zen hitzordu hura, nolakoa moderazio lana?

Atsegina izan zen, benetako solasaldi bat. Ez zen batere behartua izan, eta ez nuen tiraka ibili beharrik izan. Justu kontrakoa, honetaz eta hartaz aritu baikinen, patxadaz.

Solasaldian esandakoen edizio lan handia egin behar izan zenuen ostera?

Ez hain handia. Gehienbat esandakoak laburtu ditut, eta solasaldiari batasun bat ematen saiatu naiz.

Zer da artea?

Garai historikoak asko aldatu dira, artea kasu askotan kontsumogai bilakatu da (nahiz eta egon badauden oraindik esklusibismo ugariak). Zein neurritan izan daitezke beraz, egungo artearen testuinguruan, Tolstoiren hitzak gogoetagai?

Arteaz dugun iritzia kolokan jarri eta gogoetara garamatzan neurrian, oso baliagarriak dira Tolstoiren hitzak. Nietzschek jainkoa hil zela esan zuenean, ez zen jainkoaz bakarrik ari, mendebaldean nagusi izan zen pentsamoldeaz baizik. Artea zer den oso garbi dugula uste dugu denok, baina agian ez dago hain garbi. Gauzak hain garbi ez daudela ikusten laguntzen digu Tolstoik.

Artea zerbait bada, sentimendu baten adierazpena da, eta sentimendu bat ez da esplikatzen, bizi egiten da. Ikusle edota entzuleak bizi izan dituen sentimendu berberekin kutsatzen diren une beretik, arteaz hitz egin dezakegu. Artelan bat izan daiteke poetikoa, harrigarria, entretenigarria..., baina ezaugarri horiek guztiek ezin dute artearen ezaugarri nagusia ordezkatu: artistak bizi izandako sentimendua. Gainerakoa, efektuak besterik ez dira”. Artearen funtsaren bilaketa batzuetan ez du artistak bilakatzen esklusibo, haren lanaren erabilerak baizik, gizarteko eragile batzuek eta askotan geuk hartzaileok onartzen diegun estatusak... Jatorrian 'benetakoa' den artea ez ote da, eman zaion erabilera edo estatusaren ondorioz, Tolstoiren parametroetan 'faltsu' bilakatzen?

Sentimendu baten transmisioa ez den neurrian, bai bihurtzen da faltsu. Baina definitu zer den sentimendu bat… Eta bereizten hasi sentimendua eta sentsazioa… Akaso, sentsazioa epidermikoa da, azalekoa. Sentimendua, ez. Zergatik da Shakespeare garrantzitsua, benetan hala delako ala hala dela sinetsarazi digutelako? Zergatik ez jarri maila berean Shakespeare Messi eta Arzac? Eman argudio arrazional bat. Artea arrazoiaren bidez epaitzea lan zaila da. Eta gizakiok ezin gara epaitu gabe bizi.

Edertasunaren kritika batekin egin dugu topo liburuan, Tolstoiren testuinguru historikoan estetikaren ideia bati eta goi mailako eragileen arteari buruzko ulermenari mugatua den heinean. Baina edertasuna izan daiteke iluna, izan daiteke ez guztiz ulergarria eta era berean hunkitzeko (komunikatzeko) gai dena, hartzailea aktibatzen duen hunkidura. Zentzu horretan, edertasunaren inguruko gaia egungo begietatik berrikusi beharreko kontzeptuetako bat izan liteke?

Edo iluntasun horretan edertasuna ikustea artifizioari zor diogu agian. Tolstoik dio Baudelairek nahiago zuela emakume baten aurpegi margotua haren berezko aurpegia baino; metalezko zuhaitzak eta uraren metalezko simulakro bat horien benetako erreferenteak baino. Agian, hezi egin gaituzte iluntasunaren edertasun horretara, ohitu egin gara hartara. Eta ohituragatik diogu ederra dela, baina zer da edertasuna? Gauza asko onartu ditugu zergatik onartu ditugun pentsatzera geratu gabe.

Gizakiak batzea behar luke arteak helburu, senidetasuna”. Egungo begietatik komunikatzea litzateke funtsean, efektismotik harago zer edo zer propioa sortzea hartzailearengan? Edo, artearen bitartez bizikidetza espazio komunak sortzea?

Tolstoi denok sinatzeko moduko oinarri bat ezarri nahian dabil: edozein arteren esentzia gizakiak batzea da. Senidetasuna, alegia. Horixe gizakion espazio komuna. Ez bada hori bilatzen ez da benetako artea, denbora-pasa baizik. Komunikatzea, bai, baina zer? Informazioa eta jakinduria ez dira gauza bera, biak nahastera heldu bagara ere. Informazioa ogia bezalakoa da, egunero behar dugu, baina egun batetik bestera gogorra geratzen da. Arrastoa uzten duen komunikazioa, funtsezko galderei erantzuten diena. Existentzialistak eta emozionalak. Informatuegiak gaude, baina zertarako balio digu horrek?

Ideia batzuen inguruan berehalakoa da gaurkoarekin egiten ahal den lotura:

Gure gizartean badira artelan faltsuen ekoizpenean laguntzen duten hiru baldintza: 1) artistek beren obrengatik jasotzen duten ordainsari itzela, eta horren ondorioz artista profesionalaren finkatzea; 2) arte-kritika; eta 3) arte-eskolak”.

Baina era berean, zaila da egun modu orokorrean eramatea errealitatera ideia horiek: aniztu egin da kulturgintza, gertatu dira ehunka korronte, milaka ekintza eta kontraekintza kultural, esklusibismoekin elkarbizitzan langile ikuspegi batetik ere aldatu egin da sortzailearen egoera, ordainsari itzelak batzuetan gertatzen da baina gehienetan ez... modu asko daude egun artea bizitzeko, eta ez dago modu horiek era sinple batean sailkatzerik. Zer litzateke beraz, gaur egun, arte faltsua?

Elkarrengandik urruntzen eta banantzen gaituena litzateke faltsua. Artea sentitu egin behar da. Tolstoiren ustez, azalpenak soberan daude. Artea sentitzen dugu edo ez. Azalpenek ezin dute sentimendua osatu edo ordezkatu. Agian, ikuspegi muturrekoegia da, baina gaur egun artearen alorrean ikusten ditugun xelebrekeriak ikusita, ez dago soberan gure buruari galdetzea: eta hori, zer? Zer arraio da hori? Zer esaten dit, zer pizten? Ez badigu sentimendurik pizten norena da "errua", errua norbaitena izatekotan, artistarena ala ikuslearena? Chillida eta Oteiza gureak sentitzen ditugu, baina berez sentitzen ditugu gureak edo haien obraz dakigunak eragiten digu sentimendu hori? Zer sentituko genuke haien obrak ikusi eta japoniar batenak direla esango baligute? Gauza berbera sentituko al genuke? Sentimendua ere bidera daiteke, zer sentitu irakasteraino. Gizaki sentimentalki aurreikusgarriak izateko. Ez da erraza, baina oso argigarria da era horretako gogoetetan murgiltzea, gauzak zalantzan jartzea, hutsetik hastea. Gauzak zergatik diren diren bezalakoak aztertzea.

Zenbat lur behar ditu gizon batek? kaleratu zuen 2011an Denonartean-ek. Zure ustez, klasikoei zor zaien ezagutzaz harago, funtsean zertan izan daiteke erakargarri egungo irakurlearentzat Tolstoiren lana?

Gaurko irakurleari Tolstoiren lana erakargarria izan daitekeela azaldu behar izatea, berez da frakasoa. Frakaso hori onartuta, esan dezadan gizakiaren galdera funtsezkoei zintzotasunez eta ausardiaz erantzuten diela. Eta prosa zoragarria duela, argia eta sakona.

Albiste honen uberan:

Liburuaren aurkezpenari buruz

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)