Elkarrizketak

Eric Dicharry: Errudun

Ostirala, 2016-04-22

Eric Dicharryk hirugarren poesia liburua plazaratu du Maiatz argitaletxearen eskutik: Errudun. Idazlea "hitz juglarea. Hizkuntz malabarista. Mundu birziklatzailea" da egilearentzat. Hormatik hormaraino (2012) eta After Bansky (2015) plazaratu zituenean bezala, Dicharryren erantzunek zail jarri digu entresaken aukeraketa.

Eric Dicharry: Errudun

Zergatik Errudun?

Errudun titulu bezala barkamenaren atzean dagoena morala baita. Eta morala Rimbaud poetak esaten zuen moduan dela burmuinaren ahulezia. Gazte-gaztetik sentitzen duzun morala dela erruduntasuna. Errudun sentsazioa Damoklesen ezpata izango balitz bezala da. Unibertsala. Intimoa. Literatura errudun sentipena desbideratzeko baliagarria izan daiteke. Intimotik unibertsaleraino joaten den biderik zuzena. Mugazgaindiko bidaiarik zuzena. Idazleok geure baitatik ateratzen ditugunengatik gugan barkamenak eskatuz datoz, errudunak sentiarazteko datoz, baina libre izateko barkamenak, erruak, autozentsurak baztertu behar dira. Hauxe duzu idazleen eginbeharra. Libre den mikrokosmosetik idaztea. Gero filtroak datoz. Instituzionalak, argitaletxeenak, moralarenak, autozentsurarenak. Idaztea filtro guztien gainetik pasatzea da.

Hirugarren poesia liburua duzu hauxe, Maiatz argitaletxearekin. Maiatz aldizkarian ere publikatu izan duzu testu dezente. Idazle emankorra zara: zerk bultzatzen zaitu idaztera, non kokatzen duzu zure idazteko beharra edo bulkada?

Ez dugu inoiz orrialde zuri batetik idazten. Idazlearen orrialde zuria mito bat da. Irakurtzen dituzun testuek idaztera bultzatzen zaituzte. Edo irakurtzen ez dituzunak. Literatura oihartzun bezala ulertu behar da. Bilatzen nituen testuak aurkitu ez nituelako hasi nintzen idazten. Inon inork nik idazten ditudan testuak argitaratu ez baitzuen idazteko bulkada piztu zitzaidan.

Idaztea bera da Errudun liburuko ardatz nagusietako bat, poetaren figuraren desmitifikazioa, idazleak behar lukeen botere egiturekiko haustura eta engaiamendua. Zer da zuretzat idazle bat?

Idazleak hiru ardatz ditu aurrean. Mundua hiru ardatz haiekin laburbiltzen ahal da. Lehena bakoitzak duen buruarekin. Egozentratua. Nik nire nirekin. Zuk zurearekin. Eta abar. Bigarrena, exozentratua edo kanpozentratua, gizatiarrekin dituzun harremanetatik abiatuta. Amodiozko kontuak, errudun sentipenak, jeloskortasunaren erokeria, eta abar. Hirugarrena mundu ez gizatiarrarekin bizitzen dituzun harremanak. Ingurumena, amalurra, kosmosa, herria, hiria, paisaiak, ekaiak... Idatziak diren testu guztiak hiru ardatz haiekin konektatuak dira. Idazle bakoitzak bere lan eremurik gustukoena dauka. Nire literatura organikoa da. Organikoa, zerebrala, kontzeptuala. Soberarekin, ez funtsezkoa den guztiaren kontra borrokatzen naiz. Idazlea hiru ardatz haiekin jolasten dakiena da. Hitz juglarea. Hizkuntz malabarista. Mundu birziklatzailea.

Zer nolako orekan dago idazlea bere eraginkortasun politiko eskasa eta botere egituretarik egiten zaizkion eskaeren artean?

Idazle famatuak usu botereen txotxongiloak bilakatzen dira. Munduan zehar eta Euskal Herrian ere adibide asko baditugu. Botereak instituzioen bidez mediasferatuta dagoen idazlea manipulatzen du. Eta idazle batzuk egoera horrekin ez dute inolako arazorik. Manipulatua izatea gustatzen zaielako. Hortik biziki ondo bizitzen baitira. Maskarada honetan errekonozituak dira. Baina ez dira konturatzen maskarada bat dela. Euskal Herriko botereak idazlea manipulatzen du munduari erakusteko euskaldunak nolakoak garen. Baina gu ez gara haien ametsetan amesten duten bezalakoak. Haien mundua eraikitzeko errealitatea lapurtzen dute. Botere politikoak idazle batzuk baztertuz eta beste idazle batzuk instituzionalizatuz fikzio bat idazten du. Arriskutsuena da fikzio hartan erortzea.

Ez nuke esanen idazlea eraginkortasun politiko eskasa duenik. Begira ezazu euskaraz idazten duten idazlerik famatuenen ibilbidea eta konturatuko zara ze nolako arma izan ziren orain arte boterean izan zirenentzat. Instituzionalizatuak diren haiek ez dira batere literaturaren autonomiaren figurak. Guztiz kontrarioa da. Gustatuko litzaieke askatasuna irudikatzea baina azken finean boterearen txotxongiloarena irudikatzen dute. Gizarte guztietan diru publikoa eta sari instituzionalak nola banatzen dituzten ikertzea beti biziki interesgarria da. Handik asko ikasten duzu eta.

Idaztea, poesia, kalea... lotuagoa dirudi graffitiari, liburuari eta paperari baino. Non da hitza eraginkorrago?

Ikusgarriaren gizarte (la société du spectacle, Guy Debord) honetan, hitzak bizi izan duen boterea galdu du. Hitzak hain manipulatuak izanik haien sustraiak, zentzuak, erranahiak galdu dituzte. Nahikoa da bakea hitzak bizi izan duen manipulazioa ikertzea, bakea bake operazio militarrak bilakatuz adibidez, kontzeptu hori baieztatzeko. Idazleok hitz gabezian gelditzen gara. Umezurtz. Poemak ez badira ikusgarriaren gizartearen filtrotik pasatzen ez dira existitzen. Olerkigileok zenbat aldiz jasan izan behar dugu esaldi jasanezin hau: poesia. Ez. Ez da niretzat. Hau ahoskatzen dutenek konturatu behar dira zer esaten duten! Konturatu behar dira esaten dutena dela hizkuntza ez dela haientzat egina. Gizarte irudi-komiki hitzjale horrek itotzen gaitu. Hizkuntza arrotza bilakatzen ari da eta horrek ez du euskara edo erdararekin harremanik lengoaiarekin baizik. Lengoaiak ahotik ihes egin du. Gorputzari gelditzen zaizkion gauza bakarrak entzumena eta ikusmena deitzen dira. Testuaren gainean dagoen diskurtsoa errege bilakatu da. Gero eta artikulu motz edota 2600 karakteretako kritika literarioak gehiago irakurtzen ditugu baina nortzuk joaten dira egiazko testuraino. Eta testu baten parean garenean nortzuk dituzte ondo sakontzeko beharrezkoa diren burmuinaren une libreak.

Gaur egun poesia ez bada ozena den ahozkotasunetik pasatzen, kantarien ahotatik pasatzen, liburuak diren hilkutxetan geratzen da. Baina isiltasuna munduak zabaltzen duen zarata infernutik modara itzuliko da. Mugimendu berria hasi da ufatzen. Hirietatik munduraino zabaltzen ari da. Zarataren gorrotoarekin batera musikaren gorrotoa dator. Isiltasunarekin liburuetan ezkutatzen den poesia jasanezina den zarata itotzeko itzuliko da. Laster hasiko dira poesia liburuak geolokalizatzen baitakite datorren iraultza handik haziko dela.

Ugariak dira sareari egiten dizkiozun erreferentziak, aurreko liburuetan nola estetikoki Interneteko estekekin jokatu duzu, nahiz eta ezin diren klikatu... Poesia, literatur genero gisa, ondo lotzen zaio Internet bizitzeko dugun moduari, abiadurari, labur baina (ahal dela) mamitsu aritzeari?

Internet estekak borobiltzat ulertu behar dira. Internetetik internetera bidaiatzen den borobiltzat. Irakurleak nik egin ditudan surfak egitera gonbidatzen ditut. Internet estekak idaztea autobiografia idazteko modu garaikidea da. Internet altxorra edo ahulezia izango balitz bezala ikusi behar da. Altxorra jakintza barneratzeko. Ahulezia burmuinak menderatzeko eta jendea fitxatzeko.

Bizi dugun moduari eta abiadurari publizitateak baliatzen duen lengoaia baliatzen dut. Olerkiak esloganak bilakatuz gero inpaktu gehiago daukate. “Hezurra azken eskultura” poema hortik dator. Mnemotiko ahuleziak asebetetzeko eginak dira. Bidaia mnemotikoa irekitzeko. Batekin hasi eta hamaikarekin bururatu. Buruan daukaguna gara. Poemarik gabeko gizakiak ez dira egiazko gizakiak, klonikoak baizik. Gazteen burmuinetaraino joanez gero konturatuko zara belarri artean zenbat publizitate esloganak dituzten. Irakurleei aldaketa proposatzen diet. Burubidaia. Publizitate kapitalistatik antikapitalista poesiaraino bidaia. Entzun dut idazten ditudan testuak gazteei asko gustatzen zaizkiela. Agian bidaia horretatik dator. Saiatzen bainaiz duten pentsatzeko era baliatzen. Kapitalistaren lengoaia desbideratzea.

Ingelesezko hitz, izendegi, kontzeptuekin badago liburu honetan halako dialogo bat, jolas bat, hartu eman bat, elkar hartze eta urruntze bat. Zergatik hori? Testu hauek NON idatziak diren eragina dauka (aipatu izan dituzu New York-eko Harlem eta Brooklyn auzoetan idatzi dituzula testuak...) edo beste zerbaitek eraman zaitu horretara?

Hori guztia kontzeptu batetik dator. Ikerketa batetik. Galdera batetik. Lehen aipatu duzun abiadurarekin lotuta dago. Askotan hizkuntza batetik abiatu naiz. Hizkuntza ordenagailuari oparitu diot itzulpena egin dezan. Egin zidan frantsesetik ingelesera eta gero ingelesetik euskarara. Idatz prozesuan euskaraz itzuliak izan ziren testuetatik berriz abiatu nintzen. Ariketa honekin ordenagailuen arintasuna miatzen nuen. Xekatzen nuena zen programek dituzten pentsatzeko erak. Pentsatzen baitut gero eta gehiago geure burmuinak programa haiek dituzten pentsatzeko erak ditugula.

Gero bai, beste testu askorentzat testuen sorlekuak edo idatz-inguruak eragina ukan zituzten. Usu zuzenean nintzen lekuetatik idazten bainuen. Karrika, ostatu, jatetxe, Club, Galeriak... Behin, Brooklyn auzoan gau pasa egin eta gero Harlem auzora joateko taxi batean sartu naiz eta testua ingurumenagatik zuzenean ingelesez etorri zait. Hor atzean autobiografia idazteko nahi inkontzientea daukazu. Orain Brooklynen bazara eta nahi baduzu nik egin dudan bidaia egin bidaia hori egin dezakezu. Edo interneten bidez edo errealki. Idealki metabidaia izan daiteke. Taxiz egin daiteke metabidaia, nire liburua esku artean egin dezakezun bidaia non testua errealitatea gurutza dezakeen.

dicharry

Beti bada zure testuetan rap-a gogora ekartzen duen hitzen musika bat, erritmo bat, abiadura bat, jarrera bat. Poetry Slam-aren eragina oraingoan ere?

Euslama (asmatu dudan hitza eta elikatu behar den kontzeptua) poesiarengandik gorrak diren belarrietaraino biderik zuzena baita. Idatzi ditudan testu asko ez dira hilkutxetan egon behar. Liburu hilkutxa haietatik ateratzeko ahozkotasuna duzu aterabidea. Rapeatzeko. Euslamatzeko. Performance oparitzeko eginak dira. Aurrean dudan bidea horretan kokatu nahi nuke. Hortakotz eszenatokiak bizirik sentitzeko espazio egokiak dira.

Zure testuetan karga bisual handia dago. Aurreko liburuetan irudia (argazkia batez ere) oso presente egon da. Errudun honetan ez dago irudirik, baina testuak irudiz beterik daude. Irudi asko iradokitzen da, baina ez metaforen zentzuan, gehiago publizitate irudien bonbardaketa gisa, kaos zehatz baten gisa. Zer garrantzia du zuretzat irudiak idazterakoan?

Beti bitxia da telebistatik edo aldizkarietatik aterea den egiazkoa musukatzea. Sentsazio bitxia benetan. Eskizofrenikoa. Ubikuiteko dohainetik dator. Aurrean beso artean duzuna beste leku batean berunean ukaiteak errealitatea galdekatzen du. Pantailara sartzea eraginak ditu. Pantailan sartuz gero batzuetan ez dakizu errealagoa zein den. Eta tragikoa, dramatikoa bilaka daiteke. Ni telebisatua nia bilakatzen denean paranoia ez da urrun. Bat nator afrikarrekin. Garaikideko gailuak arima zatiak lapurtzen dituzte. Arimajaleak dira. Hori dela eta azken liburuarentzat gailuetatik etortzen diren irudiak baztertzea deliberatu nuen. Argazkirik gabeko liburu batean behartua zara hitzek duten balioan geratzea. “Hezurra azken eskultura” testurako argazkirik ez duzu behar. Batzuetan hitzetatik etortzen diren irudiek garaikideko gailuek egiten dituztenak baino inpaktu gehiago daukate.

After Bansky atera ostean ikusi izan zaitugu performanceak egiten, sortu dituzu arte instalazioak eta gogoeta estetiko-politikoak... Zure idazkerak badu probokatzailetik. Zuretzat idaztea bera ekintza performatiboa da?

Segundo bat. Nikotina falta zait. Zigarroa erre behar dut. 14 urte nintzenetik kapitalismoaren menpe nago. Amerikanoen menpe. Marlboro-ren menpe. Kapitalismoaren borroka egunerokotasunetik hasi beharko da baina esatea eta egitearen artean mundu bat daukagu. Badakit kapitalismoak hilko nauela baino jarraitzen dut erretzen. Horrelakoak gara. Biziak bizia mozten baitigu agian.

Ke artean.

Ez dut uste probokatzailea naizenik. Gizartea da probokatzailerik indartsuena. Gaur egun ditudan askatasunak ez dira orain dela 30 urte nituenak. Gero eta askatasun guttiago daukat eta daukagu. Dena superpodere ukiezinetik dator. Performanceak, arte instalazioak, gogoeta estetiko-politikoak guretzat antolatu dituzten eroetxetik ihes egiteko egokiak dira. Psikositik ihes egiteko. Den dena bat da. Idaztea, margotzea, performance asmatzea berburbuilatik datoz. Baina burbuila errealitateraino eramateko instituzioen filtroak gainditu egin behar dira. Kultura munduan programatuak direnak instituzioak ondo ferekatzen direnak dira. Instituzioak ondo ferekatzea arte bat bilakatu da. Ez dut uste kultur munduan lan egiten dutenek haien lana aski ondo egiten dutenik. Nahiago dute aspalditik eginak izan diren sorkuntzak berriz ateratzea, hilkutxetatik ateratzea, gaur egun egiten diren sorkuntzak bultzatzea baino. Kultur arduradun zonbiak dira. Denok ondo dakigu. Zonbiek ez dute kalte handirik probokatzen. Hori dela eta gaur egungo kultur mundu neutralak deusaren gustua ahoan uzten dizu. Gero eta kritika gutxiago entzuten dira. Kritika gogorrak betidanik diru laguntzak murrizten dituztelako.

Eta publikatzea bera, ekintza performatiboa da? Edo publikatzen dena neurri batean hilik dago beti?

Publikatzen denak geroa musukatzen du. Iraunkortasuna. Hilezkortasuna. Ubikuiteko dohaina. Oraina eta geroa batzen ditu. Esadazu nork ez duen nahi hilkutxatik ateratzea? Hilaren beldurrak bultzatzen gaitu. Ezaren beldurrak.

Eta hitz potoloak ere dantzan liburuan: marxismoa, kapitalismoa, merkatua, manifestua, matxinada, erresistentzia, apokalipsia, askatasuna... zentzuz hustuta dauden hitzak, edo zentzuz itotzeraino beteak dauden hitzak dira horiek?

Hitz potoloak dantzan liburuan. Hau poesia hau. Esaldi bat irakurriz esan dezakezu idazlea poesia zalea den ala ez. Hiztegia zentzuz hustuta dagoenetik hasten gara dantzatzen. Hilak diren hitzen gainetik, idazleen hilotzen gainean dantzatzen dugu. Hau izaten ahal da poesia garaikidearen definiziorik aproposena.

Botere egiturei kritika, arte kritikariei kritika... Baina zu ere bazabiltza era horretako saltsetan (ikerketa mundua, antropologia, artea...). Sistemaren kanpotik, edo sistemaren erraietatik idazten duzu?

Sistemaren hautsak erabiliz idazten dut. Galderaren atzean estrategiak irakurtzen ditut. Aholkuak. Sistema kritikatzeko itxaron pixka bat. Itxaron sistemaren bihotzean izatea eta gero handik hasiko zara sistema kritikatzen. Ez izan inozo. Bide luzea eman dut akademikoa bilakatzeko baina iduriz ez naiz horretarako egina. Instituzioek dituzten inertziak gero eta jazanezinagoak ditut. Mikrokosmos haiek modu batez edo bestez apurtu behar dira. Klientismo hutsa. Mihikatuz mihiak galtzen dira eta listuari esker idazten baitut nire mihia ahoan gorde nahi dut.

Poesia idazten duzu, euskaraz, esperimentaltasunera gerturatzen den idaztankeran, iparraldetik eta iparraldeko argitaletxe batek argitaratua... periferia erdigunean dagoenak asmatzen du? periferia gezurra da?

Periferiaren periferiaren periferian kokatzen naiz. Ez naiz hiri batean bizi. Ez ditut instituzioak ferekatzen. Nire familian inor ez da inoiz instituzionalizatua izan. Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak ez nau inoiz inon programatzen. Ez nator bat botereak duen politikarekin. Aita dut anarkosindikalista. Idazten ditudan liburuak ez dira mainstreamentzat idatziak. Baina hori guztiak ez du esan nahi nik idazten ditudan testuak ez direla literaturaren erdigunean kokatzen edo kokatuko. Argitaletxe eta instituzioek erdigunea betirako iraunkor ikuspuntutik zer den ez baitute asmatzen. Erretrospektiboki denborak esanen dit erdigunean edo periferian kokatzen naizela. Erdigunean izateko idazteak naizena moztuko dit, eta horrek nire bizian gauzarik kaltegarriena izan liteke.

Nola irudikatzen duzu irakurlea liburu honen aurrean? Irakurleok erreakzio mota ezberdinak ditugu poesia liburua edo graffitiaren aurrean? Aktiboagoak gara agian graffiti edo horma bateko lelo batekin?

Irakurlea aktibo ikusten dut. Kantaria bada nik idatzi dudan testua taularaino eraman dezake. Artista bada fotokopia dezake gero hiriko hormetan kolatzeko. Graffiti egilea bada bizi den herri edota hirian liburuetan agertzen diren esloganak idatz ditzake. Zalea bada gorputzaren zati batean tatua dezake. Poesia gustatzen bazaio buruz ikas dezake. Aurretik inork ez daki testuen bideak zein izanen diren eta hori da interesgarriena. Behin irakurle bat, egunero 3 gramo farlopa sudurretik hartzen zuen irakurlea, niregana etorri zen esanez idatzi nuen testu bati esker kokaina bere bizitzatik baztertu zuela. Hau agian orain arte izan da nire lorpenik handiena. Hor zinez konturatzen zara zeure poesia performatiboa dela.

Liburu hau izan zitekeen bidaia haluzinogeno baten emaitza ere... agian liburu hau kimikak lagundurik irakurtzea komeni?

Guztiz kontrarioa. Burmuinean dugun kimikarekin aski daukagu. Baina hori urteek erakusten digute. Garaikideko mundu honetan aski baituzu kalera joatea droga pozoinduak eskuratzeko, droga guzien legalizazioaren alde nago. Drogen kontra egiten den borroka polizien boterea indartzen baitu besterik ez. Niretzat drogarik garrantzitsuenak poesia eta musika dira. Momentuz poesiarik gabe ezin bainaiz bizi.

Aipatu dugu arte adierazpide hainbatetan egiten duzula lan, idazketaz gain. Zer proiektu duzu esku artean une honetan?

2016ko maiatzaren 10etik goiti maiatzaren 22ra arte, Baionako Euskal Museoan bururatu ditudan margoekin izanen naiz. Hor ere pastel beltz eta eosinezko margoak preziatzeko kimikak ez dira beharrezkoak izanen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)