Elkarrizketak

Fikziozko itzultzaileak eta autore traduktoreak: Miren Ibarluzearekin solasean

Ostirala, 2017-10-06

Itzultzailea da Miren Ibarluzea, eta, gaur egun, unibertsitatean dabil lanean, Bilboko Magisteritza Eskolan irakasle. Euskal literatura garaikideko hainbat testutan agertzen diren itzultzaileak aztertu ditu, eta idazleak eurak elkarrizketatu. Esan digunez, “idazle batzuek gero eta hobeto daramate jatorrizkoa askatzea eta itzultzaile baten esku uztea”.

Fikziozko itzultzaileak eta autore traduktoreak: Miren Ibarluzearekin solasean

Ekainean aurkeztu zenuen tesia: «Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan». Azalduko zenidake nondik nora ekin zenion gaiok ikertzeari?

Ez nuke jakingo esaten zelan sortu zen zehatz-mehatz; gerora eraikitako narrazioa da hau. Edonola ere, nik bizi nuen garai hartantxe zerbait gertatzen ari zela itzulpenaren inguruan, eta zerbait hori definitu eta deskribatu nahi nuen. Itzulpengintza karrerako hirugarren promozioko ikasle izan nintzen ni eta iruditzen zitzaidan, orduan, itzultzailearen irudi gero eta positiboagoa geneukala, itzulpenak gero eta gehiago ikusten zirela liburu-dendetako erakusleihoetan, argitaletxeetan ere kolekzio berezituak jarri zituztela martxan eta gero eta kritika gehiago argitaratzen zirela hedabideetan. Itzultzaileak eta itzulpenaren jarduna betidanik egon da euskal sisteman edo euskararen inguruan, noski, baina jakin-mina neukan gertatzen ari zen zera berri horri buruz.

Zer jakin nahi zenuen zehazki?

Beti entzuten dugu itzulpenak testuinguruaren arabera aldatzen direla, une historikoak ematen diola itzulpenari garrantzia. Baina testuinguru hori zer da? Zer da euskal itzulpengintza? Horrelako galderak neuzkan buruan bueltaka. Galdera horien inguruan eraiki da gerora etorri den hau guztia. Nik, berez, itzulpen-kritikak aztertu nituen master-tesian, horrela abiatu nintzen. Hedabideetan agertzen ziren kritikak aztertu nituen, eta Santi Onandia bekarekin atera nuen gero lan hori.

Kritikak aztertu zenituen, beraz; eta gero?

Lehenengo pausoa izan zen oinarri teoriko sendo bat topatzea, zeren, polisistemen teorietan eta aipatzen den testuinguru hutsak ez zidan balio, esate baterako, elkarte baten inguruan zer gertatzen zen azaltzeko, ez eta itzultzailearen irudiaren eboluzioa aztertzeko ere. Parisen nintzela, itzulpenaren soziologiaren teoriak ezagutu nituen, eta horren babespean eraiki dut nire marko teoriko osoa. Horrek bideratu ditu tesiaren hiru ardatz nagusiak.

Eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan, hain justu ere. Azalduko zenituzke apur bat sakonago?

Soziologian, [Pierre] Bourdieuren teorian oinarritu naiz. Hark eremuak irudikatzen ditu, eta eremuaren arabera deskribatzen ditu errealitate sozial batzuk, normalean errealitate kultural eta sinbolikoak. Hiru geruzatan aztertzen ditu eremuak. Batetik, eremuaren beraren egitura aztertzen du: eremu batek gizartean dituen eragile eta erakundeak eta eremu batek gizartean daukan egituratzea. Bestetik, eremuak beste eremuekiko kokatu behar dira. Nik literatur itzulpena aztertu nahi nuenez, euskal literaturaren eremuarekin lotuta definitu eta aztertu dut literatur itzulpena, eta horretarako, euskal literatura historiografietan itzulpenak izan dituen errepresentazioak aztertu ditut, Orixeren historiografiatik hasi eta Mari Jose Olaziregik editatutako historiografiaraino: aztertu dut zertarako balio izan duen itzulpenak euskal historiografien eraikuntzan eta nola tratatu den. Azkenik, gizarteak eremu jakin bati buruz egiten duen irudikapenari erreparatu diot. Horretarako, fikzioan irudikatu diren itzultzaileak aztertu ditut.

Nola tratatu da itzulpena literatura historiografietan?

Itzulpena zenbat eta ageriagokoa izan gure gizartean, itzulpenaren tratamendua ere halakoxea izango da historiografietan eta fikzioan. Garai batean, Orixek modu bertsuan tratatzen zituen itzulpenak eta jatorrizko testuak, maila berean kritikatzen zituen, nahi baduzu. Ostera, kronologiako beste muturrera joanez gero, Olaziregiren historian, kapitulu bereizi bat dago itzulpenaren inguruan, eta ez hori bakarrik, itzulpenaren pertzepzio transnazional bat adierazten da: historiografia horren arabera, euskal itzulpena ez da bakarrik euskarara itzuli dena, ezpada euskaratik itzultzen dena ere. Itzulpenaz ditugun ideiak eta horien eboluzioa argi ikusten da historiografien eboluzioan eta fikziozko itzultzaileetan, bietan.

Itzultzaile fikzionalak aztertzeko orduan, euskal literatura garaikidea aztertu duzu. Zer idazleren obrak aukeratu dituzu, eta zergatik?

Autonomizazioaren garaia aukeratu dudanez, 80ko hamarkadatik aurrerako irudikatzea egin dut, eta hortik aurrerako idazleen lanak aukeratu. Hasteko, itzultzaileak agertzen ziren obrak identifikatu nituen. Gero, identifikatu ditudan gehientsuenak sartu ditut tesian, iruditzen zitzaidalako eboluzio bat islatzen zutela. Gainera, idazleei egin nizkien elkarrizketetatik ondorioztatu nuenez, testu horietan agertzen diren itzultzaileek nolabaiteko garrantzia daukate istorioen eraikuntzan, itzultzaile-lanbidea ez da ausaz-edo emandako ezaugarri banal bat.

Hamaika lan identifikatu ditut: Joseba Sarrionandiaren sasi-itzultzaile batzuk, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak eta Hezurrezko xirulak liburuetan (hor, nire lanaz gainera, Aiora Jakaren lanari ere egin nion tira); Joxe Austin Arrietaren Manu militari (Elkar, 1987), Jon Alonsoren Katebegi galdua (Susa, 1995), Bernardo Atxagaren Itzultzaile bat Parisen (zuzeneko emanaldia, 1996), Xabier Mendiguren Elizegiren Bizitza homeopatikoak (Susa, 2008; “Bizitzako garairik onena” izeneko ipuina), Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak (Susa, 2010; “Urrezko Vespa” eta “Bernardo eta Ramon” izeneko ipuinak), Harkaitz Canoren Twist (Susa, 2011), Iban Zalduaren Idazten ari dela idazten duen idazlea (Elkar, 2012; “Itzulpengintza”, “Kafkaren itzultzailea” eta “Idazlea irakurketa-tailerrean” izeneko opuinak), Kirmen Uriberen Mussche (Susa, 2012) eta [Ramon] Saizarbitoriaren Martutene (Erein, 2012).

Hasiera batean iruditzen zitzaidan ez zela bada oso gai ohikoa izango, baina gero eta gehiago agertzen dira itzultzaileak literaturan, ezta?

Aztertu ditudan hamaika obretatik bost 2011-2012koak dira, hau da, bi urteko tartean argitaratu ziren identifikatu ditudan lanen ia erdia. Boom txiki bat da. Badirudi, momentu batetik aurrera, idazleak kontzienteago izan direla edo gutxienez gogoeta esplizitu bat egin dutela gaiari buruz, eta azaleratu egin dutela. Hori bada zerbait. Eboluzio bat ere ikusten da: Sarrionandiarenak sasi-itzultzaileak dira, Arrietaren lanean narratzailea da itzultzailea, eta Saizarbitoriaren Martutenen, berriz, protagonista. Ikusgaitasunean alde nabaria dago, hasieratik 2012ra.

Aipatu dituzun idazleetako batzuek beren lanak itzuli dituzte gaztelaniara: zuk uste duzu horrek eraginik izan duela gogoeta horretan?

Bai, guztiz. Batetik, auto-erreferentzietako joera bat gertatu da literaturan, auto-erreferentzia ikusgai egitekoa gainera. Erreflexio horiek ageri dira, beraz. Batzuetan oso-oso agerikoak dira, eta idazleek itzulpenarekin benetan izandako gertaerak txertatu dituzte; hala onartu dute idazleek eurek behintzat neuk egindako galdeketetan.

Beste alde batetik, eremuaren egituratzeak berak ikusgai egin du profesioa eta ikusgai egin du itzultzailea ere. Beti esaten dut duela urte batzuk inork ez lizukeela esango handitan itzultzaile izan nahi zuela, profesioa ez zen-eta existitu ere egiten; orain, ordea, kostako da, baina profesioa gutxienez gero eta gehiago ikusten da. Galderara itzulita, idazleek euren esperientziak islatzen dituzte, eta idazleek eta itzultzaileek eremu urriko hizkuntza batean idazteaz eta itzultzeaz dituzten buruhausteak islatzen dira fikzioan.

Oro har, nola errepresentatu da itzulpengintza euskal literatura garaikidean?

Denetarik dago: Sarrionandiaren lanetan, jolas literario moduan agertzen da, eta Arrietarenean, berriz, funtzio narratologiko bat betetzen du. Kasu batzuetan pertsonaiak karakterizatzeko erabiltzen dira itzultzaileak, garaiak bizi duen egoera linguistikoa antzeratzeko edo beste hizkuntza batzuetako kantak eta testu txatalak txertatzeko. Jon Alonsok, adibidez, parodia moduan baliatu du, profesioari irri egiteko. Alonsok liburuak faltsutzearen gaiarekin lotuta ekartzen du itzultzailearen lana, eta hain justu faltsutzeak oso lotuta egon dira itzulpenaren metaforekin, oso irudi ohikoa da fikzioan. Funtzio metaforikoa ere izan dute itzulpenak: adibidez Atxagaren lanean galerak onartu beharrekin lotuta agertzen da itzulpena, eta kasu horretan sendabide bat da, eremu urriko hizkuntza batean idazten duenarentzat. Fikziozko itzultzaile askotan gertatzen den moduan, baita beste literatura batzuetan ere, itzultzaileak akats fisikoak ditu: Atxagaren pertsonaia hau adibidez herrena da, eta, gainera, nolabaiteko galera sentimentala ere bizi du. Bestalde, literatura unibertsalean, itzultzaile asko homosexualak dira, Atxagarena bezala, eta kuriosoa da nola gurean ere agertzen diren beste literatura batzuetako ezaugarri berberak. Familiatik gura izanda urrundutako pertsonaiak dira itzultzaileak, mugaldekoak, Mendigurenen ipuinean. Ipuin horretan, literatura unibertsalean gertatu ohi den bezala, itzultzailea trebea da hizkuntzak ikasten baina baita gaitasun sentimental urrikoa eta hauskorra ere. Gero, Apalategiren ipuinetatik aurrera, aldaketa bat igarri dut: batetik, gero eta gertuago agertzen dira itzultzaileak geografikoki, eta, ez hori bakarrik, Twistetik aurrera, itzultzailea desleiala baldin bada, idazlea bezain desleial ageri da. Itzulpenari buruzko ideia nahiko garaikide bat da hori.

Beste hizkuntza batzuetan idatzitako lanei ere erreparatu diezu, beraz…

Bai, itzulpen ikasketen barruan badago ikerketa-ildo bat, Fictional Turn izenekoa, eta hor aztertzen dira ez bakarrik literaturako errepresentazioak ezpada filmetan ere nola agertu diren itzultzaileak. Kixoten bertan agertzen dira itzultzaileak, gaur egun arte. Adibidez, [Dezső] Kosztolány hungariarrakbadauka oso ipuin polit bat, agertzen duena itzultzailea lapur modura, [Javier] Maríasen Corazón tan blanco ere oso ezaguna da…

Niri asko gustatu zait autore frantses baten lana, Brice Matthieussent idazlearena. Vengeance du traducteur izeneko eleberri bat argitaratu zuen, eta itzultzailearen oharren gisan dago idatzia: hasten da itzultzaile bat nobela bat itzultzen, baina halako batean sartzen du ohar bat eta esaten du jatorrizkoa bera baino gauza askoz interesgarriago bat kontatuko duela. Nobelak aurrera egin ahala, jatorrizko testuak askoz ere leku gutxiago hartzen du, eta oharrek gehiago. Edizioak, gainera, lagundu egiten du kontua bisualizatzen. [Hemen ikus dezakezue lehen atala].

Esan duzunez, Twistetik aurrera, idazlea bezain desleial ageri da itzultzailea.

Uste dut idazle batzuek gero eta hobeto daramatela jatorrizkoa askatzea eta itzultzaile baten esku uztea, nahiz eta oraindik badiren itzulpena kontrolatzeko beharra sentitzen duten autore batzuk (hitz hori erabiltzen dute, gainera: kontrola). Are, askok esan didate itzulpena ulertzen ez dutenean jada galdu dutela testuaren gaineko kontrola eta ez dutela sentitzen eurena denik ere. Nik uste dut, horretaz aparte, badagoela halako onarpen bat, edo gero eta onarpen argiago bat, obrak itzultzailearen esku uztekoa, nahiz eta oraindik hortxe egon, apur bat kolokan. Ez diot bat ondo dagoenik eta bestea txarto, azken batean bakoitzaren hautuak eta pertzepzioak eta sentipenak dira. Sarrionandiak dio, adibidez, autoretza onartzearekin dagoela lotuta itzulpena. Berak autoretza onartzen du, testua berea da. Testu baten itzulpena egin diotenean, aldiz, bera autorea da, baina ez itzulpenarena.

Tesia osatu berritan, zer ikasbide nabarmenduko zenuke?

 Tesiak balio izan dit euskal literatur itzulpengintza definitzeko eskema bat lortzeko eta euskal itzulpengintza ikertzeko eusleku batzuk edukitzeko, testuinguru esaten genion hori zer den eta zerk osatzen duen jakiteko. Testuingurua ez da bakarrik hizkuntzaren egoera, edo bai, baina horrek eragile sozial jakin batzuk ditu eta itzulpenaren soziologiak eskaintzen dizkit horiek definitzeko tresnak: itzulpenaren historia egitean, garai ezberdinak aztertu behar ditugunean, garai bakoitzean zeri begiratuko diogu itzuli diren testuen zerrendaz haratago? Hori zehaztea lortu dut. Gainera, iruditzen zait, datuak gurutzatzen dituzunean, hau da, erakunde sozialen datuak, historietako datuak eta fikzioan agertzen diren itzulpenen datuak gurutzatzen dituzunean garaiz garai, itzulpenaren historiaren narrazio bat egiteko bideak lortzen dituzula. Hori gehitzen bazaizkio garaian garai itzuli diren testu-zerrendak, itzultzaileen profilak eta abarrak, bada egin daiteke euskal itzulpengintzaren historia osatuago bat.

Ildo honetan ikertzen jarraitzeko asmorik al duzu?

 Eragile eta garai pila bat geratzen dira aztertzeko oraindik. Ni zentratu naiz euskal literaturaren autonomizazioaren garaia deitu diodan horretan, 1975etik aurrera, baina horra iritsi artekoak aztertzeko daude eta, bestalde, eragile asko utzi ditut aztertu gabe: editoreak, argitaletxeak, sariak… Horietan ere jarri beharko dut arreta hemendik aurrera. Orain proiektu txiki bat daukat esku artean, argitaletxeak aztertzeko. Oraindik forma eman behar diot, baina badut ikerketa-ildotxo bat.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)