Elkarrizketak

"Film beltzen altxorra baliatzea erabaki dugu berriz ere"

Ostirala, 2018-01-05

Urtarrilaren 15ean abiatuko da (H)ilbeltza, Baztan aldeko literatura jaialdia. "Euskal nobela beltzaren bidea aztertzeko eta presentzia baduela erakusteko" jaio zen eta, aurtengo eskaintza ere, bide beretik dator. Antolatzaileekin izan gara solasean.

"Film beltzen altxorra baliatzea erabaki dugu berriz ere"

Egitaraua errepasatu eta lehen kolpean: Chinatown filma, genero beltzak ikus-entzunezkoetan duen presentziari buruzko mahai ingurua... Zinemak pisu nabarmena izango du aurten, ezta? 

Bai, halaxe da. Ez aitzinetik hala pentsatu genuelakoz, halaxen suertatu delakoz baizik. Hirugarren urtea da ikus-entzunezkoek gure egitarauan tartea dutela eta film beltzen altxorra baliatzea erabaki dugu berriz ere. Nobela beltzekin lotura zuzena dutela ezin da ukatu.

Mahai ingurukoa berriz, joan den urtetik heldu den harremana da. Urtero, (H)ilbeltzan gaudela, hurrengorako ideiak ateratzen dira bertaratzen diren lagunekin solasean. Bada, hortxe emaitza. Gainera, aipatu behar da generoaren gaiari Euskal Nobela Beltzaren Astearen hasmentatik eman diogula garrantzia, eta hori dela eta aurten gaia lehenetsi dugu gure ekitaldi zentralean.

Txomin Peillen eta nobela beltza

Urtarrilaren 17an, Jose Angel Irigarayk Txomin Peillen elkarrizketatuko du. Peillenek osatu duen ibilbide literarioaz arituko dira ala genero beltzaren inguruko solasaldia izango al da?

Bietarik pixka bat. Dudarik gabe, Txomin Peillenek nobela beltzetan izan duen presentziarengatik gonbidatu dugu, Gauaz ibiltzen dana nobelak 50 urte egin zituelakoz joan den urtean, baina aukera baliatuko dugu bere ibilbide interesgarriari buruz zerbait kontatu dezan. Gonbidatu dugun elkarrizketatzaileak, Jose Angel Irigarayk, anitz lagunduko du hortan segur aski.

Genero beltzak azken urtean eman duenaren isla izan ohi da (H)ilbeltza. Honakoan Jon Arretxe, Pierre Mestror, John Andueza eta Ernesto Prat Urzainkiri euren nobela berriak aurkezteko aukera eskaini diezue.

Bai, ez daude 2017ko denak, baina bai erakusleihoa izateko modukoak. Euskal nobela beltzaren bidea aztertzeko eta presentzia baduela erakusteko ere baliatzen ditugu aurkezpen hauek. Saiatzen gara nobela ez den bertze formatoren bat ere bilatzen, eta aurten antzezlan baten gidoi baten aurkezpena izanen dugu, Galder Perezen eskutik. 

Hama(H)iru ate ikuskizunarekin amaituko da aurtengo egitaraua. Errezitaldia, antzezpena... Nola definituko zenukete urtarrilaren 21eko emanaldia? 

Definizioan batere laguntzen ez duen "ikuskizuna" hitza erabili dugu, preseski denetarik izanen duen emanaldia izanen delakoz, eta definitzeko zaila: Mitxel Sarasketak aurkeztuko du liburua eta sortzeko prozesuari buruz arituko da; (H)ilbeltzakideek pasarteak leituko ditugu, eszenatoki batean; eta musikarekin lagunduko digu Iņigo Belzunegik. Beraz, denetarik: solasaldi, antzezpen, errezitaldi eta kontzertua. Norberak asmatu beharko du emanaldia definituko duen hitza.

Beka jasotako liburua bidean da

Miel A. Elustondok jaso zuen I. (H)ilbeltza Beka. Lan saritua noiz irakurri ahal izango dugu? 

Liburu hori 2019ko (H)ilbeltzan aurkeztuko dugu, Idazleekin solasean ekimenean, baina hori baino lehen leitzeko aukera izanen dugu, 2018ko azaro-abenduko segur aski.

(H)ILBELTZA 

EUSKAL NOBELA BELTZAREN ASTEA

Urtarrilak 15 astelehena

Idazleekin solasean. Arizkungo Liburutegi Beltza, 19:30 (Medikuaren etxea).

Telleria eta gero, zer? (Elkar) liburuaren inguruan Ernesto Prat Urzainkirekin solasean.

Urtarrilak 17 asteazkena

Txomin Peillenekin solasaldia. Amaiurko elkartean, 19:00. Elkarrizketatzailea: Jose Angel Irigaray.

Urtarrilak 19 ostirala

Chinatown filma. Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, 19:00.  Nerea Arrutik aurkeztua.

Urtarrilak 20 larunbata

Mahai-ingurua. Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, 11:00. Beltzaren estereotipoak literaturatik ikusentzunezkoetarat. Iratxe Fresneda eta Irati Jimenez. Moderatzailea: Arantxa Iturbe.

Bazkaria Erratzuko elkartean, 14:00.

NobelaBeltzaLiburuak2018

Ondotik, liburu aurkezpenak: Jon Arretxe Arrutiren banda (Erein), Pierre Mestrot Bihotz ebatsiak (Maiatz), John Andueza Danba! (Elkar), Modus operandi antzezlanaren gidoia (Galder Perez).

Iluntzean: Susmagarrien Gaua.

Urtarrilak 21 igandea

Ipuin antzeztua. Anizen, 11:00.

Hama(H)iru ate ikuskizuna Iruritako Jauregiarten, 19:00. Mitxel Sarasketa, Iņigo Beltzunegi eta (H)ilbeltzakideak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)