Ernesto Prat Urzainkirekin solasean
Ostirala, 2017-09-29"Ez naiz zeharka ibili nobela girotzeko. Aroztegiako proiektuak iraganeko logika espekulatzaileari erantzuten dio, bertako instituzioen eta herritarren borondatearen gainetik". Telleria eta gero, zer? (Elkar) nobelaren trama Baztanen kokatzen da, eta pil-pilean den gatazka bat du oinarri. Ernesto Prat Urzainkiren nobelak osagai gehiago ere baditu. Batzuk eta besteak xehatu dizkigu ondoko elkarrizketan.

Nobela honen bitartez, Aroztegia egitasmoaren inguruan Baztanen bizi duzuen auziari heldu diozu. Gatazka, kokagunea, hainbat gertaera… berberak edo oso antzekoak dira. Aroztegia eta gero, zer? ere izenburu egokia izan zitekeen. Paralelismoa begibistakoa baita.
Bistan denez, ez naiz zeharka ibili nobela girotzeko. Aroztegiako proiektuak iraganeko logika espekulatzaileari erantzuten dio, bertako instituzioen eta herritarren borondatearen gainetik. Alimaleko injustizia da hori. Bi erreferendum egon dira, hamaika manifestazio, elkarretaratze eta adierazpen, eta, hala ere, espekulazioaren alde egin du Nafarroako Gobernuak, Barcinaren garaian zein Uxue Barkosenean. Politikariak lotsarik gabe aritu dira elite ekonomikoaren egitasmoak defendatzen herritarrak babestu beharrean. Horrek amorrua ematen du. Nobelak, beraz, asmo militante argia du eta Telleriaren eta Aroztegiaren arteko paralelismoa izenburutik bertatik bilatzen du. Edozein modutan, Gartzainen kokatu dut gatazka, eta ez Lekarozen, fikzioak eskatzen zidan distantzia erdiesteko.
Elurre Iriarteren Landa eremua eta Baztan literaturak kontatua liburuan jaso diren aipamenen aldean, zure liburuak islatzen duen Baztan aski ezberdina da. Ez hain idilikoa. ‘Lurtarragoa’ baizik. Zein neurritan eragin zuen Elurre Iriarteren saiakerak zure nobelan?
Nobela idatzita nuela argitaratu zen Elurreren liburuxka eta, traman eragin zuzenik izan ez bazuen ere, idatzia nuena ulertzen lagundu zidan. Atera nuen ondorioa argia izan zen: nire liburuan agertzen zen Baztan ez zen magikoa, ez bukolikoa, ez iluna, ez idilikoa… Onerako edo txarrerako, bertzelako Baztan ageri zen nire nobelan, Baztan militantea, bestazalea, euskalduna, errebeldea, eguzkitsua… Herritarren eta herri mugimenduaren Baztan azken finean. Hau ez zen hautu kontzientea izan eta Elurreren liburuxka irakurtzean ohartu nintzen honetaz guziaz. Uste dut Baztanen bizitze hutsak eraman ninduela hautu hori egitera modu natural batez.
Kantuz josita dago nobela. Baina ez dira apaingarri hutsak. Abestien hitzak kontaketaren osagarri dira. Narrazioa osatzera datoz, nolabait esatearren. Osaba Luzioren kamisetak bezalaxe, ezta?
Musikak, girotzeaz gain, lekuak deskribatzeko balio duela iruditzen zait. Irakurleak neurria hartzen ahal dio leku bakoitzari dagoen musikaren arabera, horrek erraten baitu ze lokal klase den edota ze egoera den. Kontakizunean zehar ostatu aunitz ageri dira eta musika ezinbertzeko osagaia da ostatu gehienetan. Luzioren kasuan pertsonaia deskribatzeko era dibertigarria iruditu zitzaidan kamiseta xelebreen afera.
"Eskertzekoa da Jon Alonsok emandako laguntza zintzoa"
2017an plazaratu duzu nobela. Baina lehen zirriborroa duela urte batzuk idatzi zenuen. Gero espetxealdia etorri zen. Baldintza horietan, idazketa prozesua ez zen samurra izango. Nobela honek gorabehera asko igaro behar izan al ditu?
Ihesean hasi nintzen idazten, eta arnasteko modu bat izan zen. Liburu honen kasu zehatzean gainera, Aroztegiako borrokan parte hartzeko ia modu bakarra zen. Zorionez ez nuen zirriborroa galdu egoerak paratu zizkidan ataka ezberdinetan, eta ideia lantzen jarraitzeko aukera izan nuen. Zirriborroak hiru momentu nagusi izan zituen: ihesean eskuz idatzi nuelarik, lehen (H)ilbeltzaren beroaldian berrartu nuelarik, eta Jon Alonsoren kritikaren ondoren osatu nuelarik. Aipatzekoa eta eskertzekoa da Jon Alonsok emandako laguntza zintzoa.
Idazketa prozesua bezain aberasgarria izan omen da edizio lana. Nolakoa izan da Elkarreko jendearekin egindako bidea?
Edizioarena liburuaren laugarren momentua izan da. Ni ez nago batere ohitua horrelako lanetan eta arras interesgarria iruditzen zait. Hirugarren pertsona horrek distantzia hartzen du kontakizunarekiko eta zure semea edo alaba ez dela zuk pentsatzen duzun bezain perfektua erraten dizu. Ariketa zintzoa izan behar da denen aldetik, konfiantzan oinarritua, eta aunitz ikasi dut prozesu guzian, idazteaz zein nobela beltza idazteaz.
Politikoki zuzenak ez diren nobela beltzak
Nobela beltza kritika soziala egiteko baliatu izan da. Zure nobelak ere asko du hortik. Aroztegiaren auzitik haratago doa kritika. Elizkoia vs. ateoa, herritarra vs. handimandia, euskalduna vs. erdalduna, patriarkala vs. matriarkatua… Erroan Aroztegiko gatazka dagoen arren, ertz gehiago ere baditu zure nobelak, ezta?
Beren jendartearen erradiografia kritikoa egiten duten nobela beltzak gustatzen zaizkit, politikoki zuzenak ez direnak. Bada, horrelako zerbait baina euskaraz egin nahi nuen, iruditzen zitzaidalako euskal literaturan liburu ganberroak falta direla. Bertzetik, argi nuen ez nuela nobela poliziakoa idatziko, beltza baizik. Daltonikoa naiz polizien uniformeekin eta antzeko tonua hartzen diet denei. Punk à chien bat aukeratu nuen protagonista nagusi gisa, kinki bat, gure jendartean hagitz errotua dagoen edozein gauza kakazteko eta kritikatzeko aukera ematen zuelako.
“Baztango herri mugimendua bizia da”
Baztanen postala aski bukolikoa da. Nobela honekin ordea, herritarren Baztan irudikatu nahi izan duzu. Halaxe adierazi zenuen liburuaren aurkezpen egunean. Baztanen mikromundua ez da beste herri edo bailarakoen oso bestelakoa ezta?
Liburua Aroztegia eta gero, zer? eta Erdiz bizirik! plataformei dago eskainia eta herri mugimenduari gorazarre egin nahi dio. Orokorrean ezezaguna bada ere, Baztango herri mugimendua bizia da. Hondar urteak, errate baterako, arras intentsuak izan dira borroka sozialei dagokienez. Alimaleko mobilizazio jendetsuak egon dira eta hamaika dinamika eta iniziatiba. Baztan dinamiko eta langile hori ageri da liburuan, irudi bukoliko eta postal turistikoak bazterrean utzita.
(H)ilbeltza Nobela Beltzaren Astea antolatzen duen kolektiboko kide zara. Bertan egin izan diren hitzaldiek eta gonbidatuek zein neurritan baldintzatu dute zure nobela? Baztango literatur jardunaldiaren “alaba” al da nobela hau?
Euskal Nobela Beltzaren Asteetan, ongi pasatzeaz gain, aunitz ikasi dugu. Nobelaren idazketa (H)ilbeltzarekin batera joan da aunitzetan eta han eta hemen entzundako iritzi eta hausnarketak baliatu ditut, zuzenean ala zeharka. Literatura kausa baten zerbitzura paratzen ahal ote den galdetu izan diot maiz nire buruari, zilegi ote den. Itxaro Bordaren Ultimes déchets liburuarekin posible zela ikusi nuen eta aitzina jarraitzeko motibazioa bildu nuen. Luxua da Baztanen bertan horren solasaldi eta mahai-inguru interesgarriak aditzea, hiri handietara joan behar izan gabe. Beraz, ez izan zalantzarik eta agertu hurrengo (H)ilbeltzarat! Kar-kar-kar… Durango, Zarautz, Ea, Sara, Baztan… Euskal literaturaren mapa aberatsa eta anitza da.
Lurra eta Lisbeth Salander
Gizonezkoak izan ohi dira nobela beltzetako protagonistak. Telleria eta gero, zer? nobelan, Lurra dago kontakizunaren oinarrian. Neska gaztea, independentea, militantea… Aroztegia egitasmoak loa kenduko dio eta bera izango da ikerketa bideratuko duena. Distantziak distantzia, Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi izango da Lurraren aurrekari bakarrenetakoa ezta? Euskal letretan behintzat bai.
Itxaro Bordaren solasaldi baten ondoren sortu nuen Lurra pertsonaia hain zuzen ere. Dirudienez, eta ez da harritzekoa, nobela beltzaren mundua arras maskulinoa eta heterosexuala da. Lurra pertsonaia sortzearena errealitate horrekin hausteko saiakera izan zen. Horrela, solasaldiak joan hausnarketak etorri, Lurra pertsonaia sortu eta osatu egin nuen. Noiz edo noiz erran didate Lurrak antza duela Stieg Larssonen Lisbeth Salanderrekin. Niri ez zait iruditzen baina onartzen ahal dut konparaketa neurriren batean. Edozein modutan, nobela beltzen protagonisten inguruko hausnarketek eramaten bagaituzte Lisbeth Salander bezalakoak sortzera, gaitz erdi, ezta?