Elkarrizketak

Dani Fano: "Eman dudana baino askoz gehiago jaso dut lan honekin"

Asteartea, 2018-10-30

Migel Marmol 1905ean jaio zen El Salvadorren. Bidegabekeria sozialaren aurka borrokatu zuen eta heriotzari hamaika alditan egin zion izkin. Eduardo Galeanoren eta Roque Daltonen idatzietan oinarritu da Dani Fano Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Astiberri) komikia antolatzeko.

Dani Fano: "Eman dudana baino askoz gehiago jaso dut lan honekin"

Migel Marmolekiko lilura nondik datorkizu?

Lehengo batean e-postan begira ibili nintzen eta konturatu nintzen 2010. urtean ekin niola liburuari. Dena den, lehenagotik nuen Migel Marmolen berri. Eduardo Galeanoren testu txiki bat heldu zitzaidan lehenbizi, El libro de los abrazos (1989) liburuaren bitartez. Liluratu egin ninduen idatziak. Memoria del fuego (1982-1986) trilogiaren azken liburukia irakurri nuen ondoren, eta orduan konturatu nintzen Migelen berpizteak edo jaiotzak direla liburuaren beraren ardatz. Pertsonaia zoragarria eta interesgarria iruditu zitzaidan eta orduantxe hasi nintzen zerbait egiteko aukera aztertzen. Xabiroi aldizkarian publikatzeko moduko zerbait. Ikertzen hasi nintzen eta Roque Daltonek idatzi zuen liburu bat deskubritu nuen, Miguel Mármol. Los sucesos de 1932 en El Salvador (1972). Roque Migelekin elkartu zen Pragan 1966. urtean,  eta han jaso zuen bere bizitzaren eta bere borroka politikoaren lekukotza. Orduantxe enamoratu nintzen Migelekin eta zerbait tajuzkoa egin behar nuela erabaki nuen. Hori izan zen liburu honen abiapuntua.

Zortzi urteko lana eskaini diozu liburu honi.

Bai. Informazioa eta materiala banuen, baina pieza garrantzitsu bat falta zitzaidan. Oso liluragarria egiten zitzaidan Migel Marmolen bizitza, banuen Roqueren liburua, banituen Galeanoren testuak... Komikia egiteko nahikoa helduleku banuen baina kezka bat nuen buruan. Hemendik ezin nuen hango (El Salvador) zerbait idatzi. Ziurgabetasunez beterik nengoen, zulo asko nituelako betetzeko. Hango identitatea, hango errealitatea barneratzea falta zitzaidan. El Salvadorko jende batekin kontaktua egin nuen eta haiek Hitza eta Irudiaren Museoarekin jarri ninduten harremanetan. Museokoen laguntzari esker hasi nintzen falta zitzaidan pieza osatzen.

Migel Marmolen ahots propioa entzun dugu Astiberrik zabaldu duen booktrailerrean. Grabazio horiek ere langai izan al dituzu?

Gehiena Roque Daltonen liburutik hartu dut. Baina badira hainbat filmazio, garai ezberdinetan eginak. 80ko hamarkadatik aurreragokoak denak. Borroka politikoan erreferente bat izan zen, Ertamerikan bereziki. Eta filmazioetako adierazpen horiek ere erabili ditut. Bere fusilamentua, adibidez, era batera kontatzen da Roque Daltonen liburuan. Filmaketa batean ordea, bestelako ñabardunak topatu nituen, bere ondoan fusilatu zutenaren izena eta jatorria.

 "Liburuak beste esanahi bat hartzen du han, El Salvadorren"

Zortzi urtez aritu zara Migel Marmol irudikatzen. Azkenerako, obsesio modukoa bilakatuko zen.

Bai, hala da. Etxean bizi da, kar, kar, kar. Erabat sinistuta nago lan honen atzean dagoela Migelito. Berak aukeratu ninduela eta bera ari dela liburu hau bultzatzen. El Salvadorren errealismo magikoa oso erreala da. Duela aste batzuk han izan ginen, liburua aurkezten. Aurkezpen ekitaldiaren amaieran, han izan ziren batzuk esan zidaten Migelitok ukitu zituela, pentsa.

Han egin zenuten aurkezpena ondo joan al zen?

Zoragarri. Oso intentsoa izan da dena. Liburuak beste esanahi bat hartzen du han, El Salvadorren. Gerrillako komandate ohiek euren lekukotzak eman zituzten. Nola ezagutu zuten kontatu ziguten eta ekitaldiaren amaieran emozionatuta hurbildu zitzaizkidan besarkada bat ematera. Eman dudana baino askoz gehiago jaso dut lan honekin.

Zuri-beltzaren aldeko hautua egin duzu. Zer dela eta?

Migel Marmol 1905ean jaio zen. Orduko dokumentazio guztia zuri-beltzean dago. Dena den, egin nituen saiakerak batzuk kolorearekin, baina ez zuen funtzionatzen. Komikia ezin nuen beste era batera irudikatu, dokumentazio grafiko gehiena zuri-beltza zelako.

Bestetik, arrazoi ekonomiko bat ere badago. Komikia luzea da eta zuri-beltzean modu hobean ateratzen da.

Beste gerrillari batzuen izenak ezagunagoak egiten zaizkigu. Barka atrebentzia, baina Migel Marmolen berririk ez genuen.

Uste dut borroka politikoa oso injustua dela iraultzaileekin, batez ere bizirik irauten dutenekin.

Guda-zelaian hiltzen direnak jainkotzeko joera dugu.

Bukaera tragiko bat izan dutenak, bereziki. Fidel Castro izango da salbuespen bakarra. Migel Marmolen bekatua bizirik irautea izango zen. Baina begira, buruz buru egoten zen Farabundo Martirekin. Berezko lider naturala zen.

Dena den, El Salvadorren bertan ez pentsa oso ezaguna denik. Adin batetik gorako jendeak ezagutuko du baina gazteek ez dute bere berri. Unibertsitatera joan ginen hitzaldi bat ematera eta 200 bat ikasle batu ziren. Migel Marmol nork ezagutzen zuen galdetu nuen eta oso gutxik altxatu zuten eskua.

migelmarmol

"Koldo Izagirrek badu komikira ondo egokitzen den erregistro bat"

Astiberrik bi edizio plazaratu ditu: bat gazteleraz eta bestea euskaraz. Gidoia zurea da baina Koldo Izagirrek egokitu du euskarazko bertsioa.

Eduardo Galeanoren eta Roque Daltonen testuak erabili ditut gaztelaniazko bertsioa egiteko. Gainontzeko hutsuneak nik bete ditut. Haien tokian jartzeko ahalegin handia egin behar izan dut. Galeano eta Daltonen maila berdintzea ezinezkoa da baina gogor saiatu behar izan nuen oso nabarmen gera ez nendin.

Galeano eta Roqueren dizdira itzultzeko garaian, ez nuen nire burua gai ikusten. Eta ez nuen bertsio edulkoratu bat plazaratu nahi. Jatorrizko bertsio bat behar nuen. Koldo Izagirrek badu komikira ondo egokitzen den erregistro bat. Zuzena eta bizia. Hori behar nuen, eta ez itzulpen literal bat. Liburuaz hitz egiteko batu ginenean, Koldo Izagirrek argi esan zidan: “nik lanaren mesedetan jarriko dut hizkuntza”. Eta hala izan da, izenburutik hasita. Los doce nacimientos de Miguel Mármol izenburua honela egokitu du: Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Zentzu osoa dauka. Hori dauka euskarak eta hori zen bilatu behar nuena. Bion arteko harremana estua izan da eta oso pozik nago emaitzarekin.

Argazkia: Ereiten.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)