Eric Dicharryrekin solasean
Ostirala, 2018-09-21Eric Dicharryk Duchampen inguma poesia liburua plazaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik. Poesiaren arloan aurretik ezagutu dizkiogu Hormatik hormaraino (Maiatz, 2012), After Bansky (Maiatz, 2015) eta Errudun (Maiatz, 2016).

Eric Dicharry, laugarren poesia liburua duzu honakoa, lehena Pamielarekin. Aurrekoen aldean beste forma bat sumatu diot (poema laburragoak) baina zure ahots poetikoa oso errekonoziblea iruditu zait, aurreko lanekin lotura baduena: non kokatzen duzu liburu hau aurrekoekiko? Nolabaiteko jarraipen bat da, edo beste era batekoa izan da bilaketa?
Esker mila ene izen eta abizena errespetatzea. Ni Eric Dicharry izen eta deituren pean sortu naiz. Nik ez dut hautatu ez izena ez mundu honetara etortzea. Wikipedian norbaitek orrialde bat ideki dit. Ez dakit nor den. Ez dut ene perfila sortu duena ezagutzen baina erreferentziak deitzen den atazan idatzia da: Abizena horrela idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Etxarri onartu du deitura horren grafiatzat. Ni ez naiz Iker (Eriken anagramma) Etxarri (Euskalzaindiak onartutako grafia) izen eta abizen pean sortu baina agian euskal komunitatearen zati batentzat hobe nuke aldatzea. Iker Etxarri izen eta abizen pean euskaldunago izango nintzateke? Ez dut uste.
Berrian argitaratzen dizkidaten artikuluetan ere nire izen eta abizena aldatzen dizkidate. Haientzat Erik Ditxarri bilakatzen naiz. Modu batean edo bestean politika beti grafiatik hasten da. Hizkietatik. Grafiaren aldatzearen mingarri honen azpian Francoren aztarnak irakurtzen ditut. Bestaldean Frantziako administrazioaren eskua. Poderearekiko dagoen borroka. Historiaren motorra. Hala edo hola idaztearen baliatzea politikoki markatua da. Wikipediazaleak abizena horrela idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da idatzi zuen. Baina ez da hautu pertsonala. Sortzearekin lotua den herentzia baizik. Gero idazleen izen eta abizenak den gaia sakontzea oso interesgarria litzateke. Izengoitiak literaturan unibertsitateko tesiko programarako egokia. Imajinazazu! Euskal Herritar guzien izen eta abizen sortzeen aldatzeekin hastapen-hastapenetik sortzen bagara nola ez bilakatu eskizofreniko gero. Agian ene aldatzearen kontrako ikuspuntua hortik dator eta ez hainbeste politiko jarreratik.
Gero zure lehen galderari erantzun bat emateko. Non kokatzen dut liburu hau aurrekoekiko? Galdera honi erantzun bat ematerakoan margogintzara lerratuko nuke. Arte kritikari batek esan zidan behin margolariek beti ber margoa sortzen dutela. Hausnartze hau ongi sakonduz gero kritikariari baietz arrapostuko nioke. Idazleak beti ber liburua idazten du. Gaiak, tituluak, argitaletxeak, generoak aldatzen dira baina azken finean aldatzen ez dena estiloa da. Estiloa larruarekin nahasia da. Erraiekin bat egiten du. Ezin da erosi. Hire baitakoa baita. Odolaren jariotasunarekin lotua da. Estiloa ez da ikasten. Hau unibertsitateek literatura irakasle eskurarazteko saltzen duten marketinga da. Imajinazazu! Eskola, unibertsitatea, hezkuntza sistema eta politikariek saltzen duten fikzioa desagertuko balitz ze nolako munduan biziko ginateke. Saltzen dutena gezur hutsa da baina iduriz bizirik jarraitzeko gezur hutsa hori premiazkoa da. Hau paradoxa hau!
Liburua jarraipen bat da baina denborak nor naizen erakutsiko dit. Obra ez da egun batean eraikitzen. Obra betirako utziko duzun aztarna da. Marmolezkoa. Baina aztarna bizirik mantentzeko filtro batzuetatik pasatu beharko da (informazio eta ikusgarri gizartetik, erosleetatik, fama eraikitzaileetatik, kontsumerismotik, podereetatik, argitaletxeetatik, marketing propagandatik...). Uste dut libururik interesgarrienetakoak ez dira inoiz argitaratuak izan filtro haietatik ez baitziren pasatu. Sobera desberdinak zirelako. Sobera atipikoak. Atipikotasun honek literatura eta arteen bideetan altxor anitz utzi ‘ta baztertu ditu.
Literatura huts handi baten gainean eraikia da. Betidanik podereekin harreman estu-estuak izan ditu. Literatura podere ekonomiko, politiko, instituzionala eta kulturalarekin kateatuta izan zen. Ez dut uste internetek aipatzen dizudan katea apurtuko duenik. Internetek pantailen aurrean diren ikusleen nahi, gogo, asmo eta boto asmatzen ari baitu. Internetek ez dizu bakarrik erakusten nor zaren baizik eta nor izanen zaren. Internet sistemaren erreprodukziorako arma bat da.
Nonbait lo egiten diren baztertuak izan diren testu-altxorrak jaikiarazi beharko genituzke. Harrigarria da beti ulertzea unibertsitateetan aritzen direnek nola literaturaren historia sortzen edota idazten duten. Objektibitatearen izenean subjektibitatezaleak dira. Sarrionandia bibliografia neutro eta zuzenetatik desagertuko da baina irakurleei esker bizirik jarraituko da. Baina ez pentsa! Literatura munduan irakurleak ez du beti azken hitza. Irakurlea ardi bat da. Usu esaten diozuna errespetatzen du. Literatur kritikari ez jakintsu batzuek irakurtzen ez dakitenek diote liburu hau oso ona dela. Eta joaten dira erostera. Interesgarria litzateke Durangon ibiltzen diren erosleen ibilbide buru-mapa egitea. Ibilbide honek erakutsiko dizu irakurlea ardi bat dela. Arrasorik gabe esango nizuke idazle erosleen burmuinak manipulatuak direla. Irakurleak ezagutzen duen toki batetik bestera joaten da. Ezagutzen duen argitaletxe edota idazle batetik bestera. Jadanik irratian edota interneten milaka aldiz entzun duen rock talde batetik bestera. Erosleak ezagutzen ez duena ez du maite. Eroslea kontserbadorea da. Burmuinean duena mugiaraziko diona ez zaio gustatzen. Horregatik esaten dizut eroslea ardi bat dela. Baina ardien artean uroski ardi beltzak badirela.
Argazkiak eta ispiluaren efektua aipatzen duzu hitzaurrean, nola ikusleak erakusketa bateko argazkian ikusten duen islaturik bere burua (koadroaren kristalean) eta isla duen argazkiari argazki berri bat atera ahal dion, nolabaiteko obra berri bat sortuz. “Argazkien argazki” batzuk atera dituzu zuk zeuk libururako. Posible da ispiluaren efektu hori liburu baten aurrean?
Liburuaren azalean agertzen den argazkia Roger Ballenena da. New Yorken sortutako argazkilaria da. Egun Hego Afrikan bizi da. Asko gustatu zitzaidan Hego Afrikan pobre zurietaz egin zuen argazki seriea. Apartheid podereak ez zuen hark egin zuen lana begi onez ikusi prefosta. Interneten birala bilakatu den “I Fink You Freeky” deitzen den bideo klipa ere asko gustatu zitzaidan: https://www.youtube.com/watch?v=8Uee_mcxvrw
Liburuaren azala bideoklipetik hartutako argazkia da. Liburuan ondo azpimarratu duzun bezala argazkien argazkiak agertzen dira. Piero Martinellorena Italiako Rave Parties hartutako Radicalia deitzen den argazki seriea da. Andres Serranorenak Torture deitua izan den erakusketatik ekarritakoak. Hautatu ditudan argazkietan ikuslearen ispilua edota aurpegia edota meta-argazkigilearen muturra ez da inoiz agertzen. Ideia zen meta-argazkiak sortzea. Argazkien argazkiak. Liburuan agertzen diren argazki guztiak bat salbu Metargazkia sortu dudan serietik hartuak dira.
Jorratu nahi nuen bidea zen argazkigintzan sortzea literaturan inter-testualitatearekin egin dena. Ber eran. Liburuan agertzen diren erreferentziak haiek dira: Hideaki Ishi, Vimalakirtir, Akhmatovar, Giacometti, Munch, Baconi, Thélonius Monk, Omar Sosa, Beecroft, Basquiat, Levine, Mc Collum, Hosoe, Wool, Wearing, Ethan Levitas, Michaux, Mappelthorpe, Roland Barthes eta beste hainbeste. Dialogismoa indartzeko erreferentziak musika, jazza, literatura eta arte mundutik ekarriak dira. Bizirik jarraitzen lagundu nautenak dira. Transbertsaltasuna liburuaren epizentroan kokatzen da.
Literaturan New Yorken bizi den Kenneth Goldsmith idazleak nik aspaldidanik jorratu dudan berxendra jarraitzen du. Nik planteatzen dudana da zer izango litzateke testuzko ready-made bat? Post internet aroan nola idazten da galdera planteatzen dugu. Literatura eta artean berhausnarketak badaude. Merezi du gauza berriak sortzen edo dugunarekin aski dugu milaka sorkuntza ad infinitumak argitaratzeko. Metargazkigintza metaliteraturarekin lotua da. Berkontzeptutik dator.
Duchampen inguma deitzen den libururako segitu ditudan ideiak hauek dira:
1) idaztea arte lan batzuen aitzinean eta/edo pentsaera batzuen aurrean, inpaktatu nauten sortzaileen aurrean, beste sorkuntza sortzeko, metasorkuntza, sorkuntzatik sorkuntzaraino ibiltzeko; eta 2) argazkiak hartzea argazkien aurrean, ispiluak sortzeko eta harrapatzeko. Argazkiak argazki izaten jarraitzen du, baina ber/une/gune/an beste zerbait, ispilua. Bide hortatik segituz argazkia argazki baino gehiago bilakatzen da. Ispiluak zer ikusia du galbideratze, okertze, galtze, bihurrikeria, perbertsio nartzisikoarekin eta hemen landu dudan lana perbertsio hortatik ihes egitea zen helbururik nagusienetakoa, basa/basati bilakatzen den bizi dugun mundu hortatik, non pantailak fetixe errege nartzisikoak bihurtzen diren, ihes egiteko. (Duchampen inguma, 12. Orr)
Ispiluaren efektuak ispilurik gabe ere funtzionatzen du. Geure burua geure gorputz-kanpotasunetik ikasi behar dugu so egiten. Idazten dudan azken liburua hori buruz da. Ea lan berri honek filtroen oztopoa gaindituko duen ala ez. Gutti saltzen duenarentzat, sortzea eta sortzen duena karrikaratzea beti borroka bat da. Behin esaldi hau entzun dut. Bai baina zuk oso liburu gutti saltzen dituzu. Ez dut uste zure hurrengo liburua argitaratuko dugunik. Hau zentzuratze bat da. Gazte bati bakarrik maite duena ematen badiozu imajinazazu ze nolako gazte haziko zaren. Nik betidanik aitzindarien alde borrokatzen naiz. Askatasuna ez da errepikatze batetik etorriko, berrasmatze batetik baizik. Ez dut burgesak txundituta uzteko sortzen, askatasuna lortzeko baizik. Merkatuak argitaletxeen hautuak diktatzen baditu galduak gara. Uroski argitaletxeetan ere ardi beltz batzuk bizirik diraute.
Liburuko poema hauen forma laburrak gogora ekarri dizkigu haikuak, aforismoak… Baduzu horrelakoen eraginik?
Nik ez dut inoiz haikurik sakonki leitu baina era laburrek txoratzen naute. Roland Barthesek haikuzalea zen baina haikuen zentzu-ulertze eta itzulpenak ez zitzaizkion asko gustatzen. Beraz esango nizuke haiku askorik leitu gabe ere haikuzalea naizela. Testu laburren organikoak diren grafiek ukitzen naute. Hitz, hizki, esaldien antolatze-nomenklaturak. Testuen arteko zuri-purutasuna. Argitaratzen ditudan liburu guztiendako arreta handia horretan ezartzen dut. Liburua objektu artistikotzat kontsideratzen dut.
Haiku bat buruz ikasi nuen.
Etzanik
Hodeiak pasatzen so egiten ditut
Udako logela
(Yaha)
Buruz ikastea olerkia barneratzea da. Gorputz-burmuintzea. Olerkiz beterik bizitzeak organikoarekin zer ikusia du. Zara irakurtzen eta entzuten duzuna. Zara inguratzen zaizuna. Duzun ingurumenak asko inpaktatzen zaitu. Garrantzitsua da duzun ingurumena hautatzea. Naiz buruz ikasi dudan haiku hura. Naiz buruz ikasi ditudan olerki guztiak. Buruz ikasiak direnek ez dute liburuen beharrik. Immaterialak bilakatzen dira. Elikatzen zaituen janariari arreta handia eman behar diozu. Azken liburuari esker idatz-diziplina ikasi dut. Pamielari igorri diodan azken liburua (oraindik argitaratu gabekoa) goizeko seietatik goizeko bederatzietara idatzia izan zen. Idaztea ene eguneroko lana bilakatzen ari da.
Bitxia da. Roland Barthesek txoraturik zegoen Japoniako zazpisilabetaz baina uste dut euskal herrian zegoen olerki-bertsugintza baztertu zuela. Japoniako 5-7-5 + 7-7-ra joan zen baina Euskal Herrian zegoen 7-6-7-6 bertsu sistematik ez da pasatu. Barthesek utzi zuen hutsa antropologian egin ditudan ikerketei esker enseiatu nuen betetzen. Batzuetan ondoan duzuna deskubritzeko urrun joaten zara. Barthesen kasua zen. Euskal Herrian zuena Japonian atzeman zuen. Barthesek Frantziako kolegioan eman zituen kurtso eta seminarioak Eleberriaren prestakuntza deitzen direnak berriz irakurri behar dira. Haikuzaleentzat altxorra da. Irakurtzen dudanak ene idazlana elikatzen du. Inter-testualitate eta inter-sorkuntza batean bizi naiz. Ene lanaren berezitasuna hor kokatzen da. Transbertsaltasun batean non sorkuntza guztiak gurutzatzen diren (literatura, olerkia, antropologia, argazkigintza, performanza...). Gero hainbeste hurbiltasunagatik Roland Barthes ene familiakoa bilakatu da. Egin zituen hausnarketek ene idazlana inpaktatzen dute. Ideki dudan ibilbide berrian galdera hau atzeman dut. Nola batu zatiturik edota fragmentaturik den idazlana testu globala batean? Barthesek inoiz idatzi zuen eleberria, hil zen eleberri hori idatzi gabe Pariseko istripu batengatik, idatzi beharko dut. Idazlan honek aforismo eta haikuetatik urrunago eramanen nau. Baina agian idazti beharko dudan eleberri hori ez da inoiz bukatua izanen. Eleberri hau fantasma bat baita. Interesgarria dena ibilbidea da. Work in progressa.
Ene ametsa Duchampen inguma liburua japoniaratzea da. Geroak daki. Baina egia da estetikoki Japoniarekin harreman estu-estua daukadala. Inor ez bada profeta bere herrian, agian hil baino lehen Japoniako profeta bilakatuko naiz. Kar, kar, kar. Baina hor ere instituzio filtroetatik pasatu behar da. Eta horretarako ez naiz batere trebea. Batzuentzat aldiz haien kirol faboritoa bilakatu da. Propagandarako onak dira. Frantsesez esaten den bezala ils sont sur l’horizon, beti zeruertzaren aurrean daudela. Ni ez naiz inoiz izan propagandazale amorraturik. Baina sortzen duzuna karrikaratzeko hortik pasatzera behartua zara. Hau paradoxa hau! (x2)
Akaso poesia mota hori baino, liburu honetakoa gertuago dago komunetako ateetan idatzitako lerroez, aldarriez, abiadura bizian eta urgentziaz eskuz idatzitako kale-testuez... Horrela sentitzen duzu zuk?
Testuen geroa zein izanen den ez dakit, baina kaleko grafitiak edota ipurdimamiko tatuajeak bilakatzen badira bikain. Euskal Herriko kaleek askatasun hau behar dute eta. Zuriegiak direlako. Sorkuntza kaleratu behar da baina ez bakarrik zentzu metaforiko batean. Literalki be bai. Artea, literatura eta bizia batu behar dira. Batzeko modu asko daude. Hortaz Esther Ferrer artistak egiten dituen lanek txoratzen naute. Aipatzen duzun urgentzia interesgarria da. Hor sorkuntzaren bestaldera goaz. Testu oso laburra idazteko eman dezagun bizpahiru lerrozko testua batzuetan bizpahiru ordu hartzen ditut. Usu guttiago gehiago baita. Ezabatzearen lana izugarria da. Frangotan zailena ez da belztea, kentzea baizik. Ikusten dituzun emaitzek ez dute beti egia esaten edota islatzen. Eitea ez da beti egia. Kanpotik erreza iduritzen dena ez du esan nahi lanik ez dagoenik. Sortzailearen burmuin lana ad infinituma da. Gustatzen zait pentsatzea ene testuek irakurleengandik idazteko gogoa piztuko dituztela. Aktibotzat izateko hausnartuak dira. Behin kokainazale batek nigana etorri zen esanez ene lehen olerki liburuari esker bizirik zegoela eta kokaina haren bizitik baztertu zuela. Ez dakizu inoiz ilunean eta bakardade batean idazten duzun olerki batek zer nolako inpaktua ukanen duen. Agian inkontzienteki horregatik jarraitzen dut idazten. Irakurlea bizirik eusteko.
Gertutasun-urruntze bat badago irakurlearekin, hala ere: artearekiko eta kontzeptuarekiko lotura ikusten den heinean, egungo artearen munduak akaso gutxiengo oso elitista bati mintzo zaiolako... Bertako poesiak muga hori apurtu nahi du?
Egungo artearen munduak akaso gutxiengo oso elitista bati mintzo zaiolako. Akort zurekin. Eta ez duzu uste olerkiarekin gauzabera pasatzen denik? Olerki idatzia bertsugintza mundutik ez badator edo ezenatoki-ikusgarriendako ez bada egina edo ahoskatzeko ez bada prest edo rock munduko elea ez badu elikatzen alien bat bezala ikusia da. Nor izango litzateke Artze Laboarik gabe! Euskal Herrian ahozkotasunaren supremazia izugarria da. Betidanik izan da hori. Euskal zibilizazioa ahozkoduna izan den mundutik baitator. Aztarnek sustrai sakonak dituzte. Luzaz elitistatzat kontsideratua izan dena idatz mundutik ekarria izan dena izan da. Nik ez dut deusik idatzi munduaren kontra. Eboluzio historiko bat jarraitzen baitu. Instituzionalismoarekin bat egiten du. Iduriz bizi dugun mundu garaikiderako ahozko legeak ez dira nahikoak. Bertsugintza munduak olerki mundua fagozitatu du. Ez dio une/gunerik uzten. Ez dio hatsarik oparitzen. Bertsugileak Euskal Herriko heroi garaikideak bilakatu dira. Leku guzietan presente. Prentsaren lagunak. Informazioen eta egunkarien super starrak. Bertsugintzako lobbya poderetsua da. Dibortzioa, haustura hortik dator ere bai. Leku kontu batetik. Biskotxa ez da denentzat izango.
Honatx liburuko poema bat:
Hitzak menpekotasun zorrotzak lehertzeko
baliagarriak baitira
iraultza fronte poetikotik hasiko da
bestela ez da sortuko.
Iraultza hazi poetikotik landuz gero
hilezkorren arbola bilakatuko da.
Zer da egun, zehazki, iraultza zuretzat?
Idazmenaren prozesuan dago iraultza. Idazten duzuna ez da politikoa izan behar. Ez du politikarekin lotura zuzenik ukan behar. Ekintza politika zuzena idazteak dituen ezaugarri propioetan kokatzen da. Oteizak zionez sinesten dut. Iraultza politiko-ekonomiko-soziala iraultza estetiko batetik etorriko da. Burmuin aldaketengandik. Dugun hezkuntza sistemarekin iraultza ez da biharko izanen. Hezkuntzaren fikzioa geldiarazi behar da. Hezkuntza sistema erreproduzitzeko hausnartua da eta ez sistema iraultzeko. Instituzio guziek beldurra ematen didate. Instituzioek burmuinen berezitasunak kentzeko beti prest baitira. Kultur instituzioak barne. Instituzioek instituzioak maite dituzte. Haien elkar ispiluaren ispilu horretan so egiten baitituzte. Dubuffeten Asphyxiante culture berriz irakurri behar da. Urgentea da.
Iraultzaren prezioa beti izugarria da. Beti bide berria idekitzea zaila da. Errepikatzea errazagoa da. Nik neuk idatzitakoarekin biziko nintzateke. Esan nahi dut antropologian egin ditudan ikerketei esker. Toki batetik bestera joatea Euskal Herriko ihauteria eta orain arte sakondu ditudan gaiak aipatzeko eta errepikatzeko. Beste batzuek egiten duten bezala, mintzaldiz mintzaldi bizi ninteke, baina honek ez dit nik behar dudan bizi-bihotz taupada ekarriko. Hori dela eta antropologiatik olerkigintzara lerratu nintzen. Horregatik orain arte idekiak izan ez diren ateak enseiatzen naiz idekitzen. Zuzenki sorkuntzaraino jo behar da eta ez metadiskurtsoetara. Horregatik diot. Nik prentsarekin harremanik ez duten idazleak ulertzen ditut. Azken finean garrantzitsuena olerkia edota eleberria da eta ez frangotan pseudoadituek olerki edota eleberriaren gainean sortzen dituzten metadiskurtsoak. Agian ene azken elkarrizketa izanen da. Zeruertzetik desagertzeko gogoa dut. Liburuari haren ibilbide propioa egiten utzi beharko diogu. Dilema honetan nauzu.
Idazteaz eta irakurtzeaz ere mintzo zara hainbat poematan:
Intelektuala den
testuingurua baztertuz gero
organikoa den literatura
agerian utziz gero
mahaiaren gainean
gelditzen den
gauza bakarra
idazlearen erraiak.
Hala behar luke idazketa, erraiak mahai gainean utziz idatzi? Akaso poesian errazago da hori beste genero batzuetan baino? Saiakeran, adibidez, zailagoa litzateke erraiekin idaztea?
Ez dut uste genero kontuekin lotura handirik duenik. Sortzailearen inplikazioaz mintzo naiz. Zenbat interes gabeko liburu-filma-KDak sartu ziren liburutegi publikoen apalategietan azken hamarkadetan? Nortzuk bizi dira errelatibismoaren business horretatik? Diru publikoa noren poltsikoetara doa? Korrupzioa nola eraikitzen da? Kliente-bezeroismoak nola jarraitzen du bizirik? Sistema nola erreproduzitzen da? Hortaz mintzo naiz.
Idazten duenak zintzotasunez ibili behar da. Horretan dago sekretua. Morala, pentsaera zuzena, merkatua, marketinga, erlijioa, gazte-gaztetik ikasitako baloreak, ideologia, doxa eta literaturaren oztopo guztiak hausnartu eta baztertu behar dira. Idazten duenak kritika on edo txarrak ez ditu kontutan hartu behar. Hori litzateke erraiekin idaztea. Idaztea borroka amaigabea izan beharko da. Literaturak orain arte ikasi duzuna mugiarazi beharko lizuke. Irakurlearen ezaugarririk sakonenak mugiarazi beharko lituzke. Idazlearen ispiluan irakurlearen erraiak ikusten ditut eta alderantzizkoan ere funtzionatzen da. Dialektika honetan dago gakoa. Inpaktatzen ez nauten liburuak erreko nituzke baina ekintza zuzen hau ez dut inoiz beteko. Agian liburu fetixista naizelako. Agian burmuinaren zatian autodafeak ditudalako. Liburuen erreketa sinbolorik indartsuenetakoa da. Lehen urratsa baita. Hasten dira liburuak erretzen eta gero izakiak. Bizirik jarraitzeko aterabidetzat uroski metafora dugula. Shoaz geroztik ezin dugu berdinki idatzi. Uste dute naziek lengoia/hizkuntza/elea hirukotea hil zitzaizkigula. Orain badakigu hitz egitea gezur sistema batetik igarotzea dela. Hemendik pasatzen dena paradisua ezagutuko duela zioen nazien erreketaren labearen goiko pankartak. Geure geroaren oinordekoak gara.
Aurreko liburuetan bezala boterea, kontrola, errepresioa... azaleratu dituzu, zauri ironikoen gisan:
ALIENAZIOA
Kapitalismoaren eskuak
edonon edonoiz
beti ber izena dauka:
polizia.
Oso hitz gutxitan dena esaten du poemak, kolpe baten moduan. Irakurlea nolabait kolpatzea bilatzen duzu?
Kolpatzen duena ez da poema, polizia-(in)justiziaren sistema sortu duen gizarteak baizik. Injustiziek kolpatzen naute. Kontrolpean bizi gara. Agian Euskal Herrian beste herrietan baino oso hurbilagotik bizi izan dugu sentipen hau, baina jarraituko du. Uniforme bat beti uniforme bat da. Txakurra beti txakur. Izan gorri, berde, urdin edo zuri. Txakurrak beti poderearen alde izan dira. Beti dirudunen alde. Pobreak betidanik txakurren jomugak izan ziren. Pobreak aterabide anitzik ez duelako. Drogaren menpekotasunaren itotzean erori, lapurra bilakatu edo haren eskubideen alde borrokatu. Baina aberastasunen partekatzea ez da inoiz kapitalismoaren programan izan. Kontzienziatuak diren pobreak beti kartzelan bururatuko dira. Helmugatzat literatura iraultzailearen tunelaren amaitzean beti presondegia duzu. Idaztea ekintza zuzenaren, bortitza den, pultsio irrika bulkada deribatzea da. Baina batzuetan idazketak oparitzen dizun deribatzeak ez du zuk zeuk zeure baitakoan sentitzen dituzun higuin hutsa gorroto ezinegon herra frustrazio garraztasun fisikoki borrokatzeko nahiaren koktelak betetzen. Batzuetan odola da odolari ematen ahalko diozun erantzun bakarra.
Ez duzu liburuaren aurkezpen publikorik egin. Arrazoiren batengatik, edo kasualitatez izan da?
Zertarako balio du indar anitz ezarri helburua betetzen ez bada? Batzuetan indarrak aurkezpen publikoetatik at ezarri behar dira. Ilun azpiko aurkezpenetan. Lehenengo garaikideko zentzua liburuen ez argitaratzean kokatzen da. Batzuetan ez argitaratze honek merkatuaren diktadura islatzen du baina ez beti. Bigarrena prentsaren lekuaren eza. Kazetariek bete behar duten lana ez badute betetzen ez da idazlearen errua izanen. Baina haien egoera ulertzen dut. Gero eta lan gehiago dute. Beti fite. Beti lasterka. Denborarik gabe. Sakonki leitzeko unerik eza. Menturaz olerkia ez da batere kazetarien kezkarik nagusienetakoa. Olerkia itotze garaietan bakarrik lehen lerroan agertzen da. Gerla garaian. Askatasun ezaren une eta guneetan. Olerkia beti azken askatasuna izan baita. Ez du baliabide handirik eskatzen. Orrialde bat. Edo ez. Zerbait idazteko. Edo ez. Belarri bat. Besterik ez. Olerkigintza baliabiderik ez dutenentzat arlo garrantzitsuenetakoa da.
Kazetariak instituzioak bezalakoak dira. Kazetariek kazetariak maite dituzte. Mikrokosmos batetik izan behar zara eta ni ez naiz inongo mikrokosmosetik etortzen. Martetarra naiz. Instituzio guzietatik kanpo ari naiz. Ez naiz talde zehatz baten alde (homosexuala, LGBT, lesbiana, transgenero, feminismo, genero kontuak, langile, abertzale, ideologiak markatuak) borrokatzen. Agian ene borroka globalagoa baita. Agian injustizia guzien kontra naizelako. Agian borroka guzti horiek poderearekin zerikusia dutelako. Baina poderea eskuratuz gero, zer? Gauzak aldatzen dira? Atzoko erreibindikatzaileak poderean direnean ez dira beste bezalakoak izanen? Septikoa naiz. Uste dut podereak poderean dagoena trabestitzen edota mozorrotzen duela. Agian borroka guzti haiek fikzioak dira. Ez dut politiko partiduren kartarik. Frangotan idazten ditudan testuak ez dute zerikusi handirik utilitarismo sozio politikoarekin. Gero eta gehiago ezerezkeriaren infernua onartzen dut.
Informazioa zurrunbiloa da. Ospeak ospea maite du. Zirkulu infernutik ez zara edonola eskapatzen. Duchampen filosofia gustatzen zait. Gauzak azpitik egin behar dira. Egun batez azpitik etortzen dena zaratarik egin gabe gaineraino helduko baita. Zoriontsu bizitzeko ezkuturik bizi behar da. Izar batzuekin bizi izan naiz. Denak eskizofrenikoak ziren. Haien ispiluaren ispiluan galtzen ziren. Ez zekiten haien irudi eta izakia bereizten. Ez dut horrela bukatu nahi. Ez pentsa alderantzizkoa! Mediasfera-mikrokosmosetik at ere biziki ongi bizitzen da.
Ikerlaria zara, arte munduan egiten duzu lan... Zer proiektu duzu orain esku artean?
Bala bat ahoan ezarri eta pistolaz tira. Kar, kar, kar. Deleuze zioenez sorkuntzaz ere itotzen dela. New Yorken bizi den Andres Serrano argazkilaria Avignonen elkarrizketatu nuen. Zeintzuk ziren gaur egungo arte garaikidearen mugak eskatu diot eta erantzun dit gizon baten hiltzearen ekintza batean kokatzen direla. Ene lana artearen mugetaz zentratzen dut. Eleberri bat idazten ari naiz. Antzezlan bat. Arte garaikideko lanak sortzen ditut. Argazki eta testuak lotzen dituen proiektu bat. Performanzeek ene burmuina betetzen dituzte. Ene mahaiaren gainean kaier anitz badaude. Proiektuz beterik daude. Galdera da kaier haietatik zenbat proiektu aterako diren. Kultura munduan sistemaren inerziagatik sortzen dituzun hogei proeiktuetatik bat gorpuzten da. Hau nekagarria hau! Gizarte honetan edo bankable zara edo isiltasun absolutuan bizitzera behartua zara. Galdera da nola heldu jendearengana. Esan nahi dut olerkia inoiz irakurtzen ez dutenengana nola heldu. Liburu azoka batean ondoan nuen olerkari batengana marrazkigile bat etorri zitzaion esanez olerkiz ez zuela deusik konprenitzen. Olerkigileak ironia eta iskirioz beterik arraposturik onena eman zion: nik ere marrazkietaz ez dut deusik ulertzen. Poesia garaikidearekiko dagoen haustura modu batean edo bestean bete beharko da. Baina arte garaikidearekikoa be bai.
Uste dut kulturarekin lotuak diren instituzioak Gobernuz Kanpoko Erakundeen sindromean erori direla. Instituzio horiek haien funtzionamendu propioarendako diru gehiago gastatzen dute ekintza kulturalak sortzeko baino. Artistaraino heldu beharko den dirulaguntza instituzioen xendretan galtzen da. Uste dut Euskal Herrian instituzionalizatua izan den kultur mundua larriki eria dela. Normalizatua izan den gizarte batek beti artistak eta poetak baino funtzionarioak nahiago dituela. Funtzionarioek olaturik ez dutelako egiten. Neutro-nekagarria den politiko bulego-administratibo diskurtsoa barneratu baitute. Eremu publikoak ez badu bere eginbeharra betetzen eta eremu pribatua ez bada nahiko indartsua zer da artistari gelditzen zaion bidea? Proiektu berri bat sortzen duzunean beti harrigarria da milioi bat euro duen instituzio batengana joatea eta entzutea ez dugu dirurik.