Elkarrizketak

Asier Serrano eta 'Desterratuen piztiarioa'

Lorelei taldearen itzulera prestatzen dabil egun Osteguna, 2011-09-15

Asier Serranok Desterratuen piztiarioa poesia liburua kaleratu du Alberdania argitaletxearen eskutik, Irun hiria saria jaso ondoren. Hiri gorritik (Elkar, 2010) liburua Bada hiri gorri bati (Elkar-Kaiero, 1997) emandako erantzuna bazen, Desterratuen piztiarioa (Alberdania, 2011) hiri gorriaren iruditerian sakontzeko aukera.

Asier Serrano eta


Bizitza madarikazioka hartzen duzuen horiek,
ez al dakizue haur jaioberri bat ari dela
izu negarretan
zuen madarikazioak madarikatzen?

Asier Serrano, Desterratuen piztiarioa.

Bere mundu literarioa kokatzen joan da Asier Serrano Erlojugilea (Txalaparta, 2009) idatzi zuenetik. Mundu horren testuinguruan daude azken poesia liburuak eta, beste genero batzuk landuta ere, bide hori jarraitzeko gogoz dago. Epe laburrera musikagintzan ere izango du islarik mundu horrek: Lorelei taldea berreskuratzeko lanean dabil orain, besteak beste Mikel Gorosabel 'Norton'ekin batera; hiri gorrira sartzeko (edo handik ihes egiteko) zeharbideak izango dira Loreleirenak ere.

Hiri gorritik eta gutxira kaleratu da Desterratuen piztiarioa. Lehena kaleratu berritan aipatu zenuen ahots poetikoa ez zela isildu. Zein neurritan dute lotura bi liburuek?

Lehenik eta behin Bada hiri gorri bat hiri gorri horren, utopia horren bilaketa zen. Hiri gorritik berriz hiri gorri horren aurkikuntza, eta halako batean neure burua hiri gorri horretan kondenatua sentitzea. Erlojugilearekin nire mundu literario hori, nolabaiteko irla hori, kokatzen hasi nintzen. Nire asmoa horrekin jarraitzea izan da, oso gustura sentitzen nintzelako poesiarekin. Hiri gorriaren inguruan sortzen joan naizen mundu literarioa zabaltzen doa, Erlojugileak erakutsi zidan estatu edo herrialde batean kokatzen nire sorkuntza lanak, eta estatu horrek badauka hiri bat.

Erlojugilea nobela zen, azkenaldian poesian izan du segida mundu literario horrek.

Poesiak neure mundu literarioarekin eguneroko errealitatea ezkutatzeko eta ordenatzeko aukera ematen dit. Nire amesgaiztoen interpretazioak emateko era bat ere bada. Liburu berriarekin hiri gorrian bizitzera kondenatuta dauden horiei bide bat erakustea bilatu dut. Horregatik badira hiri gorri horretan kokatzen diren istorio batzuk, baina bada ihes egiteko nahi bat ere: hiri gorri horretatik ateratzeko nahia utopia berriak bilatzeko, batzuetan norberak aukeratzen dituelako bere desterruak. Desterruan egon daudenei ere bizia eman nahi izan diet nolabait. Horrekin batera desterratuen barnean bizi den piztia edo totem horri bide eman nahi izan diot, bidaide izan ohi dugun gure barne ahotsari forma emanez.

Formari dagokionez aldaketarik bada azken bi liburu hauen artean?

Nire saiakera poesian ipuingintzara edo ipuin laburretara gehiago gerturatuko den estetika bat bilatzea izan da, hau da, poemaren egiturak berak edo hizkuntzak berak ez ditzala zailtasunak eman. Nik uste dut estilo aldetik ez dagoela aurrekoarekiko, gauzak ahalik eta errazen esplikatzeko beste ahalegin bat da bertan dagoena. Nire lana poesian hori da, nik daukadan iruditeria hori ahalik eta erarik unibertsalenean ematea, nahiz eta surrealista izan. Irakurleak jaso dezala mundu inperfektu hori, anabasa hori, arrotza izan gabe. Uste dut lortu dudala edo lortzen ari naizela gustura sentiarazten nauen poesia mota bat, ipuin laburretara asko gerturatzen den estilo horrekin. Gune batean kokatu poemak baina haren deskribapena ez dadila izan debaldekoa. Azkeneko esaldian irakurlea harritzearen prozesu hori gustatzen zait. Badago nigan poesiarekin adiskidantza bat, gero eta atseginago egiten zaidan generoa da. Nobelagintzak gauzak sakonean aztertzen lagundu zidan, poesiak berriz interesatzen zaizkidan ideiak testuinguru txikiago batean ateratzen.

Hiri gorritik liburuan eta Desterratuen piztiarioan bada irudiak zerrendatzeko, irakurlea haiekin bonbardatzeko joera. Hiri gorritiken kasuan ingurura beha egotetik datorren irudi bonbardaketa bat izan daiteke, kasu honetan paisaiak barruragokoak dira?

Batetik nik esango nuke Desterratuen piztiarioa badela Hiri gorritik horretatik sobratutako irudien multzoa, edo hiriaren mapa horretan agertzen ez diren kale horien berrinterpretazio bat. Kale haietara abiatu naiz bertatik aldirietarako biderik badagoen eta bertatik ihes egin daitekeen ikusteko. Nik esango nuke liburu honetan irudiak baino gehiago objektuak sartzen ditudala. Hiri gorritik-en gelak azaltzen ziren gehiago, hemen gela horietako objektuak. Jarraitzen nauen irakurleak badaki iruditeria horretan nagoela, nik esango nuke berrikuntza handirik ez dakarrela liburu honek ez bada zabalagoa dela. Nik uste dut hemen badagoela saiakera bat barrualdetik kanpoaldera begiratzeko, nahiz eta irudi asko oraindik urbanoak izan ez da arraroa hemen zuhaitz bat, laku bat edo naturarekin lotuago dauden gauzaren bat aurkitzea.

Nolabaiteko piztia edo totem-en halako katalogoa osatu duzu liburuan. Nola osatu duzu hori?

Nahiko piztia urbanoak dira hemen azaltzen direnak, haietako asko asmatu egin ditut. Hasieratik oso argi neukan piztien sinbologia horrek gidatuko zuela liburuaren haria, poesiek behar zuten zubi hori izango zirela. Norberaren historia kontatzeko nik uste dut askotan asmatu behar ditugula beste ahots batzuk, eta hortik dator piztiaren sorrera hori. Hemen agertzen diren pertsonaiak desdoblatu egiten dira, gaizkia eta onaren arteko ezberdintasuna egin beharrean hemen gizakia eta bere nahiak azaltzen dira, nahiak eta kondenak kasu batzuetan. Azken finean nola laguntzen dion gizakiari bere totemak, banatu ezin duen bere bigarren ni horrek.

Bigarren ni horrek basa puntu bat azaleratzen du, animalia arrazionala, era berean senari jarraitzen diona...

Hemen azaltzen dena da desterratuek daukaten erreprimitutako ahots hori, hura erreprimitzera behartzen gaituen gizarte baten isla da. Bertako poema asko oso gordinak dira, piztia horiek isildutako ahotsa azalerazteko balio dute. Ez zaigu okurritzen, nahiz eta jakin, ahots horrek beste bide zabalago batzuetara eraman gaitzakeenik, asmatu behar izaten ditugu bigarren ni edo piztia horiek, behar ditugu. Alkoholaren beharrean beste egia batzuk esan daitezke bikoizte horren laguntzaz, azken finean defentsa bat ere bada. Askotan hemen azaltzen da desterratuak nahi duena, ez nintzen ni hori izan nire piztia izan zen, nire izate irrazionala baina berez arrazionala dena.

Hiri gorritik ihes egitea zein neurritan da modu behartuan ala aukeratuan, zein neurritan da matxinatzea ala halabeharra?

Hemen ez dago nire irakurleari arrotz egingo zaionik pertsonaiarik, betiko putak, betiko pailazo tristeak, betiko aingeruak azaltzen dira. Azken finean gizarteak galtzailetzat hartzen dituen horietaz ari naiz. Haien ihesa askotan behartua da gizarteak behartzen duelako, hemen azaltzen dena aukera bat da. Gizarteak behartutako desterruak eta baita beste era batekoak ere, norberaren askatasunaren alde hartzen den desterrua. Nahiz eta hirian bertan fisikoki bizi behar izan, norberaren bizitza egin, pisu bat inorekin ez konpartitu, eguneroko martxatik jaisteko nahi hori... hippismo krudel bat ere azaltzen da hemen, hau da, gizarteak markatzen duen erritmora ibili nahi ez bat. Poema guztietan dago ihes egiteko aukera bat, desterru hori aukeratua izateko. Hemen planteatzen den gordintasuna biktimismoarekin jolastetik dator: nik ezin dut hemendik ihes egin beraz ezin dut aske izan... ba ez, barkatu, aske izan zaitezke baina beste bide batzuen bitartez.

Ez da sekula erraza izan poesia jendearengana iritsaraztea, zu zeu ibili zara kantaldietan, errezitaldietan... oraingo honetan lehiaketa baten bidetik zabaldu dira poemak, argitaletxe batek plazaratzea bere gain hartu duelarik.

Nire kasuan zorionekoa naiz poesia kaleratu dezakedalako beste bide batzuetatik, argitaletxeen ohiko bidetik, oraingoz behintzat bai. Gertatu zitzaidan berriro ere erdi maitemindu egin nintzela poesiarekin eta Hiri gorritik bukatuta geratzen zitzaidan eguneroko ariketa horrekin. Iazko udan bukatu nuen Desterratuaren piztiarioa, oraindik Hiri gorritik kaleratu gabe zegoen eta edizioa etetekotan egon nintzen hau ere sartzeko. Baina era berean ikusten nuen bere bidea egingo zuela Hiri gorritikek, niretzat zentzurik gabekoa zen uda bukatu eta hura kalean egon aurretik beste lan bat ematea argitaletxeari. Itxoitea ere ez zait sekula gustatu izan, nahiago izaten dut gauza batekin bukatu eta beste batekin segi ahaztu baino lehen. Sari honen berri izan nuen, lehen aldia zen aurkezten nintzela. Nik sariei eskatu izan diedana edizio txukun batean plazaratzea da, edo behintzat banketxeen edo antolatzaileen sotoetan ez geratzea kaxetan sartuta. Alberdaniak aterako zuela jakiteak aurkeztera animatu ninduen. Beste alde batetik, nahiz eta friboloa iruditu, bazegoen diru horren beharra edo gosea ere. Batzuek prestigioari eman nahi izaten diote balioa, garrantzitsuena ez dela dirua... Lana baloratua izatea ere bada, noski, nahiz eta jakin epaimahaikoen epaia beti dela subjektiboa eta oso pertsonala. Nik uste dut idazle guztiok eskatzen dugula nolabaiteko feed-backa, irakurlearen sentsazioa baino gehiago iritzia. Nahiz eta kritika gordin bat egin nire lan bati beti eskatu izan dut iritzia, azken finean ni sortzaile banaiz ikasteko baita, aurretik egin ditudan akatsekin elikatzen dut hurrengo lana.

Isildu da, oraingoz, ahots poetikoa?

Ohitu naiz poesiarekin gustura bizitzen, presiorik gabe idazten. Bai musikan eta bai literaturan nire akatsa beti izan da ez dudala jakin ideia bat zein paketetan sartu behar dudan. Gauez otutzen zaidan istorio bat idazten ari naizen eleberrian sartuko dut, abesti baten lelorako erabiliko dut, poesia baten bukaerarako, artikulu baterako... Poesiarekin ikasi dudana da esaldi bakoitzak badaukala bere etxea, ideiak berak ematen dizula bere lekua eta bere kaxoia. Lehen ezinezkoa iruditzen zitzaidan musika eta literatura elkarrekin eramatea, beti esan izan dut bi maitale direla baina ezkontza luzeak izaten ditudala bakoitzarekin. Orain uste dut azken bi liburu hauek lagundu didatela benetako ez-fidel bat izaten, maitale ezberdinak izaten, egun batean oheratu naiteke abesti batekin eta beste gau batean poema batekin.

Loreleiren itzulera presatzen ari zarete.

Egon zen itzultzeko saiakera bat duela bost bat urte. Orduan ez nengoen batere gogotsu, ez naiz batere nostalgikoa. Oraingo hau beste planteamendu batetik ateratako kontu bat izan da, aste santuan E.H. Sukarraren lan berria prestatzeko bildu ginen Norton eta biok, baina horretarako lan gutxi egin genuen eta alkoholak nostalgia horretara eraman gintuen. Nahi gabe paperetan sinatzen ez den halako akordio bat egin genuen, udan hasiko ginela prestatzen hamaika urteren ostean Loreilen itzulera. Ikusten dugu momentua dela, bestela beti jarraitzen baitugu horrekin bueltaka. Lorelei amaituta lanean jardun naiz etengabe, garai batean ezeroso egiten zitzaidan bakarkako hirugarren diskoarekin egonik jendea galdezka ibiltzea ea Lorelei noiz itzuliko den... askotan frustrantea da norbera momentuan egiten ari den horri balorerik ez ematea eta iraganari bai, puntu batean Lorelei gorrotatu egiten duzu, garai horiek... badira urte batzuk jendeak eskatzen zigula itzultzea eta kasurik egin ez genuela, jada eskatzen ez digutenean hartu dugu itzultzeko erabakia, talde berrituarekin. Udan prestatzen egon gara eta irailetik aurrera bira bat hasiko dugu. Orain dela hamaika urte lurperatu genuen Lorelei sekretuan, baina ez ginen konturatu bizirik lurperatu genuela. Ausartu garenean lurra kentzen konturatu gara ez dagoela horren izorratua ere, estetika hori ez dela geratu denboraz kanpo eta gu ere sasoian gaudela berriz ere Loreleirekin larrua jotzeko eta abentura honetan sartzeko. Ez dakit noiz arte izango den, suposatzen dut aspertzen garenean oraingoan bai ongi errematatuko dugula.

Loreleiren kasuan gainera Bada hiri gorri batek presentzia handia izan zuen, kasu honetan zure azken poemak egongo dira?

Nik suposatzen dut bira honetan gehien bat abesti zaharretan zentratuko garela. Belaunaldi berriak konkistatu beharko ditugu. Era berean Hiri gorritik liburuak benetan poz handia eman didan liburu bat izan da, ikusten dut badagoela erritmo bat eta musikaltasun bat... nik uste dut itzulera hortik joango dela, hitzen estetika azken bi liburuetakoa izango dela. Musika aldetik ere berreskuratu dugu nire ustez atenporala den estilo hori, sekula ez dut jakin identifikatzen, nolabaiteko pop melankoniatsu hori. Gu oso pozik gaude abesti berriek hartu duten estetikarekin, ez gara arrotz sentitzen, eta bestetik abesti zaharrak abestuta ere, nahiz eta ahotseko herdoila apur bat kendu behar izan, Lorelei hobetu bat edo sinesgarriago bat itzuliko da.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)