Beatriz Chivite: "Askotan esan dudan moduan, hiriak dira nire musak"
Ostirala, 2018-01-26Londresen, Pekinen, Hong Kongen, Mariborren, Venezian... Beatriz Chivitek atzerrian egin ditu azken hamar urteak. Biennale (Erein, 2017) liburuko poema gehienak, bistakoa denez, gondolen hirian idatzi zituen. "Hirietan ondo sentitzen naiz, nahi dudan moduan nahi dudana begiratzeko askatasuna ematen didatelako". Iruñeko idazle gaztea Jakartan ari da orain lanean eta handik egin dizkigu adierazpenok.

Azken urteak atzerrian eman dituzu. Jakartan zaude orain, kultura arloko egitasmo batean lanean. Zertan, zehazki? Sorkuntzarekin lotuta dago akaso?
Bai, azken hamar urte hauek munduan zehar egin ditut, oso gaztea nintzela joan nintzen etxetik, eta nire aberria ‘distantzian’ bakarrik existitzen da. Orain Jakartan nago, enbaxadako kultura, hezkuntza eta turismo ekitaldiak prestatzen: piano kontzertuak, argazki erakusketak, eskoletan arte tailerrak, poesia irakurketak... Denetarik! Lan polita da, baina oso instituzionalizatua. Hiria ez zait bereziki poetikoa iruditzen, baina hori ona da beste modu bateko olerkiak idazteko, mundua beste modu batean ikusteko.
Veneziako arte jaialdian lanean aritu zinen garaian idatzi zenuen Biennale (Erein, 2017) poemarioa. Bi urte, bien, bi, ale... Hitz jokorik bada poema hauetan eta izenburuak ere badu kutsu hori, ezta?
Hori da! 2014 eta 2015eko olerkiak dira Biennalen agertzen direnak, “bi urte” edo “bi (en) ale” izenak hortaz hitz egiten du, 2014ko olerkiak ale batekoak baitziren eta 2015ekoak beste batekoak. Gainera Veneziako arte jaialdian (Biennale di Venezia) lan egiten ari nintzen bitartean idatzi nituen gehienak, beraz horren erreferentzia ere badauka.
Izenburutik hasita, Veneziaren arrasto ugari topatu ditugu poema hauetan. Zinemak hiriaren irudi idiliko bat transmititu izan du. Turistentzat, hiriak idilikotasun hori mantentzen du oraindik. Hala ere, zure poemetako Veneziak gutxi du idilikotik, ezta? Zelofan papera kendu izan bazenio bezala.
Venezia hiri idilikoa da, ezin da besterik esan. Baina hiri guztiekin gertatzen den bezala, ondo ezagutzen duzunean konturatzen zara izkina ilunak, momentu bakartiak, zikintasuna eta dena suntsitzen ari den masako turismoa ere badaukala.
Venezian ospatzen da Biennale. Artisten lanak egon ohi dira bertan ikusgai. Zure poema batzuk pintore (Picasso, Mondrian, Pollock) zein eskultore (Calder, Chillida, Giacometti) ezagunen izenekin bataiatu dituzu. Artelan batzuekin poema deskriptiboak egin dituzu. Horiek eta baita gainontzeko artelanek ere, zure poeta sena piztu dutela esan daiteke.
Poema horiek ez nituen Biennalen idatzi, Peggy Guggenheim museoan baizik. Peggy Guggenheimen lau hilabeteko praktikak egin eta egunero artelan zoragarrien artean orduak eta orduak igarotzen nituen. Poemak ez dira guztiz deskriptiboak, artisten artelanak ikusterakoan nire burura etortzen ziren eszena ezberdinen irudikapenak baizik. Dalíren poema adibidez, oso sexuala da, nire nerabezaroko eszena bat. Chillidaren poema aldiz naturaren indarrari buruzkoa da, elementu eta sentimenduen fusioa.
Beste poema-multzo bat egin daiteke pertsonalagoak diren olerkiekin. Zure egunerokoari lotutakoak, nolabait esatearren.
Poema pertsonal horiek Londresen unibertsitatea bukatzen ari nintzenean idatzi nituen, 2014ko udan. Banekien nire bizitzaren atal nagusi bat bukatzen ari nintzela eta olerkien bidez betikotu nahi nuen bizimodu hori, egunerokotasun eder hori.
Hiria konstante bat da Biennale liburuan. Baina ez bakarrik liburu honetan, zure poemagintza osoaren ikur bat dela esango al zenuke?
Bai, askotan esan dut Hiriak nire musak direla. Hirietan denetarik aurkitzen da, natura eta gizateria, teknologia, gizartea, bakartasuna, amodioa. Ikaragarri gustatzen zait banku batean eserita jendearen eta hiriaren erritmoari eta koloreei begiratzea. Hirietan ondo sentitzen naiz, nahi dudan moduan nahi dudana begiratzeko askatasuna ematen didatelako.
Poema batzuetan puri-purian da prekarietatea. Gaur gaurko gaia da, gazte askok pairatzen dutena. Liburua, hain zuzen, egoera horretan direnei eskainia dago.
Bai, Veneziako museoan praktikak egin nituen eta Londresen unibertsitatean ez nengoen momentuetan haurrak zaintzen nituen. Bi errealitate horien isla dira nire olerkiak. Gure belaunaldiak krisi ekonomiko eta sozial gogorra sufritu du, eta arte edo kulturaren munduan prekarietatea kristorena da... Ez naiz kexu, esperientzia zoragarriak bizi izan ditut baina ez da beti erraza izan, etengabeko aldaketa nekagarria da baita ere.
Iragankortasunaren ikur dira beste poema batzuk. Joan-etorrian dabilen poeta baten lekukotza al da Biennale?
Exactly! Prekarietatea eta mundua ikusteko gogoekin batera iragankortasuna eta joan-etorriak datoz. Distantzia eta ‘agurrak’ oso poetikoak dira, baina gero eta normalagoak iruditzen zaizkit. Hala ere, askotan pensatzen dut zein ezberdin izan zitekeen nire bizitza etxean (Iruñean) gelditu izan banintz...
Hitz jokoak, haikuak, hizkuntzen arteko hibridazioak. Tarteka, zure idazkera jostaria da. Zer esaten den bezain garrantzitsua da nola esaten den.
Bai, baina bestaldetik hitz joko horiek, edo hizkuntza ezberdinetan idatzitako olerkiak nire buruaren isla dira. Nire amak askotan esaten du jada ez dakidala gaztelaniaz zein euskaraz hitz egiten, berarekin hitz egiterakoan hizkuntzak nahasten ditut, ingelesetik eta italianotik datozen hitz asko edo esateko modu berezi ugari erabiltzen ditut. Eta askotan frantsesez edo txineraz aurkitzen dut bakarrik hitz egokia. Urte batzuetan emotikonoekin bakarrik hitz egiteko gai izango naizela uste dut.
"Eszenarioak betidanik gustatu zaizkit"
Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia lehiaketan, saria bikoitza izaten da. Dirua banatzeaz gain, liburua Ereinekin plazaratzeko aukera eskaintzen du. Poza beraz, bikoitza izango zen?
Bai, Blas de Otero bezalako lehiaketa bat irabazterakoan poza infinitua da, zure liburua hautatua izatea, zure hitzak gustatu izana, zure ikusteko modua ulertua izatea... Eta gero noski, argitarapena eta diru laguntza asko eskertzen dira ;)
Sari gehiago jaso dituzu aurretik. Zein neurritan egin dute sariek Beatriz Chivite idazle?
Sariek ez dute inor idazle egiten. Idazlea idazle da nahiz eta irakurria ez izan, nahiz eta argitaratua ez izan. Nire ustez Iruñeko liburu dendek, nire gurasoek eta nire irakasle batzuek egin dute Beatriz Chivite idazle!
Beste Hitzak-Other Words egitasmoari esker, Mariborren izan zinen iaz. Nolakoa izan zen esperientzia?
Harrigarria, amets zoragarri batetik ateratako uda bizi izan nuen Mariborren. Kultura esloveniarrari, migrazioei eta nazionalismoei buruz asko ikasi nuen, egitasmo polita eta beharrezkoa iruditzen zait. Ikaragarrizko zortea izan nuen, eta orain Interneten edonork irakurri ditzake nire olerkiak euskaraz eta ingelesez.
Hiri eta herrialde ezberdinetan eman dituzu azken urteak eta tokian tokiko esperientziak poema bilakatu dituzu. Biennale (Erein, 2017) da horren lekuko. Jakartan zaude orain. Egonaldi honek poemariorik ekarriko al du?
Espero dut baietz, baina udaberri garaian idazten dut gehienetan... Beraz, oraindik ikustear dago.
Pekineko kea (Pamiela) poesia liburuarekin errezitaldi multidiziplinarrak eskaini zenituen. Donostiako Poesia Orduak zikloan izan ginen gu. Eszenarioko esperientzia gustuko al duzu? Bide horretan sakontzeko asmorik bai?
Pekinen kabaret bateko dantzari izan nintzen, eszenarioak betidanik gustatu zaizkit. Pekineko kea (Pamiela) liburuaren inguruan eginiko errezitaldi horiei esker beste artista bikain batzuekin lan egiteko aukera izan dut. Zalantzarik gabe errepikatzeko irrikitan nago!
Poemak, poetaren ahotan
Ereinek 2017ko azaroan aurkeztu zuen Biennale poesia liburua. Aurkezpen egunean, Beatriz Chivite Jakartan zen lanean. Bideo baten bitartez eman zituen poema liburuari buruzko azalpenak. Aurkezpentxoaren ondoren, hainbat poema errezitatu zituen. Horiek dira bideo honetan jaso ditugunak.