Elkarrizketak

Gaizka Sarasolarekin solasean

Ostirala, 2016-06-03

Gaizka Sarasolak hiru antzezlan plazaratu ditu Erleak, satorrak, beleak liburuan, Argitaletxea EDO!ren eskutik. Hiruetako bat, Talaka, bihar bertan oholtzaratuko du Berako Kultur etxean 19:00etan.

Gaizka Sarasolarekin solasean

Duela urte pare bat mintzagai izan genituen Gilkitxaro taldeak taularatutako Urak ttiki dire antzezlana, eta Cafe Bilbaok saritu eta sarean publikatutako Lur azpikoak lana. Orain bi testu horiek hirugarren batekin -Talakarekin- elkartu eta liburua plazaratu duzu: Erleak, satorrak, beleak. Galdera tipikoa den arren, esaguzu: zergatik titulu hau? Pertsonen animaliatasun ekidinezina ote dago oinarrian?

Liburuari izenburu bat jarri behar, eta hiru testuetan modu zuzen edo zeharkakoagoan azaltzen diren animaliak erabiltzea erabaki genuen. Pertsonen animaliatasuna oinarrian igual bai, baina batez ere gure ondasun ttikiak, eta aldi berean, hauek galtzeko beldurrak irudikatzen dituztela erranen nuke. Izan ere, etxeko abereak aberastasun dira, eta kanpoko piztiak arrisku.

Forma aldetik ezberdinak dira oso hiru lanak, baina badute hainbat ezaugarri komunean ere; kasu, lantzen diren gaiak testuinguru politiko eta sozialari erreferentzia egitea, edo sinboloen erabileraren bitartez horrelako gaietara gerturatzea. Funtsean, zer dute komunean hiru antzezlanek?

Aipatu duzun gaien eta sinboloen erabileraz gain, natura eta animaliekiko erreferentziak barne, hiru antzezlanetan abiapuntua nahiko antzekoa dela uste dut; ez ohiko egoera bat ohikoa izan litekeen inguruan (bainera basoan, hiru agure meatzarien laneko kaskoekin taberna ilunean, pertsona bat lanabesari kateatua). Egoera surrealista xamar batek ematen dio hasiera tramari. Bertzalde, desberdintasunak badaude ere, hizkuntza poetikoan antzekotasunak sumatzen direla iruditzen zait.

Eta nagusiki, zerk ezberdintzen ditu?

Ezberdintasun nabariena testuan baino, eszenaratzean, ikusleenganako eragin beharreko emozioen intentsitateetan dagoela uste dut. Talakan hasieratik ikuslea astintzea bilatzen da, Urak ttiki diren ziztadak neurtuagoak dira, eta Lur azpikoak lanean, ikuslea pixkanaka hondoratzen, barneratzen irudikatzen dut.

Sinboloen erabilera aipatu dugu: Urak ttiki dire lanean nabarmena da hori; modu ezberdinean baina baita ere Lur azpikoak eta Talakan. Errealitate politiko eta soziala bere horretan jasotzeko ezintasunagatik agian? Gordinegia da errealitatea, bere horretan jasotzeko?

Ez dakit bada… nahiko ohituak gaude zoritxarrez errealitaterik gordinenak berripaperen edo pantailen bidez jasotzera. Herri musikaz gain, dantza eta tradiziozko adierazpen desberdinen eraginpean hazia eta aritua izanik, sinboloen erabilera berez nahiko barneratua izanen dutela pentsatzen dut. Natural xamar ateratzen dela alegia.

Testu hauek hainbat teatro-tradizio eta joera ekartzen dituzte gogora: Urak ttiki diren aipatu sinbolismoaz gain, absurduaren eragina aipatu liteke; Lur azpikoak narratiboagoa dela esan daiteke baina garrantzia handia dauka hitzen erritmoak (mus partidaren estetikaren eraginpean); Talaka berriz joera garaikideetatik gertu zatikatua ageri zaigu, tonu aldetik bufoitsu eta gordin, Artaud gogora ekarriz akaso. Nahita bilatu duzu teatro mota ezberdinen eragina, edo ideia bakoitzak eskatzen zuenak eraman zaitu batera edo bestera?

Behin antzezlaneko abiapuntua finkatuta, hasierako egoera zein izan daitekeen erabakita, egoera horrek pertsonaia batzuk sortzen ditu, eta pertsonaia hauek dira beraientzako egokien diren forma eta lengoaietara bideratzen nautenak. Ez da aitzinetik eginiko hautua izaten normalean.

Formaz ari garelarik, oro har, ze egile, korronte, antzerki mota... egiten zaizu egun erakargarri? Zergatik?

Absurdoaren teatroak eta surrealismoak beti erakarri izan naute, ez ohikoak ohikoa azaleratzen duelakoan. Bertzalde, tradiziozko adierazpen, pertsonaia eta dantzetan oinarritutako lanak interesatu zaizkit normalean. Ohiturei hain loturiko herri batean bizirik, kode horiek antzerkirako hagitz baliagarriak direla uste dut, bai sortzerakoan, bai diskurtso bat eraikitzerakoan, baita ikusleengan eragin bat bilatzerakoan ere.

 “Antzerkiaren funtzioa galderak egitea da, ez erantzunak ematea” aipatu zenuen Literaturian egindako aurkezpenean. Zer esan nahi zenuen horrekin?

“Garoa” bezalako liburu denda goxo bateko besaulki dotore bezain erosoan jarri eta edozer gauza erran dezakegula pentsatzen dugu… Antzerkiaren funtzioa dela baino, nik zertarako erabiltzen dudan, nik zer funtzio ematen diodan erratea zehatzagoa litzateke. Eta galdera erran nuen bezala erran nezakeen zalantza, erran nezakeen kontraesana… Galderak erran nuen nik erantzunak ez dakizkidalako. Baina inportantea da galderak egitea noizbait erantzunik topatzeko. Azken finean antzerkia nolabait ere itaunketa kolektibo baten gisara ulertzen dut. Dantza eta erritu desberdinetan komunitatearen alderik baikor eta argiena erakusten dugun bezala, antzerkiaren bidez komunitate berdinaren alde ilun eta ezkutuagoak erakusteko baliatzea inportantea dela uste dut.

Beste arte diziplinen aldean antzerkia 'galdetzaileagoa' da?

Ez nuke horrelakorik erranen… hori bai; interpelazioa konkretuagoa izan daiteke. Momentuan, bakoitzari zuzenean eta denei aldi beran luzatzen zaiena. Horretan da interesgarria.

Eta Euskal Herrian egiten den antzerkigintzan, topatzen duzu galderak egiten dituen antzerkirik? Edo antzerki eskaintza 'galdetzaileagoak' botatzen dituzu oraindik ere faltan?

Lan guzien oinarrian zalantza bat dagoela pentsatzen dut. Bertze kontu bat da taularatzen den horrekin itaundua sentitzen naizen edo ez; proposamenarekin inplikatua sentitzen naizen edo ez. Kasu batzuetan bai, eta bertze batzuetan ez. Horrelakoetan, plazaratutako jokoa gustagarria bada, jokoarekin disfrutatu eta listo!

Urak ttiki dire lanean kasu, Literaturian aipatu zenituen kontuak berriz ere gogora ekarrita, “euskal gatazka” duzu neurri handi batean mintzagai, antzezlanean gakoa den 'bainera'ren sinboloa kasu modu askotara uler liteke... zer eman dezake antzerkiak horrelako gaiak lantzerakoan, zer eman dezake ez duenik ematen nobela batek, iritzi artikulu batek, saiakera batek...?

Bertzearen lekuan jartzeari buruz aunitz solasten da azken aldian, eta ordea, bertzea norberaren lekura ekarri nahi dela nabari du. Antzerkian “bertzea” sortzen ahal dugu, bertze “pertsonaia”, bertze “ahotsa”, gure konbikzioak eta gure egiak zalantzan jar ditzakeena. Dantzan desoreka behar da orekan bukatzeko, eta antzerkian, desoreka horiek, taularatzen direnak zein norberarenak, komunitatean bizitzen dira; nahiz eta iluntasunean izan.

Literaturian aipatutako beste kontu bat: antzerkian “ezerosotasuna” sortzea atsegin duzula. Zer da zuretzat “ezerosotasun” hori?

Funtsean, ikusleari aitzinean ispilu bat jartzea. Ispilu hau normalean kurbatua izan ohi da, gehiago edo guttiago, gure burua deformatzen duena; baina ispilua azken finean. Ikusten dugunaren aitzinean irri egin dezakegu, edo izutu, harritu, negar egin… Baina, izan itsusi edo izan eder, ispiluan ikusten dugunera ohitzen garenez, jokoaren baliabideak eta jokalarien abilidadeak erabili behar izaten ditugu ikusleari ispilu baten aitzinean dagoela oroitarazteko. Horrela bizitzen dut nik.

talaka

TALAKA

Eta liburuko bi lehen antzezlanak, esan bezala, Hitzen Uberanen duela urte batzuk aipatu genituenez, aipatu dezagun elkarrizketa honetan batez ere Talaka. Ezerosotasunaren ideiarekin egingo dugu lotura. Talaka ezerosoa izan daiteke irakurtzeko, ez dituelako ohiko antzerkiaren egitura narratiboak errespetatzen, eta ezerosoa ere testuaren antzezpena, gordina eta probokatzailea den heinean. Zer ezerosotasun mota bilatu duzu “Talaka”ren kasuan?

Lehenago ere errana dut Talakan hasieratik ikuslea astindu nahi izan nuela. Eta horretarako eszenaratzeak, atrezzo eta soinuak garrantzi handia dute. Zuzenean inplikatu eta interpelatuak sentiarazi nahi izan ditut ikusleak, eta kurbatura handiko ispilua jarriz aitzinean, irudi deformatu bat erakutsi. Ez dakit, akaso horrela galdera hauek kezkagarriagoak dira: “Hori ni naiz? Izan naiteke? Horrelakoak gara?”

Batera samar iritsi dira plazara liburua eta Talaka antzezlanaren taularatzea (bihar bertan Berako kultur etxean ikusi ahal izango da 19:00etan). Ez da oso ohikoa hori. Zuretzat zer litzateke ideala, antzezlana irakurri eta ikustea, edo ikusi eta irakurtzea?

Nik aukeran nahiago nuke ikusi eta gero irakurtzea.

Elkarren osagarri dira edo izan daitezke testua plazaratzeko bi moduak? Zein funtzio betetzen du zuretzat testua argitaratzeak, antzezlana martxan den honetan?

Antzezlana ikustera norbait hurbiltzeko balioko du agian… edo agian urruntzeko! Orokorrean testuak argitaratzea gerora begira direla baliagarriak pentsatzen dut, noizbait norbaitek eszenaratu nahi badu izanen dela erabilgarria.

Hasiera batean aktore gehiagorentzat idatzitako lana izan zen Talaka, baina bakarrizketa izaten amaitu du. Nola izan da prozesu hori, zer irabazi eta zer galdu du testuak bidean?

Batez ere soiltze prozesu bat izan da. Hitzak kendu eta ekintzak mugatzea. Eta bakarrizketa izateak, errandako ikuslearekiko interpelazioa zuzenagoa izatea ekarri du, probokatzaileagoa. Eta komikotasunean galdu, nonbait galtzekotan.

Urte asko eman dituzu oholtzatik at, aktore lanetatik bederen. Nolakoa izan da zuretzat oholtzara aktore bueltatzea?

Zalantzaz beteriko erronka. Testuaren indarrean konfiantza nuen, eta badut, proposamenean ere bai; nire jokoan, nire testuaren defentsan, ez hainbertze.

Talakan oholtzan bakarrik bazaude ere, hainbat jende izan duzu bidelagun: Mairuko kideak kanpo-laguntzan, Xabi Erkizia, Manex Fuchs... funtsean bakarkako prozesua izan da, edo egon da talde lanik?

Lanaren mamitzea funtsean bakarkako lana izan da. Dena dela, hezurdura osatzerako orduan Xabirekin zenbait solasaldi izan nituen eta hauek emankorrak suertatu ziren gerora. Mamitutakoa eszenaratzekoan mairukideen aholkuak baliagarriak izan ziren. Eta azkenik, lana osatutakoan, Manexek zakar zegoena findu du.

Musikaria zara zu zeu, eta musikaren eragina izan duzu antza (Literaturian aipatutakoak gogoan beste behin) Talaka testuaren egitura ixterakoan: testua zatikatua dator, zati bakoitzak titulu moduko bat dauka (testu-zatian nagusituko den bulkada, sentimendua... islatzen duena). Zati horiek Xabi Erkiziak antzezlaneko musika sortze aldera paratu zenituen, bere lana gidoian erraztera eta argitzera zetozen nolabait. Ia modu akzidentalean beraz, musikak estetika propio bat eman dio testuaren idazkerari. Baina hortik harago, bada musikaren bestelako eraginik?

Orokorrean, testuak idazterakoan musika hagitz baliagarria suertatzen zait pertsonaien ibilerak eta arnasak irudikatzeko, hitzak ekartzeko, egoerak planteatzeko. Talakan ere, testua soiltzerakoan musika jakin bat erabili nuen. Xabiren soinu bandari dagokionez, testuari estetika propio bat bai, baina batez ere eszenan pertsonaiari “dantza” bat eskaini dio, erritmoa eta arnasa antzezlanari…. “ezerosotasuna” ikusleari.

Azkenaldian egin duzu bestelako eszena-lanik ere: Bertso atabikoak. Nolako esperientzia izan da hori?

Batez ere sortze prozesua izan da aberasgarria eta gozagarria. Tantirumairu dantza taldeko lagunekin egin dugu lan. Dantzariak aktore jarri ditugu. Lehendabizi, hitzak koreografiatu behar izan genituen; esaldiak dantza bihurtu. Gero, Mairuko lagunek, mugimendu horien erritmora testuarekin “musika” egin. Eta azkenik, zuzenean zein grabaturik (Xabi Erkiziaren soinu edizioa oraingoan ere), bertso, soinu eta doinuen bidez guzia uztartu.

Epe labur edo ertainera baduzu beste proiekturik?

Momentuz, Talaka ahalik eta gehien zabaldu; eta ahal balitz, Bertso atabikoak lanaren bertze emanaldiren bat edo bi lortzeak ere aunitz poztuko ninduke. Gainerakoan, “ganbara” betetzen aritzeko garaia da, aitzinago husteko biderik topatuko dugulakoan…

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)