Galder Perezi "Lurrun-minez" antzezlanaz elkarrizketa
Asteazkena, 2019-01-23Galder Perezek Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren sari ezaguna jaso du aurten, Lurrun-minez testuagatik. Aurki irakurketa dramatizatuen bitartez aurkeztuko du oholtza gainean. Elkarrizketa laburra egin digu egileari, testuaren edukiaz eta antzerkia idazteaz. (Argazkia: Berria).
Urte asko pasa dira Eztenbako trikuak eta KroTos 2.0. lanak saritu zizkizutenetik, Cafe Bar Bilbaon. Urrun ikusten dituzu garai haiek?
Egia esan, alde batetik, ez horrenbeste. Urteak pasatu badira ere, hamasei inguru, gaur egun tripa nahiko antzeko sentitzen dut. Orduan, testuetako pertsonaien bidez galdera asko planteatzen nituen, eta gaur ere antzeko sentitzen naiz, galdera asko eta erantzun gutxirekin. Eta bestetik urrun, orduan ausartagoa nintzela uste dut... Beldurrik gabe bota eta erakusten genuen barreneko dena, paperean zein oholtza gainean. Orain, berriz, galdera guzti horiek norberaren barrenera gehiegi sartzen dira eta idazten edo antzezten duzuna jendearen aurrean erakusteko zalantzak handitzen direla ematen du...
Ordutik antzerki munduan eta gidoigintzan lanean jarraitu duzu buru belarri. Oraindik ere antzerkirako idazteak zirrara sortzen dizun lan bat da?
Bai! Umeago ginenean bezainbeste, edo gehiago. Antzerkia idazten hasi nintzenean afizioa zen. Gero antzerki idazketa ofizio bihurtu zen. Enkargu asko egin behar izan dut antzerkiaz bizi ahal izateko... Hau da, ez zen tripetako kontua. Enkarguak norberak bereak egin behar ditu, jakina, baina ez dira barreneko gogo, nahi edo ezinegon batetik ateratakoak. Zentzu horretan bizitzak puntu horretara eraman nau berriz ere, antzerkia gogotik idaztera, etekin bakarra pertsonala, soziala edo artistikoa delarik. Funtsean, edozein sortzailek sortzeko behar eta bilatzen duen askatasunaz ari gara. Sekulakoa da bat-batean barrenean duzun guzti hori idazteko gogoa eta beharra, aipatutako zirrara hori hain bizirik dagoela ikustea. Gainera, gauzak zer diren, lehen denari ukitu naif eta goxoa ematea gogoko nuen, baikorragoa nintzela imajinatzen dut. Orain berriz, kontu ilun asko ateratzen da paperean; beltza eta grisak nabarmentzen dira, alaitasun eta dibertimendu gogo batetik beti ere.
Funtsean, zeri buruzkoa da Lurrun-minez antzezlana?
Mariken arteko botere harremanaz, maitasun erromantikoaren existentziaz eta intragenero biolentziaz hitz egiten du, batez ere. Frustrazioz betetako erpin mingarridun hiruki arrosa da. Azken finean, beste edozein pertsonarengan aurki daitezkeen frustrazioak. Gabon gau batean gay sauna batean gertatzen den drama psikologiko, sozial eta sexuala dela diot, espazioak berak eta eguneko ustezko ospakizunak gordetzen duten sinbologia lurrun artean nahasten direlarik. Eskerrak lehen alaitasun eta dibertimendu gogotik egiten dudala esan dudan...
Gogoeta asko ari da azaleratzen azken urteetan generoari loturiko gaietan gero eta “errazagoa” da gai hauei buruz idaztea? Duela urte batzuk zailagoa izango zen? Zuk adibidez duela urte batzuk babes sozial gutxiago sentituko zenukeen?
Zorionez, generoaren kontuak, bere lekuan jartzen doaz, egiteko hainbeste eta hainbeste oraindik badugu ere. Errazago baino, gaur egun arituago garela esango nuke, entzun, irakurri eta batez ere, foro irekiagoetan gaiaren gainean beldur eta konpleju barik, gure kontraesan eta ideiekin, berba egiten dugulako. Interes sozial eta kontzientzia handitu denez, gaiaren gaineko hausnarketa eta sentsazioak zabaltzeko giroa errazago eta aproposagoa da. Baina kontuz, ez delako horrela guztiz oraindik. Dena dela, ez dut uste orain arte ezkutuan egon denik; horretaz jardun izan gara, pentsatu dugu, sufritu dugu, bizi izan dugu... Sormenean modu sinbolikoago batean agertuko genuen, ez hain modu esplizituan ziurrenik.
Aipatzen duzun babes soziala lehen murritzagoa zen zalantza barik. Kasurako, urte batzuk badira ni testu honen ideiarekin eta pertsonaiekin jolasean hasi nintzela. Orduan landutako edukia eta haria azalekoagoak ziren, gehiegi sakondu nahi ez nuela dirudi, ondo pasatu baizik, eta ez deritzot gaizki dagoenik. Baina egun, gure indar eta ahulguneak azaleratzeko beharra sentitzen dut, sendotu eta indarra hartzeko, hain zuzen; atzerapausoen mamua hor dugu eta gero eta forma errealagoa dauka. Baina batez ere, gehien beldurtzen nauena lasaitasun kolektiboaren hipnosia da, dena eginda dagoelako sentsazio faltsu eta arriskutsu hori.
Galdera hau mahai gaineratu zenuen aurkezpenean, lan honen harira: “Beharrezkoak dira horrenbeste identitateren gaineko etiketa eta teoria? Edo dena justifikatu eta azaldu behar hau ez ote da bestelako botereetatik jasotako herentzia kontserbadore patriarkala?” Ikuspuntu ezerosoa da, apur bat zirtolaria eta ez ohikoa; ez ohiko ikuspuntu bat aukeratzen saiatu zara testua idazterakoan?
Kar-kar! Nik ez dut teoriarik egin nahi. Hala ere, galderari baietz erantzuten dizut. Beharrezkoa direla teoriak eta etiketak... Baina zertarako? Agian gero denak apurtu eta ezabatzeko, etiketa definitzeko ondo dago, baina lotura bihur daiteke, gauza itxia. Paco Vidarteri lapurtutako hitzak aurkezpenean aipatutakoak. Etica Marikan azaltzen zuen, badirudiela gizarte honek dena justifikatzeko beharra inposatzen duela. Justifikatze horrek arrazoiak eta argudioak ematera garamatza. Zer demonio, ze arrazoi, ze argudio! Nahi dudana naiz eta nahi dudana egiten ari naiz, ez diot inori azalpenik zor! Hortik tiraka doa ideia... Testuarekin aipatzen duzun ezerosotasun hori dagoeneko nonbaitetik somatu dut, bai. Grazia handia egiten dit gainera ezerosotasuna nondik datorren ikusteak, zein gizontasunetik datorren...
Testua idaztearen ikuspuntua ez ohikoa baino, esango nuke gertaerak eta pertsonaiak ohikoegiak direla eta oso zaila dela, ezinezkoa beharbada, ohiko bihurtu diren jarrera eta portaera batzuk justifikatzea. Barneratu aspaldi barneratu genituelako. Kontraesanetan murgilduta bizi gara.
Asko dira oraindik apurtu beharreko tabuak? Akaso tabu batzuk desegin orduko, beste batzuk sortzen dira?
Tabua entzun nahi ez duen gorra da eta gorren diskoteka koloretsu batean dantzan ari gara. Ezezagunak ezkutatzen duena sortzen du tabua, ezberdinak, alegia. Ezberdinari beldur handia zaio. Ezezagunari errespetua beharrean, beldurra. Koloretako argiei soilik begira jarraitzen den bitartean, musikari kasu egin barik dantzatzen jarraitzen den bitartean, tabuak mamu bihurtzen, handitzen doaz eta koloretako argiak itzal erraldoi bihurtzen dira.
Irakurraldien data eta lekuak
Hiri aktore igoko dira oholtza gainera Lurrun-minez testuaren irakurketa dramatizatuak egitera: Jon Koldo Vazquez, Gaizka Chamizo eta Igor Martin.
-Otsailaren 7an, CAFÉ BAR BILBAO 19.30tan (LAUTAN HIRU antzerki jaialdia). Kolaboratzailea: Mikel Martinez.
-Otsailaren 16an, BILBOROCK, 21.00etan (3, 2, 1… ZINEGOAK). Kolaboratzailea: Ane Zabala.