Felipe Juaristiri elkarrizketa
Iraganik gabe (Erein) nobelaz aritu gara luze zabal hizketanOstirala, 2017-10-20Iraganik gabe (Erein) gazteei zuzendutako nobela gisa aurkeztu zuen Erein argitaletxeak. Helduen literaturaren ezaugarri asko ditu ordea. "Estimatzen ditudan irakasle batzuk aipatu didate ez dela gazteentzako liburua, helduentzakoa baizik, pertsonaien trataeragatik eta gaiarengatik. Ez dakit zer esan", Felipe Juaristik aitortu digunez. "Nik irudikatzen ditudan gazteak gai ikusten ditut halako liburuak irakurtzeko. Baina ni ez naiz ikastetxeetan aritzen, ez dakit zer nolako jarrera eta harremanak dituzten euskal testuekin".

Gazteei zuzenduriko Perzebal bildumaren baitan plazaratu du Ereinek zure azken nobela. Badira, ordea, helduen literaturaren logikarekin bat datozen ezaugarriak: pertsonaia nagusiaren inguruko elipsiak (iraganari loturikoak), nobelaren egitura...
Idazten hasi nintzenean, gazteak nituen buruan. Gaurko irakurle gazteengana iristeko jarri nituen nire indar guztiak, asko ez direnak bestalde, eta horregatik saiatu naiz idazten idatzi dudan bezala: esaldi laburrak, kanpoko deskribapen gehiago barnekoak baino, giro samurra eta bestearenganako begirada errukitsua. Testu baikorra da; amaiera ona du. Dena dela, estimatzen ditudan irakasle batzuk aipatu didate ez dela gazteentzako liburua, helduentzakoa baizik, pertsonaien trataeragatik eta gaiarengatik. Ez dakit zer esan. Nik irudikatzen ditudan gazteak gai ikusten ditut halako liburuak irakurtzeko. Baina ni ez naiz ikastetxeetan aritzen, ez dakit zer nolako jarrera eta harremanak dituzten euskal testuekin.
Gazteei eskainia den aldetik, ezaugarri honek zertan baldintzatu du zure sormen-lana?
Ezer baldintzatu baino gehiago, muga batzuk jartzen dizkio. Estilo aldetik, esaterako. Saiatu naiz testu irakurterraza idazten, mundu guztiak ulertzeko modukoa.
Polizia nobela baten aurrean gaude. Dena den, generoko osagaiak dituen arren, istorio bat nagusitzen da. Bilaketa baten kronika modukoa da Iraganik gabe. Eta badu amaieran mezu bat gorderik, ezta?
Polizia-nobelaren lehengai guztiak ditu. Gaizkile bat, iraganik gabea; alegia, iraganaz beste egin duena. Poliziak, gaizkilearen atzetik. Beste gaizkileak, gaizkilearen arrastoari segika. Nobela beltza da, baina poesiak leunduta. Bukaeran mezu bat zabaltzen da.
Denok dugu bigarren aukeraren eskubidea. Denok dugu iragana ahantziaren zakuan gordetzeko eskubidea, eta inork iragan hori ez gogoraraztekoa. Baina, bizitzan ez da horrela gertatzen. Iragana gogorarazten da interesatzen denean, arrazoi politikoak edo sozialak direla medio. Norbaitek bere iragana ahantzi nahi badu, iragan horrekiko zorrak ordaindu ondoren, bakean bizitzeko eskubidea du.
Amnesia eta amnistia hitzek erro bera dute: amnesis hitz grekotik datoz biak ala biak. Gertatzen da gauza batzuk berez ahaztu egiten direla, nobelako pertsonaiari gertatzen zaion bezala; eta beste batzuk, ez dira berez, ahanzten.
Nobela honetan, Zumarraga izeneko pertsonaia da gakoa. Beste itxura batekin eta beste izen batekin esnatuko da. Memoria galdu duenez, ez du iraganik. Beste pertsonaien aipamenen bidez osatuko dugu Zumarragaren irudia. Batzuk ala besteak, denek dute antzeko ezaugarria: ez dira erabat onak, ezta erabat gaiztoak. Ez da ongia versus gaizkia dikotomiaren antzezpen bat, ezta?
Ez dago halako planteamendurik. Nik uste dut gizakia ez dela erabat ona, ezta erabat gaiztoa ere. Ez gara aingeruak, baina ez gara deabruak ere. Garenak gara, garen bezalakoak: gizaki hutsak. Batzuetan, gaizki jokatzen dugu, ona egin nahian; eta beste batzuetan ongi jokatzen dugu, gaizkia lortu nahian. Paradoja dirudi, baina errealitatea da.
“Iragana beti da itzultzen”
Izen berri bat har dezakegu. Aurpegia aldatu. Bizi berri bat hasi. Baina identitate berriak ez du, berez, bizi berri bat ziurtatzen, iragana ezabatzen. Laster ala berandu, iragana beti itzultzen da. Eta bakoitza bere egintzen arduradun nagusia da. Hor dago nobelaren jokoa, ezta?
Zoritxarrez hala gertatzen da. Iragana beti da itzultzen, batez ere nahi ez denean, eta horrek dena korapilatzen du, dena nahasten.
Eleberri honetan, ordea, bere identitatea aldatu nahi duen gizonak, ebakuntzaren ondorioz, memoria ere galdu du. Horrek egiten du pertsonaia, besteen aldean, ezberdin.
Orainaz beste egiteaz gain, iraganaz beste ere egiten baitu. Eta hemen nire galdera. Nork ez ote du bere bizitzan iragana galdu nahi izan? Nork ez ote du iraganeko kontuak gertatu ez balira bezala bizi nahi izan? Iruditzen zait gaur egun ere, guztiz ahalduna den batek, iraganaz beste egiteko aukera emango baligu, asko liratekeela onartuko luketeenak, oso tentagarria baita, iraganean ezer gertatu ez balitz bezala, bizitzen hastea. Hutsetik esperantzara; edo hutsa oinarri harturik amaieraraino. Tentaldia handiegia da, nire iritzian; izan ere, bizitzaz beste egiteko iraganaz beste egitea beharrezkoa da.
Badu osagai humanista bat nobela honek. Behin zigorra kitatuta, denoi zor zaie bizi berri bati ekiteko aukera. Azkenaldian ordea, eta sare sozialetan bereziki, badago pil-pilean halako basakeria bat. Maiz, heriotz zigorra justifikatzeraino. Muinean, antzeko kezkarik izan al duzu nobela honi ekiteko orduan? Zerk piztu zuen nobela honen idazketa?
Bai, kezka hori banuen, eta badut oraindik ere. Gizartea, batez ere sare sozialetan bazkatzen den espezimen hori, oso krudela da, eta iruditzen zait oso krudela dela ez dagoelako bere buruarekin gustura, ez delako pozik bizi. Kezkatzen naute sare sozialetan esaten diren kontuek. Ahantzi egiten da zigorra bete duen pertsona beste bat dela lehengoaren aldean, ez duela zer ikusirik zigorra bete behar zuenarekin, ezta betetzen ari zenarekin ere. Metamorfosia da. Zomorro sor gaitezke, eta tximeleta izanik amaitu. Denok dugu iragana, eta saiatzen gara iragan hori ahalik eta leunena izaten.
“Maitasunak, nobelan, bere bidea egiten du”
Polizia bikoteak, esate baterako, bere lana egingo du. Baina une jakin batean, amaiera aldera, bestaldera begiratuko dute eta ustezko gaizkilea libre utziko dute. Nobelaren gakoa hortxe dagoela esan daiteke. Identitateaz gain, barkazioaz edota birgizarteratzeaz ari zarela esan daiteke?
Polizia bikoteak azken unean erabakitzen du atzetik dabiltzan gizona ez dela lehen zena, eta ez duela zentzurik hura atxilotzea. Maitasunak, nobelan, bere bidea egiten du. Zumarraga deitzen dioten pertsonaiak, bere bizitzan lehen aldiz, ikusi du maitatua dela. Ez du emakume batek maite, neska txiki batek baizik. Eta horrek bizitzeko arrazoia ematen dio; iraganera ez itzultzeko indarra ekartzen dio.
Poesia eta gazteentzako literatura plazaratu duzu azkenaldian. Helduentzako nobelarik edota narraziorik idazteko asmorik ba al duzu? Une honetan, zertan da Felipe Juaristi idazlea? Zerbait aurreratzerik?
Poesiaz gain, hori eguneroko kontua baitut, eleberri bat idazten ari naiz eta, horrrekin batera, ipuin liburu bat. Nola jaikitzen naizen, horrek erabakitzen du zeri heldu. Batzuetan eleberriari; besteetan ipuin liburuari.