Elkarrizketak

Iban Zaldua: "Esperantza bukatu denean, literatura distopikoa gailendu da"

Ostirala, 2018-11-30

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) liburuko ipuinek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, dena den, kontakizun hauetan zenbait egoera errepikatzen dira eta hortik dator izenburua. “Beste zentzu orokorrago bat ere badu liburuaren izenburuak”, Iban Zalduak aurkezpen ekitaldian zehaztu zuenez. Idazlearen esanetan, “fikzioaren bitartez adierazten ditugu hobekien eguneroko bizitzaren hizkuntzan kontatzen ausartzen ez garen gauzak”.

Iban Zaldua: "Esperantza bukatu denean, literatura distopikoa gailendu da"

Elkarrizketari ekin aurretik, ohartxo bat: solasaldian zehar, ‘gauzaz’ mintzo gara maiz. Gatazkaren edota bortizkeriaren sinonimo gisa darabilgu ‘gauza’. Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) liburuko ipuin batzuk, zuzenean ala zeharka, testuinguru horretan kokatzen dira.

Azken lau urteotako lana jaso duzu Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) liburuan. Produkzioa oparoagoa izango zen, ordea.

Bai, baina egindako guztia ez da sartzen. Beti dago selekzio lan bat eta batzuk tintontzian geratzen dira. Ipuinak idaztea esploratzea da eta beti ez zara nahi duzun lekura iristen. Batzuetan ez dakizulako oso ondo nora joan nahi duzun.

 

Dena etiketatu eta sailkatzeko joera dugu kazetariok. Ana Malagonen ustez, “zure gauza asko daude liburu honetan: bere izenez izendatzea kosta egiten zaizkigun gauzak. Tabuak, sekretuak, errebelazioak eta errebelazio horiek dakartzen damuak”. Aurrez aurre sekula kontatzera ausartzen ez garenak akaso. Hortik izenburua.

Definizio horretatik kanpo geratzen diren ipuin batzuk ere egon badira liburuan. Baina seguraski arrazoi du Anak. Horretaz doa nire ipuingintzaren zati handi bat.

Izenburua, neurri handi batean, emazteari zor diot. Liburua bukatuta nuen baina izenbururik gabe nengoen. Emazteak eta biok brainstorming bat egin genuen etxeko sukaldean eta izenburuaren antzeko zerbait atera zen. Hortik iritsi nintzen liburuak duen titulura. Izenburu hori ipuin askorekin lotu daiteke. Kontrazaleko ipuinerako gakoa ere eman zidan.

 

Emaztearekin egiten dituzu sparring lanak?

Bai. Lehenengo irakurlea bera da. Ez dut beti egiten, beti ez duelako halako gauzak egiteko denbora. Baina konfiantza handia dut bere irakurle senean. Irakurle oso ona da. Ez bakarrik nire obrarena, asko irakurtzen duelako bestela ere. Aspalditik hartu genuen horretarako ohitura. Ipuinen inguruan eztabaidatzen dugu eta normalean gaizki pasatzen dut.

Zaila behar du izan.

Akats asko ateratzen dizkit. Ez da batere onbera nirekin. “Umiliazio saioak” izaten dira. Tamalez, orain ez ditugu horrelako hainbeste egiten. Aurrez aurre baino, batzuetan ohar bidez egiten dugu orain.

 

Ipuin batzuk parodikoak dira edota autoparodikoak: Omenaldiak edota Wikipedia eguneratzen.

Hala da. Dena den, ez da horrelakorik egiten dudan lehen aldia. Idazten duela idazten duen idazlea (Elkar, 2012) liburuan ere bazeuden mota horretako ipuinak. Hemen akaso sakabanatuago daude.

Literaturgintza nire bizitzaren parte bat da eta iruditzen zait literatoaren irudia edo papera erridikulua dela askotan. Gure buruari ematen diogun garrantzia, edota kanpotik ematen digutena. Niretzat literatura oso gauza serioa da baina idazlea ez da batere serio hartu behar. Autoparodiara jotzen dut zeren batzuetan oso gauza erridikuluak egiten ditugu idazleok.

 

Pil-pilean diren kontu batzuei ironiaz begiratu diezu. Zaborra desagerrarazteko makina ipuinak hondakinen gaia ukitzen du. Babes eskaera narrazioan errefuxiatuen afera ageri da.

Nahiko konstantea da nire bizitzan eta nire idazkeran ere filtratu egiten da begirada hori. Gauzak erlatibizatzeko erabiltzen dut eta nigan joera handiagoa duen iluntasuna gailendu ez dadin. Dena den, esango nuke liburu honetan aurrekoetan baino gutxiago agertzen dela ironia. Baina egon badago. Azken finean, umorerik ez dugunok umorea egiteko dugun modua hori da, ironia erabiltzea.

“Niretzat askotan erronka hauxe izaten da: ahalik eta modu ekonomikoenean errealitateari azpiak ateratzea”. Antzekorik aipatu zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Errealitatearen ispiluak egoera deseroso baten aurrean jar gaitzake eta irakurlea ere egoera deseroso horren lekuko izango da.

Gauza batzuetan hobera egin badugu ere, orokorrean iruditzen ez goazela hobera.

Erdizka esnatzen hasi denean ipuinean, bortxaketa batez mintzo dira bi protagonistak. “Gizonezkoek ez duzue halakoez hitz egin nahi, berez”, esango dio une jakin batean neskak mutil-lagunari.

Gizonezkook asko ikasten ari gara edota asko ikasarazten ari zaizkigu. Gero eta deserosoago sentitzen naiz gauza batzuekin. Ez bakarrik inguruan gertatzen direnekin, baizik eta nigan ikusten ditudan gauza batzuekin edota iraganean izan ditugun jarrera batzuekin. Gai batzuei buruz nola hitz egin izan dugun gizonezkoez osatutako talde jakin batzuetan. Edota udalekuetan begirale bezala ibiltzen ginenean egiten genituen nobatadekin. Soldaduskan egiten zirenen parekoak ziren. Gauza horiek egiten genituen udaleku hipereuskaldunetan!

Aurrekoei ikusitakoak errepikatuz akaso?

Halako batean esan ziguten arte, “zer da hau?”. Emakume batzuk, hain zuzen: “zertan ari zarete?”. Nik deserosotasuna ez dut munduarekiko bakarrik sentitzen, baita nirekiko ere. Saiatzen naiz transmititzen zer nolako gogoetak egin ditudan. Ez dira nik egindako gogoetak zehazki, hortik irakurritakoen ondorioz atera ditudanak baizik. Deserosotasun horietako batzuk ipuinen bitartez transmititzeko ahalegin bat badago, bai. 

"Pena ematen dit fikzioarekiko dagoen nolabaiteko arbuio hori"

“Fikzioaren bitartez adierazten ditugu hobekien eguneroko bizitzaren hizkuntzan kontatzen ausartzen ez garen gauzak”. Hitz hauek ere zureak dira. Bitxia da, garai hauetan gure bizipenak eta gure kezkak azaleratzeko inoiz baino tresna gehiago ditugulako eskura. Egunerokotasunean bezala, mundu birtualean ere maskara bat jartzen dugu hortaz.

Sare sozialetan are gehiago seguraski. Gaur irakurri dut goiburu hau: sare sozialen erabilerak bekaizkeria maila handitu egiten duela. Azken batean, zer ikusten ari gara Facebook eta horrelakoetan? Oso bakanetan iristen zaizkizu istorio ilunak. Alderantziz. Eta sare sozialetan horrelakoak irakurtzean, “nire bizitza kaka zaharra da” pentsatzeko joera dago.

Are nabarmenagoa da Instagram-en. Hor denak dirudi eder.

Irudia sartzen den unetik, zer esanik ez. Ez duzu deigarria edo polita ez den zerbait aterako. Adarbakarren mundu batekin bonbardatuak izaten ari gara denbora guztian. Kontua da hori ere fikzio bat dela. Zer partekatu eta zer ez aukeratu egiten delako. Baina hori dena errealitate gisa hartzen dugu. Horren isla ere badago literaturan; nobela autobiografikoaren edo nobela ez-fikziozkoaren puztearen bitartez gauzatzen ari dena. Eta Facebooken, Twitterren edota Instagramen bezala, iruditzen zait esanguratsoagoa dela ezkutatzen duguna azaltzen duguna baino.

Alde horretatik, fikzioa oso baliogarria da pantaila bat ipintzen duelako erdian. Beti daukazulako defentsa hori: ez zara zu, ez da zure emaztea, ez da zure amona, ez da zure koadrila. Asmatutako pertsonaiak baizik. Hor bada beti muga bat eta zaila da zehaztea non dagoen. Eta batzuetan kontu etikoak sartzen dira tartean. Baina iruditzen zait historikoki funtzio hori bete izan duela fikzioak eta pena ematen dit fikzioarekiko dagoen nolabaiteko arbuio hori. Ustez egiazkoagoak diren genero batzuen alde, eta nik ez diet genero horiei hainbesteko egia dosi ikusten. Bikote harremanen inguruko ergelkeriei buruz edo gizonezkoen doilorkeriari buruz adibidez, askoz gehiago esaten didate Ramon Saizarbitoriaren nobelek. Lan autobiografikoek baino askoz gehiago. Eta alde horretatik, oso klasikoa da Saizarbitoriaren lana. XVIII. mendetik hona nobelak bete izan duen funtzioa betetzen du eta niri luxu bat iruditzen zait horri uko egitea. Luxu bat eta, batez ere, zarraztalkeria bat.

Familiari lotuta daude ipuin asko. Bizi dugun garaiaren disekzioa egiteko ekosistema egokiena al da familia?

Ingurune horretan asko dago jokoan. Azken batean, beti gaude hor. Urruntzen bazara urrundu egin zarelako, edo gertu duzunean gertu duzulako. Epe luzera begira, eraikitzen duzun proiektu bakarrenetakoa izango da familia. Garai batean izan zitekeen lana, baina gaur egun? Izan zitekeen etxebizitza, baina gaurko egoeran? Gauza horiek desagertu egin dira neurri batean. Familia ere likidoagoa bihurtu da, baina epe luze batean garatzeko dugun kontuetako bat izaten jarraitzen du. Eta aztarna asko uzten ditu gure izaeran.

Bestetik, 52 urte dituen tipo bati, familia bat hazten 20 urte daramatzanari, horrek guztiak eman dio zertan pentsatu. Uste dut naturala dela halako gaiak agertzea, zahartzaroa edo heriotzaren gaiak agertu daitezkeen bezala. Gero eta hurbilago dituzun neurrian, gero eta gehiago pentsatzen duzu horretan.

Jose Angel Garcíaren eta Maddi Arrietaren adierazpenak, edo hitz egiten hasteko ordua ipuinean, deseroso sentituko da irakurle bat baino gehiago.

Ipuin horretan Virginie Despentesen King kong teoria liburua aipatzen da. Bestetik, prostituzioaren legalizatzaileen eta debekatzaileen arteko eztabaidak hor segitzen du. Ni gauza horietarako oso kulunkaria naiz. Argudio on batzuekin egun batean hemen egon naiteke eta hurrengo egunean han. Une honetan, abolizionismoarenak dira akaso gehien konbentzitzen nauten argudioak. Ez dakit nagikeria den edota ‘denologiarako’ joeragatik ote den, baina ezin dut horri buruz saiakera bat egin nahiz eta horri buruz asko irakurri. Eta niretzat, kontu batzuei buruz hausnartzeko modua da ipuin bat idaztea. Azken 30 urteotan maiz egin dut hori. Ez dut esango naturalki ateratzen zaidanik; gai guztiei ez diet ipuin bat idatzi. Besteak beste, ez didalako ezagutzak edota imaginazioak horretarako ematen. Baina inguruan gai batzuk askotan errepikatzen direnean, plano teorikotik fikziorako jauzia egin ohi dut. Eta ni askotan hortik abiatzen naiz ipuin bat eraikitzeko orduan. Gertatuko litzatekeen hori fikzioaren eremu horretan garbi ikusi arte ez naiz idaztera jartzen eta horregatik gai asko pasatzen dira besterik gabe.

Ihes egindakoak ipuina haurtzaroko oroitzapen batetik jaio zela dirudi. Guraso eta seme alaben arteko transmisioaz zer pentsatua ematen du.

Ipuin horrekin pozik nago. Oroitzapenen pisua nahikoa handia da nahiz eta bertan kontatzen dena ez den gertatu. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana da korapilo zentrala. Baina testuinguru batean gertatzen da, non bizilagunak ere badauden. Zer garen bizitza publikoan eta zer garen bizitza pribatuan...

Ipuinaren amaieran, aitaren joerak sumatuko dizkiogu alabari.

Hori da adinarekin hartzen duzun sorpresa horietako bat. Gaztetan kondenatzen zenuenaren zein antzeko bihurtzen zaren. Nahiz eta halako gauzetatik ihes egiteko ahaleginak egin, azkenean badago zerbait, seguraski ikasi egiten duzuna, zeinetatik ihes egitea zaila den. Akats batzuk ez ditugu errepikatzen, akats berri batzuk egiteko ziurrenik. Baina beste kasu batzuetan, jarraitzen dugu akatsen fotokopiak egiten. Adinarekin horretaz ohartzea amorragarria da eta hor badago zer kontatu. Soluziorik ez badago ere. Autolaguntza liburu bat idazteko emango luke baina ni ez naiz horretarako gai.

“Historiaren lezioekin oso eszeptikoa naiz

Familia girokoak dira batzuk, gatazkaren edo ‘gauzaren’ ingurukoak dira besteak. Gure bizitzaren parte da gatazka edo ‘gauza’. Oraindik oso gertu sentitzen dugun kontu bat da.

Ez da bukatu. Eta ez da bukatuko denbora luze batean.

Batzuk ordea, ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen hasi dira.

Carlos Garaikoetxearen liburu aurkezpenean adibidez, ze jende zegoen han? Zein medioetan eman zioten oihartzun gehien? Lehendakari izan zen garaian, ezingo nuke imaginatu ere egingo 30 urte geroago jende bat omenaldi horretan egongo zenik. Ezker Abertzalekoak, adibidez. Argazkian denak superlagunak dirudite. Ondo. Bestalde, ez nau batere harritzen. Nola egin zen Trantsizioa Espainian? Amnesia induzitu baten bidez egin zen. Batzuentzat nahiko ondo atera zen. Kurioski, Euskal Herrian izan zen irakurketa hori inpugnatu zen toki bakarrenetakoa.

Iruditzen zait orain badagoela antzeko arriskua, pasatakoa lehenbailehen ahazteko arriskua. Ez dut uste gertatuko denik. Baina batzuetan uste dut hemen nahi dugula ahaztu, eta lehenbailehen. 36ko gerraren ondoren edo II. Karlistaldiaren ondoren ere antzeko zerbait gertatu zen. Ez dakit ez ote goazen kontu bera berriro errepikatzera. Historialaria naizelako izango da, baina oso eszeptikoa naiz historiaren lezioekin. Historia irakurrita argi dago ez dugula ikasten. Dena den, memoriaren berreraikuntzaren alor horretan literaturak duen papera nahiko mugatua dela uste dut. Ezin diogu lidergoa eraman dezala eskatu. Kazetaritza alorretik testigantzen jasotzea askoz inportanteagoa dela iruditzen zait. Edo historiatik egin daitekeen edota egiteke dagoen guztia. Horien aldean, literatura adar marginal bat dela uste dut. Eta ni hor nago, literaturan.

 

“Batek pentsa lezake ekidistantzia bat dagoela, baina nire ustez, posizio bat dago honetan, gauzaren konplexutasuna adieraztearen aldeko posizio bat”. Adierazpen hauek ere Ana Malagonenak dira. Zure ipuinez ari da.

Hori islatzeko saiakera bat bada. Gero lortzen dudan edo ez, beste kontu bat da. Ekidistantziarena aipatzen denean, Bernardo Atxagak esandako hura errepikatu ohi dut: herio 1, herio 2. Herio 1 eta herio 2rekin ez gaudenok ez du esan nahi erdian gaudenik, leku guztietan gaudela baizik. Idazleak –ez badu ideologiarik egin nahi literaturarekin–, aurreiritzi ideologikoak baztertzen saiatu behar du. Niretzat hori da literatura, neurri handi batean. Errelato handi eta orokor horretatik kanpo bilatzea ńabarduna pertsonalaren eta txikitasunaren haria. Alde horretatik, iruditzen zait nobelaren aldean ipuin liburu batek diskurtso gehiago tartekatzeko aukera eskaintzen duela. Neurri batean, zentzu hori dauka gaztelaniaz egin dudan azkeneko bildumak, non 45 ipuin batu ditudan. Como si todo hubiera pasado (Galaxia Gutemberg) liburuko narrazio denak gauzari buruzkoak dira. Eta azkenean, niretzat emaitza nobela bat da. Erabat atomizatua.

"Gauzari buruzko nobela historikoaren txanda ere helduko da"

Gauzaz gero eta gehiago idatziko dela ematen du.

Edo ez. Ez dakit. Ematen du baietz baina, bestalde, liburu jakin bat errelato definitibotzat ezartzeko ahalegina egon denez, ez dakizu hori zein punturaino izango den akuilu edo zein puntutaraino izango den desanimatzaile, nolabait esatearren.

Fernando Arambururen Patria (Tusquets, 2016) liburuaz ari zara?

Liburu horri buruz ari naiz, bai.

Bere itzala luzea izango den beldur al zara?

Patria argitaratu baino lehenago idazle askoren buruetan martxan zeuden proiektuak orain hasi dira azaleratzen. Baina orain, gauzari buruz argitaratzen den guztia Patria-ren itzalpean ipintzeko tentazioa dago.

Hala ere, uste dut ezin dugula borratu luma kolpe batez aurretik egindako guztia. Literaturak egin du aurretik ekarpen bat. Batzuetan hobea, bestetan okerragoa. Baina ondo egindakoa jarraitu behar da aldarrikatzen. Aritz Galarragak Argian egin zuen erreskate horietako batean, Aingeru Epaltzaren Bezperaren bezpera (Pamiela) saiakera bat ekarri zuen gogora. Galarragak iruzkin horretan aipatzen zuen bezala, idazle euskaldunak izan dira gauzaz gehien idatzi dutenak. Portzentualki oso nabarmena da aldea.

Badut beste kezka bat honen inguruan. Literatura-lanak eraikitzeko orduan, zein neurritaraino inposatzen den diskurtso ideologikoa diskurtso literarioaren gainetik. Joera hori nik literatura ulertzeko dudan izpirituaren kontra doa. Egia esan, ez dakit zer gertatuko den gauzarekin literaturari dagokionean. Akaso gehiago idatziko da.

Itxura hori du.

Egia da beste fase batean sartzen ari garela. Ez dut uste laster emango denik, baina historifikazioaren fasea ere iritsiko da. Gauzari buruz nobela historikoak idazten hasten badira, gai bezala hil egin den seinale litzateke. Baina ez dut uste goiz gertatuko denik. 36ko gerrari buruz adibidez, ez da nobela historikorik egin oraindik. Nobela garaikidea egiten jarraitu da. Asuntua bizirik dagoelako. Adibide bat jartzearren: Garbińe Ubedaren Hobe isilik (Elkar). Ez da nobela historiko bat, nahiz eta historiari buruz ari den.

Esaten ari nintzen moduan, gauzari buruzko nobela historikoaren txanda ere helduko da. Hala ere, iruditzen zait horretarako denbora asko pasa beharko duela oraindik. Belaunaldi bat edo agian bi. Gure gazteek (nire alaben adinean ari naiz pentsatzen) birdeskubrituko dute gauza eta galderak egiten hasiko dira momenturen batean. Hemen zer gertatu ote den jakin nahiko dute. 36ko gerrarekin gertatu bezala, gauzari buruzko kontuak eskatzen hasiko dira. Horri buruz idatziko duten literatura gurearen ezberdina izango da, baina ez da nobela historikoa izango oraindik. Susmo hori dut.

“Esperantza bukatzean, literatura distopikoa gailendu da

Idazle bakoitzak bere joerak ditu. Zure ipuingintzan esate baterako, zientzia fikzioa konstante bat da. Distopia bogan dago azkenaldian. Distopia ere zientzia fikzioaren parte dela esan daiteke, ezta?

Bai, dudarik gabe. Kapitalismoaren fase terminal honekin lotuko nuke. Terminala diot, ez hobea izango den zerbaitek ordezkatuko duelako, mutazioak okerrera egingo duelako baizik.

Literatura utopikoa esperantza handiagoa zegoen garairako egokiago izan zitekeen. Esperantza bukatu egin denean, literatura distopikoa gailendu da. Hori da akaso eman daitekeen azalpen zabarrena edo sinpleena. Azken finean, distopia bat eraikitzen duzunean, ez zara etorkizunari buruz ari, orainari buruz baizik. Eta ikuspegi politikotik eta ekonomikotik, oraina esperantzarik gabekoa da. Eta hortik ateratzen diren etorkizuneko bisioak ere esperantzarik gabeak dira.

Gure letretara ere iritsi da distopiarako joera.

Joan den ikasturtean euskaraz zientzia fikziozko bi nobela plazaratu ziren. Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua (Alberdania) eta Asel Luzarragaren Bioklik (Elkar). Bitxia egin zait zein antzekoak diren biak. Seguru ez dutela elkarren berri izan eta hori da onena. Distopiak dira biak eta uste dut zerbaiten seinale dela.

Idazlea ahalik eta gehien ezkutatu behar da”

Aitor Arregi zinema zuzendariak idazteko modu bat identifikatzen du zure liburuetan. “Ipuin hauetan Ibanen eskua nabari da”. Hori izan daiteke idazle batek jaso dezakeen laudoriorik handienetakoa, ezta?

Kontzienteki saiatu naiz estilorik gabeko idazle bat izaten. Horretaz asko eztabaidatu daiteke baina uste dut idazlea ahalik eta gehien ezkutatu behar dela. Eskola horretakoa naiz. Baina hala ere, gero eta gehiagotan esaten didate antzekorik. Lerro batzuk irakurrita, berehala igartzen dela nirea dela. Paradoxikoki, nire burua ezkutatzearen bidetik lortu badut zerbait ezagungarria egitea, ba ez zait hain notizia txarra iruditzen.

'Handia' filmeko zuzendariaren esanetan, “esploratu gabeko lurraldeetan” sartzen zara. ETAko kide bat eta super botereak uztartzen dituen Lekukotasuna ipuinaz ari da. “Zentzu horretan, ausarta da, betiko konfort zonaldetik ateratzen delako zintzoki”.

Irakurle bezala, niretzat hori da literatura. Nire ideietan eta nire sinesmenetan berresten nauen zerbait irakurtzeak ez nau asebetetzen. Denborapasarako balio dezake, baina nik nahiago dut noizbehinka jipoituko nauen zerbait irakurtzea.

Ez dakit idazle bezala lortzen dudan, baina hori da nire saiakera. Ez hainbeste gure erosotasun esparrutik ateratzea; idazle bezala hori ez dut hain inportantea ikusten. Niri interesatzen zaidana da irakurlearen erosotasun espazioan sartzea eta horretan desbiderapen batzuk lortzea. Agian ez jipoi bat emateko, zeren ezin duzu kolpeak ematen egon etengabe. Oso nekagarria da hori eta energia asko gastatzen duzu. Baina desbiderapen batzuk proposatu ditzakezu, egoera batzuen aurrean irakurlea arraro sentiaraziz.

Biodiskografiak (Erein, 2011) liburuko ipuinak bezala, diskoetatik abiatuta idatzi dituzu Garai batean, Bera ez dagoenean, Nostalgiak edota Egun gris batean ipuinak?

Orduko ariketaren oso antzeko plateamendua jarraitu dut. Biodiskografiak idatzi nuen garaian, horretara jartzen nintzen propio. Eta batzuetan ateratzen ziren eta besteetan ez. Hauek bestela etorri dira. Musika asko entzuten dut eta horrela etorri zaizkit ipuin horien ideiak. Bilatu gabe. Ipuinerako bidea pizten didan beste gako bat da musika.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)