Gotzon Hermosilla: "Nostalgiak baino gehiago izorratzen nau mitifikazioak"
Asteartea, 2018-10-23Gotzon Hermosilla elkarrizketatu dugu Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk (Elkar) ipuin bildumaren harira: "(Liburu honetako) pertsonaietako askori gauzak gaizki ateratzen zaizkiela. Maitasuna galdu dute, edo lagunak, edo gaztaroa. Edo, ipuin batean esaten den moduan, iragana eta etorkizuna lapurtu diete. Galtzaileak dira." (Argazkia: Elkar).

Bi atal handi ditu liburuak: lehenengo ataleko lanek ezaugarri asko dituzte komunean: gau giroa, drogak, taberna-zuloak, musika... Bigarrenekoak autonomoagoak dira, atal honek gehiago du ipuin solteen bilduma baten itxura. Nola sortu da, funtsean, liburu honen ideia?
Ideia nagusia izan da hortik zehar barreiatuta nituen zenbait ipuin batera eskaintzea. Printzipioz, ez nituen idatzi bilduma berean argitaratzeko asmoz; ipuinak bakanak eta bakarrak dira, edo halakoxeak ziren idatzi nituenean. Geroago etorri da denak batera argitaratzeko ideia.
Liburu honetako narrazio asko sarituak izan dira hainbat literatur lehiaketetan (Ermua, Lemoa, Tene Mujika, Txantrea, Iurreta, Hondarribi), beraz, liburu honek badu antologia kutsurik?
Hori da. Askotan, narrazio bat saritua denean, narrazio hori argitaratzea izaten da sariaren parte bat. Baina, sarri, lehiaketetako argitaratze horiek hala-moduzkoak izaten dira: Udalaren web gunean publikatzen dute, edo herriko aldizkarian, edo nahiko hedapen murritza duten liburuxkatan… Bilduma atera nahi izateko beste arrazoietako bat horixe zen: pena ematen zidan ipuin horietako batzuk, argitaratuta egonda ere, horietaz interesatuta egon daitekeen edozein irakurleren esku ez egoteak. Beste aldetik, ni oso musikazalea naiz, eta beti gustatu zaizkit talde baten demoak, bitxikeriak, singleen B aldeak eta antzekoak batzen dituzten bildumak. Horrelako zerbait ere izango litzateke liburu hau.
Gaur galtzea tokatzen da, eta beste istorio batzuk da liburuaren titulu osoa, eta “Gaur galtzea tokatzen da” bada lehenengo atalaren izenburua ere. Badirudi galtzaileen gaiak zeharkatzen dituela liburuko osoko narrazio gehienak, hala ere. Gai horren arabera egin duzu narrazioen aukeraketa?
Lehen esan bezala, ipuinak bakarrak eta bakanak dira, edo asmo horrekin idatzi nituen. Geroago, denak liburu bakar batean biltzeko erabakia hartu ostean, eta berriro eta jarraian irakurtzerakoan, konturatu naiz egon daitezkeela hari batzuk, ezaugarri batzuk, keinu batzuk… narrazio guztietan, edo askotan behintzat, agertu egiten direnak. Eta horietako bat galtzaileen kontu hori izan daiteke: ez da nahita egindako zerbait izan, ipuinok idatzi nituenean ez nekielako liburu bakar batean bilduta amaitu behar zutenik, baina egia da pertsonaietako askori gauzak gaizki ateratzen zaizkiela. Maitasuna galdu dute, edo lagunak, edo gaztaroa. Edo, ipuin batean esaten den moduan, iragana eta etorkizuna lapurtu diete. Galtzaileak dira.
Lehenengo atalak oroitzapen asko ekarriko dizkio 80eko hamarkada ezagutu duenari, niri behintzat orduko paisaiak etorri zaizkit batik bat gogora. Garai hura ezagutu ez duenari zer nolako erretratua eskainiko dio? Edo, akaso, gau giroa gai atenporala da?
Lehen atal horretako ipuinetako batzuk 80etako hamarkadan girotuta daude, eta beste batzuk ez. Guztietan agertzen da giro urbanoa, droga, bazterrean edo ertzean mugitzen diren pertsonaiak eta abar, baina ez dut uste ezaugarri horiek soilki hamarraldi hartakoak direnik; gaur egun ere, zenbait lekutan behintzat, ez da zaila giro hori topatzea, batez ere ditxosozko krisi hura agertu zenetik (nire lagun batek dioen moduan, “la década del 2010 son los nuevos 80”). Eta, aldi berean, 80etako hamarkada ere ez zen hori bakarrik; nik giro zehatz bat aukeratu dut interesatzen zitzaizkidan istorioak kontatzeko, baina urte haietan bestelako giroak ere bazeuden. Beraz, eta zure galderara bueltatuta, beharbada garai hura ezagutu ez duenak inpresio okerra har dezake ipuin hauek irakurrita: irakurtzen duen guztia ez sinesteko esango nioke.
Asko hitz egin izan da garai hartaz, musikaz, drogez, gatazka politikoaren aztarnez, urte haiek utzitako arrastoez... baina oraindik asko dago kontatzeko, erretratatzeko, gogoetatzeko?
Ez dakit. Egia da azken bolada honetan saturazio moduko bat dagoela 80etako hamarkadako kontuak jorratzen dituzten liburuekin, fikziozkoak izan ala ez. Nik uste dut beti daudela kontatzea merezi duten istorioak, baina susmoa dut kontu hau ez ote den hasi aspergarri bilakatzen. Eta, gainera, zalantza handiak ditut urte haietaz ematen den ikuspegia oso zuzena ote den.
Nostalgiatik badute zerbait lehenengo ataleko ipuinek?
Zoritxarrez, bai. Niri nostalgia ez zait batere gustatzen, oso gutxitan pentsatzen dut iraganaz, baina suposatzen dut koadernoaren aurrean paratzen zarenean istorio bat harilkatu nahian batzuetan saihestezina dela nostalgiara jotzea. Dena dela, nostalgiak baino gehiago izorratzen nau mitifikazioak. Badirudi boladan dagoela pentsatzea 80etako hamarkada ikaragarria izan zela, izugarria, munduko musikarik onena egiten zela, Euskal Herriko kaleak sutan zeudela eta denak barrikadan geundela Euskaldunako langileekin batera ontziola defendatzen. Horrelako mezuak dituzten rock abesti batzuk entzun ditut azken bolada honetan. Eta harrigarriagoa egiten zait ikustea kasu askotan jende gaztea dela mitifikazio horretan erortzen dela. Sentitzen dut, baina ez: nahiko urte gris eta hitsak izan ziren haiek. Edo nik behintzat halaxe gogoratzen ditut.
Edozein modutan, lehen ataleko ipuin horiek badute dibertimendutik, irakurleak ezustean harrapatu dezaketen amaierak, suspensea... zer nolako bulkada egon da ipuin horien atzean, zer nolako intentzioa?
Normalean, bulkada nagusia izaten da nire ustez jakingarria edo interesgarria izan daitekeen istorio bat, merezi duen istorio bat kontatzea, eta horretarako modu erakargarri bat aurkitzea. Gainerakoa bigarren mailakoa da.
Bigarren ataleko ipuinek beste era bateko paisaiak, garaiak, pertsonaiak... dakarzkigute. Bada, hala ere, haien artean kezka komunik edo loturarik?
Zail egiten zait istorio horien nolakotasunaz hitz egitea, gaiak, giroak eta, kasu batzuetan, idazkera eta ipuinen egitura bera ere askotarikoak direlako. Suposatzen dut betiko kezkak agertzen direla: denboraren iragaitea, betetzen ez diren ametsak, injustizia...
Tonu aldetik anitzak dira bigarren atalekoak narrazioak. Kasu, oso hunkigarria iruditu zait bat batean “Erietxeetako gurutzeak” bezalako narrazio bat irakurtzea, ospitale bateko giza paisaia batean kokatua. Akaso beste narrazio batzuk baino ironia eta umore gutxiagokoa da, baina oso sintzeroa iruditu zaidana... Bulkada ezberdinei erantzunez idatzitako narrazioak dira bigarren atalekoak?
Bai, dudarik gabe. Ipuinik zaharrena, “Esperantzaren indarra”, uste dut 2001ekoa dela. Azkenak, bilduma borobiltzeko sartu genituen ipuin argitaratu gabeak, duela pare bat urtekoak dira. Beraz, nire bizitzaren oso une desberdinetan idatzitako narrazioak dira, oso aldarte desberdinekin mamitutakoak, eta, hortaz, normala da aniztasun hori agertzea. Asko pozten naiz Erietxeetako gurutzeak gustatu bazaizu; uste dut narrazio hori nabarmendu duen lehenengoa zarela.
Lehenengo liburua 2002an ezagutu genizun Road movie (Alberdania). Honela hasten zen liburua: “Zerk bultzatzen du bidaiaria etxeko epeltasuna utzi eta toki ezezagunetara abiatzera? Bidaiari bakoitzak bere arrazoiak ditu, nik neureak nituen bezalaxe. Baina arrazoi guztiak bi multzotan sailka daitezke, ene aburuz. Partitzen garenean zerbaiten bila joaten gara edo, bestea, zerbait ahaztu nahian, zerbaitengandik ihesi”. Bestelako gaiak landu zenituen orduko hartan: tituluak iradokitzen duen legez, errepidea, AEBko kulturako erreferentziak... Liburu honekiko oso bestelako gaiak beraz. Urrun ikusten duzu liburu haren bidaia?
Urrun… Bai, batez ere garai hartan asko bidaiatzen nuelako, eta krisia sortu zenetik (edo sortu zigutenetik) nekez joaten naizelako metroa iristen dena baino urrunago. Dena dela, egia da bidaia baten kronika izanik, aldentzen dela Gaur galtzea tokatzen da-ko istorioetatik, baina nik ez dut hain urrun ikusten. Tonu jakin bat, kezka batzuk, rock’n’rollaren grina… uste dut antzekoak direla Road movie-n eta geroagoko istorio batzuetan.
Kronika liburu hura eta gero kazetari lanetan ezagutu zaitugu. Ramones saiakera plazaratu zenuen 2005ean. Narrazioan berriz, Idoloak akabatu genituenekoa plazaratu duzu 2016an, eta aurten esku artean dugun lana. Fikzioa idazteko grina berriki piztu zaizu, edo beti egon izan zara unearen zain…?
Inoiz ez diot fikzioa idazteari utzi. Boladak izan ditut: Berria egunkarian idazteaz gain Izu Giroa fanzinea egiten buru belarri nenbilenean, egia esateko, ez neukan gogo handirik gelditzen zitzaizkidan tarte libreetan ere ordenagailuaren aurrean jartzeko. Baina, gutxi edo asko, nik beti idatzi dut. Argitaratzea beste kontu bat da.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Proiektuak, milaka, baina, lehen esan dudan moduan, argitaratzea beste kontu bat da, eta ez dut uste idazten den guztia argitaratzea beharrezkoa denik. Orain badugu proiektu zehatz bat esku artean: Idoloak akabatu genituenekoa egin genuenok dirua galdu genuen, jakina (egitasmo autogestionatu batean ezin bestela izan), baina ez guk espero adina, eta beste saialdi bat egingo dugu ea behingoz erreka jotzen dugun zeharo punk literatura bultzatu nahian; seguru asko orain fanzine baten itxura hartuko du proiektuak.
Bideoak
