Elkarrizketak

Irati Goikoetxearekin solasean

IV. Ahozko Narrazio Lehiaketa irabazi berri duOstirala, 2016-04-01

"Ez da gauza bera ipuin bat idaztea edo kontatzea. Eta ez da gauza bera ipuin bat irakurtzea edo entzutea", Irati Goikoetxearen hitzak dira. Irudimena hatz puntetan izeneko lanarekin, IV Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketan gailendu da. "Ez dut sekula antzerki, klown edo errezitaldi lanketa seriorik egin", hala aitortu digu Beasaingo idazleak Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. "Baina betidanik gustatu izan zait paper gainekoaz harago, hitzarekin eta ahots gorako irakurketarekin jolas egitea".

Irati Goikoetxearekin solasean

Ahoz Aho ahozkotasunari buruzko jaialdian nagusitu zara. Zure idatzi propio batekin gailendu al zara?

Bai, nik sortutako ipuina da “Irudimena hatz puntetan”. Munduan zehar ipuin interesgarri eta eder asko existitzen dira, baina, betidanik izan dudanez, sortzaile sena nik sortutako ipuinarekin igo nahi nuen taula gainera.

Eta zer da gutxi asko ipuinak kontatzen duena?

Ipuinak irakurzaletasunari eta irudimenari egiten dio keinu. Izarri, sei urteko neskatoari, izugarri gustatzen zaio irakurtzea eta bere irudimenarekin jolas egitea. Irudimena lagun, irakurtzen dituen liburuetako tximeleta, euri tanta eta gereziak liburutik kanpora ateratzen zaizkio. Tximeleta, euri tanta eta gereziak liburuan non gordetzen ote diren ezagutu asmoz, liburuan barrura sartzea (ez da lanketa erraza) lortzen du gau batean…

… eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila irudimenik ezean, Izarren ezker eskuko laugarren hatzean…

Ahozko Narrazio Lehiaketa den aldetik, interpretaziotik ere asko izango du ezta?

Bai, ez da gauza bera ipuin bat idaztea edo kontatzea; ez da gauza bera ipuin bat irakurtzea edo entzutea. Egia esan, ez dut sekula antzerki, klown edo errezitaldi lanketa seriorik egin, baina, betidanik gustatu izan zait paper gainekoaz harago, hitzarekin eta ahots gorako irakurketarekin jolas egitea. Urteak daramatzat irratian saio bat egiten eta taula gainera ere askotan igo izan naiz Ekaitz anaiarekin eta ikasleekin batera.

Entzulea gertu egoten da ipuin kontaketa batean, entzuleak gertu sentitu behar du ipuina, sinetsi egin behar du entzuten ari dena, ipuinaren partaide sentitu behar da; nire helburua entzulea ipuina ikustera iristea da. Lor daitekeen alderdirik ederrenetakoa iruditzen zait. Begiradarekin eta begiekin jolastea gustatzen zait, entzuleen begirada eta begiekin topo egitea.

Irati02

 Irati Goikoetxea irabazlea, Itziar Saenz de Ojer eta Nagore Leon finalistekin batera. Argazkia: ordizia.eus

"Azpimarratzekoa da Intujai taldeak egin duen lana"

Epaimahai batek ez, publikoak erabakitzen du nori eman saria. Eta publikoak zure alde egin zuen. Are pozgarriagoa izango da horrelako saria jasotzea.

Tira, ez du erabat publikoak erabakitzen. Publikoaren iritziak pisua du azken epaian, baina, baita euskal ipuin kontalari aditu talde batek ere. Ipuinak publikoarentzat kontatzen dira eta zure ipuina publikoarengana iritsi dela eta gustuko izan duela jakitea oso da pozgarria. Horrez gain, batetik bestera ipuinak kontatuz dabilen artista talde batek zure lana modu positiboan baloratu duela jakitea ere oso ederra da.

Halere, iruditzen zait oso zaila dela ipuin kontaketa bat bestea baino hobea izan dela epaitzea, aurten taula gainean izan diren sei ipuinak oso ezberdinak dira euren artean, kontatzeko moduak ere ezberdinak dira… Parte hartzen dugun guztioi ahaztu egiten zaigu lehiaketak izan dezakeen lehia kutsua. Azpimarratzekoa da partaideetako bakoitzak egindako lana eta ahalegina. Halere, ezin ukatu, kalabaza etxera eramatea opari bikaina izan da. Azpimarratzekoa da bai lehiaketari eta baita “Ahoz Aho” ziklo osoari ere Intujai taldeak jartzen dion goxotasuna eta egiten duen lana.

Irati00

"Badut epe luze-ertaineko proiektu batean murgiltzeko gogoa eta beharra"

Andraizea (Erein) ipuin bilduma plazaratu zenuen duela bi urte. Antzeko beste argitalpenik buruan?

Burua beti dago martxan. Denborari hozkaka bizi naiz, eta saiatzen naiz sormen lanari neurri txikian bada ere jarraikortasuna ematen. Beti dago zer sortua norberarentzat, irratiarentzat, herriarentzat, institutuarentzat… Halere, badut epe luze-ertaineko proiektu batean murgiltzeko gogoa eta beharra. Ezer definitzen hasi gabe, nire baitan zerbait ernatzen ari dela esango nuke…

Ahoz Aho zikloa, iruditan

Lehiaketako irakurraldiak sarean daude ikusgai. Bideo honen amaieran topatuko duzue Irati Goikoetxearen saioa.

Ahoz Aho Jaialdia. Narrazio lehiaketa  GITB  Vimeo kanalean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)