Iban Zalduari elkarrizketa
`Biodikografiak´, diskoetatik abiatuz eraikitako ipuin-liburua Osteguna, 2011-05-26"Pop-a da maitasunak existitzen jarraitzen duela sinestarazten digun fikzio ia bakarra, egun. Horregatik jarraitzen dugu entzuten, nerabezaroa atzean utzita ere". Biodiskografiak (Erein) liburuan aurkituko duzuen pasartea da. Iban Zalduak lan berri honetan konpilatu dituen ipuin guztiek musika dute abiapuntu. Baina idazleak berak aitortu digun moduan, "niri helmuga interesatzen zait eta hori ipuina da".

Zure gustuko diskoak dira denak ala horietako batzuk narrazioek eskatuta bildu dituzu liburuan?
Printzipioz, denak dira nire gustukoak, neurri handiagoan edo txikiagoan. Kontua da ez ditudala gehien gustatzen zaizkidanak aukeratu. Esperimentuaren xedea zen, goazen ipuinak abiatzera diskoetatik eta ez aldrebes. Ez naiz ipuin jakin bati egokitzen zaion diskoa bilatzera joan. Baizik eta zer entzuten ari nintzen momentu jakin batean eta horrek zer nolako oihartzuna egiten zidan buruan, zein idei pizten zuen, zein oroitzapen ekartzen zidan gogora, zein oroitzapen asmatu arazten zidan...
Alde horretatik, ez nuen disko kutunen zerrenda bat egin nahi. Kasu horretan bai, entziklopediatik gehiago izango zuen. Baina liburuan daudenak ez dira halabeharrez diskorik kutunenak. The Cure taldearen kasuan ez nuke seguraski The Top diskoa aukeratuko. Eta Paul Wellerren kasuan ere, liburuan dauden horiek ez dira nire faboritoak.
Disko hauekiko pasioa azaltzen dute ipuinetako protagonista batzuk. Gustukoak dituzun disko batzuk aldarrikatu edota ezagutzera eman nahi zenituen akaso?
Lagunekin diskoez hitz egiten duzunean bezala. Ez grina bereziarekin.
Jolas moduan.
Niretzat literatura ez da jolasa, printzipioz.
Jolasa esatean, diskotik abiatzeko joeraz...
Hori zen premisa. Diskoetatik abiatuz nola eraiki proiektu literario bat. Nire gustuen errebindikazioa egiten da baina ez inori inposatzeko. Niri interesatzen zaidana emaitza da. Ipuinak funtzionatzen duen edo ez. Zailago egingo zaio musika hau batere gustatzen ez zaion irakurle bati, baina iruditzen zait ipuin batzuk bere horretan badirela homologagarriak. Eta musikarena dela ipuinak daukan abiapuntua, baina niri helmuga interesatzen zait eta hori da ipuina.
Jolasarena nioen, originaltasuna hortik datorkiolako liburu honi.
Ez dakit originalegia ote den. Kantuen inguruan abiatutako proiektuak badaude. Tradizio minimo bat badago. Poparen istorioak dauzkan 50 urte hauetan, eman dio pare bat belaunaldiri musika honekin hazteko aukera, nostalgia literarioaren eta oroimen literarioaren gai bihurtzeko musika.
Mikel Hernandezek zure liburuaren Hitzatzean esaten duenaren kontra, nostalgiarik bada tartean. Biniloaren erritualarekiko, besteak beste. Maiz agertzen da liburu honetan.
Nostalgia baino, agian da idatziz garai hura finkatzeko gogoa. Ez da hainbeste errebindikazio bat. Biniloarena baino, ni kasik kasetearen garaikoa naiz. Dirurik ez genuen binilorik erosteko. Nire kasuan behintzat, LP bat erostea gauza oso berezia zen. Gutxitan gertatzen zen. Diskoak trukatzen genituen, kaseteak grabatzen genituen, hutsuneak bete... Horrela ibiltzen ginen.
Printzipioz arraroa da albuma hartzea oinarri bezala. Agian naturalagoa litzateke kantuetatik abiatzea. Baina guk albumak kontsumitzen genituen. Albuma zen unitate nagusia. Egia da kantu guztien artean beti gustatzen zaizkizula gehiago kantu bat edo bi, baina beti osotasun baten barruan. Gaur egun albumak ez dira kontsumitzen lehen bezala. Orain (Internet aroan) musika kantuen bidez mugitzen da. Single garaia itzultzen ari da baina oso modu arraroan.
Liburu honi dagokionez, batzuetan izango da nostalgiarik, niretzat hauxe baita nire gaztaroko paisaia. Beste batzuk kontatuko dute nola joaten ziren ibai batera arrantzan egitera, edo nola joaten ziren txoriak ehizatzera mendira. Ba nire gaztaroaren paisaiaren parte inportante bat hau da. Ez da lehen aldia erabiltzen dudana, aurreko ipuinetan askotan agertu da baina honakoan musika leit motiv nagusia da. Bestean solteago azaltzen ziren aipamen horiek. Oso inportantea izan da nire bizitzan musika entzutea, irakurtzea bezala.
Eta zure zureak izan diren tokiak ere agertzen dira Biodiskografiak liburuan. Donostiako Xaribari dendara joateko ohitura hori, adibidez.
Orduak eman eta ez erosi ezer! Nik askotan egiten nuen. Garai haietan ematen zuen gehiago egiten zuela euria. Larunbatetan, arratsalde-pasa joaten zinen hara eta zenituen lau xoxekin pote pare bat hartzera. Askotan egiten nuen hori. Series Medias-en begira izaten ginen. Nobedadeak ezin genituen erosi baina bi urte edo lau urte atzerago ateratako diskoek pegatina gorria (Series Medias-i zegokiona) ote zuten edo ez begira izaten ginen.
Baina disko batzuk sekula ez zituzten Series Medias-en jartzen...
En la puta vida!
Bizipen pertsonalak, gustuak, pentsamoldea... Dosi txikitan bada ere, zure zertzelada batzuk azaltzen dira.
Liburuaren azpitituluan dago jasoa, Diskoak, kaseteak, eta beste zenbait oroitzapen faltsu. Badaude oroitzapenak baina oroitzapen fikzionatuak dira. Alde horretatik, badu asko autobiografikotik, baina nire beste edozein ipuin-liburuk bezala. Edozeinen literatur lanek bezala. Entzuten dituzun istorioak, irakurtzen dituzunak, telebistan edo zineman ikusten dituzunak... Hori guztia magma batean bildu egiten da eta emaitza hau da. Badu kutsu autobiografikoa bai, baina edozein fikzio lanek bezala. Uste dut horrela ibiltzen garela idazle guztiak.
Autofikzioari buruz hitz egiten da sekulako nobedadea izango balitz bezala, Dantek jadanik autofikzio bat eraiki zuenean Komedia Jainkotiarra-rekin. Ez dakit, fikzioa egiteko ohiko modua iruditzen zait.
Ipuin bildumak gainera, esperimentatzeko aukera eskaintzen dizu, ezta?
Aurreko ipuin bildumetan ere antzeko zerbait ikusten da. Trebatuago nago bukaera ustekabekoa duen ipuin motarekin. Literatura fantastikotik datorren halako ildo batekin lotuko nuke. Horrela hasi nintzen idazten eta gustatzen zait. Ipuinak posibilitate asko eskaintzen dizkizu. Trama batzuk gertuago egongo lirateke antzerki mundutik, elkarrizketa soilak ezarriz. Ipuin liburuaren barruan gustatzen zait keinuak egitea eta loturak sartzea ipuinen artean. Badira pertsonaia batzuk errepikatzen direnak...
Literatur aipamenak ere nabariak dira hainbat ipuinetan. 1984 ipuinean, zer esanik ez.
Ni elikatzen naiz irakurtzen dudan horretatik, literaturatik bertatik. Badaude meta-literarioak kontsideratu daitezkeen ipuinak, 1984 ipuina adibidez. Jokatu egin dut, hein batean, nire ipuingintzan jokatu dudan modu berberean.
Ipuinerako baliatu dituzu kantuetako hainbat letra ere. Makulu moduan besterik ez bada.
Testuak inportanteak dira baina, bestalde, uste dut horrelako lotura bat garatu daitekeela musika batekiko, letra gehiegi ere ulertu gabe. Zeren azken batean letra eta musika batera doaz. Musikarik gabe letra horiek txotxolokeria bat izaten dira eta hauek pop diskoak dira, non txotxolokeria maila altua den askotan.
Letra ez da zertan guztiz ulertu behar baina lotura bat garatzen duzu bai erritmoarekin, bai melodiarekin... Edo esaldi jakin batekin. Eta hori da geratu egiten dena eta hori da interesatzen zaidana, pop musikaren elementu itsaskor hori. Testuinguru horretatik kanpo zentzurik ez duena, baina musikaren melodiarekin edo erritmoarekin derrepentean hartzen du zentzua.
Musikaren eraginpean hazi den idazlea zarela esan daiteke?
Bizitzan gertatzen zitzaizkizun gauzei zentzua emateko edo zentzua kentzeko bidean, diskoek eta kantuek eragin oso handia izan dute. Berdin hitz egin dezaket telebistari buruz. Ni ere telebistaren belaunaldikoa naiz.
Batzuentzat hau heresia modukoa izango da baina nik normalean irakurtzen dut musika entzuten. Disko batzuk eta musika batzuk oso lotuta ditut literatura mota jakin batekin, momentu horretan irakurtzen ari nintzen horrekin. Gauza biak oso lotuta joan zaizkit beti. Gertatzen dena da musika aldetik naizela besterik gabe entzule bat; eta literatura arloan irakurle izateaz gain, lotsa galdu duen irakurle bat bihurtu naizela eta idazten hasi naizela. Niretzat paraleloan doazen bideak dira eta zentzu hori ere badu hein batean liburu honek.
Disko batzuk faltan bota ditut. The Who, The Rolling Stones...
Baina ni Beatles zalea naiz! The Rolling Stones single-talde baten moduan ikusten dut gehiago. Heldu naiz apreziatzera baina berandu, eta gauza bera gertatu zait musika beltzarekin. Ez ditut hainbestetan entzuten, asko jotzen dudalako gaztaroko doinuetara.
Beraz, halabeharrez egon behar dute ausentziak, nire gustuak oso mugatuak direlako. Oso britainiarrak dira. Hasieratik banekien liburua horrelakoa izango zela, beraz, horrek ez nau asko kezkatzen.
La Movida eta RRV delakoak gertutik bizi izan dituzu baina ez dira aipatu ere egiten. Zure interesekoak ez zirela izan esateko modua izan daiteke akaso.
Bai, agian bai eta seguraski hala zen. Kantu haiek entzun nituen, guztiok bezala. Garai haietako diskoak eta zintak baditut, guztiok bezala. Baina beti izan naiz oso snob-a. Beti izan naiz oso kursia gauza horietarako. Gogoan dut Kortatuk Jimmy Jazz abestia moldatu zuenean, garai hartan iruditzen zitzaidan kantua profanatu egiten zutela. Gero aintzat hartzen duzu eta historikoki edo kronologikoki konturatzen zara zer nolako garrantzia izan zuen Kortatuk hemengo musikaren garapenean. Baina momentu horretan originala edukita, The Clash-ena, zertarako kopia horretara makurtu, ez? Hori bezain Repelente niño Vicente nintzen. Alde horretatik aitor dut nire heziketa sentimentala talde britainiarren bitartez egin dudala.
Prentsan ere aritzen zara. Literaturara lotzeko edo zure kezkak azaltzeko modu bat izan daiteke.
Idazleen artean bada literaturari buruz hausnartzeko tradizio bat. Sorkuntzari buruz, irakurtzen denari buruz, besteek idazten dutenari buruz hausnartzeko joera bat. Aukera eman didatenean, Berrian edo halako medioetan, egin dut lan hori. Eta bestela neuk bilatu dut modua, Volgako batelariak blogaren bidez edo aldizkarietan. Niretzat nahikoa lotuta dago guztia. Lanaren zati bat da lanari buruz eta literatura izeneko lurralde horri buruz pentsatzea eta pentsatzen duzun hori plazaratzea. Gero ez dakit zein puntutaraino balio duen edo ez. Beti geratzen zaizu duda hori.
Gustura zaude ipuinaren munduan. Aurreko liburua ere, Ipuinak -Antologia bat-, ipuinez osatutakoa zen. Egitasmo berriak, bide horretatik etorriko dira?
Egitasmoak ditut milaka. Beti daukazu pare bat nobela buruan baina nire joera naturala ipuinerako da. Ez dago ezer naturalik literaturan, beraz, naturala komatxo askorekin. Nik ez dut sekula entrenamendu bat bezala ikusi, beste mota bateko fikzioa edo nobela idazteko. Niretzat ipuina beti izan da helburu bat.
Nobela pare bat idatzi ditut eta seguraski etorkizunean egingo dudala beste nobelaren bat. Badut nobela-proiektu bat. Baina hortik gauzatzera beste salto bat dago.
Pantaila aurrean jartzen naizenean, nobela baterako baino errazagoa sortzen zait ipuin baterako ideia. Orain arte nobelak egin ditudanean ez da izan bere horretan nobela proiektu bat nuelako buruan, ipuin proiektu bat nahaspilatu egin zaidalako baizik.
"Biodiskografiak" liburuko lehen ipuinak The Beatles-en `Revolver´ (EMI, 1966) diskoa du abiapuntu. Taxman kantua aipatzen da, besteak beste, ipuinean. Kantu hau entzungai duzue honako bideoan.